Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Itsasoak ez du esperantzarik

Haranburu Altuna, LuisLur, 1973 Nobela

Pasartea

        —Zure apunte batzuk ditut...

        —Apunte batzuk? Ez naiz oroitzen...

        —Bai. Soziolojiakoak. Gaur emanen dizkizut. Neroni joanen naiz.

        —...ez du presarik. Ez dio inportik.

        —Ez, ez. Hortik pasa behar dut, eta ez zait kostatzen. Baina kanpora joateko asmorik baduzu, esan. Beste egunen batetan pasako naiz.

        Bere bozak epelago dirudi gaur. Ez nuen pentsatzen Ines izanen zenik. Telefonoa hartzerakoan Antonio izanen zela uste nuen. Gero deitzekotan gelditu da goizean.

        Kanpora? Ez dut kanpora joan beharrik. Gainera, Inesek badaki hori. Beti bezala gaur arratsaldean ez dut egiteko handirik. Gainera larunbata da, eta larunbatak ez du deus esan nahi niretzat. Larunbatetan jendeak eta kaleak aldatu egiten dira. Baina niretzat ez da ez iganderik eta ez larunbaterik. Egun guztiak berdinak dira. Ladriloak bezala. Berdinak.

        Isilunea egin da bion artean. Ines mutu dago eta nik ez dakit nolatan jarraitu. Zerbait esatea gatik diot:

        —Nondik deitzen duzu?

        —Taferna batetik...

        Hori banekien. Tafernako zarata nireganaino heltzen da telefonoaren haritik zehar. Baina zerbait galdetu behar nion. Hitzegin beharra dugu. Bildur naiz gure isiluneaz. Oraindik ez dakit Ines hona etortzerik nahi dudan. Arratsalde guztia neuretzat nedukan, eta gustora nengoen. Kanpoan langarra hasi du. Irakurtzeko edo ametsari ekiteko denbora egokia da.

        Edozein mutil normalek nahiko luke Ines etxera etortzea. Ines polita da. Niri behintzat asko gustatzen zait. Beruna du larrua. Beltzarana da. Ile luzea. Gaztain kolorekoa. Ez da handia, baina ondo egina. Iztar dotoreak ditu. Berak hori badaki eta gona motzak usatzen ditu. Bai. Ines polita da. Belarriak zabal samarrak ez balitu, oso xarmanta litzateke. Eta berak badaki gustagarri dela.

        —Egoaldi xarra egiten du, eh?

        —Bouff!... eta hotza gainera. Abrigoa jantzi dut. Lehenengoz aurten.

        Une batez isilik gelditu da, baina nik ez dut hitzik egiten. Berak jarraitzen du:

        —Euria ari du. Auskalo noiz arte. Akabo udara! Egoaldi honek tristatu egiten nau.

        —Niri berriz gustatu egiten zait udazkena. Udara ez da seriosa.

        —Ja! eta zertarako behar duzu seriotasuna? Gripeak ere orain harrapatzen dira.

        Hitzegiteko gogoa du Inesek. Normalki guti hitzegiten du, lagun artean batipat. Nik badakit bera ere bildur dela gu bion arteko isiluneaz. Horregatik ari da berriketan egoaldiaz eta gripeaz. Baina bere berriketa bortxatua da. Bere gonbarazioa bezala. Bere urpegia ikusi nahi nuke une honetan. Bere hitzak baino gehiago adieraziko lidake bere jarrerak. Baina ezin dut haren aurpegirik imajinatu.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera