Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Hemen naiz, ez gelditzeko baina

Ormazabal GaztaƱaga, Jon MarkelTxalaparta , 2014 Gaur egungo literatura

Aurkezpena

Kartzela «aberrazio sozial alimalekoa, ikaragarria» da, Markel
Ormazabalen ustez (Donostia, 1982). «Zoritxarrez»,
gaztetatik ezagutu du kartzela oso gertutik, «herri honetako
jende askok bezala»; lehenik senideak eta lagunak bisitatzerajoanez; gero halabeharrezko bizileku izan duelako. Euskal Herrian
presentzia garrantzitsua duen errealitatea izanagatik, eta hari buruz
asko idatzi den arren, «kartzela den aberrazio sozial hori guztia ez da
mahai gainean jarri», Ormazabalen ustez, eta ez da behar bezain
ezaguna.
Hemen naiz, ez gelditzeko baina (Txalaparta), bere lehen
liburua, eskarmentu pertsonalean eta beste preso askoren
lekukotasunetan oinarrituta idatzitakoa, hutsune horri aurre egiteko
zereginean «aletxo bat» izan dadin nahiko luke Ormazabalek.
Bi aldiz kartzelatu dute Ormazabal: 2002an lehenengoz, kale borroka
talde batean aritzea egotzita; 2007 eta 2013 artean bigarrengoz, Jarrai-
Haika-Segi sumarioan auzipetuta. Bigarren kartzelaldi horretan idatzi
ditu liburua osatzen duten testuak, ia denak Ocaña I-eko espetxean
(Espainia).
Kartzelan artean urtebete baino gutxiago zeramala, presoen eskubideen
aldeko dinamiketan parte hartzen 30 urte baino gehiago zeraman
emakume bat joan zen Ormazabalen gurasoen etxera, janari poltsekin.
Gaur egun, ordea, debekatuta dago presoei kanpotik janaria sartzea.
Emakume hark gurasoei egindako eskaintzak zer pentsatua eman zion
Ormazabali: «Emakume hark bizitza erdia pasatu bazuen horrelako
borroketan sartuta, eta ez bazekien debekuak aldatu egin zirela, horrek
erakusten zuen ezer gutxi dakigula kartzelari buruz».
Kartzela «kartzelari buruzko topiko guztiak eta gehiago» da, amaierarik
gabeko ezustekoen iturburua. «Bai patio batera, bai bisitara edo bai
kartzelaren kanpoaldera gerturatzen zaren aldiro, kartzelak badu
harridura sortzeko gaitasun handi bat, eta hori da, neurri handi batean,
kartzelaz gutxi dakigulako».
Idazten hasi aurretik, liburua osatzen lagunduko zion materiala bildu
zuen: artikuluak, lekukotasunak, film eta liburuei buruzko
erreferentziak, baita adiskide eta senideek bidalitako gutunak ere...
Ondoren, liburuari zer forma emango zion zehaztu gabe ekin zion
idazketa lanari.
«Kartzela deskribatzen baino gehiago, kartzelaren beraren
funtzionamendua deskribatzen saiatu naiz». Horretarako, kartzelako
geografia osatzen duten guneei erreparatu eta piezak batzeko
«itsasgarri gisa» musika darabilen «collage bat» osatu du. Musika,
collage horrek behar duen itsasgarria ez ezik, kartzelak ezarritako
askotariko ezintasun ugarien adibideetako bat ere bada, debeku eta oztopoen ondorioz musika «elementu subertsibo bat» bilakatzen baita
sarritan espetxeetan.

Atzera