Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Ipuinak. Antologia bat

Zaldua, IbanErein, 2010 Ipuina

Hitzaurrea

IBAN ZALDUAREN ANTOLOGIARENA

Ur Apalategi

 

        «Denbora, jaunak, oso garrantzitsua da [...] denbora, berriro diot, ia edukia baino garrantzitsuagoa da» hitzekin hasten da Iban Zalduaren antologia honetako lehen ipuina. Eta denbora da, bai, idazle atipiko honen obsesio nagusia, bere sorkuntzaren zin-zinezko matrizea.

        Lerro horiekin hasi nuen bere ipuinen antologia izan behar zuenaren hitzaurrearen idazketa. Eta honela jarraitzen nuen:

        Haatik, denbora hitza baino egokiagoa —zehatzagoa— iruditzen zait Historia, idazlearen obsesioari izena emateko. Ikusi bestela nola deskribatzen duen bere pertsonaietako bat, «Entropia» izeneko ipuin ezagunean: «industrialderen batek jandako baserri ohi bateko alaba baten itxura betea zeukan». Gutxi dira halako konparakuntza bat irudikatu eta baliatzeko gai diren idazleak, eta gutxi, halaber, konparakuntza hau bezain buruaskiak pertsonoia bati bere sustantzia osoa pintzelkada bakarraz emateko orduan. Dudarik gabe, Iban Zaldua komiki egilea balitz, lerro garbiaren eskolakoa izango litzateke. Bestalde, Zalduaren pertsonaiok eta egoerok, konparakuntza horrek berak garbiro erakusten duenez, erabat daude Historiaren koordenadetan gatibu. Eta alferrikakoa da Historia handia eta iragan pertsonalaren arteko bereizketa egiten ahalegintzea, ez baitago bien arteko bereizketarik Zalduaren munduan. Gertakizunik pertsonalenak, intimoenak, anekdotikoenak, ezdeusenak beti daude txertaturik Historian. «Entzungailua» izeneko ipuinean, esaterako, haur sortu berrIaren gaueko negarrak zaintzeko aparailua ezin daiteke

mugatu bere aparailu izaera fenomenologiko soilera. Historiaren putzu ilunenetik dotozen lantuak dira entzungailuak gurasoengana igoaraziko dituenak. Gizateriaren Historia osoaren erantzule garela —zu, ni, denok— oroitarazten diguten lantuak.

        Idazle —xumea— izateaz gain literatur irakaslea ere banintzelako eman zidaten antologiaren sarrera egitearen ardura. Ni nintzen estilo akademikoaren sutileziak hobetoen menderatzen zituena, eta hala Ingalaterra nola Frantzia zein espainiar estatuko unibertsitariekin nituen harremanak baliatu behar genituen, nahitaez, antologiak, eta antologiarekin batera Xedeak, bere bidea egin zezan. Jakina, ez ziren nik neuk asmatuak hitzaurrean idazten nituen guztiak. Denon artean pentsatutakoa zen bertan burutzen nuen corpus zalduarraren azterketa. Baina egia da hainbat bileraren ondorio izan ziren analisi literario ezin neurtuago haiek nik isuri nituela ordenagailura, prosa akademiko txukunenaz jantzita. Min apur bat egiten zidan pentsatzeak aspalditik adiskide nuen Londresko unibertsitateko lankide batek itzuli ez ezik izenpetu ere egingo zuela hitzaurrea, euskal literaturaren onerako. Euskal literaturaren onerako: urtetan burutu genuen isileko lan guztia bezalaxe. Halere, minik handiena egiten zidana ez zen hori. Prestatzen ari ginen antologia hura postumoa izango zela jakiteak aldarte malenkoniatsua eransten zidan.

        Eta Historia denez gero gutako bakoitzaren izaeraren mamia, Historiazkoak baitira gure zain-heste nahiz hezur-haragiak, bada, Zalduaren pertsonaiek aurretik galdutako borroka eder bezain patetikoa hasten dute, behin eta berriro, Historiaren aurka, oroimenaren marmorean behin betikotz idatzia dagoenaren aurka, trauma pertsonal zein kolektiboen aurka. Baina, «Euskadiko Ezkerrako militantea izan nintzen» ipuineko antiheroiaren abenturak —edo abenturarik ezak— frogatzen digunez, Historiaren zurrunbiloan aktore izan nahi duenak goiz ala berandu deskubrituko du irabazle bakarra duela borroka orok, Historia bera. Hala, txit hegeliarra izan arren bere mundu ikuskera historizista, Zalduaren pertsonoiek ez dute iraultza sozialean edota utopia abertzalean jartzen beren itxaropena —itxaropena bera kategoria historikoa bihurtua zen garoi batekoak baitira, autorea bezalaxe. Eta ez da amets eskuragarriagoa, beraientzat, eleberriaren muina izan ohi den norbanakoaren epopeia. Ez behintzat azken honen zentzu arruntenean.

        Ez nion aitortu Ibani zerk tristetzen ninduen, birritan galdetu zidan arren, nitaz kezkaturik. Esan banio antologia postumoa izango zelako nenbilela hain erorita, adorea kenduko niokeen, behar-beharrezkoa zuen adorea. Eta ez neukan horretarako eskubiderik. Berak bai, ordea, egitera zihoana egiteko. Zor nion laguntza hura. Zor genion. Denok. Nahiz eta ni izan hori onar eta uler zezakeen bakarra. Horregatik, nirekiko kezka ez ezik samurtasuna adierazten zuen begirada hura bota zidanean, ez nion ezer zehatzik erantzun. «Ez da ezer, pasako zait». Eta, eskua bere bi eskuen artean hartzen zidan bitartean, ezpainak estutu zituen, nire azalpen eza onartuaz. Proposamena egin nion egunean bezalaxe.

        Historia ez baita materia mortua, Zalduarentzat, baizik eta banpiroaren moduan hilezkor izatera kondenatua dagoen zerbait, zer bat, bizidunen odola zurrupatuz baino iraun ez dezakeen bizkarroi gorpuzgabea, abstrakzio odolzale gupidagabea. Historia gure jaioterria bezala da, eta iragan familiarraren urak sokonegiak direla iruditzen zaion «Zazpi gauza» ipuineko protagonistak aitortzen duenez: «Gutxitan itzultzen naiz jaioterrira, baina egiten dudanean bertatik ateratzea ezinezkoa izango zaidala iruditzen zait».

        Fakultateko kafetegian egin nion proposamena. Eta normala denez, azalpen gehiago nahi izan zituen, erantzuna ondo gogoetatu ahal izateko. Ezetz esan nion, «oraingoz ezin dizut ezer gehiago esan, bestela... ez luke funtzionatuko». «Zerk ez luke funtzionatuko?», «Ba, horixe da ezin dizudana esan. Onartzen duzu proposamena, ala ez. Kitto. Onartuz gero, izango dituzu azalpenak. Aurrerago. Ez baduzu onartzen, agur eta ez zaitut berriro

molestatuko». «Ez nauzu molestatzen. Ezin nindukezu molestatu, Irantzu...». Ez nion jarraipenik eman elkarrizketari. Erantzunaren zain geratu nintzen, irmo, nahiz bere azken hitzek atal bat mugatu zuten nire baitan. Bere kafea bukatzeko astia hartu zuen. Paperezko serbilleta finaz aho-bizarrak lehortu zituen. Inoiz baino txikiagoak egin ziren bere betaurreko borobilen atzean babesten zituen bere begi ironikoak. Eta ezpainak estutu zitzaizkion, baiezkoa eman aurretik.

        Zalduaren literaturaren metafora hoberena esku ahurreko marrak mehatxupean irakurtzen dituen sorginarena da. «Kontuak ez du erremediorik» ipuinean agertzen da eszena. Narratzailea bere bizitza sentimentala —alegia, bizitza— huts egin duelako sentsazioarekin bizi da, ozpindurik, fatalismoan itorik. Baina, bere gazte denborako maitasun frustratuak esandako «herenegun esan bahidan...» esaldia buruan dabilkio, betidanik, itzulika. Azkenean, esaldia literalki ulertzea deliberatu eta aipatu sorginarengana jotzen du. Sorginak aiztoaz marra paralelo bat egiten dio ahurrean, balizkoa den gertaera horri sarrera emanez errealitatean. Sorginak ebakitzen duen marra horixe da, hain zuzen, literatura zalduarra. Ebakia, jakina, dimentsio paraleloaren atea da. Herenegun urrun hartara itzultzen da protagonista, eta bere maitasuna aitortzeko bigarren aukera ematen zaio. Haatik, ez gaude Historiatik kanpo. Beste Historia batean gaude, izan zitekeenaren Historian, gertatu denaren Historia bezain sinesgarria, beldurgarria edo erkargarria den Historia alternatibo batean. Oso ironikoki, Historia erreala erabat traizionatzen ez duen aldaki batean.

        Azaldu nion lehen gauza zergatik bera aukeratu genuen izan zen. «Zergatik ni?», galdetu zidan, bere ahots monokordea gezurtatzen zuten begi irribarretsuak nireetan iltzaturik Esan nahiko niokeen ez genuela denok batera aukeratu. Neronek eraman niela taldekoei bere izena. Neroni ibili nintzela astetan berari buruzko txostena osatzen. Nire hautagaia izan zela bera. Interneten informazioa bildu eta argitaratuta zeuzkan artikulu akademiko guztiak irakurtzeaz gain bere mugimendu zenbait ere zelatatu nituela, fisikoki. Baina ez nion hori esan. Gezurra ez zen gainerako informazioa ematera mugatu nintzen. Alegia, taldeak luzaz eztabaidatu zuela aukera horren egokitasuna, baita beste zenbaitena ere —ezin baikenuen hanka sartu Xedea abiatzear zegoelarik, ipuin gehienak jada idatzita—, eta, azkenean, bere izena izan zela aldeko boz gehien jaso zituena. Azkenik, azaldu nion esan gabe zetorrena, hots, ni izendatu nindutela bere kontaktua izateko.

        Izan ere, Historia, Zalduaren unibertso literarioan, ez da lineala, baizik eta dimentsio anitzekoa, 1959-1964 urteetan NBC kateak emititu zuen TheTwilight Zone zientziafikzio telesail txuribeltzezko hartan bezala, Zaldua etengabe ari da laugarren dimentsioarekin jolasean. «Gargantuarena» izeneko ipuinean, adibidez, oso modu ironikoan, historialaria den pertsonaia da denboran zehar bidaiatzera kondenaturik aurkituko dena. Horrela, ipuinez ipuin, Moebiusen eraztun bihurtzen du idazleak denbora historikoa. Eraztun bat zeinaren aurkia eta ifrentzua nahasten baitira, paradoxa optikoa sortuz, «E-maila» ipuinean bezala.

        Ibanek ezin hobeto jokatu zuen bere papera. Xedearen emaitza ezin arrakastatsuagoa izan zen. Harrigarriro funtzionatu zigun trikimailuak. Guk idatzitako ipuinak zailtasunik gabe defenditu zituen egin zizkioten elkarrizketa guztietan, baita telebistan izan zituen agerpenetan. Inori ez zitzaiokeen burutik pasako bereak ez ziren testuen autoretza antzezten ari zela. Xedearen egingarritasunari buruz izan genitzakeen zalantzak laster uxatu zizkigun Ibanek. Beldur ginen, esate baterako, ez ote zen somatuko ipuinen perfekzio hotzaren atzean idazle bat baino gehiagoren eskua zegoela. Estilo soil hura —zeinetan ez zegoen hitzik soberan, ezta gurean hain ohikoak diren exihizio linguistikoen aztarnarik— zehatzegia zen, neurtuegia, orekatuegia, egoa puztuta idatzi ohi duten gure gremioko partaideetako baten obra izateko. Bagenekien idazle frustratua zena Iban, eta bere blogaren irakurketak literaturaren ezagutza zabal samarra zuela egiaztatu zigun —ezagutza ezinbestekoa kandidatu ideala bihur zedin—, baina ez zegoen aurreikusterik horren ondo inkarnatuko zuela guk asmaturiko idazlearen figura, horren erraz bereganatuko zuela idatzi genuen obra. Hainbesteraino ezen taldeko batzuk jeloskortasun puntu batekin hasi ziren ikusten nola handituz zihoan Iban Zalduaren ospe literarioa. Izan ere, ez zuten lortua, gutako askok, Zalduak zeukan ospearen erdia ere, idazle bizitza osoan. Euskadi Sarien zeremonian egin zuen hitzaldia —hori ere guk erredaktatua—, alde horretatik, garaipen gazi-gozoa izan zen taldeko askorentzat.

        Denboran atzera, aurrera edo albora egiteko gutizia determinismoetatik ihes egiteko beharrean datza, Zalduaren pertsonaientzat. Egin ditugun aukerak egokiak diren ala ez zalantzan jarri ohi dugun bizitzaren une horretantxe aurkitzen dira, askotan. «Taxistarena» ipuineko taxi gidariak, kasu, ez daki erabaki zuzena hartu ote zuen bere aitak seinalatutako bide profesionalari jarraituz, eta soziala izan litekeen —baina beste modu batekoa ere baden— determinismo horretatik neurri batean bederen libratzeko ahalegina egin nahi luke. Denboran atzera egin eta beste erabaki bat hartuko banu nire oraina konponduko al nuke? Zer da erabaki existentzial egoki bat? Galdera klasikoa da. Baina Iban Zalduaren ipuingintza urrutirago doa bere galdeketan. Funtsean, norberaren buruaren jobetasunaren galdera are klasikoagoa eta etsigarriagoa pausatzen da, behin eta berriro testuotan. Egiten ditugun aukerak, hartzen ditugun erabakiak ote dira benetan gure bizitzaren norabidea markatzen dutenok? Ala, erabakiak erabaki, Historiaren dimentsio paraleloetan ere patu bera —zigor bera—, ote daukagu zain, gure karma txarrak baldintzatua? Dudarik gabe, ipuinok irakurtzerakoan nagusitzen den sentipena ezkorra da. Historia labirinto bat da —Borgesen El jardín de los senderos que se bifurcan-en legez , zeinaren pasilloetan barna zoroak bezala gobiltzan, jakin gobe —zinez?— ez daukala irteerarik.

        Xedea gauzatzen ari zen. Azkenean, lortzen ari ginen euskal letren oholtzaren erdi-erdian jartzea —eta baita, laster, espero genuen, nazioartekoan ere— euskal idazlearen figura berri bat, Madrilgo sari nazionaleko epaimahai neokolonialista eta manipulatuek hainbat urtetan inposatu zizkiguten txotxongilo neorrural edo autistak onuragarriki ordeztu zitzakeena, denon onerako, hau da, euskal literaturaren onerako, eta gainera ezertan amore eman gabe sektore txillardegistari. Ibanena, erretrospektiboki, casting perfektuaren itxura hartzen ari zen. Xedea eratzerakoan zerrendatu genituen tasun guztien jabe izateaz gain —formakuntza intelektual handikoa, euskalduna baina eskolan euskaldundua, abertzalea izatekotan, halabeharrez— beste ezaugarri bat ere bazeukan bere alde, beste hautagaiek ez bezala. Historialaria zen lanbidez, eta hori ezin hobeto zetorkigun, ikusita nolako gaiak jorratzen genituen gure ipuinetan. Dena ondo zihoan, hortaz. Baina, gertatu behar ez zena gertatu zen. Iban nitaz maitemindu zen. Edo ni maitemindu nintzen berataz.

        Definitiboki, eleberria genero dramatikoegia da, epikoegia, halako egia garratza esateko. Ipuinaren trinkotasunak bere neurrira ekartzen du Historiaren aurreko giza kondizioa: kontua ez da irakurlea piszina erromaneskoaren ur sakonetan itotzea, arnasarik gabe uztea, egoeren patetikotasuna hanpatzea, ez, ipuinak txerto ironikoak dira, gutxi irauten duten ziztada mingarri bezain onuragarriak, idazle-medikuak tarteka jartzen dizkigunak, oroitarazteko zenbateraino den txikia gure askatasuna. Antigorputz literario horiek laguntzen digute hobeto eramaten egokitu zaigun patua, eta, horri esker, gure askatasunaren komedia antzezten jarrai dezakegu, geure buruari ziria sartzeke, baina bai, aldiz, patuari berari.

        Ez nintzen berehala ohartu. Hasieratiko sedukzio jokoa horixe izan zen niretzat, joko bat. Iban ezkondua zegoen eta bi alaba zituen. Ni ere ezkonduta nengoen, Xedearen ideologo nagusiarekin, gainera. Baina hori berak ez zekien. Egun batez orri inprimatu batzuekin azaldu zen bion hitzordura. Fakultateko bere bulegoan egin ohi genituen bilerak. Mahai gainean utzita zeukan paper pilo handian jarri zuen eskua.«Hau irakur dezazun nahi nuke», esan zidan. Eleberri bat zen. Berak idatzia. Iban Zalduak idatzia. Iban Zalduaren lehen obra literarioa. «Badakizu, Irantzu, nire iragana miatu duzunez gero, idazle nahikeriak izan ditudala beti. Bestalde, bada ordua aitortzeko ez naizela bereziki ipuinzalea. Aspalditik... ez, barkatu, betidanik idatzi nahi izan dut eleberri historiko handi bat, estiloari dagokionean aitortuki dezimononikoa, Euskal Herriaren bilakaeraz, edo bilakaera ezaz. Bada, hauxe da». «Eta zer nahi duzu egin dezadan honekin?», galdetu nion, hotz, gure ordurarteko harremana aldatzera zihoala sentitzen nuelako urduri. Nire begietan ikusi bide zuen urduritasun hori eta zera gehitu zuen: «Irakurtzea eskatzen dizut, ez besterik. Badakit zein diren gure hitzarmenaren baldintzak. Ez kezkatu. Ondo dakit ezin dezakedala ezer argitaratu nire izenpean... zuek idatzitakoa ez denik».

        Iban Zalduak, bere ekoizpen literarioa ipuingintzara mugatuz, esanahi sinbolikoa duen poetika inedito bat aldarrikatu du. Eleberria ez dagokigu euskaldunoi. Ipuina da gure izaera sakona, baita gure izaera historiko zalantzatia, leialki isla dezakeen genero bakarra. Ipuinaren periferikotasuna Euskal Herriaren periferikotasunaren metafora bihurtzen da bere lumapean. Euskal idazleengan ematen den eleberriaren egarria, Zalduarentzat, Estatu-Nazioaren ilusio handian integratzeko borondote konsziente ala inkonszientearen ikur patetikoa baino ez da: batzuek eleberriaren bitartez lortu nahi dute espainiar sistema literariora sartzea eta, zeregin horretan, ezinbesteko pasaportetzat daikate genero hegemonikoa; bestetzuek, euskal eleberri nazionala dute jomuga, euskal Estatu-Nazioa fundatzeko helburuarekin uztarturik. Bi kasuetan eleberria da porrotera kondenaturiko handinahiaren bektore literarioa. Ipuinean kokatuz bere burua, eta kokapen hori bere saiakera bikainetan teorikoki bermatuz, Zalduak Euskal Herriaren eta euskalduntasunaren beste ortzimuga bat irudikatzen du, ez suizidarioa ezta eskatologikoa ere, baina bai txit errealista, (auto)ironikoa eta literarioki gozagarria. Bere jomuga ez da eleberri nazional handia, baizik eta ipuin hyponazional laburrak.

        Bere eleberri historikoa irakurri nuen. Aste pare bat behar izan nuen, luzeragatik. Ona zen. Oso. Baina gure Iban Zalduaren ipuingintzarekin ez zeukan, asko bilatu arren —eta bila ibili nintzen, sinestaidazue, bion arteko harremana luzatzeko ardurak bultzaturik—, ez zeukan, nioenez, konpatibilitaterik. Beste zerbait zen. Beste idazle bat mintzo zen lerro haietan. Eta pentsatzekoa izan arren, harriturik nengoen oraindik. Nola idatz zezakeen hain ezberdin benetako Iban Zalduak? Nolatan ez zitzaion kutsatu gure Iban Zalduaren aiurri literariotik ezertxo ere? Sentitzen nuen esku artetik ihes egingo zigula, horrela jarraituz gero, eta bion artekoak ez zuela jarraipenik izango. Euskal txapela jantzita agertu zenean prentsaurreko batera alarma piztu zen Xedearen partaideon artean. Trufaka ari ote zitzaigun? Nekez eraikitzea lortu genuen irudia lardaskatzen ari zen. Niri ere alarma piztu zitzaidan, baina oso bestelakoa zen nire kezka. Zerbait asmatu beharra neukan gure harremanari luzapena emateko. Nire bulegoan jarri nion hitzordua, bere liburua itzultzeko aitzakiaz. «Iban, ohartzen zara nobela historikoa guztiz modatik pasatua dagoela, ezta? Ondo idatzita dago. Ederki idazten duzu. Benetan. Baina, nola esan... Nobela mota hau ez da jada eramaten. Nork irakurriko du halako liburukotea?». Ez zen nahikoa, noski, bere idazle grina itzaltzeko. Hilabeteak igaro zituzkeen, urteak beharbada, eleberri zoragarri hura ontzen. «Modak sortu egiten dira, Irantzu. Ez dizut zuri irakatsiko hori. Begira nola sortu duzuen zuek idazle bat, eta nola lortu duzuen ipuingintza lehen planora ekartzea. Komunikazio kanpaina on batekin, internet erabiliz, gauza asko egitea dago, egun. Ez naiz erabat tontoa eta badakit nire eleberriak ez lukeela lortuko, oraingo kontestu honetan, merezi lukeen arretarik. Modaren diskoari buelta erdia emanarazteko, ordea, hona zer bururatu zaidan, beste ideia batzuen artean: Nobelatzar historikoaren kontra, nobelatzar historikoaren alde izeneko irakurketa batzuk antolatzea, zenbait idazle garrantzitsu bertan parte hartzera gonbidatuz, kontradikzioaren erronka onartuz». Azken kartutxoa xahutu nuen: «Zer uste duzu, horrelako zerbait nahikoa litzatekeela adibidez poesia bezalako gauza kutrea berriro modan jartzeko, eta, zergatik ez, poeta sentimental bat bihurtzeko, egunetik biharamunera, euskal sistema literarioaren izar berri? Mesedez, Iban. Badakit konspirazioaren teoriaren aurka ezin dudala ezer esan, baina gure ahalmena, oso handia izanik ere, mugatua da». Ez bide nuen lortu erabat komentzitzea eta ezpainak estutuz begiratu zidan, erantzuki aurpegiaz.

        Kurioski, Zalduaren ipuinek dentsitate inpresioa sortzen dute, beren laburtasunean. Mundu bat —Mundua— bere dentsitate osoaz birsortzen daki lerro gutxitan. Nola lortzen duen? Bada, apika nobelatzar historikoen egileek adina informazio daukalako deskribatzera doan munduaz, mahuka barruan gordeta. Zaldua autore jakintsua da, eta bere jakintza ez da bizi izan duen esperientziaren zilborrera mugatzen. Alde horretatik, beste garai beteko idazlea da, dokumentatzen dakien idazlea, munduaz diharduen idazlea, jakintza entziklopedikoan oinarritzen den bibliofilo bat, kezka politikoa duen idazlea, hitzaren zentzurik zabal eta nobleenean. Haatik, esan bezala, mahuka barruan gordeta datxika jakintza hori, ez du deskribapenetan xahutuko. Esaera eskoziar zahar batek dioenez, gentlemana da kornamusa jotzen jakin arren jotzen ez duena. Gisa berean, Zalduak ez ditu bostehun orrialde beteko irakurlea inpresionatzearren. Aldiz, bostehun orrialde idazteko beharrezkoa den dokumentu meta bere esku daukala sentiaraztea lortuko du idatziko dituen bizpahiru orrialdeetan. Nolanahi den, ez da bere asmoa mundua imitatzea, kopiatzea edo bere osotasunean besarkatzea. Ez da bere asmoa, Balzacek zioenaren ildotik, erregistro zibilarekin lehian ibiltzea. Tentazio galbidetsu hori Katastroaren jauna ipuin birtuoso bezain kezkagarriaren bitartez exorzitatu zuen, aspaldi jada. Ipuineko narratzaileak Erresumak inoiz ezagututako katastrorik zehatzenaren idazketan esku hartzen du, XVIII. mendean, eta ohartuko da zein ondorio tragiko izan ditzakeen katastro egilearen utzikeriak. Zalduak ez du mundua ahitu nahi, munduaz gogoeta eragin nahi du. Mundua besarkatzekotan, pentsamenduaren bertutez besarkatuko du, idazkeraren zehaztasunaz iradokiko du bere presentzia osoa. Eta, are, ihardun horretan ez da bakarrik mundu errealaz ariko, baita mundua izan zitekeenaz ere, bestelakoa suertatu balitz, bestelakoa baldin bada, une honetan bertan, dimentsio paralelo batean.

        «Idatzidazu nire nekrologia, Irantzu», esan zidan. Ez didate inoiz halako maitasun adierazpenik egin. Kafetegian egin nahi izan zuen azken bilera hura. Gure lehen bilera oroitarazteko modu bat zen, jakina, kafetegiarena, baita bere paperari uko egin nahi ziola iragartzeko modu bat ere. Sumatzen nuen bukaeratik hurbil geundela. «Ez gaituzu traizionatuko, ezta?», galdetu nion, nire benetako kezka gure bilerek segidarik izango ez zutela baldin bazen ere. «Ez, Irantzu. Idazten ari zaren nire ipuinen antologiaren hitzaurrea nekrologia bihurtzea besterik ez daukazu. Antologia horrekin amaituko da Iban Zalduaren ibilbide literarioa». «Baina, hurrengo obrak...» «Aurkeztu itzazue inedito gisa. Askozaz ere erosoago ibiliko zarete gainera, egin dezakedanaren kezkaren trabarik gabe. Gauza jakina da hildako idazleak erraz manipulatzen direla. Oso onarberak izaten dira». Hain atsegin nuen bere irri agudo irentsia egin zuen. «Nazioarteko arrakastari uko egingo diozu, hortaz, lortzekotan zauden une honetan?» tentatu nuen, itxaropen gehiegirik gabe. «Ez, Irantzu, ez da nire arrakasta. Zuena baizik. Eta harro egon zintezkete. Ipuinzalea ez naizen arren, on samarrak iruditu zaizkit beti zuenak. Bestela ez nukeen onartuko Xedean parte hartzea. Hala eta guztiz ere, ez dakit ez ote naizen damutzen zure proposamena onartu izanaz. Luzaz damutu izan naizen bezalaxe eleberri historikoaren bidea hartu izanaz, euskal literaturak beste bide batzuk hartzen zituen bitartean. Nire erabaki urrun harekin haserre nengoelako onartu nuen zure proposamena. Hainbat urte antzuz nire idazkerarako dohaina alferrik galtzen ibili nintzela ohartzen nintzelako. Eta proposamenarekin azaldu zintzaidanean, bada, nire asturu ilunari izkin egiteko aukera ikusi nuen, mendekua hartzekoa. Orain ulertzen dut ez dela hala izan. Jakina, idazle orok amesten duen arrakasta horren fruituak goza ditzaket, baina ohartzen naiz ez dela nahikoa...». Ezin nion gehiago eutsi bihotzean neukanari. «Hortaz... gureak... bionak egin du». «Ez kezkatu horregatik...». Niregana hurbildu, bere esku beroa masailean jarri, eta emazteagandik dibortziatu berria zela aitortu zidan.

        Zalduaren ipuingintzak, guztiz historizitateak kutsatua izanik ere, hainbat unibertso literariotatik edaten du, baita itxuraz errealismo historikotik urrutien daudenetatik ere, hala nola fantastikotik — Pisikiatrarena-n— edo zientzia-fikziotik —Etorkizuna-n. Are, literaturaz mintzo den literatura ere bada, neurri handi batean. Ipuingintza eta Itsas pasealekuan azken ildo horretakoak dira, dudarik gabe, eta autorearen poetika inplizito bat osatzeko baliagarri dira, baiki. Baina, dudarik gabe, bere maisutasuna egunerokotasunaren obserbazio ahalmen harrigarriki finean datza. «Sofarena» ipuin goretsian, esaterako, kontsumo gizarteko objektu xume eta itxuraz esanahirik gabearen desagerpenak —sofa eponimoaz ari gara— gure bizitzetan izan dezakeen ondorioak haztatzen ditu. Eta ezin diezaiekegu gehiago modu berean begiratu gure etxean metatzen diren gauzei, ipuina irakurri ostean. Dena dago lotuta, unibertsoa sistema bat da, zeinetan elementu guztiak baitaude elkarri konektaturik, hariak ikusezinak izan arren gehienetan. Hala gertatzen da, esaterako, bost atalez osaturiko Itzalak gogoangarriko pertsonaiekin. Itxura batean xake taula soziologikoan elkarrengandik urruti dauden Nekane, Marga, Eduardo eta Aritz uste baino lotuago daude. Askotan, Zalduaren ipuingintzak denbora aurrera joan ahala bata bestearengandik urrunduz doan jende arruntaren ibilbideak ditu hizpide, Big Bang politikoaren garai urrunean batuta edo oso hurbil zeudenak. Delako Big Bang hori Trantsizioaren urteak izan daitezke, baina belaunaldi bakoitzak dauka bere Big Bang-a, azkenean antologia honetatik kanpo geratu den Gerra zibilak ipuinean aditzera ematen denez. Zalduaren ipuinetan pertsonak, objektuak, oroitzapenak, gertakizun historikoak... guztiek sare erraldoi bat osatzen dute, zeinetan mugimendu ezdeusenak oihartzuna eragiten duen gorputz sozialaren beste muturreko atalen batean, edota kronotopo exotiko batean. Ipuingilea oihartzun horiek entzuten eta papereratzen dokien dibinitate domestikoaren beste izena baino ez da.

        Irantzu Beobideren nobelatzar historikoak arrakasta itzela izan zuen. Irantzuren senar ohia izan zen guztietan harrituena. Ez zekien, hainbeste urtez alboan eduki zuen emakumea genero horren zalea zenik, ezta idazteko asmo seriosik zeukanik ere, kontu akademikoetatik eta han-hemen argitaratu zituen ipuin solte batzuetatik harat. Baina, gezurra bazirudien ere, ez zegoen duda egiterik: Irantzuk ezin hobeto defenditu zuen bere obra hedabideetan egin zituen agerpenetan. Sautrela-rako Hasier Etxeberriak egin zion elkarrizketa, kasurako, dizdiratsua izan zen. Bere eginkizun literarioa ezin hobeto kontrolatzen zuen idazle bat mintzo zen Irantzuren ahotik.

        Eta domestikoa diot zeren Zalduaren ipuinen irakurketak ondo sentiarazten gaitu, etxearen babesean bezala baretzen gaitu, nahiz kontatzen diguna ez izan bereziki lasaigarria, berez. Nola azaldu poradoxa hau? jo genezake, noski, azalpen klasikora, hots, galerna ikuskizun polita da... etxe barrutik ikusita. Baina ez da erantzun egokia. Izan ere, literatura orori esleitu dakiokeen oharra da hori. Fikzio orori. Ez, bestelakoa da Zalduaren literaturaren efektua. Badago jende bat bizpahiru liburu aldi berean irakurri behar izaten dituena (edo gehiago, patologiaren larritasunaren arabera), bestela iruditzen baitzaio zerbait galtzen ari dela, irakurri gabe utziko duela gauza gorrantzitsu bat, gauza bat hain zuzen ez daukana, tamalez, esku arrean darabilen liburuak, baizik eta hain zuzen esku artean ez dituen beste liburu horiek. Bada, ez da inoiz halakorik gertatzen Zalduaren obrarekin. Autoreak daukan munduaren ulermena eta inteligentzia literarioa hain dira agerikoak ezen irakurleak —baita aipatu eritasunak larriki ukituenak ere— naretasun osoaz irakurtzen baititu bere ipuinak, beste liburu bati oratzeko tentaziorik gabe. Zalduaren irakurleak jakin badakielako munduaren eta literaturaren sekretuaren zati bat esku artean duena.

 

Pasartea

ENTROPIARENA

 

        Arantxa Georgiara bost hilabeterako joan zenean, ez nuen uste nigan gertatu ziren metamorfosiak hainbesterainokoak izango zirenik. Kontua lehenagotik zetorren, noski. «Ez al duzu ikusten nola duzun gela? Ez dizut nik, ba, erratza pasatuko, zerri horri! Kakak jango zaitu azkenean, Fernando. Eta komuna? Oi, komuna! » Horrek izorratzen du nire emaztea gehien: komunaren estalkia altxatua topatzeak, iratzarri osteko txiza bonba eman gabe uzteak, eta dutxaren paretetan itsasirik geratzen diren ile kizkurrek. Arantxaren purrustadei —bizilagunen gozamenerako—, tonu ozenean eramaten genuen eztabaida batek jarraitu ohi zion, edo zoru-garbigailua hartu osteko nire birao isilen bildumak. Azken aldietan ezta hori ere. Beraz, Eusko Jaurlaritzak elkarlaguntza-plangintza ekonomikorako aholkulari gisa Arantxa Georgiako errepublika sobietar ohira bidaliko zuela jakin nuenean, ezin esan puska bat poztu ez nintzenik: kreditua ordaintzen hasi ginenetik, etxean gustura izateko lehenengo aukera izango nuela iruditu zitzaidan.

        Ni potroetaraino nengoen, eta ez bakarrik garbiketa-kontu horiengatik. Arantxa maite nuela sinesten jarraitzen ahalegintzen banintzen ere, haren gero eta gauza gehiago gertatzen zitzaizkidan gorrotagarri; garbizaletasunaz gain, jakina: landareekiko haren grina —etxea hamaika fikus, espatifilos eta marantaz beterik daukagu—, edo haren horror vacui-a, «Todo a 100»etan erabilgarritasunik gabeko objektuak erosteko joera hori, eta txortan ez egiteko jartzen zizkidan oztopo eta aitzakia errepikatuegiak. Hura hegazkina hartzera abiatu, eta egin nuen lehenengo gauza Guns n' Rosesen konpaktorik makarrena bolumen osoan jartzea izan zen: bizilagunak molestatuko ditugulakoan edo Arantxak guztiz debekatua didan zerbait. Eta Telepizzakoei telefonoz deitu nien, pizzarik koipetsuena eskatzeko. Eta, bai, amaginarrebak oparitutako salako besaulki berrian pizza jatera jesarri, telezaborra kontsumitzera, estanpatuaren gainean erortzen ziren pepperoni pusketei jaramonik egin gabe.

        Etxea txukun edukitzeko eta landareak zaintzeko argibide zehatzak utzi zizkidan Arantxak: guztira, letra xehez idatzitako sei orrialde. Zakarrontzira bota nituen berak etxetik alde egin eta berehala. Hasieran landareekin anker jokatzeko ideia sortu bazitzaidan ere —lorontzietako lurrari, uraren ordez, lixiba bota, adibidez—, azkenean, Naturari bere bidea egiten uztea erabaki nuen, lehortearen efektuak pozoiarenak bezain behin betikoak izango zirelakoan. Gustuko espektakulua bihurtu zitzaidan landareen hostoen horitze-prozesua jarraitzea, herioren kontrako beren borroka hura kontenplatzea, azkenik, zurtoin eroria, indarrik gabe, parketaren gainean nola etzaten zen ikusteko. Hala ere, landare batzuek, harrigarriro, eutsi egin zioten ur faltari eta, makal baina, bizirik iraun zuten luzaroan.

        Korridorean hasi ziren agertzen degradazioaren lehenengo arrastoak, Arantxa joan eta ia berehala, baina, kontzienteki, ez nien kasurik egin. «Arratoiak» deitzen nien: eskobatze ezak sorrarazten dituen ile eta hauts bola gris gero eta handiago horiek ziren arratoiak. Haien bizitza, mugimendu eta bilakaera jarraitzea zaila zen —ustekabeko ostikada batek korridoreko eragin-zonetan arratoiek zuten kokagunea erraz alda baitzezakeen, lurraldetasun-gatazkei hasiera emanez— eta, batzuetan, Jainko izatera ere jolasten nintzen, eta gogoko nituenei abantailak eskaintzen nizkien, besteen aurkako lehian. Behin baino gehiagotan eraman nuen maiteen nuen arratoietako bat sukaldeko ate ondora, handik atera ohi zen zikinkeriaz lehenen elika zedin: leku horretan bizkorrago loditu eta laster jabetzen zen pasiloaren ekialdeaz, inguruan zebiltzan beste arratoi gaixoak uxatuz edo irentsiz.

        Bainugela aparteko kontua zen, noski. Arantxa desagertu eta aste bi geroago, komun-ontziaren ertzetatik goitik beherako zikinune ilun luzeak eratzen hasi ziren, eta lauzpabost egun behar izan zituzten hondoko ura ukitzeko. Gaina eta ingurua, zer esanik ez, kolore eta tamaina anitzeko zipriztin, ile eta orbanez bete ziren; konketak, berriz, bizar-ilez eta odoltantaz apaindurik iraun zuen. Laugarren asterako, oinetakoak lurreko gresean itsasten ziren, bainugelara sartzeko abentura oraindik zingiratsuagoa bilakatuz, are koipetsuagoa zegoen sukaldekoa bezainbat, gutxienez.

        Sala ez zegoen hobeto. Lurrean barreiatutako Kutxaren eskutitz ireki gabeak eta Eroskiko garagardo latak astean behin biltzen nituen, eta beti utzi behar izaten nuen sofaren azpira ihes egiten zidan bat edo bat. Telebista aurrean eseri eta beti pentsatzen nuen leihoa ireki eta gela egurastu beharra zegoela, baina ordurako aparatua urrutiko aginteaz piztuta neukan eta altxatzeko gogo guztiak alde eginda. Gelak airea behar zuen, ordea, bakarrik geratu eta hirugarren asterako berriro erretzen hasi bainintzen, bost urtean tabakoa ukitu gabe egon ondoren; Arantxa eta biok berrogeita hamarna mila pezeta kostatu zitzaigun ikastaro-tratamendu batean apuntatu ginenetik, hain zuzen ere. Arantxaren arropak betetzen zuen armairuaren zatia Sombra kartoiz bete eta hara bideratzen nintzen, pakete berriaren bila, egunean bi aldiz gutxienez.

        Garbigailua —Arantxak izugarri maite zuen Candy zuri distiratsua— bere horretan geratu zen, eta ez nuen bost hilabetean ukitu ere egin. Klasera azaltzeko arropa garbiak behar nituenez, amari egindako bisitaldiak ugaldu nituen. Hasieran, arropa zikinez beteriko poltsatzarrarekin agertzen nintzen bakoitzean, marmarka hasten zitzaidan ama, baina azkenean pozik egiten zuen lana, semea ezin baitzen unibertsitatera arlote bat bezala agertu, eta, gainera, nork egingo zion ume gaixoari lixiba eta lisaketa, emaztea hain urrun egonda. Amari gaizki iruditzen zitzaion Arantxak ni horrela abandonatzea, eta sentimendu horretaz aprobetxatzen nintzen, etxean haren izena aipatzen zen bakoitzean nahigabetu-aurpegia jarriz. Gero beti etorri ohi zen bazkaltzera edo afaltzera geratzeko gonbita, eta nire baietza, jakina.

        Bai, unibertsitatean egiten dut lan. Ez da lan txarra, inondik ere. Lanordu gutxi, eskakeatzeko aukera anitz, eta neskatilak nonahi. Bai, klaseak prestatu behar dira, zerbait ikertzen ari zaren itxura egin, eta kideak zein nagusiak jasan, baina halako xehetasun gehienak beste edozein lanbidetakoak ere badira, gutxi gora-behera. Eskalafoian igotzeko aukerarik gabeko titular petral bat izatea, ordea, ez nuen hain atsegin; Arantxa askoz ere ibilbide profesional bizkorragoa egiten ari zela kontuan harturik, batez ere. Emaztearen soldata, zer esanik ez, airea baino askoz ere hobea zen, eta begirune handia zioten Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sailean; beldur nintzen Georgiarako misio horretatik bueltan ez ote zioten idazkaritzaren bat eskainiko. Hortik azpisailburutzara, edo sailburutzara bertara, ez zegoen tarte handirik. Gogorra egingo zitzaidan, gero, sailburu andere txit agurgarriaren gizona izatea!

        Etxera itzultzen nintzenean, atseginez, degradazio prozesuaren aurrerapausoak errepasatzen nituen. Kristalak, zorua, altzariak... gero eta desitxuratuagoak zeuden.

[...]

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera