Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Hilerriko jolasak

Iparragirre, PilarElkar, 1989 Nobela

Aurkezpena

        «Hilerriko jolasak» nobelarekin atera da lehenbizikoz literaturaren plazara euskal letretan aspaldiko langilea dugun Pilar Iparragirre; opera prima bati dagokion freskotasun osoaz plazaratu ere.

        60ko hamarkada hasierako hiri bazterreko langile auzategi bateko bizimodua da istorioaren paisaia, bere istilu eta itxaropen guztiekin. Baina erakarmen berezia lortzen duena haur munduaren ikuskera liluragarria dugu: haurrak dira elaberriaren protagonista nagusi, jolasean dabiltzan eta heriotza bera ere jolasetan txertatzen duten haurrak, eta haiek dira bere abenturen kontatzaile, modu harrigarri eta magiko batez.

Pasartea

IX

Agur, txantxangorri

 

 

        Mari Karmenek ez zuen sekulan izango Karlosen atxiloketa ezagutzeko paradarik. Zain eta zain egon zen «Urkia»n, Tabakalera aurreko tabernan, harik eta tragoska txikietan edaten ari zen kafesnea eta bere gorputz argalak gorde zezakeen eramankizun apurra agortu zitzaizkion arte.

        Jai bezpera hura ez zen berarentzat nolanahikoa izan. Ohetik altxa orduko hasi ziren ezbeharrak, egia esan, zerbaiten adierazgarri izan nahi balute bezala. Bakarrik moldatzea gustatzen zitzaion Manuel zaharrari, bere kasa jantzi eta harantz eta honantz ibiltzea inorentzat nekagarri suertatu gabe. Haatik, egunetik egunera gehiago kosta ohi zitzaion egin behar hura. Alkandora eta galtzak jazteko hor nonbait baina zapatak oinetan ipintzea eta lokarriak behar bezala lotzea ez ziren errazak harentzat.

        Atonketa hauek egiten isilean ibiltzen zen gizona, batik bat Ixabel konturatu ez zedin. Errainaren demanda amaigabeen beldur zen Manuel, lotsa ematen bazion ere, eta iraingarri jotzen zuen harek esandako guztia. Logela ingurutik Mari Karmen pasatzen ikusiz gero ahopeka laguntza eskatuko zion, alabaren eskuhartzea gozoagoa bait zitzaion.

        Goiz hartan, Ixabelen sukalde soinuak entzun eta gero, poliki altxa eta arropak bereganatzeari ekin zion Manuelek. Esku dardarti batez ahosabaiari gogor heldu eta galtzetan hanka bat sartu nahiz ari zela bat batean irristatu eta han joan zen lurrera. Zorionez, kolpearen zaratotsa handiagoa gertatu agureak jasandako mina baino. Ixabelen belarri erneek aditu, ordea. Tximista bezala igo erraina eta luze luze etzanda ez egotearren altxatzeko ahaleginetan zebilen Manueli egundalakoak aurpegiratzen hasi zitzaion, gaitzesle. Espantuak entzun eta Mari Karmen inguratu zenerako Ixabelek oheratua zuen zaharra.

        — Eta hi zer? Esnatu al haiz? Aita hilko zain eta lasai asko jarraituko dun ohean! Mugi hortik, ekartzan pomada!

        Ernegazioak eragindako malkoak begietan zituela apain-mahairantz abiatu zen neska gaztea, Ixabelen madarikazioak ahaztu nahian.

        — Aita ero zahar bat eta alaba txoroagoa! Bien artean akabatuko naute hauek!

        Mari Karmen pomada ematera inguratu zitzaionean, aitak ez zuen bururik altxa.

        — Emaidan hori, bizkor! Goiz guztia ez zeukanat honekin galtzeko. Alde akademiara, ez dinagu hura pagatzen hi señoritarena egiten ibiltzeko eta!

        Berandu iritsi zen klasera. Irakaslea umorez jeikia nonbait eta, zorrotz begiratu ondoren, eztenkada batez agurtu zuen.

        — Good morning, miss Luzuriaga. What are you doing here?

        Barrez hasi ziren beste ikasle guztiak, irakasleak festa hura eragotzi zien arte. Ezkerreko kantoian eserita zegoen mutilan ariketa argitu berria irakurtzeko eskatuz jarraitu zuen harek ikasgaiarekin. Mari Karmen hartara egokitu zen une batez, etsipenaren esku erortzeko handik piska batera. Ozta ozta erantzuten zien egindako galderei, buruan beste zerbait zuela.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera