Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Pasartea

                (Oihala jasotzean JOB eta EMAZTEA agertzen dira. JOB etzanik dago lastoaren gainean. EMAZTEA ohe gainean suma daiteke, lotan, eta ez zaio aurpegirik ikusten, mantaz estalia dagoenez JOB, buruko hazkurea hazkatzen hasi da, isilik dago eta etzanik. EMAZTEAren oherat begiraka hasi da. Bere alboan bi makulu du. Gero eta urduriago begiratzen du oherat. Buruko hazkurea hazkatuz beti. JOBek lastoa biltzen du bere eskuez. Bere sorbaldajasotzeko eta sostengatzeko erara pilatzen du lastoa. Bistan dago asko sufritzen duela eta nekez mugitzen dela.)

 

JOB.- (EMAZTEAri) Aizu!

 

                (ez dio nehork erantzuten eta JOB lasto piloan asendatzen da. Jarririk dago orain. Arnasa hartzen du. Zerbaiten bila dabil. Lasto artean orrazi baten antzeko ezpal bat aurkitzen du. Eta jantzia belaunetan gora igoz zangoetako hazkurea hazkatzen hasten da. JOBen jarrera erabat farregarria da. Ileak oso banatuak ditu. Ilea oso luzea du. Bere aurpegiak ez du ezer adierazten. EMAZTEA dagoen tokirantz begiratzen du behin eta berriz, baina hura beti lo. Marmarka hasi da JOB. Ez zaio ezer ulertzen, finean.)

 

JOB.- Aizu! !

                (isilunea, bere hartan jarraitzen du JOBek, hazkurea hazkatuz.)

 

JOB.-Emazte!!

                (isilunea. JOB, alboan dituen makuluak eskuratzen ahalegintzen da eta beraiez lurra kolpatzen hasi da.)

 

JOB. -Emazte! ! (antsika) Andrea!! Aizu! ! !

                (EMAZTEA mugitu da, jaso du burua eta mesprezioz begiratzen du JOB.)

 

EMAZTEA.- (zakar) Zer duzu orain... ?

                (JOB kontent da eta sakonki hartzen du arnasa behin eta berriz)

 

EMAZTEA.- Zer duzun galdetu dizut!!

 

JOB.- (humil) Ez dut ezer.

 

EMAZTEA.- Eta...? Zergatik deitu nauzu, beraz?

                (isilunea)

 

JOB.- Deitzeagatik.

                (JOB, publikoari begira dago eta EMAZTEA JOBi. Hazkurea hazkatzen hasi da berriro.)

 

EMAZTEA.- (aho zabalka eta haserre) Ikusten dut lo egiteko eskubiderik ere ez dudala. (ironiaz) Zer? Beldurra ematen al dizu iluntasunak?

 

JOB.- Beldurra?

 

EMAZTEA. Beldurra, bai! ...beldurra...iluntasunak.

 

JOB.- Bai... hori ere bai. Baina iluntasunak bakarrik ez.

 

EMAZTEA.- ZERk gehiagok, bada, ematen dizu beldurra?

 

JOB.- OUF!! gauza askok... ilunak, suak, Jainkoak, jendeak...

 

EMAZTEA.- (burua astinduz) Hara berriz!! jendeak ere bai! .

 

JOB.- Bai... batzutan.

 

EMAZTEA.- (maltzur) Eta nik... nik ez al dizut beldurrik ematen? Ni ere jendea naiz!

                (isilunea. Orain EMAZTEAK mantak jaso ditu eta ohe gainean jarri da, kizkurturik, buruan zapi bat daramala.)

 

EMAZTEA.- Eh?... Esan!! ez al naiz ni jendea?

 

JOB.- (pentsati) Ez!... zu ez zara jendea.

 

EMAZTEA.- Baina hala eta guztiz ere beldurra ematen dizut. (algaraka hasi da) Ez al da egia beldurra ematen dizudala?

 

JOB.- (buru makur) Batzutan...

 

EMAZTEA.- (beti farrez) Noiz?

 

JOB.- (kezkati) Ba-a-a... haserretzen zarenean. 

                (EMAZTEAk berebiziko algarak egiten ditu. Gero eta nabarmenagoak. Eztulari ematen dio. Eta sabelari eutsiz altxatzen da ohetik. Bitartean, JOB beldurtzen hasi da eta makulu bat hartu du eskuan.)

 

EMAZTEA.- (eztulen artean eta haserre) Alu hori!! Zerri zikina! ! Egunen batetan bakarrik utziko haut! ! Hiltzen! !

 

JOB.- (irrifarka eta ozen) Ez duzu horrelakorik egingo. Ez nauzu hiltzen utziko...                 (EMAZTEAK haserre jarraitzen du, eztulak min eman dio)

 

EMAZTEA.- Ezetz??

 

JOB.- (ausartki) Ez!

 

EMAZTEA.- Ni zu bezala ez nintzateke hain seguru izango. Zu niretzako ez zara ezer.

                (isilunea, ohe ertzean jarri da EMAZTEA JOBi so)

 

JOB.- Ni hilko banintz, zu aspertu egingo zinateke. Ni, zure jolas bat naiz. Zure jolas bakarra. Zerbaitek eusten zaitu nire ondoan, bestela honezkero joan zinen hemendik (isilunea) beste guztiak bezala...

 

EMAZTEA.- (harro) Hara berriz...! Hara! Orain pentsatu ere egiten duzu.

 

JOB.- Pentsatu...? besterik ez dut egiten... beste ezertarako ez naiz gauza.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera