Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Aurkezpena

      1965ean Huntaz eta hartaz kaleratzean aurrerakada nabarmena eman zion Txillardegik euskal saiakerari, gure hizkuntza gai orotako tresna malgu eta adierazkorra izan zitekeela erakutsiz. 42 urte geroago, Horretaz argitaratuz osatu du hirukia, egilearen kezka eta arduren erakusgarri diren zazpi saio labur proposatuz irakurleari.

      Bi idazle hartu ditu aipagai: Jean Paul Sartre, intelektual engaiatuaren eredua, mendeurrena bete berri duena, eta Rosalía de Castro, beharbada lehenengo poeta existentzialista, eta egileari Galizaz hitz egiteko parada ematen diona.

      Horrez gain, Ameriketako indioen genozidioa, giza eboluzioa, eta erlijioaren eta antropozentrismoaren kritika landu ditu entsegu banatan.

      Azkenik, Astronomiari buruzko lan bi datoz, Unibertsoaren neurriaren eskerga jartzen digutenak begien aurrean.

Hitzaurrea

HITZAURREA

 

  1964ko bukaeran Ipar Euskal Herritik bidali ninduten frantsesek. Eta horrela iritsi nintzen Belgikara, errefuxiatu gisa. Euskal Herriari agur esan beharra eta 5 urtez iraungo zuen deserrialdia hasi nuen.

  Hara baino lehenago idatzirik neukan Huntaz eta Hartaz saiakera mordoxka (10 guztira). Liburua J. M. Benito del Vallek sustaturiko Goiztiri argitaletxeak kaleratu zuen 1965 hasieran.

  Huntaz eta Hartaz sortak, Ipar Euskal Herrian idatziak («Huntaz» horretan ikusten denez) helburu hau zeukan: gaurkotasunezko gaiak (mementokoak) euskaraz azaltzea.

  Marilyn Monroeren heriotzak, adibidez, oihartzun handia izan zuen: teorian «garaitu» zuen emakume ederrak bere buruaz beste egin zuen.

  Baina bestelako gaiak ere ukitu nituen: Pio Baroja, idazle handia bai, baina euskarari buruz uzkur, are trufakor ere. Neokarlismoa nagusi zela euskal politikan, eta honetaz ere beste saiakera bat. Biarno euskaldunaz kezka banuen, eta Hegoaldean txarto ezagutzen zen muga-kontuaz zerbait esatea bururatu zitzaidan.

    Eta horrela mamitu zen liburua. Euskararentzat erabilpen normala bilatzen genuen; orduan, hitz lauz batez ere, euskara ez baitzen tresna arrunta.

  Horretan izan zuen bere funtzioa, iruditzen zaidanez. 42 urte joan dira geroztik. Eta Horretaz honek Huntaz eta Hartaz-ekin osatu nahi du hirukia.

    Zaila izan zait zazpi gai hauek hautatzea, eta ez beste batzuk.

    Bi idazle hautatu ditut: Jean Paul Sartre, batetik, berriki bere mendeurrena burutu dela eta. Eta Rosalia de Castro galiziarra bestetik.

    Ameriketako genozidioa salatu behar dela iruditzen zait, eta V. Centenariokoan jasan behar izan dugun erasoak erantzun bat merezi zuela.

    Gainerako saiakerek gai unibertsalak ukitzen dituzte. Oraindik ere gure artean Darwinismoak merezi duen mailia jaso ez duela-eta, gizonaren kondaira egitea egokia dela iruditu zait. Puntu honetan Arsuaga hartu dut gidari nagusitzat, baina Leakey eta gainerakoak kontuan nituela.

    «Antropokeriak» saioak erlijioaren eta antropozentrismoaren kritika gogorra izan nahi du. Richard Dawkins eta Onfrayren berri ematen dut. Ez dira gure artean ezagutzen, eta berorien obra gure artean osasungarria izan daitekeela uste dut.

    Bi saiakera moldatu ditut, azkenik, Astronomiaz. Giza patua eta lekua zentzuz ezartzeko guztiz beharrezkoa iruditzen zait. Neronen iritzia azaldu badut ere, liburu funtsezko batzuen berri ere ematen dut bertan. Batzuetan bibliografi ildoan kokatu naiz, baina ez zait bide hoberik bururatu. Denbora izan banu, bestela egingo nukeen. Baina besterik ezean hau bederen eskaintzea bururatu zait.

    Liburu hau eskaini nahi nieke, beraz, giza arazo nahasiak beren haragi eginik ere, Kosmosaren eskergatasun misteriotsuak pentsakor uzten dituen guztiei.

 

Donostian, 2007ko irailaren 17an

Pasartea

Sartre eta Burgosko Epaiketa

 

      1967 ondoko urteetan ere, lekuko eta eragile aurkitzen dugu Sartre lehenengo lerroan.

      1968an Txekoslovakiako Alderdi Komunistak Alexander Dubcek aukeratu zuen idazkari nagusi. Honek orduan prentsa eta telebista askatasuna bultzatu zituen, alderdiaren barruko demokrazia azkartuz.

      Moskuk ez zuen eboluzio hura begi onez ikusi; eta, «lorpen iraultzaileak» arriskutan zeudela argudiatuz, Varsoviako Ituneko tropak bidali zituen Txekoslovakiara, «Pragako Udaberria» deritzon mugimendua erauztera. Denaz gain, Dubcek bera atxilotu zuten.

      Sartrek orduan bere indar guztiez eta hitzik gogorrenez Sovietar Batasunaren jokabidea gaitzetsi zuen; berriro ere komunista ofizialekiko harremanak gaiztatuz.

      Eta 1970eko abenduarekin, Burgosko Epaiketa hasi zen. Sartrek Franco goraki gaitzetsi eta ETAko militanteen alde «arrunt bustitzea» erabaki zuen.

      Maila berezia aurkezten zuen Epaiketak hastapenetik: ETAko 16 inkulpatuak zeuden batetik, eta beren aurkako eskaera fiskala bestetik: 6 heriotza-zigor eta 752 kartzela urte.

      1970eko abenduaren 2an ETAk Beihl alemaniar kontsula bahitu zuen Donostian, eta Zuberoako Montorin ezkutatu. PCEko militante batzuen kontrako «1001» epaiketa erabat bigarren mailara jaitsi zen; eta Europatik Euskal Herrira etorritako ehunka kazetariak Lapurdin kokatu ziren, «de facto» Telesforo Monzon ministro ohiak Hegoaldearekiko kontuak kontrolatzen zituelarik.

      Gisèle Halimi abokatu frantses-aljeriarrak jarraitu zituen bertatik Epaiketako gorabeherak, eta liburu batera bildu zituen: Le procès de Burgos, Ed. Gallimard, 1971.

      Liburuarentzako Hitzaurrea prestatzeko eskatu zion Sartreri. Honek baietz erantzun, eta aparta eta historikoa izango zen dokumentua prestatu zuen.

      ETAk euskaraz argitaratu eta isilpean banatu zuen. Beste bertsio bat aurki daiteke gaur, Txalapartak 1993an argitaratua, Euskadi Ta Askatasuna, 3. lib., 277-285 or.

      Espainieraz ere badago testua; Sartreren heriotzaren ondoren, Punto y Hora de Euskal Herria astekariak 1980ko apirilaren 24an argitaratu baitzuen (idazlea apirilaren 15ean hila zen Parisen). Ale bereziko 16-28 orrialdeetan ikus daiteke. Testuari, Sartreren kronologia bat erantsi zion; baita hiru artikulu ere: bi erdaraz, espainieraz zehazki, Alfonso Sastreren eta Luis C. Núñez-en lumaz; eta bat euskaraz: «Sartre, lekuko eta gidaria», liburu hau idazten ari den honenaz.

      Euskal arazo nazionala espainiar klase-arazoaren azpi-kapituluxka gisa aurkeztea oso modan zegoelarik, bere ausardia eta zorroztasun osoez euskal arazoa nazio askapen arazo gisa aurkeztu zuen Sartrek munduaren aurrean.

      Eskandalu gaitza, jakina.

      Orain badakigu Sartrek alor hau aspaldidanik lantzen zuela, eta «ezker abstraktuak» aldarrikatzen zuen sasi-askapenaren salaketa prestatzen ari zela.

      Simone de Beauvoirrek eman digu bere kidearen kezka nagusi horren berri (C.A., 26-27). Pasartea ezagutaraztea oso komeni delakoan, hitzez hitz emango dugu euskal itzulpena:

     

      «Burgosko Epaiketan ETAko euskal kide batzuk auziperatu ziren. Francok Estatuaren aurkako konplot baten errudun jo zituen.

      Begirale gisa hartu zuen parte Gisèle Halimik, eta Gallimard-enean argitaratu zuen txosten orokorra liburu batean. Hitzaurre bat eskatu zion Sartreri, eta honek pozarren onartu zuen berorren idazketa. Euskaldunen arazoa zedarritu zuen, berorien borroka kontatu, eta ETAren kondaira bereziki.

      Sutan salatu zuen zanpaketa frankista, oro har; eta partikulazki Burgosko Epaiketa nola antolatu eta burutu zen. Honakoan, adibide konkretu bat oinarri, oso barruan zerabilen ideia bat azaltzeko aukera izan zuen. Alegia, funtsean zetzan kontraesana argitzeko. Batetik, unibertsal abstraktua dago, gobernuek eta enparauek aiputan izan ohi dutena; eta, bestetik, unibertsal bakuna eta konkretua, hezur-haragizko gizakiez osatutako herrietan aurkitzen dena.

      Hauxe da —zioen Sartrek— kolonizatuen iraultzetan mamitu nahi izaten dena —kanpotik zein barrutik— eta hauxe da balio duena, hain zuzen. Zeren-eta gizakiak, beren egoeran, beren kulturan eta beren hizkuntzan hartzen baititu; eta ez kontzeptu huts gisa.

      Sozialismo zentralizatzaile eta abstraktuaren kontra, Sartrek beste sozialismo bat aldarrikatzen zuen, deszentralizatzaile eta konkretua. Horixe da ETAk zapaltzaileen aurka kontrajartzen duen euskal unibertsaltasun berezia.

      Hain zuzen ere, gizaki sozialista sortu behar litzateke; bere lurrean, bere hizkuntzan eta bere ohitura berrituetan funtsatua.

      Horrela lortuko da, eta ez bestela, pixkanaka, gizona bere produktuaren produktu izateari utzi eta gizonaren seme bihurtzea».

     

      Simoneren azalpen hauen argitan, are ulergarriago agertzen zaigu Hitzaurre bikain eta profetikoa.

      Komunismo ofizialaren tesien antipodetan, Sartreren Hitzaurrea bizkorgarri eta esperantza-iturri gaitza izan zen. Nik neuk gutxitan jaso dut neure biziera politikoan 1971 hartan Sartreri esker jaso nuen itsas haize balaren tamainakorik.

      Pentsaera ildo horri eutsi zion ondoko urteetan. Les Lettres Modernes bere aldizkarian ale berezi bat argitaratu zuen 1973an nazio arazoaz. (Bidenabar: azken urte hauetan Les Lettres Modernes izenekoak, bi sortzaile gogoangarriak zikinduz, hartu duen «eboluzioaz»... isil nadin!).

      Testua bere osoan irakurri beharra dago, baina azpimarratu zituen puntu batzuk aipatuko ditugu hemen.

      -PNV, «aurrerazalea politikoki», Euskal Herriarentzat askatasuna eskatzen duen heinean, «sozialki atzerakoia» da. Kontraesan horretan oinarriturik, aitzina egin ezin, eta erreformismo burges autonomistara lerratzeko arrisku handia dago. Ezker Abertzalea agertu arte («ETA» irakurtzen da Sartreren izkribuan) euskal borrokak ez du izan helbururantz artez aurreratzerik.

     

      —Hizkuntzan ikusten du Sartrek Euskal Herriaren ardatza (gure gazteek ez dakite; baina ezker espainolistaren lerroetan «euskara gain-egitura burgesa dela» aldarrikatzen zen ozenki eta harro-harro). Eta oso adierazgarritzat jo zuen Epaiketakoan akusatuak euskaraz mintzatzean ikusitakoa: «Epaileek ez zuten zipitzik ere ulertzen, baina bazekiten ongi asko non zegoen gakoa. Ikusten zuten Baskoniako nazioa Epaiketako aretoraino sartua zela. Eta honen aurrean ezjakinarena egiten zuten, entzuten ari ziren euskara hizkuntza probabletzat joaz; eta zalantzan jarriaz galdekatutakoek benetan hitz egiten ote zuten ala zentzurik gabeko hotsak egiten ote zituzten».

      Horra Euskal Herriko kulturaren muina eta epaileen buruhausterik larriena; hizkuntza hori hil balezate, aldiz, euskalduna (bere hizkuntza ez den eta inoiz izango ez den) espainola desiratu eta espainolez mintzatuko litzatekeen gizon abstraktu bat litzateke... Kolonizatu bat bere hizkuntzaz mintzatzea berez da ekintza iraultzailea.

     

      -PCEk leku geografikotzat besterik ez dauka Euskadi. Hau da, zentralkeriara jausi da. Hitz batez, sozialki aurrerazalea da, baina politikoki kontserbadorea. Eta klase borroka kimikoki hutsa bultzatu nahi duelarik, prozesua geldotzen du.

      Gu, frantsesok, nahi ez dugunean ere, hein batez bederen jakobinoak gara, eta ez dugu beharbada ulertzen. Baina alderdi iraultzaile batek zuzendutako herri heroiko horrek beste sozialismo mota bat erakusten digu... ETAk zapaltzaileen zentralismo abstraktuari, euskal unibertsalismo berezia kontrajartzen dio.

     

      Testua egokiro laburtzea zail gertatzen zait.

      Garbi dago, ordea, orain dela 35 urte «modako gauche divine» espainolistaren kontra, eta Francoren kontrako oposizioan PCEk isilpean bildutako ospearen aurka altxatzean, urrats erraldoia egin zuela Sartrek Espainian benetako ezkerra eta Euskal Hernian Ezker Abertzalea sor zitezen.

      Horregatik idatzi izan dut zenbait aldiz, eta oraingoan ere errepikatzen, badela garaia Sartreren oroitzapenetan kale edo enparantza batzuk beraren izenaz bataiatzeko.

      Mereziak baititu aise.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera