Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Haizeaz bestaldetik

Alvarez Enparanza, Jose LuisEgileak, 1979 Nobela

Aurkezpena

        Saio hau nobelarik baldin bada, edo, ez dakit hau, nobela hau, apokalipsi garbia ez bada, izan ere, nobela bat al da obra hau?

        «Novela antzekoa», zeritzon L. Mitxelenak arestian «Leturia»-ri eta «novela antzekoa», berriro, «Peru Leartzakoa»-ri urte batuzk geroago. Txillardegiren nobelarekin beti egin dira problemak. Eta, berriz ere, kritikoen eta katalogazaleen batere ardura gabe, Txillardegik, berak behar zuen bezalako jeneroa sortu du eta berak konzebitzen zuen bezalako «nobela».

        Bai, nobela bat duzu hau.

        Txillardegiren nobela bat, nobelatasunaren muga-mugan. Kontzientzi azterketa baten mugan. Apokalipsi baten mugan. Ipuin bat, ordea, ez da. Kontakizun bat. Abentura bat. Hasiera puntu batetatik bukaera batetara doana, istorio artean.

 

Joxe Azurmendi

Hitzaurrea

Hitzaurrea

 

 

        Saio hau nobelarik baldin bada, edo, ez dakit hau, nobela hau, apokalipsi garbia ez bada, izan ere, nobela bat al da obra hau?

        «Novela antzekoa», zeritzon L. Mitxelenak arestian «Leturia»-ri eta «novela antzekoa», berriro, «Peru Leartzakoa»-ri urte batzuk geroago. Txillardegiren nobelarekin beti egon dira problemak. Eta, berriz ere, kritikoen eta katalogazaleen batere ardura gabe, Txillardegik, berak behar zuen bezalako jeneroa sortu du eta berak konzebitzen zuen bezalako «nobela».

        Bai, nobela bat duzu hau.

        Txillardegiren nobela bat, nobelatasunaren muga-mugan. Kontzientzi azterketa baten mugan. Apokalipsi baten mugan. Ipuin bat, ordea, ez da. Kontakizun bat. Abentura bat. Hasiera puntu batetatik bukaera batetara doana, istorio artean.

        Ez da puntu mikroskopiko baten sekzionamendu mikroskopikoa ere; hitzetan, esalditan, ebakitako edo-zein errealitate puska. Edo, gutxiago, espresabideen beren abentura bat: espresabideak, bideak dira berriz ere, eta norabait ailegatu nahi dute. Guzti horretan, Txillardegi, betiko bere moduari atxeki zaio, betiko bere konzepzioei leial, zer den idaztea, zertarako den idaztea, etab. Hori dena baitago nobelaren konzepzioan inplikaturik.

        Txillardegik euskal nobela modernoa abiatu zuenetik, 56an, hogeita piko urte joan da. Nobela hura uhin haundia izan bazen, gero ere izan dira uhinak. Nobelagintza modu berri batek, bereziki, arrakasta izan du —Saizarbitoriarenak—, «nobela modernoa» hori eta horixe bakarrik dela, jendearen artean inpresioa zabalduz, kritikoren batzuen laguntzaz, edo konplizitatez. Txillardegi «superatuta» geratu zen...

        Nik ere uste dut Txillardegi «superatuta» geratu zela. Baina ez berea beste modu berri hori ez zelako, bere moduan ere aurrera aurkitzen ez zuelako baino. Ez zion bere buruari gain hartzen. Txillardegik bere nobelagintza modua agertu zuen, 50.eko urteetan, baina, gero, beste mila arazotan nahasturik, desarroilatu gabe utzi zuen. Ez zuen gehiago laboratu, zorroztu. Repetitu egiten zuen.

        Nobela honetan mila gauza berri dago Txillardegiren lehenagoko obraren aldean. Txillardegik eraberritu egin du bere nobelagintza. Oraingoan, besteetan ohi zuen baino gehiago erabili ditu nobelagintza «berriko» moduak berak. Baina, agian, erabili dituelakoxe, hobeto erakusten du, horiek, teknika horiek, eta Txillardegiren kasuan eta obran, ez direla gorabehera inportanteenak, zinezko berrikuntzarik lortzeko; Txillardegik beste «teknika» batzuk badituelako bere-bereak, bere obrak bere-bere bihurtzen dizkionak, bere modu konfundiezina, berak asmatu duena eta desarroilatu duena, deskonzertatzen ere gaituena ez gutxitan, eta oraingoan benetan esplotatu diguna.

        Eraberriturik eta barren-berriturik ere, hau nobela «berria» izanik ere, betiko Txillardegi huraxe da hemen daukaguna. Ez gaiagatik eta problematikagatik bakarrik; betikoaren inguruan beti. Baina bestela ere: hasieran, eskaintzak, ez dauka urruti «Huntaz eta Hartaz»-ko eskaintza; bukaera, «Leturia»-ko berbera da. Aldenik alde, Txillardegiren obra guztia obra honetan dago. Hemengo pertsonaia, bere ausentziaz presente dagoena, Txillardegiren betiko pertsonaia da. Hemengo denbora —mitikoa— Txillardegik beti borratu egin zuen denbora da; gogora «Leturia»: udalen, uda, udazken, negu... Ez dago: denborarik. Ez dago pertsonaiarik. Akziorik ez dago. Espaziorik ez dago. Espazioa irreala da («Zerubide»!). Denbora irreala da... Beraz, Txillardegik, ezagutzen genizkion bere karakteristika formalak, ez ditu abandonatu, guztiz radikaldu egin dizkigu, estremismoraino. Nobela egiteko —desegiteko— modu bat da. Baina, barrurago, Txillardegiren konzepzioak dira, gizonaren, existentziaren, etab., nobelak holakoxea izan beharra behartzen dutenak. Existentziaren konzepzio bat da, nobelaren konzepzioa sostengatzen duena.

        Egia esateko, ez zait asko gustatzen eskola ohitura hori, alegia, nobela konzeptu bat hartu, nobela zer den, arrunt, orokar, edozein nobela eta nobela guztiak, eta eskuin-ezker konparaketak egitea. Gereñoren nobela eta Urkizuren nobela. Saizarbitoriaren nobela eta Txillandegirena. Dena da «nobela» eta dena kriterio berdinekin epaitzen da. Gauzak konzeptuekin neurtu. Eta zerekin neurtzen dira konzeptuak? Leturia bere gisako nobela da; «100 metro», ordea, nobela izango da edo ez da, ez dakit eta ez dit inporta, baina aldez aurretik denok garbi dakiguna, da, beste gauza bat dela zeharo. Beste gauza bat. Kafesnea eta bisigu errea. Bakoitza gauza bat da.

        «Leturia» idatzi den moduak berak indikatzen du, hau, nobela hau, holaxe izateko arrazoi askorekin sortu dela, arrazoi horiengatik dela holakoxea, eta ez daukala holaxe moduzkoa izan beste erremediorik, tankera aldetik, bere izateko arrazoia —hots, konzepzio estetikoak, filosofikoak, sozialak eta direnak direlako denak— eta bere izaera osoa galdu gabe. «Leturia» den «hori», horrelakoxea izateagatik da hori. «Hori», bestela, ez da hori. Eta nobelagintza berriena «hori» ez bada, eta nahi ez badu izan, guri ederki iruditzen zaigu; beste gauza bat da. Beste konzepzio estetiko, filosofiko, inguru bati erantzuten dio.

        Txillardegik bere moduaren barruan jarraitu du honetan ere. Ez dago nobela bat, nobelagintza modu bat. Nobelak eta nobelagintzak daude, modu diferenteak (eta orain, euskaraz, badugu, zorionez, nobelaginza modu bat, edo bi, edo hiru baino gehiago). Ez dugu esango Txillardegik bere modua hasiera-hasieratik perfekto zerabilkienik ezta gutxiagorik ere. Txillardegiren nobeletan, hutsak eta defektoak bilatu nahi zituenak, neke haundirik gabe aurki zitzakeen (gramatikalak ere bai, nonbait: Orixek halako ehundaka ateratzen zizkion!). Baina Txillardegiren nobelagintzako hutsak, bere moduaren barruan, ez arnas bestelako modu baten aldean, ikusi behar dira huts bezala. Nola eta ez dugun, behintzat, nobelagintza modu bat beste gabe eta erabat hobesten. Bestela, modu batetan oso inportante izan litezkeen gauzak —elkarrizketa muntaketak, plano konbinatuak, etab.— izan litezke inportantzia haundi gabeko alderdiak bestean, honen desarroiloak beste lege batzuei obeditzen dielako, beste elementu batzuen desarroilo esijentziaz. Esan nahi dut, esate baterako, ez dela ezen kostako karaktere estudio hobeak edozein nobelatan aurkitzea Txillardegirenetan baino, seguru asko; baina, kontua da, karaktere estudio zorrotz baten premiarik ba al duen Txillardegiren nobelak, ala hemen, beharbada, sobera legokeen. Beharbada nobela berri honek argirik ematen digu, lehenagoko Txillardegiren nobelagintza juzkatzerakoan ere, gure ikuskerak perspektiba zuzenena itzultzeko. Uste baitut, Saizarbitoriaren agerpenak piska bat denok liluratu gintuela, guztiok modu berri honetana esklusiboki samar begira jarriz, nobela moderno bat egiteko bide hori besterik geldituko ez balitz bezala.

        Txillardegik, bada, egin zitekeen modu bakarrean egin du bere moduaren legitimotasun probaketa: bere modua desarroilatuz, perfekzionatuz. Ezerk poztu bagaitu, horixe izan da: ikustea, zenbat fruktifikatu duen Txillardegiren nobelagintza, bere kontrarioa zirudienak. Ito egingo zuela, beldur ginenok —euskal literaturan, sarri, modu berriak aurrekoa itoaz bakarrik ailegatzen dira— aitzitik, eman dion laguntza eta bultzada, zelebratzen dugu. Txillardegik hartu egin du desafioa. Gogor egin du, egin ere, bere aizkora saioa. Inoiz egin duen bikainena. Eta esperantza sortu digu, berea ezezen, Saizarbitoriak errepresentatzen duen nobela berriak, mehatxu bat izan zitekeenak beste nobela moduentzat, euskal nobelagintza guztiaren eraberrikuntza eragin lezakeela, bazterrerazi edo absorbitu ordez.

        Txillardegik etapa berri bat hasi, baina bukatu ere berak egin zuela uste zuenari, eta ziklo bat hertsi zuela esaten zutenei, honoko nobela honek besterik erakusten die.

        Eta ez dut esaten, Txillardegi, honekin, bere moduaren perfekziora heldu denik (zer ote da hori?). Bakarrik, desarroilatzera heldu dela. Bere modu horretan mila forma zahar eta berri entseiatzeko problemarik batere ez dagoela, erakutsi du, frudimenik izanez gero, eta horixe nahi nuen seinalatu. Nobela modu batek ez duela beste bat kondenatzen. Txillardegi bere moduaren barrutik aritu da. Barrutik egin du eraberrikuntza. Nobelak bere baitan izan ditzakeen alderdi positiboak eta negatiboak xehekiago aztertzea, ez da hemengo eginkizuna.

        Beraz, funtsean lehengo bide beretik dator. Txillardegiren betiko bidetik. Baina, pertsonaiarik, esate baterako, nobela honetan ez dago... Egia da. Meditazio hutsa?.. Baina ba al zegoen pertsonaiarik beste nobeletan ere? («Elsa Scheel»en piska bat aparte geratzen da). Pertsonaiak al dira Peru hori eta Leturia hura? Beti ere atentzioa ematen zigun, Txillardegik bere pertsonaien desarroiloa arras deskuidatzen zuela. Beren izen eta deitura eta guzti dena mozorro hutsa, itxura emateko, pertsonaia topikoak ziren. Anonimoak. Autonomiarik batere gabekoak, hobeto esan. Autoreak bere gogara zerabiltzan, txontxongilo antzean: nahi zituen bezala aprobetxatu, eta gero hiltzen utzi, gehiago behar ez zituenean. Haien presentzia ausentzia bat zen. Itxurazkoa zen presentzia. Oraingoan pertsonaiak, edo pertsonaia bakarra —bere ausentziaz presente— osoki desagertzen bada, edo oroimenen eta gogoeten urgaineko irudi errainua bada gehienez ere, argitasunik ematen digu, nik uste, beste pertsonaia haiekin ere, izan eta ez izan artean, zer gertatzen zen: bere nobelaren karakterean, estorbu bat ziren, Autorearentzat, laguntzarik adina. Autoreak, ez zituen desarroilatu nahi, ezin zitzakeen desarroila. Bere nobela desfiguratuko baitzioten bestela. Bere «gauza» galduko zioten. Eta «gauza» zen protagonista. Autorea ez zen interesatzen ezinbestean asmaturiko pertsonaia horietaz, bere «gauzarako» behar zituen baino gehiago.

        «Leturia»-n jadanik, nobelako bai argumentua eta bai protagonista, Leturiaren gogoetak zirela, izan genuen susmoa. Ideien desarmioak azken burua jotzen zuenean, pertsonaia —aitzakia hura— utz zitekeen hiltzera. Ideien desarroiloa hiltzen zuen.

        Esku artean duzun nobela honetan, konbentzio hori ere kendu egin da, pertsonaiarena. Horrela ideiek hobeto eta garbiago aurkitzen dute pertsonaia, protagonista, berak bilakatzeko bidea.

        Hemengo pertsonaia anonimoa, Zarathustra berri hau, bere narrazioa da. Izan, esaten duena da Zarathustra. Bere gogoetak. Pertsonaiak, pertsonaia bezala, ez du deus kontatzen. tdeietan bizi da.

        Gizona —ulertu uste izan dugu maiz, Txillardegi irakurtzerakoan— ez da ezer, kosmoaren aurrean bakarrik dago, hutsik dago, ez du izenik, ez du presentziarik. Bada; baina gehiago da, ez dena. Gizonaren konzepzio bat dago, noski, nobelaren oinarrian. Txillardegirena, beste zenbait aldiz eta lekutan ere azaldua, sinbolo artean dabilkigu oraingoan. Batetik nobelaren egitamua bera eman du, oraingoan, giza konzepzio hark: kontzientzia galtzearen eta berriro eskuratzearen arteko muga-mugan desarroilatzen da nobela hau. Bestetik, errealitate bikoitz batez betetzen du nobela, nobelan errealitate bakoitza: itsasoa, lehenengo, itsasoa da, Gethari ondokoa edo Muitza azpikoa; baina, gero Itsasoa da, letra haundiz. Lakua, lehenengo, Soustons-go lakua izan daiteke, ahatez eta txalupaz; baina, gero, gizonaren zorion sentimendu bat izan daiteke, edo gizaseme kaskar mugatu hau berau. Eta, nobelan, errealitate biak konfunditu egiten dira abil-abilki. Errealitate batetan zoaz eta, bapatean, bestean zaude. «Gizona» bera, konzientzia galdu, ez galdu dabil, «basamortu haizegabe eta ezinago gogor horren ertzean».

        Haize, basamortu..., sinboloak. Beste nobeletan parkea, etc., sinboloak ziren bezala. Baina sinboloak badira, ez da esan nahi, errealitaterik ez direla. Aitzitik, sinboloak dira, horixe da beren errealitatea. Zer da bizitza, ametsa baino? Gizona, alegia baino?

        Hil eta gero segituan —baina heriotzak ez dauka fisikoa izan beharrik, heriotze metafisiko bat izan liteke, herioze mistikoa, nirvanara sartuz edo bezala—, lehenengo momentuan, hil eta gero, gizonak nondik datorren gogoratuko balu bezala da. Denbora ere, beraz, ez da denborarik, pasatzen denik, etortzen denik, egon dagoena baino, dena batera presente. («Leturia»-ko denbora ere gehiago zen sinfonia batetako lau tenpoak). Denbora, nobela batetan, ehun metro korritzeko segunduen espresio minimoetara herstu daiteke, banan-banan kontatzeko puntuetara; orduan, segunduak berak, denbora, kasi irrealtasuneraino ebakia, akzio bihurtzen da. Edo denbora denboragabetasunean ur daiteke; orduan, akzioa ez da denborazko lerroetan mugitzen, infinitoan bezala baino. Hildakoaren erreinutik atzera begira, hobe —erreinu hori ez baitago nobelatua— bizitzan partizipatzen ez duenaren denboragabetasunetik begira, ez dago propioki orainik eta gerorik. Zazpi egun dago, edo zazpi ordu, zazpi, edo zazpi bider zazpi, berdin.

        Zazpi, zenbaki mitiko-sinbolikoa zen jadanik egiptotar, babilonio, persa, hebreo, grekoentzat: zazpi egunetan egin zen kreazioa eta zazpi ziren Greziako jakintsuak; zazpi munduko miresgarritasunak, zazpi itsasoak, zazpi infernuko zirkuluak; zazpi ate zuen Thebasek, zazpi beso kandelario liturgikoak; zazpi dira Jesukristoren agoniako hitzak, sakramentuak, Izpiritu Santuaren dohainak, bekatu kapitalak; zazpi dira koloreak, eskala musikaleko notak, asteko egunak...

        Apokalipsia gogoratzen du nobela honek, hitzez hitz, lerroz lerro, irudiz irudi. Apokalipsi batetan denak balio sinbolikoa du: ikusten denak, esaten edo egiten denak. Zenbakiek, gauzek, desarroilatzen diren ekintzek, pertsonaiek (hemen, haien faltak), animaliek, paisajeek. Kapitulu banaketak. Apokalipsi batetako hizkuntza mitologikoa da, enigmatikoa. Estiloan bertan, makina bat aldiz, Daniel, Ezekiel, Joanes patmoskoa ezagutzen ditugu, laino artean bezala, testuaren atzetik.

        Eta nobela guztian zehar, mugagabe eta mugatuaren arteko dialektikan, borrokan, Tekoan artzain zen Amos profeta zaharraren intziria entzuten dugu eta Iahweren orroa:

 

 

                Jaunak Siondik orroa dagi,

                Jerusalendik deihadar...

 

Joxe Azurmendi

Pasartea

        Eta Muntto eta Untzaene utzi nituen atzean, han gainean, Aieteko partean; eta ni Txantxerreka-tik behera jaitsi.

        Eta Caviedes eta Errege-Jauregiaren arteko bideska ilun bustia hartu nuen.

        Eta ez dakit poesiak ala beldurrak ikutu ote ninduen goiz hartan; baina metafisika, amets iruditu zitzaidan, eta ametsa, egia nabarmen eta sukartsu. Eta beste oroitzapen guztiak baino aisa lehenagokoa eta zaharragoa da nigan Txantxerreka-rako bideska ilun hertsitik pasa nintzen goiz haren oroitzapen harrigarria; neure denboren haseran bertan pasea bainintzen.

        Banindoan beraz Iparralderuntz bideska ilunean barrena, Txantxerrekako mazela leunak atzean utzirik.

        Hiru metro gora zituen eskuin aldeko paretan, goroldio apala ageri zen nagusi. Ezkerrekoan, berriz, teila gorri histu eta zaharkituek gaintzen zuten, eta ez beti, Jauregiarekiko berez-hesia; eta halako teilatu kutsuko erpin luze bat osatzen.

        Ezkerraldeko harresi honen gainetik, lizundurik, tarteka arraildurik eta zaharrakaturik, teilatu aldatsetan han-hemenka teilazko estalkia biluzturik, betidanik misteriotsu jotzen nuen Miramar-Jauregi gorria aurkitu nuen.

        Bideskaren gainean, berriz, benetako estalpe gisa, zerua erabat izkutatuz, erramu baso trinko bat zegoen; eta, harri mokorrezko zoruan sakabanaturik, txit zimeldurik eta horiturik, blai ere eginik, hosto luze arraultzaire asko eta asko ikusi nuen.

        Enbor zahar pare bat ere topatu nuen bidearen bihurgune batetan; eta bide hertsia, bide bustia, bide labaina, luze inoiz baino luzeago atxeman nuen.

        Eta, halako batez, ni ordurako berantetsirik, amaitu egin zen zuhaitzezko tunela; eta aurrekaldetik, Kontxako kolkoa agertu zitzaidan, urdin, bidearen irtenguan zoragarri. Eta Urgull maitatua eta Santaklara uhartea ikusi nituen.

        Eta, ezkerraldetik, Jauregiaren murru gorrien ilararen atzetik, adriluzko laberinto xarmagarria inguratuz, Txubillo tontorra ikusi nuen; eta funikularea, memento hartantxe gora ari, eta dorrea gailen... Eta Loreto-peko puntta ene aurrean ageri; lehen bezalakoxea...

        Eta liluraturik gelditu nintzen.

        Argiturik... berriz ere... bidaia!

        Eta atzera begiratu nuen. Eta zauskada latz batek inarrosi ninduen bortizki.

        Eta Errege-Jauregiaren etxe, eta etxetxo, eta ukuilu, eta batimendu gorri desberdinak oro zuhaizpearen trinkoan eta beltzean ene aurrean bertan ezabatzen zirelarik, Txantxerreka-ko bideska izkutua begiratu nuen azkeneko aldiz: beltz, mehar, beldurgarri.

        Eta betirako debekaturik zegokidala konprenitu nuen.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera