Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Hitzakia (Aitzaki abila)

Garmendia, Juan InazioUstela Saila, 1978 Ipuina

Pasartea

        Hotz egiten hasi du goiko kaleko lagunaren etxean kurriloak aspaldi ikusi genituen zoroherriko mendiak igarotzen Serapiok antezko gabana jazten du kalera irten behar duenean su bajua piztea izanen da egokiena eta zopa beroa egitea.

        Aitonaren ipuiak entzuteko ez dugu betarik ohera goazenean ere presaka egiten dugu maitasuna loak berehalaxe hartzen gaitu goizeko ihintzari beldurra hartzen hasi gara batez ere kotxean joan behar dugunean izotza gaizto bihurtu zaigu uste gutxiena dugunean baztarrera joateko arriskuak ditugu edozein bide bihurritan.

        Hotz egiten hasi du goiko kaleko lagunaren etxean eta ez dugu borda gaztain enborrez bete gure lanera joan beharrarekin nazkatzen hasi gara negu guztirako zopa bero bat egiteko ere lupaz topatu behar dugu beta hain presatuak gabiltza.

        Hala ere joan gaitezen etxera eta sua piz dezagun ura bero dadin bigun dezagun manteka urdai pusketa prejitzeko eta mahaira jar gaitezen.

        Beltzik edan gabe etorri gara etxera Josepa tabernariak pikuak ematen dizkie beltz bat hartu nahi dutenei negua berotzeko omen da zion lehengo egun batetan tabernako zigarro keak begiak erretzen dizkit eta pikurik ez zait laket asma dezagun berotzeko beste era bat.

        Galtzairuz eta sugarrez aspertu dela esan dit Serapiok benetan dabilela ohartu naiz eta hizketan uzten diot nahi duen aina egin dezan beltza edan eta nahi baduk piku-zopak egin ardotan busti behatza eta mihaztu hazkazal zikina.

        Zoroherriko kale-garbitzaileak neska gazteekin solasetan ez du asperrik hartzen behatzen mugimentu bihurriek plazerraren irria agertzen dute eta neska gazteek ohartzen direnean ihes egiten diote gizajoa bakarrik utzirik zikin-karretila aiuntamentu azpira eraman dezan.

        Hotz egiten du goiko kaleko lagunaren etxean.

        Kurriloei tirorik bota gabe igaro dut udazken guztia.

Atzera