Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Aurkezpena

        Gaztetatik izan ditu Txillardegik bi goiburu,bere bizitzaren gidari: aberria eta euskara, eta batean nahiz bestean utzi du bere arrastoa, euskal literaturarten berritzailea izan  baitzen, euskara batuaren bultzatzaile eta egileetakoa,Ekin eta gero ETAren sortzailea...

        Zalantzarik gabe esan daiteke, Txillardegi dugula XX. Mendearen bigarren erdiko protagonistetako bat. Denadela, elkarri loturiko bi ardatz horiek ez ezik,beste alderdi interesgarri asko ere baditu Jose Luis Alvarez Emparantzaren izaerak: injinerua da, pianojolea, filosofiazalea, hizkuntzalaria... Prisma ugari horien pean nortasun aberats eta bizia suma daiteke, bihurri eta kontenta gaitza, pentsakor

eta ekintzailea.

        Joxean Agirrerekin izandako solasaldi mamitsu honetan bere bizialdi osoari egiten dio errepasoa, bere iritzi eta oroitzapenak kontatuaz ezertxo ere ixiltzeke, bere buruari inongo zentsurarik ezarri gabe.

        Aldeko nahiz kontrako sutsuak izan ditu Txillardegik, baina bai batzuek bai besteek onartzen diote zintzotasun intelektual osoa eta saldu ezinezko sintzeridadea.

Pasartea

        Hizkuntzari dagokionez, euskaldunak al ziren bertako herritarrak?

        Hizkuntzari dagokionez, industriarekin batera hizkuntz borroka hasi zen Antiguan, baina euskara zen nagusi, Donostia inguruko auzo guztietan bezalaxe. Donostiako kalean ari zen gaztelania indartzen, mende hasieran Gabilondok, ?Kalei-kale? gaitzizenekoak, idatziz agertzen zuen bezala: 'Pronto ya nadie distinguirá un errico-seme de un belarri-motz» eta ondoren garaiko moda zenbait salatu zituen: «esas actuales flamencomanías y chulaperías de mal gusto». Euskara, mespretxatzen zelarik ere, beharrezkoa zen. Medikuen kontratuetan esijitu egiten zen eta udal-karguetan berdin. Handizki zenbaitek ere jakin bazekiten. Nik egoera euskaldun horren zantzuak ezagutu ditut haurtzaroan.

 

        Zer zertzelada gogoratzen zaizkizu, haurtzaroan giro euskaldun hori nabaritzen zenuela esateko?

        1937 inguruan, ni Lourdesko eskolara joaten nintzenean, elizaren ondoan Mintegi ahizpek zuzentzen zuten eskola mixtora alegia, oso ondo oroitzen naiz nola Aieteko mutiko batzuek ez zekiten erdaraz.

        Gogoratzen naiz baita ere behin amarekin Zapataritik gora itzuli bat egitera Iza inguruko baserri batera joan, eta hango baserritar batekin nola euskaraz hizketan luzaz aritu zen; nik, jakina, ezer konprenitzen ez nuelarik, edo ezer gutxi bederen.

        Beste batean Errotaberri inguruan, Igaran, oso gazte ginela, 1945ean edo, baserritar baten sagastian sartu ginen sagarrak harrapatzera, eta baserritarra agertu zelarik, euskaraz errietan hasi zitzaigun. Nirekin etorria zen adiskidea sunbillarra zen, eta euskaraz erantzun zion eta istilua baretu egin zen. «¿Los navarros hablan vasco?», galdetzen nion neure buruari...

        Urte batzuk beranduago, 1948 inguruan, egunero joaten ginen koadrilakoak Errotaberri inguruko errekatxora. Eta batzuetan, sagardoa edatera baserrira igotzen ginen

Bertako mutila zen Kandido, gure adinekoa, eta ez zen gauza gurekin hitz bakar bat trukatzeko; gu erdaldun hutsak baikinen.

        Uste dut kasu horiek nahiko adierazgarriak direla, baina beste zenbait ere etortzen zaizkit burura. Etxetik oso hurbil ikaztoki bat zegoen eta Danieltxo izeneko mutil gizajo bat ibiltzen zen ikatza banatzen. Esan bezala, gizajoa zelako edo, gu beti adarra jotzen ibiltzen gintzaizkion, gaztelaniaz noski, eta gogoratzen naiz behin, erabat haserretu zen batean, sekulakoak esan zizkigula, baina euskaraz.

       

        Alabaina, etxean zuek gaztelania baizik ez zenuten erabiltzen.

        Ama euskalduna zen, nahiz donostiarra izan, baina euskara neskamearekin edo esnezalearekin hitz egiteko erabiltzen zuen. Bere familia jatorriz Oñatikoa zen. Bere aita, Felix Enparantza Leturia, zilargilea zen edo antigoalekoen saltzailea. Nik amari eta izebari beti entzun izan diet etxea gauza zaharrez beteta izan ohi zutela. Berak esan ohi zuenez, erdaraz «Bitorixan» ikasi zuen eta ondoren Ameriketara, Uruguayra, alde egin zuen soldaduskatik ihesi, 17 urtetik 26ra bitartean beharbada, preskripzioa deitzen ziotena lortu arte. Eta ondoren etorri zen Donostiara, antiguedadeak inori saltzekotan madrildar udatiarrei salduko zizkiela pentsatuz. Amak etxean giro euskalduna izan zuen, ondorioz, baina euskal giro hori erabat ahuldua zuen dagoeneko.

        Nire amak, Maria Enparantzak, piano karrera egina zuen, eta lehen sari bat irabazia zuen Madrilen. Musikazaletasun handia zuen, eta klaseak ematen zituen. Arantzazura egin genuen bidaia batean erori, eta eskumuturra hautsi zitzaion, eta operazioa gaizki egin ziotelako-edo mindurik geratu zitzaion arte, pianoa asko jotzen zuen. 1985ean hil zen.

        Amak bultzatuta ikasi nuen nik pianoa, eta aitaren anaia gazteak ere, tio Pakok, jotzen zuen. Musikazaletasun handia bizi izan dut nik etxean, baina hizkuntza aldetik, esan dudan bezala, egoera diglosikoaren aztarnak oso umetatik sumatu izan ditut.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera