Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Ispiluaren islaketak: Keiko eta beste udazkenak

Ezkiaga, PatxiElkar, 1988 Poesia

Aurkezpena

        Madrilgo metro tuneletan idatziak dira batzuk, bertako biztanlegoaren konpainian gaueko ordu iheskorretan..., goizalbako bakardadean besteak hormetako graffitiei hitzegiten lagaz, nire motxila Cercedillarako trenaren zai zegoen artean...., larunbat arratsetako eskailera mekanikoetan beste batzuk berriz...

        Ez da Liverpool eta London inguruetako paisaia suburbanoaren kantarik falta, uztaila labur baten lekuko...

        Baina zerbait baldin badago, egunerokotasunaren izadia gainezka agertzen dela esango nuke, komunio mailan esperimentatua, jana, haragi egina... zuhaitz enborrari loturik bizitutako haizeteak, balaunka honuntza eta haruntza berarekin, izarrei begira belar gainean emandako gauak... eta Donostiako espaloietan paper eta patata frijitu zorroen konpainian igarotako orduak. Eta poesia hitzaren heriotzaren ondoren bizirik dirauenaren iradokizuna bada zure eskuetan uzten dut, demokraka kosmikoen herrirantz joko duzulakoan.

Pasartea

Heriotza

 

 

Anbulantzia beltzetan

paseiatzen dute heriotza

Donostiako kaleetan.

Harrinabarrezko soineko zurian

jazten dute heriotza

bidaia eternalerako geltokian.

Eta horretarako

ez nuke hiltzerik nahi.

 

Itsasadarreko ur azalak

eman zidan bizitza

lurraren altzoan.

Eguzkia eta hilargiaren

txanda erritmikoak

eman zidan denbora

aroen magalean.

Andrearen haragiak

eman zidan amodioa

ta maitasuna barkamenak

antsi ta amets irrikakor

lizunetan.

Betea dudanean eguna

eta agiango egunsentia ernal dezakeen

gau beltzean sartzen

naizenean

ken itzazue nigandik autoak

ta ken marmorezko nitxoak.

 

Gizonen bizkarrean joan nahi dut,

izerdi epel miketza hausnartuz,

ortziaren zama ene gainean.

Gizonen eskutik jaitsi nahi dut zulora,

lurra ene hezurrenpean, lurra, haizea

ta ura ene kondarren sapaian.

 

Marietxeko trikuharrian izandu naiz gaur,

ahuspez gure arbasoen aberri sakratuan,

udazkeneko okrek tumuloaren berdetasun sakona

koroatuz perla erori orailduaz,

gaztainadi ta pagadien erreinuan.

 

Haiek bezala nahi nuke egotea beti,

ekialdetik sortua izanik, mendebalderuntz

abiatuz pausoak, eguzki-esperantzaren

sabelean, ene betireko bidaian.

 

Hilarrita magikoa nahi dut nigan,

Marietxe jainkotiarra ta, egunero pauso bat

gehiago eman dezadan, Iratiko

oihanaren fereka ene masailetan.

 

Anbulantzia beltzetan paseia ez dezaten

ene heriotza,

harrinabarrezko soinekoz jantzi ez nazaten

buztinaren beste ertzera

naramatenean.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera