Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Herria eta bidea. Hitzak eta kezkak

Mujika, Luis MariEdiciones Vascas, 1978 Poesia

Hitzaurrea

Sarrera

 

        Gaur egun, Euskal Herria, bera hizkuntza industri eta urbano giro batera egokitzeko, lan tekniko izugarri bat egiten ari da. Lan horretan, ez da ari, ordea, herri osoa, hizkuntzalari, pentsalari, irakasle, ikastola, Euskaltzaindia eta beste zenbait erakundeek osatutako eliteak baino.

        Prestaera-lan hori positiboa gertatzen da gure herriaren autogobernua lortzeko bezperan. Benetako bilinguismo baten errebindikazioek, aurretik, hizkuntza gaurko teknik beharretara eta normalizapenera egokitua egotea eskatzen dute. 1965-76-eko hamarrurtealdia historikoa gerta daiteke euskararen egokitasun funtzional horretarako.

        Halabainan, ez da aski normalizapen eta standartizazio hori gure hizkuntzak kultur-mailan goi-balioa eta prestigioa eskuratzeko. Behar beharrezkoa da, gainera, lanak ugari sortzea, kantitatez eta kalitatez. Sorketa derrigorrezkoa izango da euskara goibiziarazteko. Azken bost urte hauetan euskal bibliografía saioetara makurtua ikusten dugu, ikastolen, akademien eta mintegien behar didaktikoera erantzun bat eman nahiaz. Konkretuki, bai poesia ta bai nobela, azkenaldi honetan urritua narbaritzen da gure produziogintzan. Saiakeraren sukarrera pasa gara; badakigu hori garrantzi handikoa izan dela gure hizkuntzaren standart hutsunea betetzeko. Baina, dagoneko, bada kreazio edo sorketa motatako liburuetara pasatzeko ordua. Katalunian, adibidez, 1976-ean poesigintzan 30 bat liburu argitaratu ziren; hemen, Euskal Herrian, aldi berean, 5 bat bakarrik izan ziren. Berdin gertatzen da nobelarekin.

        Dudarik gabe, kreazio liburuak kritika liburu batek baino intzidentzi nagusiagoa du herri baten literaturan. Huts honen arrazoina gure argitaletxetan dago; itxuraz, tarte guti damaiote sorketa-literaturari.

        Uste dugu literaturarik gabeko herria, normalean behintzat, historikoki ez dela herri larria; beste herrien ideologi sorketen morroin bihurtzeko arriskuan dago. Historia duen herri orok, gehienetan, literatura landua dauka. Gure herriari idazjoerarik ez izatea garesti atera zaio; maiz bere irudia eta arima besteen partzialkeriaz interpretatua izan dira. Gure ustez, XX mendean euskaldunak gehiago hitz egin (idatzi) behar du; gure hitza areago entzun behar du; halabaina, hitz hori euskalduna (eta ez baskongadoa) izan dadin, nahitanahiezkoa da bere expresakera nazionala izatea, hau da, euskara aintzakotzat hartzea.

        Azkeneko 12 urtetako produzioa ikusirik, ba-da ordua zientzia eta monografi-kritika nolabait euskal literatura gaztean fijatzeko. Arlo batzuek (poesiak batez ere) bere kalitate eta joera desberdinengatik alde ugariak presentazen dituzte azterketa kritiko baterentzako. Gainera, gaur gure literatura nazionala kantitatez inoiz baino ugari ta nabarragoa da. Beraz, egun, bi urtetako liburugintza XVI, XVII, XVIII, XIX-ngo, mendeekako bibliografia guztia baino handiagoa da. Nahiz-eta hori gezurra iruditu, halaxen da. Hori dela-ta, tradizioaren ikuspegia baztertu gabe, kritikak gaurko produzioa kontutan gehiago behar luke.

        Liburu honetan Luis Mari Mujikak bere nortasun sortzailearen proba berri bat damaigu. Bere poemagintzan liburu hau boskarrena da; dakigunez, baditu ere soziologi eta hizkuntza arloko beste lanak eginak. Hemen egilearen etengabeko ahalegina nahiko nabarmena da.

        Halabaina, bere mundu estetikoan (1965 ezkeroztik) halako isilune misterios bat nabaritzen da. (8 urtetako isilaldi hori gure herriak sufritu duen borrokarekin konformatzen da, nolabait).

        Luis Mari Mujikak lehenengo hasimahasiak inpresionismoan egin zituen, Juan Ramon Jimenez-en preziosismotik hurbil; 1964 aldera ez-regularra den sinbolismo batera pasatzen da (beraz, 1963 eta 1965koak dira «Bide-giroak» eta «Urdin eta burni» izeneko bi liburuak). Azkeneko liburuan, hau da «Hitzak ebakitzean» (1976-ko Espainiako kritika saria Barcelonan) bere poemagintzan birplanteamendu estetiko berri bat nabari da, beste bide bizkor eta originalagoak jarraituaz.

        Dirudienez, 1974 ezkeroztik gaur arte, egilea gogor ari da poesigintzan (eta oraindik argitaragabe dago bere produzio parte bat). Bere bide berriak plastizitate handia dager; Nerudaren surrealismo urratsak paralorquiasmoaren hatsez umotzen ditu Mujikak, «Zortziko hautsiak» izeneko liburuan ongi asaltzen den bezala. Egileak protesta edo poesi soziala jarrraitzeko era bereziak sortzen ditu. Juan Mari Lekuonak ongi dion bezala, Luis Mari Mujikak gizarte-expresio berri bat aurkitu du, batez ere, poesia historikoa egitean; gure poetak ohizko prosaismo merketik alde egin nahi du poesia soziala sortzean. Bere poesia historikoak Euskal Herriak 1968-1975 urtealdian jasan duen tragedia azaltzen du. Gabriel Arestiren poesia sozialaren motibazioek hemen beste zeharkako irtenbide bat daukate. Mujikak —Mikel Lasa, I. Sarasola, Joxe Azurmendi etabarren isilunean gainduaz—, egoerari aurpegia ematen dio, sozial gaiak estetika sinbolista-paralorquianoz nolabait eratuaz.

        Luis Mari Mujika ene lagunaren poemagintzan euskal aberriaren alde bizia eman duten abertzale gazte askoek (Etxebarrietak, Txikik, Mendizabal-ek, Zabalak, Gardokik, eta abarrek) beren abotsa aurkitzen dute. Gainera, bere poesia ohizko euskal poesia sozialaren prosaismoaren eta panfletismoaren kontrako erreakzioa da. Beraz, protesta drama eta estetik plastizitatez jantzita eman daiteke. Ustez, Mujikak, liburu honetan, surrealismoak eta sinbolismoak eder-munduan ematen dituen baliakizunak ongi aprobetxatzen ditu. Egileak, hainbat ederdura dakarten literatur baliakizunak, hau da: bisemiak, sinestesiak, transposizioak, metafora-plastizitateak, etabar, praktikan ongi jartzen ditu.

        Liburu hau tematika hirukoitz batez osatua dago. L-ngo. tematika existentziala, 2-gn. tematika tragikosoziala, 3-gn. gai banalen tematika. Egilearen estetik plastizitatea, batzutan, bizkorra eta zakarra gertatzen da. Euskara, liburu honetan, originalitate ausarten expresio-munduan aurkitzen da. Mujika ausarta da neurri eta puntuari dagokion tekniketan. Hemengo neurtitz asko egilearen orginala da, eta euskaran lehenengo aldiz du sarrera.

        Mujikaren poesizko beste balio-aitormena bere estrofa neurtuarekiko joera (edo erreakzioa) da. Egilearen disziplinazko bide berri hau txalogarria da, azken urteotako euskal poesia, zoritxarrez eta multzoki, bide hoietatik aparte samar dabilelako errazkerietan. Munduan guti dira (bere izatez) hitz neurtuari lotutako euskara bezalako hizkuntzak. Hemen, batzutan, metafora mundua (errealista eta onirikoa) bertsolarien umildadez hornitua azaltzen da. Dudarik gabe puntua menderatzean poemak ederdura bat irabazten du. Lizardi baten poesi-dentsitateak badu zerikusia hitz neurtuaren sekretuekin. Irakurlea, bestalde, erraz ohartuko da Mujikak bertso luze eta puntu monotonoegietatik ihes egiten duela. 8 silabaz goiko poemak urriak dira berarengan; gehienak zortziko tipiak eta, gaztelaniarekin zerikusia duten, erromantzeak dira.

        Estetik arloan poetak literatur baliakizunen ezagumen nabarmena du: Liburuko zati batzutan lorquismoa eta hernandianismoa trebeki eta jatorki gainaldatzen dira.

        Poesia, funtsean, sustituzio bat baldin bada (balan dio Bousoño-k), definizio hori agirian dago poema hauen luzezabalean. Gure azken poesia soziala prosaismoz eta sustituzio-faltaz azaltzen den bitartean Mujikarengan historia eta sozial motibazio berberak estetik sugestioz «lagundurik» aurkitzen dira. Bere poesi prozeduran teknik arloan egindako toki, aldi eta egoerazko desplazamenduak aberaskarri gertatzen dira. Mujikak, dirudienez, ondo aztertu ditu, adibidez, Garcia Lorca-ren sinestesi teknikak eta A. Machado-ren bisemi baliakizunak. Poema hauetan plano onirikoetara, ebokazio-sintagmatara, bisemi sinkronikoetara eta arrazoingabeko esaldi emotiboetara pasatzeko joera nabarmena da. Mujikanengan surrealismoaren harmak herriaren borroka-egoeratik datozten baliakizunekin berrindarturik azaltzen dira. Esaldi bakoitzean metaforatan (A egoeratik B egoerara, edo-ta B egoeratik A-rako egoerara) ihesketaz topatzen gara. Oraindik ere, bere originalitatea ulergaitzagoa gertatzen da A eta B-ko sustituzio tekniketan, (metafora hutsean) ibiltzen denean.

        Liburu hau konprenitzeko bide egokiena poema bakoitza teknik eta semantik sarreraz hornitzea dela uste izan dugu. Horregatik, hemen, poemak alde desberdinetatik aztertuak izango dira; honela, irakurlea egilearen eta nere lagunaren teknikaz eta idatziaren prozedura semantikoaz hobekigo ohartuko da.

        Bestalde, liburu honetako konposizio landuena «Kantu altua» izeneko elegi kantua da; elegia horretan expresakerak klimax batera igotzen dira, orkesta izugarri eta tragiko bat bailitzan.

        Pasa gaitezen, bada, poema bakoitzaren azterketa tematikora.

 

I. GALDEZKA...

 

        Liburuak konstante desberdinak dauzka, eta denak funtsezko motibazioez elkarlotzen dira. Lehenengo partean existentzi tematika nagusia da. Poemek ezina, geroa, bizi-arrazoina, mingostasuna, itxaropen gaitza dute gai sakon.

        Dena eder-karga duten mementoz hornituta dago, eta paisajeak garrantzi handia dauka. Mujikaren paisajea Lizardirena baino intimista, galderazale ta urtuagoa da. Lizardirengan paisaje hori deskriptiboagoa, inpresionistagoa, exterioristagoa azaltzen da. Mujikak barrendu, interiorizatu egiten du paisajea, beste motibazioen transzendentzia erantsiaz. Bere paisajea subjetiboagoa da; halako joera surrealistaz oretua azaltzen da. Lizardiren poesi-pintura formalista eta objetiboa da; Mujikarena, berriz, informala eta originala.

 

        1. Goldearen zigorra

        Liburu hau poema oso landu batez hasten da. Herri-harriaren binomioa zizel kolpez bezala eskulpitua dago. Poetak bere herriaren irudia moldatu nahi du. Bertsoek indar handiko metafora-prozedura azaltzen dute. Poeman zizeletaz, mailuetaz, herriaren izaera «setatiaz» mintzatzen da.

 

                «Hitzak, asmoak, hatsak

                nigan dira mailu,

                herri setati honen

                antza nola atondu?

 

        Euskal Herriaren indar animikoa adieraztea lan gaitza da; poetak sentimenduaren zigorra sentitzen du. «Nigan dira mailu» esaldia sufrimendu eta indarkeriazko sustituzio bat da.

        Poemak, astiro, herriaren izatea isladatzen du:

 

                «Zure zain beltzetan, ah,

                zenbat basakatu».

 

        Konposizio honetan tematika zoo-telurikoa progresiboki azaltzen etorriko da. Herriaren ahalegina (borroka-nahia, indarkeri-giroa) poesi-hizkuntzaz jazten da; horretarako animalien, basakatuen, tigreen eta zezenen irudiaz baliatzen da poeta. Beste poema batzutan basurdea (euskal mendietako basapiztia) azalduko da. Poema honek Miguel Hernandez baten estetik baliakizunak nabarmenak ditu, alde batetik begiratuta. Jatortasun handiko bertsoetan hizkuntzak halako beraldikotasuna irabazten du:

 

                «Esan, esan, herria,

                sua jan al duzu,

                zezen hoiek zainetan

                nork erein dizkizu?»

 

        Hirugarren graduko metafora-indarra, hau da, metafora-hutsa deritzan A eta B-ren sustituzioa bortitza bilakatzen da, tematikaz. Poetak dionez, herriak «sua jaten du», herriak «zezenak ereinda» dauzka. Miguel Hernandez-en poemagintzan zezenak larrean badabiltz, hemen ereinda daude. Bestalde, herria bizkorra da, zezen baten gisa.

        Poemaren neurria herrikoia da (7-6, 7-6), puntua asonantea delarik. Egilearentzat dena mailu eta langai bihurtzen da herri zigortuaren filosofia eta antza taxutu eta irudikatzeko.

 

                «Hitzen zizela zigor

                zaida gaur bihurtu,

                hitzak, asmoak, hatsak

                nigan dira mailu».

 

        Poemak expresakera harrizkoa, gaitza, indarrezkoa dauka, zentzuaren araura.

 

        2. Gogoeta nagiak

        Ohizko erromantzeen puntu edo rima berdinak ez du, hemen, baliorik. Estrofa bakoitzak amaiera desberdina dauka. Estetik teknika aurrekoaren antzekoa da; mamia, ordea, desberdina. Irudiak surrealismoaren karga duten antitesiekin tartekatuta azaltzen dira. Idi-zezenaren binomioa azaltzen da. Idia Mujikarentzat menderapen isilaren (etsipenaren) sinboloa da; beti zigorrari eta lanari lotutako aberea da idia. Zezena, berriz, erreboltaren eta morrontza-ukoaren sintesi primitiboa da.

        Euskal literaturaren tradizioari begiratzen badugu, hemen, irudien originalitatea nabaria da. Honelako metafora-kontrasteak ageri dira bertso hauetan:

 

                herioa-basurdea

                ardoa (orroa)-ezina

                zezena-idia.

 

        Azken estrofa bisemia biziz kargatzen da, halako multzo sinkronizatzaiez. «Hautsa» hitza «nekatu» hitzaregin lotzea, eta baserri giroko balentzia duen «irauli» hitza beherabeharraren sentsazioaz elkartzea ere azertu bat da. Estrofaren parte hau lehenengo galdera tragikoei kontrajartzen zaie:

 

                «Lehengo ekaitzak, burdinak,

                suak, hotsak non dira?

                Lehenaren hauts nekatuak

                horra hor irauliak...»

 

        Poetak heriotzaren, gizartearen eta gauzen erorbehar (declive) utzezina abordatzen du. Erorbehar hori indar handiko irudiz orkestatuta dago:

 

                «Herioa dut ondoan

                basurdea bailitzan».

 

        Ardoaren tematika, intentsifikazio bezala, ez da ere falta. Herioa «ardo sumina da»; biziaren gurdia, berriz, erabilgaitza gertatzen da; irauli egiten da gizona, beheruntz behartzen dute elemenduek. Gizona ezin da erreboltatu, gizonak ezin du zezenak bezala jarrai, horregatik ezina, idi nagia antzera, atetan zain dago. Hau guztia ahapaldi hauetan plastifikatzen da:

 

                «Nik ez idi, ez ezina

                inolaz ere izan nahi,

                baina ezina ta idia

                ate ezetan ditut zai».

 

        3. Nor dago ate joka?

        Existentzi gaia bide askotaz azaltzen da. Poema hau laburra da; bere neurria bostsilabaduna da bertso ezparetan; seisiabaduna paretan. Puntu berdina dauka bertso pare guztietan. Bertsoen agitura arina da; egilea galderen teknikaz baliatzen da, batez ere. Poemak azkenburu tragiko bat dauka; gizonaren itxaropena, maiz, ez da betetzen, errealitatea hain hurbil ez dagoelako.

 

                «Eskutik ilargiak

                ihesi dit egin,

                esperantza, zergatik

                ez zaude hain hurbil?».

 

        Esperantza, bai, helgaitza da; gizona itxaropen zai, itxaropen bila dabil; baina, azkenik, esperantza ihes doakio. Askara erori eta harrapatu ezin den ilargi horrek dibujatzen du, plastikoki, giza-bizitzan amets ustelak duen menderapena.

 

                «Eskutik ilargiak

                ihesi dit egin».

 

        Beraz, nahiz-eta gizonaren azken babesa itxaropena izan, berau, sarritan, gizonagandik ihes joan ohi da. Denok dakigu ezin daitekela bizi esperantzarik gabe. Itxaropenaren galera alferrikakoaren sentsazioz dator; sentsazio hori, poemaren amaieran eta galde-estrukturan, noragabe dabil.

 

        4. Hutsa eza da.

        Poema hau laburra da, baino kondentsazio handi bat dauka. Neurriz, zazpisilaba eta seisilabako erritmo laburra berrazaltzen zaigu. Gorabidean doan galdera-teknikak tentsioari eusten dio. Galderak hauek dira: Iñor ez?, Ezer ez?, Hutsa eza?. Galdera bakoitza erantzun berri baten aitzaki da, eta hau birgalderetan sartzen da. Azkenburua garratza da:

 

                «Hutsa eza delarik

                nik hutsa herio,

                bizia herioa

                baino... gaziago».

 

        Bizia, noski, heriotza baino hutsagoa, herioagoa da. Poemak, hutsaren aurrean, galdera latza egiten du.

 

        5. Geroan.

        Orainaren eta geroaren elkarrizketa existentziala ondorengo bertsoetan zuzenki eta plastikoki marraztua dago. Dena gure aldigaitasunaren edo tenporalitatearen desfinkamenduaz mugitzen da. Existentzi-gogapenak bizitasun handia dauka estrofan, galderen puntu eta superpozisioari esker.

        Elkarrizketa hori estrofan honela moldatzen da:

 

                «Orain zaila geroan

                amildu... Noiz arte?

                Geldi!, zion orainak,

                geroak «ez!», «orde».

 

        Orainaren eta geroaren zortea botata dago; geroak irabaziko du. Orainaren ahoan «geldi!» horren prosopopeiak bizitasuna komunikatzen dio poema osoari. Bertsoaren erritmoak konstatazio tragiko bat dauka, eta konstatzio hori trebeki erreflexatua dago poemaren zehar:

 

                «Orainaren oraina

                ze ziztrin, funskabe,

                oraina ukituaz beti

                geroan gerade....!»

 

        6. Udazkenean.

        Udazkenaren tema sarritan ikusiko dugu trataturik liburu honetan. Bere ukitua animiko-situazionala da poetarengan. Beraz, Mujikaren poesigintzan paisajeak, esan dugunez, halako deskribapen ezformal eta iheskor bat dauka. Poetari ez zaio atsegin deskribapen hutsetan gelditzea; autoreak natur-oniriko diren pintzelkadak, edo-ta, ezformal-surrealista diren joerazko marradurak bilatzen ditu. Lizardirengan, adibidez, paisaje geldi eta zehatza ikuspegi formal eta objetiboz lotzen da; Mujikarengan paisaje hori, ordea, aitzaki husa izango da, irudi subjetiboak kontzeptu-mamiz loturiko zerbaitez emateko. Poesi-atal honek neurri azkarra dauka, 8-6, 8-6-koa:

 

                «Geroaren geroaz, ah,

                ez gehiago galde...

                Udazkena pasaz (zer, zer?)

                udarik ez ote...?»

 

        «Zer, zer» galdera bikoitzak poemaren doinua areagotzen du. Poesi-zatiaren une batzutan halako indar erdibisemiko bat nabari da. Bertsoen neurria noiz-noiz eten egiten da. Dudarik gabe, Mujikak galderen eta etenduren teknika euskal bertsolarismoaren monotonia hausteko darabil; euskal bertsolarismoan azken-erori edo kadentzi monotono hori doinuaren beharrez gertatzen da, seguruenik.

 

        7. Uda Joanda.

        Poemak bere 46 bertsotan puntu asonantatu berdina azaltzen digu, neurri-egitura, berriz, zortziko-tipiarena da. Sarrera bukatzean, udazken eroriak udabete baten eskuraezintasuna presentatzen digu. Paisajearen kontrasteek halako keru triste-mingots bat daukate. Metaforak, transposizioak, irudiak bizkorrak eta gogorrak dira; egilea, berriro, nerudianismoaren surrealismoaz baliatzen da, indar-inpresio berezi bat sortarazteko ahaleginetan. Halabaina, bai haseran eta bai bukaeran, tematikaz eta expresiobidez, poema, Machadoren seriotasun-sen batez jabetuta bezala azaltzen zaigu:

 

                «Arrats zaharraren nekea

                (asperrez norentzako?)

                haritzen, oteen, pinuen

                penetan barrenago».

 

        Poema honetan arrasbeheraren asperrak eta nekeak zerikusi animikoa azaltzen dute. Gogora dezagun poemaren sarrera:

 

                «Maldabehera honek badu

                erorbeharrik nahiko

                egun harroa, uda asea

                udazken minez dago».

 

        Estrofak Lizardi-ren transposizio literarioaren oihua dakarkigu oroipenera. Lizardi-ren laburdurak beraldiko dentsitatea dauka estrofa hartan:

 

                «Oi, zein dan ituna

                beera-bear au!

                Nik ez nai eguna

                biurtzerik gau!»

 

        Mujikaren beherabeharra garratza, hautsia, traketsa, etsia da; negatibitate guzti hori, «zertarako» batez adierazten den, nahitanahiezko galdera batera doa:

 

                «Ah, esan, esan, bidean

                maldaren ezidozko

                beherabehar etsi, hautsi,

                traketsok zertarako?»

 

        Ondoren, indarkeria eta sumina adierazten duten irudiak datoz. Poemaren sarrerari antitesiak jartzen zaizkio. Ikusi, adibidez, aposizio-metaforak eta hirugarren graduko metafora-hutsak (B-A-ren ordez): «tigreen hortza», «lehoien pilo», «uztaren gorroto», «fruta amildu», «bular iraulien amorro», etab. Mujikaren poesigintza transposiziodunarentzat surrealismoa (onirikoa barne) funtsezkoa da. Bestalde, euskaran metafora ausarta hoiek gaztelanian baino bultzada bizkorragoa dute, gurean ez-ezagunagoak direlako. Ikusi estrofa bere hartan:

 

                «Uda nintzanean tigreen

                hortza, lehoien pilo

                gaiztoa barnetan nuen,

                orduan zurrunbilo,

                ekaitza, bolkana nintzen

                eta uztaren gorroto,

                (ah, fruta amildu ta bular

                iraulien amorro!).

 

        Bertso hauetan baliakizun kosmiko-ludikoak azalten dira. Metaforak eder-hibaiaren indarrez galtzen dira. Adibidez, «bular iraulien amorroan» dioen metaforan halako aintzin substratu erotikoen esanahiak aprobetxatzen dira. «Gorrotoaren» irudia (poetak grina mundutik bildu duena) egoeraz aldatzen da, udako uztaren exaltazioa irudi plastikoetaz, nolabait adieraziaz. Poetaren irudimenean fruita «suminduta» aurkitzen da, bere oparogiroan. Hori da, ustez, bertsoen irudimen-asmoa.

        Poemak baditu beste irudi zoo-telurikoak. Alde hortatik Mujikaren poesigintzak hernandianismoarekin zerikusia azaltzen du:

 

                «Baita, nintzen pizti, lehoi,

                basakatu, arrano,

                barrengo sorotan mila

                zezen zeuden larreko».

 

        Obserbazio eta transposizio-ahalmena behar da, beraz, «mila zezen larreko» metafora sortzeko.

        Poemaren hirugarren partea umilagoa da; lehendabizian, udaren antitesiak sorturiko klimax gorena beheraka abiatzen da. Berriro, gero-existentzialak larritu egiten du poeta. Hemen ere irudi surrealistak agertzen dira. «Hautsaren» tematikak, itxuraz, motibazio surrealistak dauzka:

 

                «Gero beltzak bere erara hatsak

                hatzez dizkit jarriko,

                bide ilun hau bidean, ah,

                nik izango ilunago».

 

        Naturak, urki ihar eta xaharrez, poeta erorbehar-kutsuz kolpatzen du. A-ren isofoniak (ihar, xahar, makal) txikizioaren sentsazioa areagotu nahi du. Barnean kolpeka ari den naturazko prosopopeiak («barnean jo eta jo»), poetaren aldi animikoari intentsitate nagusiago bat erasten dio. Dena bidean doa, dena «gerora» abiatzen da; gero hori hibai hotz, ilun, fingabe bat da:

 

                «Dena negura, gerora

                dijoa, ondorengo

                ibar hotz, ilun, fingabe

                batera... Ixo, ixo, nahiko!»

 

        Ikusten dugunez, erorbeharraren (declive) intsistentzia poeman «ixo, ixo, nahiko!» horretaz azkenburutzen da.

 

        8. Ah, gauaren.

        Pomaren neurria librea da, baina puntuak nahiko isomorfoak agertzen dira. Poeman, finkamendurik ez duen «orainaz», asperrezko sentsazio bat sortuarazi nahi da; hortara datoz hemengo errepika eta aliterazioak. Poema honek Garcia Lorca-ren «qué noche, noche, nochera» delakoa gogorazten digu:

 

                «Koplazko kopla beltz hau...

                ah, tristuraren tristura triste...

                Ah, morearen morezko more...»

 

        Hizjoko eta errepiken bitartez, poetak aldiaren harren-egoera adierazi nahi du; barren-egoera hori beldurtia eta eutsezina da. Bertan, «bertsotan nor jarri nau?», delako ebaketa, adieragarria bihurtzen da.

 

        9. Isatsondo, Legorreta.

        Treneko ibilaldia bai Baudelaire-k, bai Juan Ramón Jimenez-ek, bai A. Machado-k (eta Lizardi-k berak ere) poetikan maisuki erabili dute. Poeta bakoitzak tematika egoeraldi desberdineta itsasten du. Existentziaren ihesketak dimentsio espaziala dauka tema honetan.

        Ohar gaitezen, bereziki, Lizardiren poema hartaz:

 

                «Oi, lur, oi, lur!

                oi, ene lur nerea!,

                oi, goiz eme,

                parre gozoz ernea!

                Arto musker,

                mendi, baserri zaarrak;

                ale gorriz

                abailduta sagarrak».

 

        Irudiek hemen mugimendu handia daukate, eta deskribapen-motibazioak euskal baserri-giroari lotzen zaizkio. Lizardi-ren estetik sugerentzietan bisemia ongi azaltzen da; bainan bere poesi hizkuntza exteriorista da; bere begien aurreko paisaje hori guztiz formala eta objetiboa da.

        Mujika-ren paisajean, berriz, ikuspegia ez da baserri-girokoa bakarrik, biziki industriala ere. Beraz, egileak, hemen, baserriko motibazioak («sagar ustelak arbolan») Euskal Herri industrializatu baten elemenduez batzen ditu («herdoil zaharrak garraisi», «haragitan altzairuak») etab. Irakur ditzagun bertsoak:

 

                «Eze, berde, more, okre,

                kolore tristeen nahasi,

                sagar ustelak arbolan

                gezur makabro iduri,

                haragitan altzairuak,

                herdoil zaharrek garraisi».

 

        Nabarmenak dira «herdoilaren garraisiak» eta «altzairuaren haragiak». Poetaren irudimenean, sagarrakuda xaharraren mamuak baino ez dira; «gezur makabroen» antza daukate. Euskaraz «makabro» hitza inork ez du erabili hemen daukan textuinguruan.

        Nahiz-eta tematika egilearen originala ez izan, poemak, metafora-plastizitatez, ohizko topikoetatik alde egiten du. Bertako azken zatia biziaren desfinkamenduaz mintzatzen da. Konstatazio bat da: dena igaroz doala, dena ihes doala; ezerk ez dezake euts gauzen erorbeharra:

 

                «Hibaiak atzerarik ez,

                itsasoan bere hesi

                behera behar hau (hots honen

                gau) ezin gerarazi...»

 

        «Hots honen gau» «hau» hitzarekin kontsonatzeak bertsoari estrofa osoaren «erorbehar-sentsazioa» itsasten dio. Poema, azkenik, galdetuz, eta galderari (ez-jakinez) erantzuna ukatuz bukatzen da:

 

                «Trenak narama, narama,

                noruntz, noruntz...? Al dakit?»

 

        10. Bide zaila.

        Poesia honen textuingurua oso soila da. Egileak Garcia Lorca-k transzendentzia gabeko temetan (Cante Jondo-n, adibidez) erabiltzen duen teknika darabil hemen:

 

                «Hain gazi zertan nabil?

                Bide, bide ez dakit.

                pinutan usain zazpi

                barnetan ozpi bi»

 

        Zazpiaren numerazioa, beste lekutan bezala, hemen bitxi agertatzen da. Ez dakigu zein den numero horren esanahi zehatza; mamiaz aparte, zazpiak, itxuraz, Lorca-rengan bezala, motibazio estetikoak dauzka.

        Teknika aldetik, poemak melodi-kerua azaltzen digu; bertsoek (bai parek, bai ezpareek) i asonanteaz errimatzen dute, eta neurria oso herrikoia da (7-6, 7-6).

 

        11. Tristeki, tristeki

        Bertsoen irakurketa egin ondoren, poetaren asmo nagusia nabarmena da. Bertako errepikek, Euskal Herriko paisaje busti eta euriberak ikuslearengan sortutako asper-sentsaziora iritsi nahi dute. Euskal «sirimiria» fingabea, etengabea da; eta, azkenik, busti egiten du.

        Ohar gaitezen «tristeki» hitza 16 aldiz errepikatzen dela 14 bertsotan. Poemak erritmoari haseratik heltzen dio, eta ez dio eten egiten azkenerarte:

 

                «Tristeki, tristeki

                curia zein euri,

                tristeki, tristeki

                euriak tristezi,

                tristeki, tristeki

                euri, euri, euri...»

 

        Poemaren bisemiak ondorio bat adierazten du; alegia, existentzia beti berdina, berdina, izugarriro berdina dela; beraz, «euria zein euri» dion bertsoa antzekoa da.

        Poesianen azkena zatirik originalena da; gorputz literarioaren erritmo aspegarriak «luzeegi» adberbioan aurkitzen du kondentsazio gorena:

 

                «Tristeki, tristeki

                bidea, bai, nagi,

                tristeki, tristeki

                tristura hau luzeegi...»

 

        Errepikaren teknikak ondorio estetikoak lortzen ditu, eta aspergura, nolabait, baztertu nahi da; hobe esanda, asperrak hemen ez du hainbeste nazkatzen. Poemaren neurria arma da (6-6, 6-6), eta 14 bertsoek ¡ asonantean puntu bat bera dute.

 

        12. Jainkoa, Jainkoa.

        Zalantzarik gabe, egilearen bigarren poemagintzan erlijio-tematika lehenengoan baino apalagoa da. Gogoratu «Urdin eta burni» liburuaren muina tehilardianoa. Zerbait pasatua da, nonbait, egilearengan erlijio-ekintzak halako isilaldia jasateko. Hala-eta guztiz, bigarren haro honetan ere, han-hemen, azaltzen dira erlijio-ohiartzunak, nahiz-eta gaiak beti samina, bilaketa eta dudaren mugatatik begiratuak izan.

        Oraingo hau horietakoa da:

 

                «Jainkoa, Jainkoa

                luzaro zait isil,

                Jainkoa, Jainkoa

                ote dut ihesmin»

 

        Poemak, une batzutan, Orixe-ren «Barne muinetako» idazkera trinko eta galderakoia azaltzen du; halaz ere, hemen Jainkoa Orixe-ren erlijio-tematikan baino izkutuagoa, dramatikoago da. Bertsoen texitura gaitza, soila da:

 

                «Lainoen ganduaz

                nabiltzu bide ezin

                (zenbat oihu trakets

                barrenetan murgil!)»

 

        Poetak barrengo barreiaketa aitortzen du; barnea ez zaio Jainkoari erne. Ihesketa hori Jainkoak naturan duen izate kosmiko eta beteaz ez-ohartzean datza. Galderen teknikak garrantzi handia dauka. Dena duda, galdera eta ikerketa da poetarengan:

 

                «Jainkorik «baden, ez

                den» nauzu jakinmin».

 

        Berriro galdera tragikoki jeikitzen da:

 

                «Nere barrenetan

                galderaren berdin:

                «ote den, ote den»,

                baino, nola jakin?».

 

        Erantzuna, azkenik, naturagandik dator, eta natura hori harrietan, bideko lizarretan haragitzen da. Hau da kosmo-izakien erantzuna:

 

                «argiago ezin»,

                «edonondik dabil».

 

        Poetak garbiki adierazi nahi du, Jainko-izatearen probarik hobena naturarekiko lotura dela; poetaren bidea gauzen iturriekin topaketa bat da.

 

        13. Bidearen herdoilean.

        Poemak bideak ematen dituen motibazioak sakondu nahi ditu. Hemen motibazio nagusiena existentzia da. Existentzia hori, ordea, funskabea, segidagabea da; balioztapenak paisajearen errekurtsoetan aurkitzen dira:

 

                «Arratsa nekez dut maldan

                gauzak behera diranean,

                etengabe...»

 

        Poemaren zehar bisemi-karga duten esaldiak daude; adibidez, «onduen gurpil zoroa», «arratsa zaunka horiaz», «lizarren pena gorria», etab.

        Kolore «horia» zaunkarekin lotzeak halako intentsitate eta sentsazio melaska sortzeko eginkizuna agertzen digu. Bestainbeste esan daiteke «pena gorriaren» sinestesiaz. Denbora «gurpil zoroaren» irudipean deskribatua dago, iraganaren sinbolo bihurtuaz.

        Poema barruan lizarra, indar estetikoz berrazaltzeak, poetak bere emozioaldi gorenenak arbola honen sentsazioekin lotzen dituela adierazten digu. Dakigunez, lizarra Euskal Herriko arbola berezienetako bat da. Bere adarrak baserrietako ateetan itsasi ohi dira San Joan egunez. Horregatik dio:

 

                «Udazkena hats neke batez

                (lizar nagi-ezposiblez)

                egin da gau».

 

        Ohar gaitezen, Luis Mari Mujika-ren poetikan, aldigoren guztiei naturaren lagunkidetasun bat dagokiela. Horrelakoa da poema hauetako bisemi tratamenduaren barren-konstantea. Zalantzik gabe, hemen bisemiak eta sinestesiak funtsezko galderen zerbitzuan daude:

 

                «Bide hau zertako dudan,

                bizia bizitzeko dan

                galdera nik».

 

        Bestalde, pasartearen neurria egilearen originala da: 8-8-8-4, 8-8-8-4. Puntutara, 1, 4 eta 5-tak asonantez elkar errimatzen dute, eta 3-ak eta 4-ak beren aldetik.

 

 

II. BEGIAREN KANTA

 

        Poesi atal honetan poetak intranszendentziari eta banalitate egoerari lotutako zenbait zati lantzen ditu; banalitate hori, nolabait, sentsual motibazioei elkartzen da, eta hau dena estetik mailara jasota. Saio erotiko-sentsualek hemen asmo nabarmen bat daukate, alegia, aspaldliko moralismo itxiak euskarari ezarritako mugak salta-nahia. Moralismo harek euskal literaturan amorio-tematikari praktikoki ateak itxi zizkion, XVI mendetik hasita XX-ko 60-garren urtealdi arte.

 

        14. Ze baldan.

        Poema librea da neurriz, eta Garcia Lorca-k «Cante Jondo-n» erabilitakoen antzekoa. Orain arte intranszendentzi lanketek euskaran tratamendu nahiko hertsia eduki dute. Poeman mugimenduz betetako ebokazio sentsual-sugerigarriak ematen zaizkigu:

 

                «Ze baldan,

                ze zakar

                izter hoietan

                nire laban

                beltzaren ziztada.. . «

 

        Grina hemen labanaz sinbolizatzen da; labana izterretatik barrena sartzen da. Dudarik gabe, hitzen ingurugiroan «laban» hori bisemia erotikoz jazten da. Grinek oihu egiten dute («nere irritsak oihuz»). Ikus, zehazki, beste irudi honetan elemendu oniriko-sentsualak:

 

                «Zure haragian

                (ze oihan!)»

 

        Neskatxaren gorputza «hibai» eta «oihan» irudiaz elkartzeak, Vicente Aleixandre baten poetik zantzuak dauzka, hainbatean. Beraz, irudi hoiek 27-ko belaunaldiaren metafora surrealistekin lotzen dira. Gai erotikoak sentsualitate soilez (Detxepare, benetako euskal Arcipreste de Hita, kendurik) euskaran estetikoki ia ez dira landuak izan. Hemengo sentsualismo bisemikoak, itxuraz, gaiak arriskuzko duen zatarkeriatik alde egiten du.

 

        15. Bota zinuztan.

        Zati hau muinez eta tankeraz aurrekoen antzekoa da. Bere erritmoa gatik, poemak balio nagusiagoa dauka estiloaz. Bertsoak bostsilabadunak dira, eta puntua berdina paretan. Neskatxaren erazketak, bertsoen amaieran, lagunkidetasun bitxia topatzen du.

        Apostrofe honetan, erazketa halago lotsakizun ironikoz agurtzen da: «Isil naitean!». Neskatxari paisajean lagun dio, ekite hain gizakoi eta pertsonalean. Natura begiz horniturik azaltzen da, neskatxaren haragi lerdena ikustearren:

 

                «Arrats gorriak

                suzko sukarrez

                behatzen zuen...»

 

        Arratsa neskatxa irrikatzen duen mutil galaia da; neskatxaren begiztatzea «suzko sukarrez» egiren dela, adierazten da sugerenteki. Poesi-koadro honetan, naturaren lotura erotikoa pintatzen da. Neskatxaren erantzuna eskaintza da, eta eskaintza hori a asonantez bildurik aurkitzen da lehenengo bertsotik azkeneraino:

 

                «Eta haragitan

                (isil naitean!)

                sua bezala

                eskaini zinan...»

 

        16. Gorri, zuri, berde.

        Poema osoa kolore eta susgestioz biltzen da. Bere hariak Garcia Lorca-ren «verde, que te quiero verde» hura oroitarazten digu.

        Sentsual-gaiek, hemen, Neruda-k edo Vicente Aleixandre-k erabil ditzazkeen surrealismobidez erabiltzen dira, metaforaz:

 

                «Zure bularrak

                hibai bero bi».

 

        Lehen esan dugunez, «hibaiaren» metafora gai hauetan egileak maiz erabiltzen du. «Gorri, zuri, berde» koloreen jokoa, nahiz-eta euskal ikurrinaren koloreak izan, ez dugu uste esanahi apartekorik duenik. Ustez, koloreak hemen aitzaki hutsak dira estetika aldetik; euskal kromatismo sozialean erabilera handia dute kolore horiek.

 

                «Gorri, zuri, berde,

                gerri horren gerri! «

 

        Kromatismoa expresakera sentsualaren mende dago poeman; hitzen jokoaz azken eskaintzaren galdera nagusira iristen da: «Maite, noiz arte, noiz arte?».

 

        17. Maitasun ezposiblez.

        Hemen existentzi-arazo larri bat ukitu nahi da. Maitasun-ezina, behar-beharrezko birjindadea zenbait pentsonen bizitzan drama larri gerta daiteken; birjindade derrigorrezkoa. Beraz, biziegoerak askoei birjindade behartua ezartzen die; bere ondorioa bakardadea da, gizagaitz latz bat iduri. Poetak, poeman, idazkera oniriko-sentsuala utzi gabe, Garbiñe neskatxaren drama presentatzen digu. Garbiñe, izan ere, ederra delarik, hutsik eta antzu sentitzen da, maitalerik topa ez duelako.

        Antitesi bezala, metafora-orkestazio bat (baliakizun kosmiko-surrealistaz horniturik) azaltzen zaigu. Beste irudien artean, ikus hauek: «hibai gordinak», «ur basatiak», «limoi eta izarrak». Irudi hauek neskatxaren lerdentasuna eta bere hutsunea antitesiaz aurrejarri nahi dute.

        Poemaren zehar, hutsunearen aldea desarroilatzen da gehienik. Neskatxak dio:

 

                «Zertarako nere begi,

                ezpain, sabel, bular, ertz

                ideki hauek..., gizonik

                ez dutelarik jabe? «

 

        Garbiñeren sufrimendua «orratza», «katea», «zazpi gau luzeen gosea» da.

        Gizon baten amodio-ezinaz, Garbiñe naturari eskainiko zaio, harekin identifikaturik, hidrogamia ezposible bat osatuaz. Beraz, giza-amodioa urarengan sinbolizatutako edertasunean ordezkatzen eta sublimatzen da:

 

                «Naturak, bai, osokiro

                bilduko nau maitale,

                eta sabel sakon hontan

                sartuko golde bere».

 

        Sinestesi-irudiak oldar onirikoa duten metaforez indartzen dira. Bularrak hibaiak dira, izterrak hibai gordinak; kolorea kuprezkoa da, ur basatiak haren bularren zaporea bila dabiltza.

        Poeman goldearen irudi primitiboa dator; irudi honen sinbolismo falikoa herri zaharren antropologian ernalketa-zikloez elkarlotzen da. Miguel Hernandez-en poesigintzan ere goldeak badu adierazitako esanahia:

 

                «Baina Garbiñek sabela

                onaindik golde gabe...»

       

Pasartea

Joanaz joanean

 

 

Joanaz joanean,

(ibiliz ibili),

bidean dut ezagun

aldi hau dela aldi,

bide hezean nik mila

joan da etorri,

aldiaren zentzua

ibiliz dut soilik,

ah, ni beti nabila

nahiz egon, nahiz geldi!

 

Bidearen ondoren

nik nahi berritzuli,

bizi hontan orainak

joana dirudi,

joana da joana

nahiz egon, nahiz ari,

(ah, nire bide egina

berbide baledi!),

nolatan hibai beltza

mendiruntz itzuli,

lizar gorrien pena

eginda garraisi,

asmo gaitz-eutsezinak

tormentugai zaizkit,

aldiaren lasterra

ezin gerarazi

(esan, negu okre hau

uda nola itzuli!),

ardo harro-gaiztoak

gaur dirade ur isil,

piztien begi gaitzak

sagar ustel egin,

oro alferrik bada

zergatik ahalegin?

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera