Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Jainkoaren bortxaz

Haranburu Altuna, LuisHiria, 2007 Antzerkia

Aurkezpena

    Santakrutz apaizaren pertsonaiari buruzko drama honekin, L. Haranburu Altunak Euskal Herniaren historian arrakasta eta eragin aparta izan dutenen galeria osatzen du. Bortxa eta fanatismoaren erretaula burutzen da bertan eta gaurko biolentziari buruzko galdera egiten da Hernialdeko apaizaren aitzakiaz.

 

Pasartea

LEHEN JOKALDIA

 

(Argia egitean SERORA dago eszenan eta mezetako arropak txukuntzen ari da. MUTILA I sartzen da eszenara).

 

MUTILA I: Kaixo Serora! Don Manuelen bila nator.

SERORA: Laster da hemen. Gosaltzera joan da meza eman ondoren.

MUTILA I: Berak esan zigun meza ondoren etortzeko. Beste lagunen bila noa.

SERORA: Ez du asko tardatuko (hautsak kentzeari ekiten dio orain eta ez da ohartzen SANTAKRUTZen sarreraz. Honek apaiz jantziak ditu; sotana darama eta bonetea).

SANTAKRUTZ: Hautsa gehiegi harrotuko duzu.

SERORA: (Izuaz) Ene Jesus! Berorri da... ez dut entzun sartzean.

SANTAKRUTZ: Badirudi izutu zaitudala, baina nor izan zitekeen ni ez besterik.

SERORA: Berorren galdezka etorri da gazte bat. SANTAKRUTZ: (Kezkati) Nire galdezka? Nor ordea?

SERORA: Berorrek deitu duela esan du eta bere lagunen bila joan da.

SANTAKRUTZ: Eta ez dator bakarrik, gainera?

SERORA: Bakarrik agertu da baina bere lagunen bila dijoala esan du.

(SANTAKRUTZ atera joan da eta xelatan jarri da bertan. Eszenatokiaren beste aldera dijoa orain eta leihoa zabaltzen du. SERORAk arretaz jarraitzen du apaizaren joan etorria).

SERORA: Kezkaturik dirudi Don Manuel.

SANTAKRUTZ: Horrela da. Garai nahasiak dira hauek eta ez da gauza erreza jakitea nor den bakoitza. Aspaldi honetan ezezagun asko dabil Hernialdeko paraje hauetan. Hemen ez da inoiz ezer gertatzen baina azkenaldi honetan jende ugariegi ikusten da.

SERORA: Eta Mikeleteak ere bai, Don Manuel.

SANTAKRUTZ: Horrela da bai.

SERORA: Mutilak itxura ona zuen, ez zirudien kaletarra. (Atean jendea nabari da eta SANTAKRUTZek ahulki bat hurbildu du leiho azpira. SERORA kanpora ateratzen da eta laster dator ostera, hiru mutilei aurre hartuaz). Aurrera mutilak, hemen duzue Don Manuel.

MUTILA I: Egun on Don Manuel!

MUTILA II eta III: Egun on jauna!

SANTAKRUTZ: Egunon, bai... (Mesfidati) Nor zarete zuek?

MUTILA I: Don Agustinek bidali gaitu berorrengana.

SANTAKRUTZ: Zein da Don Agustin?

MUTILA II: Don Agustin Jauregi. Azpeitiko apaiza.

MUTILA III: Berak esan digu berorrengana etortzeko. Gu prest gaude.

SANTAKRUTZ: Zertarako prest? Ez dut nik ezer ulertzen.

MUTILA 1: (Beste mutilei keinu eginaz eta apaizarengana hurbilduaz) Ulertzekoa da berorren kontu hartzea, baina gu konfiantzakoak gara. Don Agustinekin mendira irtenak gara eta...

SANTAKRUTZ: (SERORAri mintzatuz) Utz gaitzazu bakarrik eta ateratzekoan itxi elizako atea ere.

SERORA: Ondo da, jauna. (Ateratzen da).

SANTAKRUTZ: (Mutilei errierta eginaz) Baina zer uste duzue zuek? Ezer esan gabe agertzen zarete eta nik zer dakit nortzuk zareten? Agian liberal madarikatu horietakoak zarete... edo eta zibilaz jantzitako mikeleteak. Zer dakit nik?

MUTILA I: Jauna, jauna! ez beza horrelakorik esan. Gu jende jatorra gara. Liberalen etsai amorratuak eta esan dugun bezala Don Agustin Jauregik bidali gaitu berorrenagana. Berarekin batera altxa ginen armetan eta berarekin batera jo genuen Izarraitz mendira mikeleteak atzetik genituela.

SANTAKRUTZ:Ez dut nik zuen istoriorik jakin nahi! Nahiko arazo ditut neronek, zuen kontuetan nahasteko.

MUTILA II: Barka bezaigu, Don Manuel, uste gabean eta beste abisurik gabe etorri bagara. Guk uste genuen Don Agustinek aurrez abisua emana ziola, baina bistan da berorri ez dagoela jakinaren gainean.

SANTAKRUTZ: Ondo asko ezagutzen dut Jauregi apaiza eta horregatik harritzen naiz zuekiko jakinaren gainean ez jartzea. Zer nahi duzue nigandik? Zertara zatozte?

MUTILA III: Honezkero bidean da Don Agustin. Berak esan zigun Hernialdera etortzeko eta berorrengana jotzeko. Hemen aurkituko ginela esan zigun. Azpeitiko herrian susmopean gaude eta ez dugu elkartzerik mikeleteak kontu hartu gabe. Don Agustinek esan digu berorrengana etortzeko eta berorren esanetara jartzeko.

SANTAKRUTZ: Zertarako nire esanetara?

MUTILA I: Mendira irteteko!

MUTILA II: Armak hartu eta altxatzeko!

MUTILA III: Karlos erregea ekartzeko!

SANTAKRUTZ: Zaudete...zaudete.

(SERORA dator eszenara eta belarrira mintzatzen zaio apaizari)

SANTAKRUTZ: Zoazte orain mutilak. Norbait dator eta berarekin hitz egin behar dut. Zoazte serorarekin.

MUTILA I: Ondo da, Don Manuel. Bagoaz, baina ez gara urrutira joango. Fede handia daukagu berorrengan eta geure buru izatea nahi genuke. Denbora latzak bizi ditu Euskal Herriak eta berorri bezalako gizonen beharra dugu euskaldunok.

SANTAKRUTZ: Zoazte orain mutilak... zoazte! (Ateraino laguntzen die apaizak eta iluna egiten da eszenan)

 

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera