Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Hamaika pauso

Saizarbitoria, RamonErein, 1995 Nobela

Aurkezpena

        «Ukatu egiten du eskaintzen zion benda beltza, buruaren zirkin apal batez, eta begirada bere adorearentzat nagi lukeen lekukoaren bila galtzen zaio, alferrik. Aurrean, fusilek osatzen duten lerroa hertsi egin da, hiltzaile bakoitzak besteen artean ezkutatu nahi balu bezala. Masailak kulaten kontra estutu dituztenean jada, begientzako euskarri bila ahalegintzen da, ikararen zorabioaren ihesi, «Apunten» oihu ozena entzuten du. Hostoen firfirak burua itzularazten dio, ordea, eta zeru urdina dakusa» (...).

        Atzera begiak jaisten ditu, eremu zabalera, adiskide baten aurpegia espero bailuen. Egoera hartan lagunduko liokeen begirada. Aurpegi ilunak besterik ez, ordea; berriro inoiz ikusiko ez dituen objetutak —jadanik ahaztu zaizkio izenak—; berriro loratzen inoiz ikusiko ez dituen arbolak...

        Franco hil zenean hogeita hamar urte inguruan zebilen belaunaldiaren heziketa sentimental eta dramatikoa da eleberri hau.

        Eleberri handia, inondik ere. Eleberri aparta.

Pasartea

        Ez zen konturatu gabardina komoda gainean utzi zuela, eta nortasun agiria haren patrikan, Pasaiako portu parean kontrol bat ikusi zuen arte. Zentralak hodei astun bat isurtzen zuen, portuko argitasun bakana ahulagotzen zuena, eta garabiek makurtuak zituzten beren beso erraldoiak haren zamapean, animalia umiliatuen antzera. Aurreko autoaren ondoren geratu zen, bide ertzean, baina zirkulatzeko agindu zioten linterna batez, bizpahiru segundoz fokupean eduki ondoren.

        Donostiako kaleak hutsik ageri ziren eta Abenidako farola berrien argi gordinak areagotu egiten zuen hiriaren hustasuna. Urbietatik jo zuen oinez. Lanbroa ari zuen, baina giroa epela zen. Burgosen hotza egingo zuela pentsatu zuen, eta berriro ere Daniel Zabalegiren irudia etorri zitzaion gogora. Mahai baten aurrean pattar botila batekin. Eta zein pattar izan zitekeen ete pentsatu zuen. Edozein pattar merke. Aurrerago, ez ziotela eman esango zion kapilauak. Hitzez hitz, «se le dio» edo «se le facilitó» agian, «todo lo que quiso, refrescos, café. Naturalmente, bebidas alcohólicas no». Refrescos esango zion, eta naturalmente, bebidas alcohólicas no. Baina orduan ezin imajina zezakeen horrelakorik, alkoholaren kontsolamendua ere uka ziezaioketenik alegia, eta Fundador botila baten aurrean imajinatzen zuen, berak ere pattarraren errea sentitu nahi zuelako, beharbada, jendartearen beroa bezainbat.

        Tabernak itxita zeuden, ordea. Telegramak jartzeko ilara ere desagertua zen Urdaneta kaletik. Bi jeep zeuden postako atean, eta jendea, ez asko, sartu-irtenean. Ziurtzat eman zuen nortasun agiria eskatuko ziotela, eta, zertarako oso ondo ez bazekien ere, Juliari deitu zion kabina batetik. Berehala hartu zuen hark. Doi antsietate puntu bat, «bai, esan» erantzun zuenean.

        —Nortasun agiria zure etxean utzi dut, gabardinarekin.

        —Horregatik deitu al didazu? —Ez zirudien haserre, dezepzionatua agian.

        —Ezin dut telegramarik jarri nortasun agiririk gabe.

        —Orain ezin zara honaino etorri. Ez kezkatu, telegrama bat gehiago edo gutxiago, berdin izango da. Zoaz ohera.

        Ohera joateko asmotan zen, baina protesta egin zuen berriro. Telegrama jarri nahi zuen, eta horretarako derrigorrezkoa zitzaion nortasun agiria, eta orduantxe nabaritu zion lehenago sekula erreparatu ez zion doinu zeken bat ahotsean. Ia maitekorra izan zen «etorrita ere ez dizut aterik irekiko» esatean, baina gero metalezko bihurtu zitzaion ahotsa: «Orain moztu egingo dut, Iñaki, moztera noa». Eta moztu egin zuen.

        Txunditurik atera zen kabinatik, eta postako eskailerak igo zituen. Barnean argitasuna gordina zen, eta beilaren arrastoak areagotzen zizkien aurpegiei. Zorua estaltzen zuten paperetariko bat jaso zuen. Telegramaren kopia zen. «Su Excelencia el Jefe del Estado. Palacio del Pardo Madrid. Rogamos a Su Excelencia conceda indulto a los condenados a pena de muerte». Erdiko mahaietan jendea testua kopiatzen ari zen, eta berak ere gauza berari ekin zion. Gero, ilaran jarri zen bere txandaren zain. Leihatilaren alde banatara bi polizia zeuden, noizbehinka telegrama jarri ondoren ordaintzen ari zirenei nortasun agiria eskatzen zietenak. Eskuak izerditan zeuzkan, eta urduritasun sintoma horrek areago urduritu zuen. Ez zen ausartzen ilara utzi eta postatik irteten, jendeak gaizki irizteaz gain, agiria eskatzeko arriskua areagotu zezakeelako. Leihatilaren ondoan inprimaki huts pila zegoen, eta bigarren egon arte itxaron zuen ale bat eskuratzeko. Polizien begirada arretatsupean mi más sentido pésame idatzi zuen, eta bere helbidea. Gero ez zitzaiola inporta erantzun zion atseginez «siento que haya tenido que esperar tanto» desenkusatu zen funtzionarioari. Eskerrak eman eta euritara irten zen. Ezin zuen burutik kendu Daniel Zabalegiren irudia, autoaren leihatila aurrean makurtuta, «gauza hauek balio dutenagatik baino gehiago estimatzen dira» esatean.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera