Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Ipuin batean bezala

Irigoien, Joan MariElkar, 2002 Nobela

Aurkezpena

Amudioaren gazi-gozoa dakarkigu Joan Mari Irigoienek eleberri eder honetan; maitasuna baita pertsonaien motor eta akuilu, maitasuna halaber beren buruhausteen iturburu.

Sararen eta Anderren bizitzak buelta asko emanak ditu elkar ezagutu baino lehen. Maitasunaren eta bizimodu alternatibo baten atzerik joan zen Sara, etxea, lana eta familia urzita, Granadako Alpujarretara; urte ezti batzuen ostean zoritxarra iritsi zen, eta gero drogaren zuloa, eromenaren infernua... Ander, berriz, etsiak jota dago ia-ia bizitza sentimentalari dagokionez. Eta horra non sortzen den, porrotaren hautsetatik, amodioaren txoria zeruan hegaka...

Goxo eta garratzak dira aldika pertsonaien pasadizoak, halakoxea delako bizitza ere, gogorra eta leuna, malkoa eta irria tartekatzen dituena. Horregatik esan liteke bizitzaren aldeko kantu bat dela sakonean Ipuin batean bezala, zoritxarren gainetik beti baitaude bizipozerako arrazoiak, gaitzen zirrikituetatik aurrera egingo baitu beti biziak.

 

Pasartea

Gau hartan, lotarakoan, buruska bat hartu —uste dut Joxe Austin Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoa nuela irakurgai—, zigarroa piztu, eta irakurtzen hasi nintzen. Ezin izan nuen. Izan ere, minbiziak jotako bost urteko haurraren irudia zetorkidan burura. Eta, batez ere, Sararekin izandako elkarrizketa. Nolakoa izango zen hurrengo inkontrua? Nora, noiz eta nola gonbidatuko ninduen bitter erdia hartzera? Kontsultara etorriko ote zitzaidan egunen batean, bat-batean, zegokiona baino lehenago, hots, nik errezetatu nizkion pilulak agortu aurretik? Edo kartaren bat igorriko ote zidan anbulatoriora? Edo zelatan egongo ote zitzaidan, ezustekoren bat emateko asmotan...? Nolako ezustekoa, ordea? Mezu kriptikoren bat bidaliko ote zidan, morsez idatzia? Edo, etxean nengoela, paperezko hegazkinen bat sartuko ote zitaidan noizbait leihotik, mezu gorderen bat zeramana...?

Baina burutik egiten hasi ote nintzen, eta umetzen? Izan ere, ba ote zen burugabekeria eta umekeria handiagorik hogeita hamarreko gizon batek burutazio haiek edukitzea baino? Bai, egia zen asteburuetan-eta aeromodelismoa praktikatzen nuela, eta horrek esplika zezakeela paperezko hegazkina leihotik sartzen ari zeneko irudiaren miraria. Baina hala ere...

Zeren nik ere neure eskarmentuak bainituen ordurako amodio kontuetan. Hiru andregai izan nituen, eta hiruretan kale. Lehenengoak Ane zuen izena. Hogei bat urte nituen, eta erromantiko samarra nintzen ni, artean. Neska ederra zen, eta itsutu egin nintzen. Urte betean atera ginen, harik eta berak esan zidan arte gurea bukatu zela. Baietz, beste mutil batez maitemindu zela. Bat-batean esan zidan, Gladiseneko parkean, banku batean eserita geundela. Eta ez zitzaidan txantxetan ari. Hasieran, noraezean geratu nintzen. Amorrazioa sentitu behar nuen, baina ez nengoen amorratuta. Bat-bateko kolpeak jota utzi ninduelako, beharbada, erreakzionatzeko aukerarik gabe. Esan zidan:

—Aurreko egunetan ahalegindu naiz beste era batean adierazten, baina...

Bada, ni ez nintzen jabetu. Hain bainengoen maitemindurik. Burutik mila gauza pasatu zitzaizkidan. Azkenean, umetatik astindu izan nauen konplexua atera zitzaidan. Esan nion:

Jakina. Ni ez naiz Robert Redford...

Kontsolatu egin nahi izan ninduen. Eta, bere eskua enearen gainean ipintzen zuela, esan zidan:

—Hori ere ez da. Izan ere...

Ez nion amaitzen utzi, haren eskua sentitu orduko karranpa bortitz bat nabaritu bainuen, odolean lotan nuen amorrua iratzarri zidana. Eta munduko errabia guztiarekin, esan nion:

—Alde! Behin umiliatu nauzu, baina ez bi aldiz! Handik denbora batera, ile-hori altu batekin ikusi nuen. Mutila ez zen Robert Redford, baina bazuen haren airerik...

Esan berri dut ez nuela bi aldiz umiliatzen utzi. Eta guztiz amorratu nintzela. Metro eta erdi pasea nintzena bat-batean bi metroko gizon bihurtu banintz bezala. Zerbaitetan gutxiago izateak gehiago izatera bultzatzen baikaitu sarritan. Eta gehiegizko erreakzioetara, ondorioz. Azpiratu gaituena azpiratzeko grinagatik-edo. Konpentsazioz, beharbada. Ni halakoa naiz behintzat. Baita bizitzaren beste alor batzuetan ere. Nola esplikatu, bestela, ene beste bizio hura, zigarroak eta zigarroak erretzekoa?

Orain arte esan ez dudan arren, Añorgakoa naiz, sortzez. Eta umetatik ohitu behar izan dut Cementos Rezola lantegiko tximiniekin. Ongi gogoratzen naiz, bai, nola begiratu izan diedan umetatik tximinia haiei, inbidia handiz. Eta, haiei baino gehiago, beste bati. Izan ere, aitak bazuen, egongelako hormetako batetik zintzilik 1910eko argazki bat, non fabrikako instalazio zaharrak agertzen baitziren, lau tximinia txiki zituztenak, eta ia zeruraino heltzen zen beste bat, ezin luzeagoa, hautsa eta kea zeriona, kea eta hautsa. Eta ni, askotan eta askotan, hari begira geratzen nintzen, liluraturik bezala. Ez al zidaten, bada, lagunek-eta burlaz «Lili» deitzen, ez lili-lore bat bezalakoa nintzelako, baina Liliputen jaioa izan nintekeelako? Eta Liliputen jaioa izan nintekeelako-edo, tximinia hura nuen miresten: hantxe argazkiko tximinia erraldoi hura ene irudimenean haragizko Gulliver bihurturik! Eta Gulliverrekin egiten nuen, jakina, amets. Hainbesteraino, non, bai etxean, hai kalean, baita eskolan nengoenean ere, halaxe esaten bainion neure buruari: «Orain bai, gelako beste lagun guztiak baino txikiagoa haiz, baina handitzerakoan tximinia hori bezain erraldoia izango haiz, eta orduan...». Amets askorekin gertatzen den bezala, ordea, ametsaren kearekin geratu nintzen orduan ere. Eta, denboraren buruan, erretzaile egin nintzen, kasik ezinbestean. Ene bizio hari edo gaitz hari izen egokia jarri zion Sarak, bere garaian: rezolitisa. Rezolako tximiniaren sindromeak jota nengoela adierazteko, alegia.

Hala ere, erretzaile konbentzitua nintzen. Horrekin esan nahi dut ez nuela erretzeko kontu hura ez biziotzat ez gaiztzat hartzen, neure ordu arteko bizitzan bi ahalegin egin nituen arren ohitura hura uzteko. Ezin izan nuen. Bietan huts egin bainuen. Baina, neure burua engainatu nahian-edo, ez nituen ahalegin haiek neure hutsegitezat hartu. Atsegin bainuen erretzea. Nola ez nuen atsegin izango, Rezolako tximiniak —ene ametsetako Gulliverrek— liluraturik banindukan eta hura ume-umetatik imitatu nahi izan banuen? Bai baitira munduan ekologia baino premia handiagoko beharrak, eta asko eta asko baitziren auzoko bizilagunak zementu fabrikan lan egiten zutenak, ene gurasoen lehengusu batzuk, esate baterako, baita ene izeba Luisaren senarra ere. Ke hura, beraz, eguneroko ogiarekin lotzen nuen, eta horregatik nuen, beharbada, tximiniaren irudi hura atsegin. Baliteke. Eta, hala ere, banekien erretzea kaltegarria zela osasunarentzat. Baina ondorioen gainetik jarria nuen nik ordurako neure atsegina. Ez inork behartuta, baina nik libreki aukeratuta. Ustez. Beste gauza bat ziren ene gaixoak. Baina haiek begirunez tratatzen nituen, ez bainuen inoiz erretzen haien aurrean; are gehiago, kontsultan beti zupatzen nituen limoizko edo mendazko goxokiak, aho-kiratsik usain ez ziezadaten. Eta erretzen zuten gaixoei, neure gaixoak ziren neurrian, gogor egiten nien. Ene obligazioa zen. Eta, haiekin gogor izan ez ezik, ziria ere sartzen nien batzuetan, taktika maltzur samarra erabiliz: esaten nien nola ni neu ere erretzailea nintzen, eta tratu bat egin genezakeela, egunero zigarro bat gutxiago errez eta kontsumoa, apurka, erdira jaitsiz, gero beste erdira eta beste erdira, ohitura txar hura errotik kendu arte. Gero, gaixo erretzailea agurtu eta begi-keinu konplize bat egiten nion Hipokratesi, aterantz bideratzen nintzen bitartean, zerrenda eskuan, hurrengo gaixoari dei egiteko.

Hala, bada, umetatik izan naiz erretzaile. Hasieran, hamar-hamaika urterekin arto-bixarra erretzen nuen. Gero, gurasoek ematen zidaten pagarekin Celtas paketea erosi, eta ezkutuan erretzen nuen, zigarroz zigarro. Eman ditut arrazoiak, zergatik izan nintekeen erretzaile. Beste batzuk ere eman ditzaket. Gixona baizik ez nintzena gizon sentiarazten ninduelako erretzen ote nuen, bada? Edo aita ere erretzaile nuelako, ausaz...?

Baina aitarenak kapitulu bat aparte merezi du. Aitak, izan ere, ez ninduen erretzaile nahi. Horregatik jo zidan, ez bat eta ez bi, zaplazteko hura, etxean sartu orduko, udako egun bero batean. Ederra eman zidan, bai horixe! Eta ni begiak zabalik gelditu nintzaion, esplikazio baten bila. Baita berak eman ere:

—Hurrengoan erre ezak arto-bixarra, eta handiagoa hartuko duk... Hamar urteko umemokoa haizela oraindik gero! —eta, nola nik are gehiago zabaldu nituen begiak, ustez ezkutuan erre bainuen, inoren begiradatik urrun, aitak erantsi zuen—: Zer uste duk, bada, ene espioi sareak ez duela funtzionatzen?

Espioi ustezkotzat hartu zutelako sartu baitzuten San Markoko ziegetan, 36ko gerra bukatu eta hiruzpalau urtera, makisen garaian. Hilabeteko itzalpea izan zen txantxa haren ordaina. Bere lantegiko nagusiaren egiteko onei esker atera zen, gizon hark kontaktu bikainak baitzituen gerra irabazi zutenen artean. Hala esaten zigun aitak behintzat.

Kontua da, Altzan zuen anaiari bisita egitera joan zitzaiola aita, sanmartzialetan, ohi bezala. San Pedro egunean joaten zen, bazkaltzeko orduan, ilunabarrean itzultzeko asmoarekin, bapo bazkaldu ondoren. Urte hartan ere ez zuen hutsik egin: San Pedro egunean meza entzun, Altzako San Martzial parrokiako elizan, eta anaiaren etxerantz abiatu zen gero, San Markorako bidean zegoèn Martigoi izeneko baserrirantz... baina, nola eguraldi eguzkitsua zegoen eta denboraz ongi zebilen, San Marko aldera joatea erabaki zuen, baserria alde batera utzita. Iritsi zen, bada, San Markoko gotorlekura, baita kanoi batzuk zeuden lekura ere, nik ez dakit nola, zeren soldaduren batek behar baitzuen inguru haietan guardia egiten: hantxe behar zuen, bai, oihu batzuk aditu baitzituen bat-batean: ¡Alto! ¡Alto! ¡Alto!. Eta segidan: ¡Manos arriba!: Teniente bat eta bi soldadu zetozkion, soldaduak beren mauserrarekin eta tenientea pistola batekin, hiru armak gure aitagana zuzendurik. «Zer arraio egiten duzu zuk hemen?», tenientearen galdera. Aitak erantzun zion: ?Zera... Bakarrik zera jakin nahi nuen, ea kanoi hauek schneiderrak ote diren... alemanek lehen mundu-gerran erabili zituzten bezalakoak...?. Espioitzat hartu zuten hasieratik. Eta, handik aurrera, alferrikakoak izan ziren aitaren azalpen guztiak, azalpen bakoitza susmoen gaineko susmo bihurtzen baitzen tenientearen iduriko: esan nahi dut pilatuz eta pilatuz joan zirela aitaren aurkako frogak, harik eta elur-bolatxo bat zirudiena elurrolde bihurtu zen arte.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera