Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Jon Sarasua bertso-ispiluan barrena

Garzia, JoxerraAlberdania, 1998 Saiakera

Aurkezpena

  Bertsolariek arrakasta dezentekoa dute gaur egungo euskal gizartean. SIADECok 1994ean egin zuen ikerketaren emaitzak zenbakitara errendituz gero, honako panorama hau geratuko litzaiguke, gutxi gorabehera: bi milioi eta erdi inguru euskal herritarretan seiehun mila euskal hiztun dirateke. Aldez edo moldez bertsozale, berriz, laurehun mila.

  Ehun bat bertsolari dabiltza gaur egun plazarik plaza. Urtean mila eta berrehun bat saio egiten dira gutxienez, bertso-afari, plaza libreko, ohiko jaialdi eta gainerako guztiak kontuan harturik. Bertsolari puntakoenek ospea eta itzala dute euskararen erkidegoan, behar baino handiagoak eduki ere, zenbaiten ustez.

  Zertan dihardute, baina, bertsolariek? Zein da beren jardunaren funtsa eta xedea? Ba al du bertsolaritzak lekurik eta funtziorik gure gizarte honetan?

  Bat behar eta, bertsolari punta-puntako bat elkarrizketatu du Joxerra Garziak, galdera horien erantzunen peskizan: Jon Sarasua.

  Galdera horiexen erantzun luze-zabala duzu liburu hau.

Pasartea

Euskal Herrian bizi naiz eta egin zaidazu bisita

 

  Bertso-munduan hitzetik hortzera dabilen kontua da bertsolaritzaren boomarena. Ez dakit nondik nora sortua ote den esamolde hori, baina garbi dago bertsolaritzak 9oko ha markadaren hasieran izan zuen gorakada izendatzeko erabiltzen dela. Gorakada horrek 1991 inguruan izan zuen bere goren puntua, eta, gerora apur bat apaldu bazen ere, goiari eusten dio oraindik ere.

  Horrek, besteak beste, prestigioa ekarri dio bertsolariari. Euskararen unibertso txikiak duen izarrik distiratsuenetakoa da gaur egun bertsolaria. Orain arte entzulearen maila bere koa izan bada ere, gaur egungo arrakasta honek berak ez al dakar bertsolaria jainkotu eta entzulearengandik urrutiratzeko arriskua?

  Hori ere hala duk, bai. Zubi-egoera batean edo gaudek horri dagokienez ere. Batetik, beti esan izan diagu —izan ere hala izan baita, eta baita— bertsolaria bere gizarteko, bere herriko bat gehiago dela. Oso arrunta. Hala gaituk eta! Une honetan, elitean edo gabiltzanon artean, hor dauzkak elektrizista bat, bi maisu, kazetari bat, bi komertzial, hiru ikasle, eta abar. Bertsolaria bere inguru sozialeko partaide izan duk beti, eta gaur egun ere hala duk. Masa-kulturan artistak estatus ekonomiko eta somal berezi bat hartzen dik. Puntako artista izatera helduz gero, hire kalekoa zen lagun hori urrundu egingo duk ekonomikoki eta sozialki, eta ez duk hain eskuragarria izango. Artista izango duk, famatua, beste maila bat.

  Hala ere, esan litekek badela bertso-jarduna profesionaltzeko joera moduko bat, bertsogintza bizibide bihurtu ditek batzuek, eta hori kontu berria duk. Profesionaltzeak ez al du ezinbestean urrutiramentua ekartzen?

  Egia duk bertsolaria ez dela orain artean bertso-lanetik soilik bizi izan, ez dela hori tradizioak dakarrena. Beste zerbait izan dik beti ogibide, eta hori lotuta zagok artista herritar arrunta izatearekin. Etxera txanpon batzuk eramanez, hori bai. Gaur ere halatsu. Batzuek, hala ere, erabaki ditek bertso-jarduna izatea beren diru-iturri nagusia. Ni ere ez zakiat ez ote naizen sail horretakoa: bai eta ez, neurri batean hortik bizi izan nauk urteren batzutan. Baina bertsotik bizitzea erabaki dutenak tabernako eta kaleko herritar arrunt izaten segitzen ditek oraindik ere. Andonik, adibidez, Euskal Herrian edozein puntako artista ospetsuk adina prestigio du. Eta, aldi berean, ekonomikoki eta sozialki oso eskuragarria duk Andoni. Eskaria egin liezaiokek hogei laguneko kuadrila batek; edo ezkontzera doazen batzuek; edo edozein taldek. Eta askok debalde joateko eskaria egingo ziotek, zuzenean etxera deituta, Andoni hor al da? galdetuta.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera