Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Itzalak

Mujika, Jose AntonioElkar, 1984 Ipuina

Aurkezpena

        Iluntze aldeko ordu ñabarretan, eguneko nekeak atzean, egurastu gogoz hiriko kale nagusira begiak zabalik ateratzen zarenean, hara eta hona etengabe dabilen gizaki multzo mugikor eta urduriaz inguratua aurkitzen duzu maiz zeure buru bakartia. Inoiz, ordea, inguratzen zaituzten horiek benetako gizakiak baino areago itzalak direla iruditzen zaizu, giza itzalak. Luze motelak, batzuk. Lodi beteak, besteak. Grisak, haiek. Ilun-ilunak, hauek. Astunak, arinak, zorrotzak, kamutsak, egokiak, itsusiak... Liburu honetako istorioetan ere giza itzal lIabur batzuk igaroko zaizkizu aldamenetik: ametsek saldu zuten gaztearena, gorrotoak galdu zuen errugabearena, ilargiak atzitu zuen amestiarena, arrotzak emakumetu zuen neskarena, itsumenak erotu zuen mutilarena... Itzal iheskor horien atzean, halere, geure bizitzen kale nagusian aurkitzen ditugun mami-gogozko gizakiak suma daitezke, beharbada Ianbroan bezala.

Pasartea

        Lehen etxeetara iritsi denean ate ondoan lo ez lo etzanda dauden txakur txoroak zaunka hasi zaizkio gizon arrotzari. Inguru-minguru ari zaizkio, zalapartaka, hortzak erakutsiz, saltaka, atzetik mehatxuka baina era-bat inguratu gabe ordea. Ez dute haginka erasotzen; etxekoak ohartarazten ari dira. Baina, halere, ez da inor ez atari ez leihoetan agertzen. Txakurrak hurbilxeago ari dira orain; gizonak makila luzea dauka eskuan ordea... eta korru dantza zalapartatsuaren legea bizpahiru minutuz bete ondoren, beren txokoetarantz biltzen hasten dira etsita, belarriak eta isatsa makur, aldian behinka atzera begiratuz, txakur txoroak, gizonak mantso aldapan gora jarraitzen duen bitartean. Txakurrak e ikusi niñuten, oaintxe goatzen naiz, zaunka hasi zitzaizkidan pasa nitzanian. Mendiolakoa batez ere... Y ¿qué? ¿salió alguien de la casa? ¿No? Pues no diga tonterías, hombre. Ofizioz tokatu zaion legegizona haserretzen eta arnegatzen hasi zaio Mikeli. Zer uste ote du gero baserritar isil eta egoskor horrek? Arranoko hilketaz beste, hamaika eta hamaika kasu eraman ditu. Kasu zailak. Bihurriak. Eta itxuraz eraman gainera. Baina zer egingo zaio, bada? Tentel horrek lagundu nahi ez badu, errua aitortu eta ohizko erruki eskeak egingo dizkio gizonen ahulezia hain ondo ezagutzen duen juez bihozpera eta errukitsuari. Eta kito. Zer egingo zaio, bada! Auzigelako mahai nagusian momia beltz aspertu eta lokartua bailitzan tartean begiak harriduraz zabaltzen dituen juez jaunak ere ez du ezer ulertzen. Harrigarria. Gaizkile ustekoak ez du ezertxo ere egiten datorkion zigor gogorrari nondik edo handik aldegiten saiatzeko. Horrelakorik! Ea bere burua errudun aitortzen duen. Ezetz. Lehen ere mila aldiz esan duela. Eta lekukoak? Mila aldiz argitu duela hori ere eta sinesten ez badiote, mila eta batgarrenean zertarako hasi behar duen. Mikel etsituaren begi nekatuek ez dute gela ilun haren itzal astunetan nekeagotzen egoteko gogorik. Nahiago dute, betazalak beheratuz, beren barruko koba itxi eta baketsuetan pausatu, bihotzetik gora datorkion gorrotoa hango bakardade lasaigarrian arinduz.

        Azken txakurra, txakur txiki txuribeltz itsusi bat, oraindik ere txokora joan ez joan dagoela, Mintegi etxean kortinatxo bat mugitu ote den iruditu zaio gizonari. Eta berehala eskua jaso eta txapelera darama, zabatik, aurpegia ahurraz estatiz keinu neurtu batez. Zainestu dago, ez ordea dardarti. Erne, ez urduri. Hoixe bihar nian oain, norbaitek ezautu eta dena izorratzea... Urrats neurtuka darrai gora, eskua jaitsi eta abrigo grisaren gerri aldean patxadaz haztatu ondoan sakelaratzen duelarik, han daraman tresna gogor eta hotzaren bila. Leihoan ez da ezer mugitu. Nere irudipena izango zuan, seguru. Ez, leiho horretan ez da inor mugitu. Eta, gainera, ikusita ere enaute ezautuko. Denbora ez da alferrik pasa... Este Tribunal condena a Mikel Amikutz de 22 años, vecino de Arrano, a la pena de 40 años de prisión, como autor del incendio del caserío Artzaketa, en el cual fallecieron Andrés Arrieta y su hija Lurdes Arrieta, residentes en dicho caserío... Hil eingo diat! ... Auzi-gela ilunean luzatu-laburtu, loditu-mehartu dantzan dabiltzan itzal beltzez inguraturik entzun eta ikusmin bildu diren guztiek josia dute soa Mikelengan; honen begiak, berriz, betazalak nekez goratzen direnean, ez dira zoru gris eta hotzetik desitsasten. Hil eingo haut, gartzelatik irten orduko hil eingo haut... neuk hoztuko diat azken arnasa.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera