Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Hitz hits; paperezko mihisetan lits

Etxeburua, ArantzaKutxa, 1992 Poesia

Pasartea

Parabisuan espetxeraturik

 

        Gau batetako

iluntasun beltzean

parabisuan sartzeko

gonbita jaso zenuen.

 

        Itsumenean,

pausu bat eman

eta urre trinkozko ate astuna zeharkatu zenuen.

Hura bai edertasun zoragarria!

Itsasoa esku biz besarkatu ahal izan zenuen,

eguzkia irentsi

eta lamiekin amodioa egin,

ilargian kulunkatu

edo izarrekin hitz egin.

Han zenuen mugagabeko zorion lizuna dastatu

hura zen zure

ametsen harrobi.

 

        Hainbat zenuen atsegin

non berriz itzultzeko ase ezineko irrikaz

beste txartel bat lortzeko

zenuen guztia eman bait zenuen,

zure sendia,

zure adiskideak,

neskalaguna

eta ondasunak.

Horrela,

behin eta berriz.

 

        Baina, egun batez

itzaletan,

nigarrez aurkitu zintudan,

bilutsik,

malko gaziek

begiak erreta,

dardarka

sumindura garratzean murgildurik.

 

        Parabisuan negu zen

eta ez zenuen arroparik,

elurte hariak zure sorbaldetan eskegi

eta zainak ubeldurik,

hain zinen, korapilaturik,

izuturik.

Irten nahi zenuen,

baina ez zenuen, jada,

ate astun hur irekitzeko indarrik;

saldutako adiskide eta senideak birreskuratu nahi zenituen,

baina,

ez zenuen adorerik.

Han ez zen ohe berorik,

ez sutondorik,

ez adiskide leialik,

hotza eta bakardadea besterik.

 

 

        Nire ezintasunean eskua luzatu nizun,

baina parabisuko argi diztiratsuak

itsutua zintuen,

eta bere mugagabetasunean orain

zu hutsal

        ahul

        soil

        biluzi horrek

        bakarrik

horma astunak suntsitu

eta itzultzeko bidea aurkitu behar zuen.

 

Atzera