Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Gure jakintzaren mugak

Garmendia, RomanDakit, 2000 Saiakera

Aurkezpena

  Liburu honetan aspaldiko gai bat jorratzen du egileak: ea posible den mundu materialaz zientziarik egitea. Egileak posible egiten du, baina unibertsal bihurtzea ezinezkoa dakusa. Eta joera eszeptiko horretatik saiatzen da teoria batekin kultura klasikoa (eta horren barruan sortzen den gerraren fenomenoa) partikularizatzen. Horrela, kultura hori ikertzeko eta gainditzeko posibilitatea irekitzen du, ez baita unibertsala.

Hitzaurrea

Hitzaurrea

 

  Ni, liburu honen kontu honetan, batez ere estoikoen modura ibili naiz, nire ideiak ahalik eta askatasun handienaz adierazten, nire printzipio gidariari jarraituz, kezkatu gabe zer-nolako eragina edukiko duen irakurleengan. Jakina, nik ondo konprenitua izatea nahiko nuke, hasteko; eta gero, nire filosofiaren aldeko eta nire teoriaren aldeko jarrerak nagusitzea. Baina hori jada ez dago nire esku, eta ez diot horri begiratu idazterakoan.

  Azalpen batzuk ere badira beharrezkoak: euskaraz idatzita dagoenez (beraz, gaur egun minorizatua dagoen hizkuntza batean), galtzear dagoen esamolde bat berreskuratu dut (bestalde, oso ondo datorrena): «ikusiaren bistan». Soraluzen «ikusixan bistan» esaten da. Hain galdurik dabil bertako euskara, ezen ez baitakit esamoldea galduta ez ote dagoen nagusi batzuen hizketan izan ezik (gazteek ezagutu ere ez dute ezagutuko). Horrek gaztelaniaz sobre la marcha esan nahi du; eta horrela daude idatzita, gainera, atal hauetako trazuak.

  Nik uste dut nahikoa argi adierazten dudala —eta errepikatu ere bai— nire pentsamendua, eta espero dut zerbaitetarako balio ahal izango duela, batez ere moral edo politika arloan gauzak hobetze aldera, nahiz eta oso langintza gaitza den, askok eta askok esan izan duten moduan. Beste barik, irakurlearen begien aurrean uzten dut nire lehen liburu hau, ea zukua ateratzen dion.

Pasartea

10. Utopiak ezinezkoak diren arren

 

  Adiskidetasunik perfektuena desinteresatua da. Horrek esan nahi du adiskidetasun hori ez dela ezeren funtzioan sortzen; baina hori mundu honetan ezinezkoa da. Beraz, adiskidetasuna aztertzerakoan modu inperfektuagoak aztertu beharrean gaude. Modu batzuk zeintzuetan adiskidetasuna faktore ezberdinen erlazioan gertatzen den, eta faktore horrek falta direnean desagertzen den.

  Gizakion arteko adiskidetasuna sozialismoaren iruditzat hartzen badugu, mundu hau aldaketa etengabean dagoenez, sozialismoa sorrarazten duten faktoreak ere aldatzen ari dira etengabe; beraz, badira aldiak gizadiaren historian noiz sozialismoa gertatzen den, eta badira aldiak noiz ez den gertatzen. Nik azken hauei «klasiko» deitzen diet. Aldi hauetako arterik gorena teatroan tragedia da.

  Gaur egun etapa klasiko batean gaude; baina hau ez da historiaren azken bururatzea, zenbaitzuek aldarrikatzen duten moduan. Sozialismoa ere ez litzateke izango —marxistei oker jarraituz— historiaren azken bururatzea. Ez, biak dira erlatiboak eta ikertu beharreko faktore ezberdinen funtzio dira. Nik uste dut behin ondo ikertuz gero, gero eta hobeto, errazago, gobernatuko dugula politika, eta erabaki zein den gizarte motarik aproposena, nahiz eta aldakortasun horrek beti ziurtasun gabezia eragiten duen gure asmoetan, gure historia guk geuk gobernatu nahi dugunean. Horrek ezinezko egiten du inolako utopiarik asmatzea, denboraren buruan dena aldatuz baitoa.

 

 

11. Mundu honetako adiskidetasunaz

 

  Oso ohitura zabaldua da hau pentsatzea: adiskideetako batek beheko erreka jotzean besteak adiskidetasuna apurtzea gertatzen bada, hor ez zegoela benetako adiskidetasunik. Zelakoa da, baina, adiskidetasunaz guk dugun ideia, horrela pentsatzeko? Ezin izan daiteke ideia hori existentziala, zeren, existentziala balitz, aldaketa etengabean dagoen mundu honi atxikia izango bailitzateke. Baina bazena ez izatera pasatuz gero, Parmenides-en estilora, esaten dugu faltsua dela, benetakoa beti dena izango balitz bezala. Gure ideia ideala da, adiskidetasuna egiazkotzat hartzekotan, betikotasunez beteta ikusi behar baitugu. Baina ez da hori mundu honetan existitzen denarekin gertatzen dena. Bene-benetako zerbait badago, mundu existentzial hau da; betikotasunez jantzita ez dago ezer. Beraz, benetakoa zen arestian aipatutako adiskidetasuna, baina existentziala, ez baitzen betikoa.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera