Egilearen laugarren poesia liburua den honetan, 1995 eta 2000. urteen artean sortutako poemak biltzen dira. Bidaiaren zentzuan harilkatuak bailiran: joanaren airean, jin-etortzearenean, bai eta, hondarrean, bi norabideetako labirintoa edota basamortuarenean ere; ateka gaitza bezainbat ortzimuga zabal askatu eta emankor dirudien eremuan.
Olerkiei poesiaren lurralderanzko bidean loratu izanaren urrina darie.
Azalean, Nikolas Lekuonaren Izengabea margoa doa; bertako pertsonaia askatasun eta eternitate zantzuez osatuxe dager, patupeko atsekabean gaisotua. Aire bertsukoa da, oraingoan hiri giroan, barnean doan Xabier Morrásen East London marrazkia. Hain zuzen, egoki txertatuak egileak ondu poemen munduan.
Bizitza taupada bezainbat bidaia da. «Habian gelditu» eta «hegan eman» oldar atabikoak, kontrajarriak eta bergisan osagarriak dira. Hala ere, kanpoalderat zein norberaren baitarat izan, bidaia, maikor izan maiz, zelai izan bekan, zuzenean bainoago bidezeharretan garatzen da.
Poesiak berezkoa du amets edota ments den mundu baten xerkako bidaia egitea, egiatzat hartu osagaiez betea den mundua, norbederaren egiaren bila garatzen den mentura. Gutiz gehienetan, egia absolututik ahalbait arin eta urrunen aldeginez hasten den amaigabeko txangoa; nahiz usu laburra izan, oharturik norbederaren gogoa bera dela haren iturri, are laket-leku zenbaitetan.
Eta mentura hori batzutan bilaketa grinatsua da, arnasa handikoa; ttipia edo xumea bestetan. Baina izan, beti bada ortzimuga berrien bila hegaldatzetik eta egiaranzko bidaia-bilaketa patutik poesian. Giza mentura ederretsiz bidenabarrean.
Liburu huntan bildu lanak 1995 eta 2000. urteen arteko «bidaian» sortutakoak dira. Joaten, jin-etortzen beti ere zeharbidez; ohartu orduko, bi norabideetako labirintoan osatzengaisotzen. Izan ere, labirintoa edota basamortua ateka gaitza adina inoizko libro eta jorien dirudien eremu gisa da azaltzen.
Hondarrean, bakarrik eta biluzik, barne hustua, betea, kosmosaren erdian eta hari beha (Nikolas Lekuonaren Izengabea margoko pertsonaiaren idera) sormenezko eremu-aterbean da «bidaiaria», eta nahiz askatasun eta eternitate zantzuez osatua bezainbat gaisotua izan patupeko atsekabez, poesiaren lurralderanzko bide ertzean loraturikoen ilusio-urrinean.
2002ko ihaute aroa
Erreka garden eta kantaria
etengabe iturburuari jarioan
ezker eskuin burkaitz eta oihan
landa eta soroak
noiztenka sasi eta liliak loran
urrin eta kolorez nasai, arantzak ez guti
eta ur gardenak hotza iduri
baina epel eta gozoa da barnetik
bizi kanta du xuxurlatzen isilik,
bertan bizpairu aldiz murgildua
haren xarmaz prendatua
ezin bereix bizi,
egunsenti huntan
ur nahasi eta arreak nagusiturik
den ederra datza ezkutaturik,
sentimentu kontrajarrien zirimolan
potta bat diot igortzen
hemendik barna zuhaitzekin jostan
firfiran dabilen eta haren alderat ufatzen duen
argisentiko haizexuri samur batekin
goizeko eguzki epelean erdi lo dagoen bitartean
baina iratzarri barik,
haren loaren jagole izatea
eternitateaz gozatzea izaki,
errekaren ura bere bideari darraikala
aske, eder, kantari
ni, bide-bereix izanki
inguruan naiz gelditzen, zuhaitz gisa
eta zuhaitz izaki orobat naiz txori
aldiz ibai ertzean
aldiz hegaldari.