Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Julieta, Romeo eta saguak

Landa, MariasunSM, 1994 Haur eta gazte literatura

Aurkezpena

      Sagu gozozale batzuk oso gustora bizi dira Julieta mokofinaren etxean. Baina, egun batean, egoera erabat aldatu egiten da: Julieta maitemindu, argaltzeko dietak egiten hasi eta ikasle fin bihurtzen da. Goseak eraginda, saguak egoera larri hori aldatzen saiatuko dira...

Pasartea

1

Zer da paradisua? Tarta jatea eta rock-a dantzatzea

 

      Tarta-usain gozo eta epelak erakarri zituen lehenengo saguak Julietaren etxera. Herrian gelditzen ziren etxe zahar baina dotoreenetako bat zen hura, gurasoak hiltzean Julietari utzi zioten ondasun bakarra. Lehenengo sagu talde goseti hark makina bat estuasun eta larritasun paseak zituen bere bizitza laburrean; beraz, hango gaileta kutsua, hango gazta apurrak eta ogi egin berriaren pusketak paradisukoak iruditu zitzaizkien sagu ibiltari haiei. Eta esperantzaz beterik Julietaren sukalde zabaleko zulotxo batean kokatu ziren.

      Berehala konturatu ziren beren erabakia ezin hobea izan zela, Julietak bere burua ederki asko zaintzen baitzuen, mimo handiz prestatzen zituen bere otorduak eta, mokofina izateaz gain, gozozale amorratua ere bazen... Pastak, gailetak eta bizkotxoak egunero. Astean birritan, tartak. Asteartean txokolatezkoa, ostegunean kremazkoa. Eta lantzean behin, egun berezietan, gaztazko tarta!

      Eta saguak zoratzen, oso-oso kontent, gizentzen eta potolatzen, paradisuan zeudela iruditzen zitzaien. Gainera, Julietak supermerkatu batean saltzaile bezala lan egiten zuenez gero, jaki berezi eta eskisitoak ez zuten falta, eta dendako lanorduetan, bederen, nahi adina denbora eta libertatea izaten zuten etxea goitik behera arakatzeko.

      Zoriontasunak ongile bihurtzen du jende oro, baita saguak ere, eta oso pozik bizi zirelako eta eskuzabal eta jatorrak bilakatu zirelako beren senideei deitzea erabaki zuten:

      —Etor zaitezte Julietaren etxera! Ez dakizue zer den hau! Utz itzazue zuen alkantarila zikinak, sukalde hotz eta modernoak, zabortegi mixerableak! Azkar, azkar! Hau da mahuka, hau!

      Dei hura berehalaxe hedatu zen herriaren azpikaldean eta sagu koadrila polita bildu zen neska jatun finaren etxean, Julietarenean, alegia.

      Bapo afaldu ondoren, Julieta egongelara abiatu ohi zen. Musika jarri eta eskoba zahar batekin dantzatzen zuen gauero: balsak, tangoak, rock-a, pasodobleak... Bero-bero dantzatu gainera, eskoba nekaberaren iritzirako bederen:

      —Ai! Ail Ai! Zer nolako bueltak eta jirak! Julietak laster akabatuko nau! —kexatzen zen erratza, dantzaldia bukatu eta gero.

      Baina saguei bost axola eskoba gaisoaren nekea, zeren dantzaldiak irauten zuen denboran, beraiek sukaldean barreiatu eta Julietak utzitako hondar goxo eta epelak amenjesus batean garbitzen baitzituzten.

      Tripatxoak ondo beterik, rock-dantzari ekiten zioten beraiek ere, musikarekin dijestioa egitea askoz atseginagoa eta osasungarria zela esanaz.

      Munduko sagurik zoriontsuenak ziren. Munduko sagurik mimatuenak. Pribilegiatuenak.

      BAINA...

      Julieta, ordea, ez zen zoriontsua. Julieta ez zuen inork mimatzen. Julietak dantzatzeko nahiago zuen gazte goapo bat eskoba zatar bat baino, baina... ai, hori aurkitzea tarta egitea baino askoz zailagoa bide zen!

      Bere gerria loditzen joan zen heinean, gero eta lotsa gehiago ematen zion dantzalekuetara joateak. Mutilek ez ziotela bera bezalako neskei begiratzen iruditzen zitzaion eta tristeziarengatik edo plater bakarra sukaldeko lanak ematen ziolako, etxezuloan sartu eta plater goxoak prestatzeari ekiten zíon.

      Hau da, Julieta askotan oso bakarrik aurkitzen zen.

      Berezia, potola eta zoritzarrekoa. Baina Julietaren etxeko saguek ez zekiten guzti hori.

      Izan ere, gauza jakina da saguek ez dutela bihotzeko bakardadeaz ezer konprenitzen.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera