Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Hariaz beste

Gorrotxategi, AritzErein, 2011 Poesia

Pasartea

HARILKOA JASOZ

 

Harria eta haria ez dira gauza bera.

Lehena, irauteko da; eusteko, bigarrena,

muturretik muturrera ibiltzeko.

Harriak sinbolo izan nahi luke, iraunkortasunaren...

 

Harriaren begiradak fedezkoa du soina.

Harizko geografiak itsasoa du haize,

inongoa izan nahi ez, eta sustraiak ditu

airera libre, zintzilik, hegaztien egarri.

 

Harria egon badago, egotea du lege.

Bidaiariari dio erakusten bidea;

etxeari, sendotasuna; arimari, otoitza;

herriari, zutabea; hilei, herri isila...

 

Hariak du erakusten non hasi non bukatu

bi aldeen tentsioa, orekaren muin betea,

grabitatearen aurka eraikitzen du zeruan

bere erresuma epela, gaur-biharkoa, labur...

Haria hauskor da, giza poz-oinazeak nola.

 

Harriak hilak gordetzeko, belar-aterpetzeko,

eta haria haiengana heltzeko, zubi isil,

tiraka egin, itzaletik taupada atera.

Haria eta harria, Orfeoren leinuko,

kantak dakizkien ume, Euridizeren altzoan.

 

Harriz eta hariz egina, habia iheskor hau,

isiltasun unearen neurria, besarkada...

Giza jakintzaren mugak, isuri edo tontor.

Eta norbait harilkoa jasoz, atzera berriz hasteko.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera