Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Aurkezpena

        «Lore bat marraztu dut eta loreak esan dit:

        —«Lorontzi bat marraz iezadazu!». Eta nik lorontzia marraztu dut. Lorontziak esan dit:

        —«Leiho bat marraz iezadazu!».

        Leiho bat marraztu dut eta leihoak agindu dit:

        —«Eguzki eder bat marraz iezadazu!». Eta eguzkiak haizea eskatu dit, eta haizeak mendiak, eta mendiek ibaiak eta ibaiek arrainak... Arraintxoak marraztera nindoala andereñoak esan du:

        —Bale! Orain matematikako fitxa bat egin behar dugu.

        Eta ibaiak arrainak gabe gelditu dira». Haurrek asmatuko lituzketen testu indar handikoak idatzi ditu liburu erakargarri honetan Mariasun Landak.

Pasartea

Zigarroak

 

 

        Zigarro bat izatea baino gauza tristeagorik ez dago munduan. Hasteko, bata bestearen kontra estuturik bizi behar dute kaxatxo batean. Noizbehinka, kaxatxoa zabaltzen da eta behatz gaizto batzuek zigarroren bat aukeratzen dute erretzeko. Horrela, bata bestearen atzetik desagertzen doaz, ke eta errauts bihurturik.

        Horregatik, ahal dudanean, aitari bere zigarro kaxa kentzen diot. Zigarroak askatzen ditut. Disimulo handiz etxeko txoko ezkutuenetan sakabanatzen ditut, mundua zertxobait ezagutu eta bizitza polita dela jakin dezaten.

 

 

Harra eta sagarra

 

 

        Sagarra jaten dudan bakoitzean, ea harren bat aurkitzen dudan espero dut ilusionatuta.

Koska txikiak ematen dizkiot sagarrari, ez baitzait ondo iruditzen harren bizimodu lasaia haustea. Eta zuztarrera heldu eta harrik ez dudala aurkitu konturatzean, tristura sartzen zait barruan. Tristura hori nire baitan irristatzen da, har txiki bat bezala, eta hardun sagar handi bat naizela sentiarazten dit.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera