Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Jan-edanak

Arrue, AntonioGipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1979 Saiakera

Hitzaurrea

Antonio Arrue Zarauz

1903 - 1976

 

Aita Luis Villasante, OFM

 

        Arrue jaun zenaren euskal lanen lehen alea duzu hemen, irakurle. Aurkezpen gisa hitz batzuk eskatu zaizkit.

        Nik dakidantxoa esango dut. Euskaltzaindiak Arrue jaunari zenbat zor dion, alegia.

        Gerra ondoko urte zailetan Euskaltzaindia doi-doia bizi zen. Adiskide onak behar-orduetan frogatzen direla egia baldin bada, orduan Arrue jauna hoietakoa izan zela aitortu behar. Gure elkargoak laguntzaile fin-askoa aurkitu zuen harengan. Batez ere Euskaltzaindiaren aldeko jestioak egin behar zirenean, baimenak lortu behar zirenean, eta abar.

        1956 urtea zen. Urte hartan egin zuen Euskaltzaindiak bere lehen Biltzar nagusi agerikoa, gure mintzairaren arazoak jend'aurrean astintzeko.

        Ondo gogoan dut nola izan zen Biltzar haren sorrera. Arantzazuko eliza berriaren estrainaldia urte hartan ospatu zen; handikiro eta ozenki ospatu ere. Tartean baziren pisuko arrazoiak. Eliza horren estilo berriak polemika gogorrak sorrarazi zituen. Hainbesteraino, non, Erromako eliz batzorde batek kontrako iritzia ere eman baitzuen. Eztabaida haiek herrian utzitako kutsu mikatza ahantz arazi nahi zen, bada.

        Beste aldetik, Arantzazuko eliza hau herri xeheak emandako opariez egina da. Hortarako fraideak herriz-herri eta etxez-etxe eskean ibili ziren. Arrazoi hoiengatik bidezkoa zirudien herriari egindakoaren kontu ematea.

        Hoiek hola, 1956ko une hura jubileo gisa ospatu zen. Arantzazuko Amaren irudia herriz-herri eraman zuten. Bertso eta olerki sariketak antolatu ziren. Urte hartan Arantzazu zenbait Kongresuren biltoki gertatu zen.

        Orduko Aita Guardianari —Aita Carlos Gastesi— gogoratu zitzaion ongi legokeela euskaltzaleen biltzar bat ere, Euskaltzaindiak antolatua, Arantzazun egitea. Egun batean Aita Gastesi horrek hauxe esan zidan: Proposa zazu Euskaltzaindiko Batzarrean Biltzar bat hemen Arantzazun egitea, tokia eta bestelako erraztasunak guk emango dizkiegula esanez. Baina hau gaineratu zidan: Baimena lortzea, ordea, Euskaltzaindia ren beraren kontu gelditzen da...

        Hala esan nuen nik Batzarrean, eta han ontzat hartu zen. Baina katuari txintxarria zeinek jarri? Baimena zeinek eskuratu? Biltzarrerako prestamen guztiak eginik zeuden eta oraindik ez zegoen baimenik. Azken minutuan, ordea, lortu zen. Zenbaitek lan egin zuelako lortu, jakina. Tartean han ibili zen Arrue jauna —Oduko euskaltzainburu I. M.a Etxaiderekin—.

        Biltzar hura hasiera bat besterik ez zen izan. Ondoko urteetan, han eta hemen, beste batzuk antolatu ziren. Euskal kezka pizteko eta bultzatzeko jend'aurreko Biltzar hoiek izan duten eragina beharko da egunen batean neurtu.

        Biltzarrok egiteko, ordea, baimena behar izaten zen. Eta hori lortzeko Arrue jaunagan aurkitu zuen beti Euskaltzaindiak lagun bat inoiz ez gezurtatua.

        Okondo-n (Araba), 1975ko Abuztuan ospakizuna egin zen Ulibarri Galindez-en oroitzapenetan. Han gertatu zen Arrue jauna eta hizlari izan genuen, gainera, baina ordurako gaitzak joa zegoen. Holako festetan azkenengoz han ikusi nuela uste dut.

        1964. urtean Gero-ren edizio berria egin nahi zen, euskeraz eta erderaz. Hortarako Juan Flors argitaratzaileak baldinkizunak jarri zizkigun. Baldinkizunok betetzeko diru mordoa behar, ordea —Euskaltzaindiak ez zutna—. Berriz ere Arruerengana jo genuen. Eta haren jestioei esker zuzendu zen diru hori.

        1969an edo inguru hortan zurrumurru bat zabaldu zen: Euskaltzaindiak ez zuela lege nortasunik, eta,beraz, hari edozein barrabaskeria eginik ere, berdin zela, zeren hark ez baitzuen bere burua defenditzeko biderik. Eta gezurra badirudi ere, indargabezia hortaz baliaturik, tiroak heltzen ziren gutien uste genuen lekutarik. Euskaltzaindia bere lege nortasun hori finkatu beharrean gertatu zen, bada. Eta hortan ere Arrue jaunagan habe sendo-leiala aurkitu zuen.

        Berak ikusi zuen hortarako, lehen urrats bezala, Euskaltzaindiaren Arautegia gaurkotu behar zela, eta lege gizon zen aldetik berriztatze hortan asko lagundu zuen. 1972an Euskaltzaindiak Arautegi berriztatua onartu zuen.

        Gero, berriz, Madrilera joan-etorriak egin behar, Euskaltzaindia legezko Instituzio bezala aitortua eta onartua izan zedin. Arazoa ez zen bat ere erraza. Askotan hitz onak, baina ondoriorik ez.

        Oroit naiz behin Madrilen Ministro batekin egon ondoan pozik atera ginela, dena eginik zegoelakotan. joan ginen ostatu batera bazkaltzera. Arrue jaunak esan zuen: Gaur egun handia da eta, hau ospatzeko har dezagun markako ardoa. Hala egin genuen. Baina orduan ere gure esperantzak ustel atera ziren. Azkenik, 1976. urtean, Juan Carlos errege sartu zenean, lortu zen Onartze Dekreto hori, eta orduan ere Arrue jauna geurekin izan genuen Madrilen (Ikus «Euskaltzaindiaren legezko nortasuna», Euskera (1976), 279).

        Euskaltzaindiaren jend'aurreko ospakizunetan Arrue maiz izan ohi genuen hizlari. Hiztun trebea baitzen, bizia, jario gozokoa. Beste gertaldi askoren artean gogoan dut bat. 1957an Baionan ospaketa batzuk egin ziren Bonaparte Printzipearen oroitzapenetan. Iparraldeko euskaltzainek, harako hizlari bat behar zutela eta, eske etorri ziren. Lafitte jaunak irriño batekin hunela esan zuen: «Gu biziki hotzak gara eta zuk ?Arrue— etorri beharko duzu berotzera». Eta eskatu bezala, han ere bere hitzaren emaitza erregalatu zigun. Eta zenbat holako!

        Bada oraindik beste alor bat Arrue jaunak txit gogoko zuena eta berari asko zor diona: bertsolariena. Euskaltzaindiaren barnean bazen —eta bada— bertsolari lehiaketa eta jaialdiak antolatzeko batzordea. Batzorde hortakoa zen Arrue jauna eta sail hortaz aparteko arretaz arduratzen zela badakit. Hor burutu zuen lana, ordea, nik baino hobekiago konta dezakete beste batzuek: adibidez, Aita Antonio Zavala eta Alfontso Irigoienek.

 

               

 

        Euskaltzaindiaren eta euskeraren aldeko ardura hoietaz landara, euskal literaturaren baratza ere landu digu Arrue jaunak. Hain zuzen, haren euskal lanak, liburutan bilduak eskeintzen dizkitzugu gaur.

        Bada arlo bat Arrue jaunak bereziki maite eta landu duena: Jan-Edanak. Gastronomiaren eremua Arrue jaunak ondo ezaguna zuen eta Egan aldizkarian makina bat urtez idatzi zuen gai hortaz. Euskaldunok badugu tripazai garelako fama. Hala ere, idatzirik, euskeraz behintzat, gauza guti da. Ongi etorria izango ahal da Arrue jaunaren saioa ia gorritu gabe dugun arloan.

        Hortaz gainera, aspaldiko zenbait euskal idazle aztertuak zituen, eta haietaz ere idatzi du. 1950-1960ra bitartean Gipuzkoako Diputazioaren liburutegian hitzaldi batzuk ematen ziren euskeraz aspaldiko euskal idazleei buruz. Arrue jaunak Asteasuko Agirre eta Gerrikori buruz hitzaldi bana egin eta gero hitzaldiok Egan-en agertu zituen.

        Asteasuko Agirre batez ere oso gogoko zuen. Luzaroan erabili zuen amets bat: haren idaztietarik zati hoberenak hautatu eta antologia moduko zerbait argitaratzea. Inoiz esan zidanez, zein atal aukeratu etab. erabakirik zeukan. Zoritxarrez, bere asmo hau ez zuen burutu.

        1956an Mogel bizkaitarraren Peru Abarka Itxaropena etxeko Kuliska-sortan agertu zen, eta edizio berri huntarako hitzaurrea ere Arrue jaunak egina da.

        Euskeraren batasuna: horra beste hauzi bat Arrue jaunari kezka ematen ziona. Hortaz ere hitzaldia Donostian egin eta gero Euzko Gogoa-n agertu men.

        Euskera Euskaltzaindiaren aldizkarian ere baditu lanak: Loramendi olerkariari buruz hitzaldia. Oraiko lau olerkariri buruz hitzaldia (Iratzeder, Mirande, Gandiaga, Aresti). Azkue-ri buruz hitzaldia. «Calandria-ren euskal izena», etab.

        Zenbait libruri buruz kritika edo txostenak ere baditu. Etab.

        Ez noa guztiak bana-banaka eta izendatuki aipatzera, zeren irakurleak urrengo liburu batean aurkituko baititu denak.

        Zer moduzkoa da Arrue jaunaren hizkera eta idazkera? Jatorra oso, bizia, herrikoia. Batez ere bere jaioterri Asteasun egiten den hizkeraren irudi eta ispilu garbia.

        Dohain hoiek bere alde dituen idazleak ba ote du beste pasaporteren beharrik? Nik ez dut uste.

   

               

 

        Arrue jauna Asteasun jaioa zen 1903an. Estudioak Lekarotz-en eta Oviedo-ko Unibertsitatean egina. Lege-gizona. Donostiako «Julio de Urquijo euskal Filologi Mintegia»ren sortzaeetakoa. 1954ean euskaltzain oso izendatua. 1976ko Azaroaren 17an hila.

        Kristau zintzoa. Gogoan dut behin gertatua. Elizari zenbait kritika egin zitzaiolako, han hainbeste elizgizon egonarren, berak bakarrik agertu zuen bihozmina.

        Gure herrian kristau sineste eta ohiturek egin duten gain-beheragatik goibeltzen zen. Nola ez, kristautasuna herri batentzat zer den jakinik! Lege-gizon zen aldetik, euskaldun huts-garbi askorekin zuen har-emana, eta bazekien gauza hauen berri.

        Hori gora-behera, ordea, bazuen gogo-osasuna zaintzeko hain beharrezko den umorea —edo berak, herri xeheari jarraikiz, zion bezala: unorea—. Hortaz ere maiz hitz egiten zuen. Eta behin baino gehiagotan izan zuen unore horren beharra bizitzako saminei buru egiteko.

 

        Arantzazun, 1978, Abenduak 7

 

 

Pasartea

        Berandu-samar bederik, ez degu Nikolasa Pradera'ren eriotzaren berri eman gabe gelditu nai.

        Donostiarra genuen Nikolasa, baña Madrid'en il zaigu. An bizi baitzan aspaldi ontan.

        Euskalerria'k mende ontan izan ditu makiñabat sukaldari on, baña gutxi, oso gutxi ere, Nikolasa'ren mallakoak.

        Esan genezake oker aundirik gabe, ia Europa osoan ezaguna zala. Ez gaitu beraz batere arritu, bere eriotzaren berria Paris'ko ta baita Londres'ko egunkari batzuek barreatu dutela jakiteak.

        La Cocina de Nicolasa liburu ezagunaren egillea ere bera zan. Bear bada, liburu onek ez du Euskalerri'ko sukaldearen usai aundirik izango, baña, dana dala, bai emen bai kanpoan, sukalkintza-zaleak oraindikan ere txit begi onez ikusten dute. Ta, egungo egunean, bostgarren argitaldian dabil. Marka polita, iñolaz ere, jan-edan-gaiaz idatzitako liburu bat izateko.

        Jaun Zerukoa'k Berekin beza emakume onbidetsu ta sukaldari artetsua.

 

        Luis Antonio Vega bilbotar idazle ezagunak liburu berri bat argitaratu digu: Guía Vinícola de España.

        Bere lengo Guía Gastronómica de España'ren antzekoa da, bai azalez ta mamiz, bai tankeraz ta umorez. Naparroa'ko ta Araba'ko ardoak goienetako mallan ipintzen ditu. Batez ere, Araba'ko Rioja'koak. Aitzitik, Luis Antonio Vega'k ez ditu ain gogoko Lapurdi ta Bearno-aldekoak. Txakoliña ere ez du oso gogoko, naiz ta goramen batzuek Bizkaia'ko ta Gipuzkoa'ko ardo edo dalako oni zuzentzen badizka ere.

        Bein batez —dio Luis Antonio Vega'k— napar idazle Ramón Resa zanak, bilbotar adiskide batekin bazkaltzen ari zala, esan omen zuan etzuala egundaño txakoliña dastatu.

        —Arritzekoa da Iruñe'ko seme batek txakoliña ez ezagutzea —erantzun omen zion bilbotarrak.

        —Alaxe da, ba.

        Ta, txakoliñ-txarro bat eskatu ta bien artean edan ondoren, bilbotarrak galdegin omen zion Resa'ri:

        —Ta, zer derizkiotzu?

        —Que es un buen vinagre de salón.

        Galicia-aldetik liburu atsegin ta dotore bat eldu zaigu: Teatro Venatorio y Coquinario Gallego.

        Bere egilleak, Jose Maria Castroviejo, Alvaro Cunqueiro ta Emilio Alvarez Blazquez entzute aundiko idazleak dira. Ta badakarzki Ricart ospetsuaren apaingarri eder batzuek ere. Barrunbez oso ernagarria da liburu au, ta idaztankeraz berriz asko landua. Baña barroko-samarra. Iru egilleak, lanegin ontan, Kastilla'ko klasikoen idaztankerara jotzen baitdute. Ez ordea uste gabe, baizik gogoz...

        Liburuaren idazpuru osoak onela dio:

        Teatro Venatorio y Coquinario Gallego, o sea, Arte de la Caza, contraída a las varias especies venatorias, así de pelo como de pluma, que se crían o avecindan en el antiguo Reino de Galicia. Por José María Castroviejo y Blanco-Cicerón, Guarda Mayor honorario de pesca fluvial y caza del Reino de Galicia y sierra de Ancares, Licenciado in utroque. Y Arte de Cocina, referida a las susodichas especies, según los usos habidos en el expresado Reino como más deleitables al buen gusto del paladar. Por Alvaro Cunqueiro y Mora Montenegro, graduado en Ars cisoria civil y canónica por la Universidad Mindoniense, individuo de varias Cocinas extranjeras. Lleva además un Epílogo Galeato por Emilio Álvarez Blázquez, Bachiller en Mirlología y Canto de jardín, por la Academia Tudense. Obra enriquecida con once hermosas xilografías abiertas en boj expresamente para ella por E. C. Ricart, Maestro grabador catalán, primera medalla en la última exposición Nacional de Bellas Artes.

 

        Oraindik orain, Inazio Olague'k Paris'en 1957'garren urtean argitara eman zuan Journal de bord de Juan de la Cosa liburu ederra irakurri degu.

        Jakiña, egunkari au ez da zearo egiazkoa, baña ez eta Inazio Olague'k edozein eraz asmatua ere, baizikan XVI'garren mendeko idazki batzuek oñarritzat arturik antolatua.

        Dana dala, egunkari onen orrialde batean, Juan de la Cosa'k, edo zeatzago esateko, Inazio Olague'k, errenkada auek ezartzen ditu:

        Nous devrons nous contenter d'un rôti. Point des sauces! Je tressaille malgré moi. Adieu le pil-pil, les sauces vertes qui enrobent si délicieusement la chair laiteuse des merlues et des turbots, la sauce noire des chipirones, ces petits calmars pêchés à la ligne et dont la blancheur contraste avec leur encre aussi belle que celle de Chine; adieu les gourmandises de mon pays que l'on savoure dans les bistros avec du vin de sable...

 

        Ona emen, Baiona'ko Gazte aldizkariak joan dan Abendu'ko zenbakian, eta Jan-edanak atalean, zekarren sukalde-errezeta bat.

 

        ARROUCHKILA (Galette Basque).- Kilo bat irin. 200. gr. sukre. 100 gr. burra. 3 arroltze. Levura paketa bat. Zitroin bat.

        Ezar irina untzi batean. Zitroinaren achala rapaturik eman. Zilo bat egin, arroltzeak eta sukrea ezar; burrarekin nahas, pasta bat frango gogorra egin arte.

        Orduan ezar mahain baten gainean eta heda. Berriz pasta  bil eta heda, pâte feuilletée-aren bezala. Bizkotcha untzi batean ezar: lehenik kucha bat gero crême patisière hortarik  eta berriz pasta gainetik.

        Ezar labe beroan.

   

        Ardo geiegiak ekartzen dituan kalteak txit nabarmenak eta ezagunak dira, baña...

        Ona zer gertatu dan oraintsu Alemania'ko uri batean. Jakinduri aundiko aleman batzuek, ardo geiegiak ekartzen dituan ondoren txarrak baieztu nairik, goiz batez ogei olloei ardoa neurririk gabe edanerazi zieten. Asi ziran egaztiak bereala, txit alai ta lumak arroturik, ka-kara-ka, ta azkenean oskor-moskor eginda gelditu ziran.

        Ta egun artan, ogei olloak —guziak eta bakoitzak— arraultz baten ordez oi zuten bezala, bi ipiñi omen zituzten...

 

        Iru bider egin bear du arraiak igari: uretan, oliotan eta ardotan. Luis Antonio Vega'k Guía Vinicola de España'n aipatzen duan esaera zarra.

 

        Egan, 1959, 3.

 

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera