Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Josafat

Haranburu Altuna, LuisKutxa Fundazioa, 2007 Antzerkia

Aurkezpena

    Josafateko zelaian jokatzen da munduaren azken eguneko auzi finala. Bertan epaitzen dira Garibai, Larramendi, Axular, Chao, Santakrutz apaiza, Mirande, Jose Migel Barandiaran, Aresti eta beste zenbait euskaldun ospetsu. Tartean dira Mari neskatoa eta Hiriko bere laguna Narzisorekin batera. Dante Alighieriren laguntzarekin San Migel Arkangelua arduratzen da epaiketaz.

    Ez da Euskal Herria epaitzen, euskaldunak baizik, zeren gizon bakoitza da historiaren erantzule eta ez Herriaren aurpegi lausotua.

 

Pasartea

1. JOKALDIA

 

    (San Migel bakarrik ageri da eszenan. Ordenagailu baten aurrean ari da lanean eta bere pantaila pertsonalean ikusten diren irudiak, eszenarioko pantaila erraldoian ere ikusten dira. Munduaren akabera adierazten doten imajinak ageri dira. Sumendien erupzioak, lur jausiak, suteak eta hondakinak nonnahi eta gorpuak han-hemenka barreiatuak. Carmina Burana-ren musika entzun daiteke imajinen lagungarri. San Migel txunditurik ageri da bere monologoa burutzerakoan).

 

    SAN MIGEL: Kaput! Amaitu da guztia! Akabo! Izorratu da dena! Nork esan hain gutxi iraungo zuenik? Gizadiak ez du milaka urte gutxi baizik iraun. Motza izan da gizonen historia. Gizona sortua izan zenean, dohain guztiak zituen bere esku, baina ez du jakin bere abaguneak kudeatzen. Gizonari emana zitzaion munduko gobernua, baina ez du jakin anarkia eta hondamendia sortzen baizik. Ai ene! Kainek bere anaia Abel hil zuenetik beldur nintzen gizonaren etorkizunaz, orduan pentsatu nuen guztia konponduko zela eta hilketa hura behingo zorte behingo okerra zela soilik, baina oker nengoen... gizonak ez du bere hurkoa maite, gizonak otsoaren moduan jokatzen du beste gizonekin. Ez da posible izan munduaren eta gizadiaren garapena. Jaungoikoak utzia zuen gizonaren esku munduaren etorkizuna, honek ez du jakin ordea mundua bere onera ekartzen. Ez du jakin bere Jainkoaren deseinua burutzen. (Aireportuetan eman ohi dicen antzeko oharrak entzuten dira eta San Migelek eten egingo du istante batez bere monologoa). Bukatu da, bai, gizadiaren ibilera eta iritsi da ordua munduaren epaiketa egiteko. Azken judizioaren eguna da eta hemen bilduko da gizadi guztia Josafateko zelai honetan. Zelaiak ez du mugarik ez luzean eta ez zabalean, izadi osoa kabitzen da zelai honetan eta mundu guztia hemen dago zain, azken judizioaren zain. (DANTE dator eszenara). Egun luzea izango da gaurkoa, amaierarik gabeko eguna, baina bakoitzak erdietsiko du azkenik bere lansaria. Zerua edo infernua bakoitzak daramatza bere baitan, baina heldu da eguna munduak jakin dezan zein den bakoitzaren aurpegia.

   

    DANTE: Agur, Migel! Zer moduz! (Elkarri eskua luzatuaz). SAN MIGEL: Agur, Dante! Poeta guztietan garaiena agurtzen dut zugan!

   

    DANTE: Zer egiten duzu hain goibel eta triste?

   

    SAN MIGEL: Ez da tristura, pena baizik. Nik, eta nik bezala zerutar guztiok, uste genuen gizonen mundua zeru bilakatuko zela lurbiraren baitan. Zeruaren pareko izango zela lurraren zortea, baina gizonak ez du jakin edo eta ez du nahi izan gauzak bere onera ekartzea eta munduan zeru berri bat eraikitzea. Pena daukat burutu gabeko bideaz, pena dut gizonaren itsumenaz eta batez ere pena ematen dit hoberik merezi zuen gizon askoren lanak eta desirak. Baina bukatu da guztia eta zeru bilakatu behar zena, infernu suertatu da eta gizonak ez du merezi bere akabera baizik. Etorri da ordua gauzak bere tokian jartzeko eta gizon bakoitzari merezi duena emateko. Heldu da Azken Judizioaren ordua.

   

    DANTE: Horrela da bai, San Migel, baina ez dakit zertarako deitu nauzun.

   

    SAN MIGEL: Zu, Dante Alighieri, aditua zara zeru eta infernuko gauzetan eta zure iritzia jakin nahi dudalako hots egin dizut.

   

    DANTE: Nire eskuetan dagoena, pozik egingo dut, baina ez ahaztu neroni ere epaitua izango naizela. Baina, zure esanetara nago; Arkanjeluen buru zarenez esan besterik ez duzu eta nik ahalik eta hoberen egingo dut.

   

    SAN MIGEL: Ez nuen besterik espero zuregandik, Dante. Estimatuko dizut benetan nire zereginean laguntzen badidazu. Gizon gehienei buruz gauzak garbi daude eta ez da espero arazo berezirik, baina badaude zenbait kasu arreta berezia eskatzen dutenak eta horretan lagungarri izango zait zu bezalako adituen iritzia. Esan dezagun, Dante, peritaje lan bat eskatzen dizudala. zeru eta infernuetako bidaiari eta kronista zarenez, ezagutzen dituzu gizonen gaitz, neke eta bekatu guztiak eta zure iritzia baliagarri izanen zaigu.

   

    DANTE: Ondo da San Migel, baina zeintzuk dira aparteko kasu horiek? Nor dira Azken judizio honetan tribunal berezia behar dutenak?

   

    SAN MIGEL: Bakar batzuk dira, euskaldunak eta antzeko beste zenbaitzuk.

   

    DANTE: Euskaldunak, diozu?

   

    SAN MIGEL: Bai, Euskal Herriko biztanleaz ari naiz. Pirineotako magalean zegoen herri hartaz. Herri txikia zen baina makina bat buruhauste emanak dira.

   

    DANTE: Kezkaturik nabari zaitut, San Migel.

   

    SAN MIGEL: Ez dakit kezka edo eta beste zerbait ote den. Beharbada lotsa ere sentitzen dut; norbaitek adarra jo balit bezala sentitzen naiz.

   

    DANTE: Ez dut ezer ulertzen.

   

    SAN MIGEL: Begira, Dante, bi dira arrazoiak nire desosegua eragiten dutenak. Batetik euskaldunak Euskal Herriko Patroi izendatu ninduten eta bestetik jende hau ez da oso jende normala, izan ere berak diotenez Jainkoaren herri hautatua omen da. Euskal Herriko zaindaria naizenez, euskaldungoaren zeruko enbaxadoretzat hartu naute.

   

    DANTE: Euskal Herriko patroia, beraz... Ja! Jaa! Ez dago gaizki: San Migel Aingeru abertzalea! (Irri egiten du Dantek) Ederki harrapatu zaituzte. Ez dira ez edonor euskaldun horiek.

   

    SAN MIGEL: Nik ez diot graziarik ikusten. Gauza ez da brometarako, Dante. Nik zer egitea nahi duzu? Ezin agertuko nintzen lurrera nire patronazkoa ukatzeko... Gainera, eta guztia esateko, bazen han Euskal Herrian txoko aparta bat oso gogoko nuena. Aralar mendian niri eskainia zuten oso toki polita eta azken batean euskaldunak edo ez, aingeruok ere badugu geure bihotza. Hala ere egia diozu bai, edonor ez direla esatean.

   

    DANTE: Orain oroitzen naiz nire komeria euskara ere itzuli zutela. Oroitzen naiz, bai, Onaindia eta Agirre izeneko bi euskaldunek nire Jainkotiar Komeria euskaraz jarri zutela. Nik ez dakit euskararik, baina infernuko pasarteetan ondo zetorkion euskararen doinua bertako egoera bortitzari. Baina gauzarik bitxiena herri hautatuaren kontu hori da.

   

    SAN MIGEL: Horrela da bai. Baten ordez bi arazo ditugu. Juduak batetik eta euskaldunak bestetik, bi herriek eskatzen dute tratamendu berezia Jainkoak hautaturiko herriak direnaren istorioarekin.

   

  DANTE: Israelen kontua gauza jakina da, baina euskaldunena ez nekien nik.

 

  SAN MIGEL: Noski, beraiek omen dira Jainkoaren herri hautatua eta maitatua.

 

  DANTE: Nik dakidanez Jainkoarentzat herri guztiak dira berdinak... zeren Jainkoarentzako ez dago ez herririk eta ez naziorik. Jainkoarentzat gizonak daude eta ez bestetik.

 

  SAN MIGEL: Ondo ari zara, Dante. Jainkoarentzat pertsonak daude baina ez multzoak eta kolektiboak. Norbanakoak epaitzen dira Josafateko tribunal honetan eta ez herriak. Hargatik nago aztoraturik, euskaldunen ustetan ni bere patroi izanik, beraien abokatu ere izatea nahi dutenez.

 

    DANTE: Ulertzen dut Orain zure desosegua. Izan ere konpromiso ederrean jarri zaituzte...

   

  SAN MIGEL: Hori da gutxienekoa. Benetan itxurarik ez duena Herri Hautatuaren kontu hori da. Zergatik hautatu behar zuen Jainkoak herri bat eta ez bestea. Gizon guztiak dira berdinak Jainkoarentzat. Benetan harrokeria ustela da beste herrien gainetik hobetsi nahi izate hori.

 

    DANTE: Harrokeria eroa, bai. Israeldarrena ezagutzen nuen, baina euskaldunena gauza berria egiten zait. Zerk eragin die uste hori?

   

    SAN MIGEL: Hizkuntzaren kontua dela uste dut. Ez dakit badakizun baina euskara oso hizkuntza bitxia eta berezia omen da. Bere ingurunean ez omen zegoen antzeko beste hizkuntzarik. Benetan hizkuntza isolatu baten aurrean gaude, nonbait. Hizkuntza berezia eta bakana izateak bere edade zaharra adierazten du eta horri bueltak emanaz zenbait Paradisuko hizkuntza zela esatera heldu da. Astarloa izeneko astakilo batek esana da hori. Paradisuko hizkuntza omen... eta beraz, aingeruen hizkuntza. Halako harrokeriarik, gero!

   

    DANTE: Hori da, hori, irudimena. Poetarik handienari ez zitzaion horrelakorik otuko.

   

    SAN MIGEL: Egia diozu, baina kontu hauek guztiak ez dira inozoak, zeren hortik hasi eta gauzak urrutiegi joan ziren. Hizkuntza zerutiarra duen herriak, herri hautatua izan behar du nahi eta nahi ez. Gainera, hizkuntza horretan mintzatzen direnak ez dira besteak bezalakoak... zerutiarrak dira halakoak... eta horrela eromenaren baitan amaitu arte.

   

    DANTE: Ondo diozu: eromena. Eta gauzak behingoz garbian jartzeko unea heldu da. Garai honetan egiaren denbora iritsi da. Guztia geldituko da argi eta garbi eta bakoitzak jakingo du zein den bere zortea. (Tronpeta, atabal eta txalaparta hots handiak entzuten dira). Hau da han zarata. Hildako bat ere piztuko luke harrabots honek.

   

    SAN MIGEL: Heldu da garaia. Denbora da gizon guztiak iratzartzekoa. Betor Jaungoikoaren loria! Egin bedi argia eta jakin bedi egia! (Haendelen «Mesías» entzun daiteke iluna egiten den bi tartean).

   

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera