Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Ispiluak

Hernandez Abaitua, MikelHordago, 1985 Ipuina

Aurkezpena

        Badakigu ispiluaren metafora ez dela berria. Ezagutzen dugu Stendhalen konparazioa, kaminua eta ispilu ibiltaria.

        Jakina da Valle-Inclánek ispilu txapalak utzi ondoren konkaboak erabili zituela. Beste autore askok ere erabili dituzten bezala, bala nola Pere Gimferrek edo Quevedok, E.S. Dogsonen anaiak —zeinaren Aliziarekin amets egiten dugun maiz— J. Conradek, etab.

        Baina ez dugu ispilua Ilustrazioaren modura ikusten, ezen ispiluak askotan bizitza propioa hartzen bait du gure onerako, edo horrela dirudi behintzat, aurrean dituen elementuak hartzen dituela, bere modu autonomo batez ordenatzeko gero.

        Bestalde ispilua zaharra bada ere, miraila oso gastatua egonarren —zenbat eta gehiago gastatzen den pulituago gelditzen da, pulituago eta politago—, «mirrorean» hamaika eta bost printzesa isladatu direla ere, ispiluaren aurrean paseatzen den errealitatea da berriz aldakorra, nahiz beti berdin eta beti diferente izan. Eskritore apalenarentzat ere gehienetan egongo da leku umiltxo bat berak ispiluan ikusten duena azaltzeko, milimetro txikiena delarik ere, dena aldrebes ikusiarren.

Pasartea

Ispilu-artisaua

 

 

«Makurtu eta paper-hondakin bat hartu zuen; berehala bola bat egin zuen beronekin, atzera begiratu berriro eta atearen ahotik bota zuen bola. Hasperen nagi bat jaurti zuen non nolabaiteko mirespen neolitiko batek borroka egiten zuen bere harridura zibilizatuarekin. Bola ez zen erori lurrera ateaz bestaldean. Mundutik desagertu zen aidean zegoelarik.»

Raymond Chandier,

»Brontzezko atea»

 

 

        Udazkena zen, euliak hiltzen hasten diren garaia, Piero Bossik erresumako muga trabesatu zuenean. Eta jakin balute erregek eta bere akolitoek zer nolako azotea zetorren gizon harekin batera, ez zuketen seguruenik pasatzen utziko. Baina ihesean pasako zukeen beharrezkoa izanez gero.

        Berarekin zetorren ama zaharñoa ez zatekeen horretarako oztopo bat izango ibiltari arma bait zen, semea baino azkarragoa beharbada eta kuasi inguruko lurralde guzietan ezaguna, ezen batzuk ziotenez sorgina zen, hainbeste leku diferentetan ikusia izan bait zen maiz ordu beretsuetan, baina ezetz zioten besteek, ubikuitatea Jainkoaren dohaina dela soilik, eta oso azkarra zela ibiltzen, zalua, eta horregatik ikusia izan zitekeela erresuma bereko lau puntetan egun berean. Zapi gorria zeraman ia beti buruan eta gona loreduna, anitz koloretakoak hauek eta brusa more zetazkoa, gaztarotik gelditzen zitzaion prenda bakarra agian, edo maitale oso aspaldiko batek erregalatua segur asko, baina honetan bera ere ez zen ondo gogoratzen.

        Arazoa da ezin zuela inork deus susmatu eta jakin izan balute Piero Bossiren lanmodua zein zen, ispilugilea hain zuzen, ez zatekeen deus gertatuko. Erresuma hartan —eta kuasi mundu guzian— ez zen ispilurik ezagutzen, errekastoen ur gardenarena ez bazen behintzat.

        Ez kasualitatez, «Piero Bossi & amañoa» ispilu-konstruktorea zeritzan entrepresa erresuma hartan sartzen bazen hantxe ispilua ez-ezaguna eta komertzialdu gabe zegoelako zen eta ez bestegatik. Pierok askotan zioenez ispilua biziki gauza interesgarria izango zen humanitatearendako komertzialdu nahi izan zuten lehen erresuman problemak izan zituzten arren. Juxtu-juxtu ihes egin zuten erregeren soldaduen apatxetatik.

        Hego haizea zegoen, euliendako deskantsua beren beherabehar hartan eta Pierok zeru urdinera begiratzean pentsatu zuen urdin hura askoz politagoa litzatekeela kristal-isladatzaile batetan errealitatean baino. Hain zegoen urguilos bere asmakizunaz ezen beti pentsatzen bait zuen Jainkoaren obra baino politago zela berak sortutako ispilua, zeinean Jainkoarena islada zitekeen, hau da zerua eta mendiak ispiluan ikusita politagoa iruditzen zitzaizkion batere duda gabe. Kasu honetan ama batzu bezalakoa zen, uste bait dute beraien umea dela politena, azkarrena eta onena. Baina amak zuhurtzia handiz erraiten zionez «zure obra xeme, ez litzateke ezer Jainkoaren obra isladatzeko ez balu» eta apaldu egiten zitzaizkion begiak orduan.

        —Eta nola dakizu Jainkoak egin zuela mundua? —erraiten zion semeak.

        —Bible sainduak dioelako.

        —Eta nolatan dakizu bible sainduak egia dioen ala ez?

        —Ene hiriko abadeak erran zidalakotz.

        —Eta nork erran zion abadeari? —galde egin zuen semeak ama artega ari zela jartzen ikusten zuen artean.

        —Nork erran zion? Bada beste abade batek, kaka putza eta zirina —baina Pierok ez zion kasurik egin ernegatze horretan, eta bere buruarekiko arituko bailitzan segitzen zuen galdezka.

        —Eta bible saindua gertatu zenaren ispilu ez-perfektoa balitz? Nik asmatutako ispilu konkabo eta konbexoen antzora izkiriatua balego?

        Puntu horretara ailegatzen zirenean amak ez zuen sekula arraposturik ematen. «Etorri hona, xeme» erraiten zion, «konpondu behar dizut lepatrapuaren jarrera», eta ondo egonarren lepoko painolua lekuz aldatzen zion poliki.

        —Utz lasai hori ama, ondo dago eta —Pierok jakaren beheko ertza oratu zuen eskuez eta tiratu egin zuen lisuturik geldi zedin.

        Berejazkera begiratu zuen, onartu behar zen polita zela, ispiluan erreflejaturik batipat. Jaka eta praka gorriak, botoi doratuak, txarol gorrizko zapatak eta kapela ponponsoa ere gorri gorria han doratuz brodatua.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera