Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Joanak joan

Etxaide, JonItxaropena, 1955 Nobela

Pasartea

Ekaizpean

 

Ezagütü nianin zer nian erosi,

Nahi ükhen nian bortxaz kunbertirazi.

Haren jabe handik haren althe jarri

Eta ni, ogen gabia, gaztelin ezari.

 

        Xaxi etzebillen oker ustean bere bihotzondoan zarrasta bizi hura sentitu zuenean, zeren lohikeriazko nahastean ari zirela entzundako urrats hotsa egiazkoa baitzen eta ez irudipenezkoa. Aspalditxotik, Etxahunia'ko Allande maltzurrari Xalbador'en ibillerak susmo txar eragin zioten eta geroztik zelatan zebilkion, lehenago Petiri'ren barrandari ibilli zen bezala.

      Hegiaphalia'ko nagusi gazteak «pauso bildurgarri baiñan zoragarri hura» eman zuèn egun dohakabe hartan, Allande'k, zuhaitzarte baten gibeletik, Xalbador etxean sartzen ikusi zuen eta une bat egonean eginda gero, Hegiaphalia'koa eta Xaxi alkarrekin hizketan somatu zituenean, astiro-astiro sukaldeko leiho ondoraiño hurbildu zen, bai-baitzekien andre Kati etxetik kanpora zela «bokata» egiten.

      Allande'k, leiho baztarretik, baiñan bere burua erakustera eman gabe, Xalbador eta Garazi'ren arteko ezkontza nahaste laidogarriaren xamurkeria guziak arreta handiaz aditu zituen eta bi amoranteen maitakeriak azken mugaratzen ari zirela ohartu zenean, anka egin zuen, baldar xamar, ordea, hotsa atera baitzuen. Une honetantxe iruditu zitzaion Garazi'ri lehen aipatu oin-azantza. Alabaiña, Xaxi eta Xalbador atariratu zireneko, Allande'k meta oste batean ezkutatzeko astia izan men.

      Etxahunia'ko ikuskari ahalkegarriak atsegiñez puztu zion bihotza Allande axari zaharrari, bere mendeku asmoak aintzina eramateko ezin baitzitzaion bide lauagorik egokitu. Pette'ri bere andrearen doillorkeria jakin-araztea nahikoa zen senar-emazteen arteko ezbeharren bat sortzeko ustekabeko ondorenak ekar zitzakeenak. Zitalkeriok buruan gal-gal ari zitzaizkiola, Marti bere illobarengana jo zuen.

      —Aspalditxo hontan banian gertatu denaren susmo, Martti.

      —Zeri hartu zenion susmo eta zer da gertatu dena? —erantzun zion illobak jakin-egarri biziz.

      —Hegiaphalia'ko Xalbador eta Xaxi lotsagarriro alkarganaturik topatu ditudala.

      —Bai ote? —erten zitzaion zurbil-zurbil eginda Marti'ri.

      —Poztu hadi, Martti. Orain ezkontza-nahasteaz salatu ahal izanen dizkiagu.

      —Urdea! —Ekin zion Marti'k osabaren esana aintzakotzat hartu gabe eta amorruaren amorruz hortzak estuturik.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera