Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Hiru egun Larburun

Mujika, Luis MariBBK, 1996 Nobela

Aurkezpena

        Hiru egun Larburun eleberriak, Txomin Agirre Saria 1995ean, seminarista eta gero apaiz eginiko baten biografia nobelatua eskaintzen digu, Larburuko familia nabarraren zertzelada, arazo, gatazka eta beste irtenbide korapilatsuetan bilbatua. Nobelaren haria oso nabarra da denbora eta lekuaren aldetik, gerra osteko seminario hertsi baten estanpak hurbiletik jarraituz; besteen artean, garaiko giro sexuala, soziala —frankismoaren baitan garatua—eta ildo existentzialak isladatzen dira estilo arras original batez (perpausen luzetasuna —eta linealtasun-eza— nabarmentzekoak direla).

Pasartea

        Mertxek bart fregaderan utziriko katilu, kikara, plater, konkil eta beste ontziei azken astinduak ematen zizkiek txorrotapean «ah, ze eguna datorkidan gaur ere!» adierazi bide duen keinua betzuloen geografia tenkatuan ezarriz; bai, etsipenezko planta zeriok arrebari —zorigaitzeko destino baten pean— horrelakoak egitera behartua bailegoen... «Ezin da, asteburuak, batez ere, astunak gertatzen zaizkit gizasemeek etxe honetan emakumezkoei sekulan laguntzen ez dietelako... Ah, neu ere mutila banintz, arrane!» fregadera gaineko axuleiuak marrasaz sano igurtziz; axuleiuetan, hain zuzen, idi-dema bortitz baten estanpak marraztuta ageri dituk. Arratseko eguzkiaren azken errainuak marrazkietan etzaten direnean, arteko obramaisuaz gain, idien lehiak sukaldeari zerbait bortitzaren ukitua zemaiok, abereen lepoalde eta izterretan somatismo krudeleko estanpa gaitza eskainiz. Bai, aitak bart, ohera joan aitzinetik, kafe-kikaran utziriko zigarro-hondar eta errautsek garbitu beharrak Mertxeri nekea sortu ziok; «alajaina, gizonak ez dira ohartzen errautsak zein nekosoak diren garbitzeko... Zigarro ditxosoak!».

        Nahiko goiz azaldu haiz Larburu jaiotetxean, Muñobidetan zazpi eta erdietako trena hartuta; prefektoak hiru egunetako baimena eman dik etxera etortzeko orain hilabete batzuk Ordena Tipiak (ostiariatutza, lektoradutza, exorzistatutza eta akolitotza (izen hauek bai arrotzak hire etxekoentzat!) hartu hituelako; orain Ordena Handiak, eta, lehenik subdiakonotza, hartu aitzinetik hiru egun pasatuko dituk jaiotetxean.

        Mertxek, ustekabez, sukaldean ikusi hauenean «baina, Migel, nola azaltzen haiz etxetik ezer esan gabe?» askatu dik. «Beno, izugarrizke ilusioa egiten zidak hi jaiotetxetik ikusteak niri ere haurtzaroko oroiak berriztatzen lagunduko zidak eta», bozkario apartekoa isladatuz bere betarte arraian; eta gero, beste behin, fregaderara itzuliz, «hau lana, demontre, zer egiten dute etxe honetan gizasemeek kikara guztien ipurdiak zigarro-hondarrez itsasita aurkitzeko?». Azken hitzen doinuari halako ukitu apal baino maliziosoa erantsi ziok, belarrira zerbait berezia edo lizuna xuxurlatuko bailian... «Tira, Migel, ez itzak serio har nik esanak, badakik aita zein zabarra den zigarroarekin eta».

        Mertxek, arreba zaharrenak, etxe honetako ardura zeramak ama orain une batzuk hil zenez geroztik; bere ardurapean, nolabait, etxean geraturiko hiru gizasemeak, hots, aita, Martin anaia zaharrena -maio razgoari uko egiteko prest dagoena- eta Perutxo, anaia gazteena, jaiotzetik leloa dena. Ez, Mertxe aparteko neska duk, eta ez zeukak baserriko arreta bere gain hartzeko oztoporik, eta bere hogeita hamabost urterekin itxura oneko neska zirauk, nahiz, egia esan, noiz-noiz, halako mutxurdin tankerako aire etsia ere ezarri musajean; baina, tira, aratza duk, txukuna, inguruko gauzez arras arduratzen dena. Mertxek eskua eraman dik orain ezpainetara, eztulak eraso baitziok. Aurpegian halako traza ihartu batzuk ukan arren, Mertxe gorpuzkeraz fresko zagok, eta begiak biziki pizten zaizkiok, batez ere, Joxe etxe honetara azaltzen denean; orduan nekezko xinta guztiak itzaltzen zaizkiok aurretiko guztiak alferreko desenkusak bailiran.

        Bai, bahuen arreba nagusia berriro ikusteko gogo bizia, eta, nola ez, Inesen azken albisteak eta aitaren jarrera atzematekoa ere bai. Alafede, Mertxe axuleiu horiek garbitzen topatuta, nork esanen zuke en, transzendenteagoa iruditzen zaik bere lerdentasunean, eta sukalde zaharra erakargarriagoa; hire barnean —eta ez ote haiz, ausaz, horren bila etorri?— sekretuzko zirrara sortzen zaik bere jarrera altruista atzematean. Bai, Mertxe oraindik fresko eta mazal zagok, baina Joxeri ezkontza-ukoa ematean, nolabait, jakitun egin duk sukalde honetan neskazahar ile urdindun bilaka daitekeela urteen poderioan, eta etsipenak oraindik betondoak zimurtuko dizkiola. Mertxe, hala ere, ez duk inoiz erabat mutxurdinduko, arima gaztea baitik, eta nahiz noizbait ilajea urdin eta latz ezarri, berak jarraituko dik etxe honetako arduradun izaten. Ezkongabe badago bere gurariz duk, eta inoiz ez duk aspertzen edo geldo azaltzen ahoan txikleak mastekatuz astia igaroko bailuan. Joxek horren berri eduki dik, eta aski dik, badaezpada, Mertxeren ezpain lodietara eta ibilera zalura so egitea... Ama hil zitzaigunetik bere gain hartu dik Mertxek Larburu baserriko ardura, eta, batez ere, Perutxo gizagaisoarena.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera