Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Gudari zaharraren gerra galdua

Saizarbitoria, RamonErein, 2000 Nobela

Aurkezpena

      Udalaitzen atzetik azaldu eta Kanpazar gainetik, Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko mugara, Heinke1 111 eta Junker 52 alemanak itzulian agertu zirenean, atezuan zeuden Inmorta inguruko baserrietako behiak, orroka. Bonbardaketa haietako batean erori zen narrazio honetako protagonista, trintxeren babesari uko egin eta haien gainetik nabarmendu zenean. Hura gertatu eta handik gutxira etorri ziren Durango, Gernika, Bilbo eta Santofiakoak. Horien guztien sute, samin eta, Santoñakoaren kasuan, baita argi-ilunek ere, zeharkatzen dute osorik narrazio hau.

      Egurrezko hanka batekin dabil harrezkero batera eta bestera gudaria. Zergatik, baina, nabarmendu zen hainbeste, behe-behetik zetozen Heinke151 haien aurrean bere burua agerian uzteraino? Orain arte esandakoak, nahikoa izanik ere edonoren iraganak eta memoriak astindu eta inarrosteko, apalduta geratuko dira protagonistaren bidaia eta oroitzapenak tragediaren parajeetara —Intxortara— itzultzen gaituzten unetik aurrera. Izan ere, orduantxe hasiko baita gudari zaharra, sekula inori —ezta gerrako lagun leial eta zintzoenei ere— kontatu ez dion sekretu ezkutua kanporatzen. Aitormen humanoa: gerraren epikatik maitasunaren sentipen bakarti eta isilera egingo den bidea. Maitasuna eta gerra. Bi elementu horiek elkarrekin lotuta agertzen diren unetik bertatik, aparta bihurtzen da narrazio hau. 36ko gerrako pasadizoetan oinarrituz euskaraz idatzi den lekukotasun literario handiena baita.

      Narrazio hunkigarria, benetan!

Pasartea

      Igentea kalera atera zenean, ez zekien «acta notarial de presencia» eta «acta notarial de referencia» ondo bereizten ote zituen. Jakaren patrika haztatu zuen, pentsioa bideratzeko paper guztiak gordeak zeramatzala egiaztatu nahian. Arkupean geratu zen, espaloi ertzean. Eguzkiak oso goian behar zuen, Gobernu Militarraren hareharria, garai batean zuriz pintatua, urre kolorez tindaturik baitzegoen. Jakako patrika berriro haztatu ondoren, ezkerrera jo zuen, ibilera baldarrez, eskuinaldera nabarmen balantzaka, zurezko hankaren gainera. Biak zituen laburrak: zurezko hanka —makila bat, gomazko tope bat zuena— eta hura bezala zurezkoa zen makulua, eskailerak igotzea —eta bost pisu igo behar zituen etxera bidean— errazten ziona, jaisterakoan alderantziz izaten zen arren; batez beste, ordea, nahiago izaten zuen igoerako nekeak gutxitzeko laburrera jo.

      Murailatik gora abiatu zen, jarleku libre baten bila portura ematen zutenen artean. Bokarta garaia zen, portuan egonean egoteko entretenigarriena, ordu hartarako eginak egongo baziren ere deskarga eta salmenta gehienak. Lehendabiziko aulkira iritsi baino lehen gelditu behar izan zuen, Urgull gibeleko eskola-umeei, bultzako ote zuten beldurrez, bidea uzteko. Barandaren kontra bermatu zen ilara amaigabea pasa zedin. Aldapan behera korrika eta saltoka zetozen neska-mutilek, beragana hurbiltzen ziren neurrian, mantsotu egiten zuten pausoa, eta ondora iritsitakoan gerturatu egiten ziren, galtza zorrotik ageri zitzaion makilari so, eta beren artean hitz batzuk xuxurlatu ondoren, korrika jarraitzen zuten beherantz.

      Irakaslea izan behar zuen emakume gazteak irribarre egin zion, barka ziezaien eskatuz ziur asko, eta, bi eskuak azpikoz gora astinduz, aurrera egiteko agindu zien haurrei.

      Hainbat urteren buruan, ez zen oraindik ohitu zurezko hankak sortzen zuen ikusminarekin. Horregatik ez zuen, bere inguruan denek aholkatzen zioten bezala, hanka ortopediko on bat jartzen. Nahiago zuen bere gabezia nabarmen azaldu eta begirada askotan lotsagabeak jasan, gezurrezkoa zela zein keinurekin edo mugimendurekin atzemango zioten beldurrez ibiltzea baino.

      Bere omega eskumuturrekoari begiratu zion, San Pedroko elizan ordua egiaztatu ondoren. Goizean esnatutakoan, lau eta erdietan geldirik aurkitu zituen orratzak, eta ez ziren mugitu giltza toperaino eman zuenean. Berrogei urtean ez zitzaion halakorik gertatu, eta gauza nahitaez txarra iragartzen zuela iruditu zitzaion.

      «Derrigorrez behar duzuna notario akta da» esan zion Udaletxeko neskak, eta zehaztu egin zuen gero: «Baina acta notarial de referencia» esaten diotena. Ez zitzaion argi geratu, ordea, berriro ere Elias Elortza eta Jose Egiarekin joan behar ote zuen notarioarengana.

      Aulki batean eseri zen, eta eseri bezain laster paper multzoa atera zuen patrikatik. Banan-banan begiratu zituen, beste behin, egin ahala aulki gainean pilatuz. Eskaera ezin argiago jartzen zuen zerrendaren orrian: «Acta notarial de referencia». Baina zin egingo zuen beste hartan ez ziotela «de referencia» izan behar zuenik aipatu, eta notarioak ere ez zion esan besterik behar zuenik Jose Egia eta Elias Elortzarekin hankak la airean salto egin zioneko gertaera hura kontatzeko eginbehar tontoa betetzera haren aurrean azaldu zenean; eginbehar tontoa, zeren, istorioa asmakizuna bazen, notarioaren aurrean kontatzeak ez baitzuen egia bihurtuko. Eta dudarik ez zuena zera zen, hamabost mila pezeta kendu zizkiotela aitorpena entzuteagatik, oso luze joan ez zena bestalde, batez ere Elias Elortzari, xehetasunak eman nahi zituenean, «harira, harira» esaten baitzion notarioak; eta ziurtagiriarengatik, berriz, ez zekien beste zenbat pezeta eman behar izan zituen, eta martxa hartan, gerrako elbarri errepublikarraren pentsioa lortzeko, aise gastatuko zuen lehendik zuena, alegia, ofizial tornulari gisa zegokiona.

      Halako batean, ordulariari begiratu ondoren, «zeuk kontatu» esan zion notarioak, lehor; eta beste biei, Jose Egiari eta Elias Elortzari, aitortza egiaztatzeko besterik ez zeudela han. Ez zen gizon atsegina notarioa. Jose Egiak eta Elias Elortzak besoak gurutzatu zituzten, garai batean behintzat, umeek, formal egoteko esaten zitzaienean, gurutzatzen zituzten bezala. Alferreko gauza zirudien gizon hari esatea, kontua apirilaren hogeian gertatua jakinaraztea bazen, Elias Elortzari kontatzen uztea zela hoberena, egun hartan hura ere Martiartu batailoiarekin Intxortako magalean zegoelako, eta beti ikusten direlako gauzak hotzago, distantzia handiagoaz, norberari gertatu ez zaizkionean, metrailak hanka moztu eta ondorengo unekoak bereziki. Nolanahi ere, egia zen Luis Amianoren bidez zekitela han zeuden hirurek zekitena, urtero kontatzen baitzuen hark, jendaurrean, batailoikoak biltzen zirenez geroztik, Intxortakoa; eta istorioa Paco Bueno tabernan behin eta berriz kontatzearen poderioz, praktikaren bidez alegia, gero eta hobeto kontatzen zuela, egia zen hori ere. Hark bezain ongi, hainbeste xehetasunekin, inork ez behintzat. Baina Luis Amiano hila zen; bi egun lehenago, hain zuzen.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera