Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Kafkaren labankada

Gorrotxategi, AritzKutxa, 2000 Nobela

Aurkezpena

        «Kafkaren labankada» Lisboan kokatzen den genero beltzeko nobela bat dela esan daiteke. Unibertsitate garaian elkar ezagutu zuten bi pertsonaien arteko harreman ilun eta konplexua azaltzen du istorioak, Joao eta Marzel. Horietako bat, urte askoren buruan desagertu ostean, Lisboara itzuli da erritual misteriotsu bat gauzatzeko asmoz. Hemendik aurrera, Kafkaren eleberrietan oinarritzen den mendeku ulergaitz bezain odoltsu batean hondoratuko da pertsonaia nagusia, Joao izeneko irakaslea. Bilaketa ero eta itsu honetan elementu ugari gurutzatuko dira: taberna arraroak, emakume misteriotsuak, hiriko zirrikitu guztiak kontrolatzen dituzten morroi ikustezinak, aztarna korapilatsuak... tunel luzea da egitasmoaren atzean dagoen deabruzko burmuina topatzea eta bidaia horretan bere burua biluzten ikusiko dugu Joao: nerabezaroan ainguraturiko kezka etikoak, iraganeko mito sendoen indar suntsitzaileak, maitasun eza, alkoholerako duen zaletasuna, gogoeta esistentzialistak... gutxinaka itotzen doan neurrian, bere iraganeko pasadizoetan galdurik dauden hainbat une ilun eta krudel azaleratuko ditu. Errituala prestatu duen gizakiak, berriz, Marzel izeneko munstro kupidagabeak, infernutik bidalia dirudien arren, arrazoi sakon eta indartsuak ditu horrela jokatzeko. Azken finean, mendekuaren jatorrian maitasuna bizitzeko era arrotz bat ezkutatzen da.

Hitzaurrea

        Aritz Gorrotxategi Mujika

        1975. urtean Donostiako Gros auzoan jaioa. Zuzenbidean lizentziatua (EHU) eta fakultate berak eskaintzen duen Doktorego-programaren barruan, «Giza eskubide»en arloan burutu berri du ikerketa-proiektua.

        Literaturari dagokionean, orain artean zenbait sari irabazitakoa da, hala nola:

        Hondarribiko Udalak antolatzen duen narrazio laburren «Satarka saria»n lehena («Maitaleen arnoak» izenburuko lanarekin) eta poesiako «Bordari saria»n lehen eta bigarrena («Hozi berria» eta «Denboraz oroit» izeneko obrekin). obrekin).

        Pasaiako narrazio laburren 1997ko lehiaketan finalista bikoitza.

        Deustuko Unibertsitatearen barruan, Gurya Euskara taldeak 1999an antolaturiko ipuin lehiaketan lehen saria («Amapola ohostu zuen mutila» narrazioarekin) eta poesian bigarrena («Botila hutsen maitaleak» poemarekin).

        Liburuei dagokienean, hau da argitaratzen duen lehenbiziko liburu eta nobela.

Pasartea

VII

 

 

        Autoan abiatu nintzen Estorila. Sousa zen lagun ziezadakeen pertsona bakarra. Patrikan neraman mezu misteriotsua, mehatxuka ari zitzaidan paper puska hura: zirkulua, 11. zenbakia eta, alboan, K handia, sufrimendua bezain erraldoia, karramarro basati bat nire garunean. Debussyren piano hotsek arintzen zuten errepideko monotonia, Oeiras eta Estoril herriak lotu bitartean. Behinola gure irakasle izandakoaren bizar beltza irudikatu nuen une batez. Ondo ezagutzen gintuen Marzel eta biok, inork baino hobeto ezagutzen zuen gure arteko harresia, gorrotoz egindako murru ilun eta sakona, infernuaren lokarri amaiezina (ni kondenatzen ninduen Sekretuaren berri ez bazuen ere).

        Zigarro bat piztu nuen eskuin eskuarekin, ezkerrarekin bolantea irmo oratuz, eta, leihatila apur bat jaitsiz, aurrera so egin nuen.

        Sousak 50 urte zituen unibertsitatetik kanporatu zutenean. Inork ez zuen bere jokabidea ulertu, inork ez zuen bere alde agertzeko adorerik izan (neroni barne). Arratsalde haietan bisitan joaten zitzaizkion iloba eta haren laguna, Claudia. Hamabi urteko bi aingerutxo, euren gorputzen aldaketak endelegatzeko adimen nahikoa ez zuten bi kaio zuri. Zergatik egin zion, baina, gonbitea? Zergatik esan zizkion hitz haiek, «zatoz egunen batean unibertsitatera eta bertako sekretuak erakutsiko dizkizut»? Beharbada bakarrik sentitzen zen edo, agian, begirada iheskor batek eragin zuen itauna.

        Maiatzaren 20an, arratsaldeko sei t'erdietan, bere bulegoko atea jo zuen norbaitek. Claudia zen. Gaztainez tintaturiko adatsak eta irribarrea, «top» urdin bat, itsaso barearen kolorekoa, eta praka beltzak: Rosa Fröhlich «Aingeru urdina» izeneko kabaretean kantari. Orkatilak agerian zituela ohartu zen irakaslea. Mahaiaren parean zegoen aulkian esertzeko adierazi zion Sousak eta neskak, zorua ukitzen ez zuten oin delikatuak balantzarazi zituen axolagabekeriaz, aurrera eta atzera, pendulo magiko baten antzera. «Oinez etorri al zara?», neskak baiezko keinua egin zuen buruarekin. «Nekatu egingo zinen orduan» esan eta Claudiarengana hurbildu zen astiro. Oinetakoak kendu eta, belaunikatu ostean, masaiatzeari ekin zion. Barre egiten zuen neskak eta ezpainlapitzik behar ez zuten ezpain larrosak kurbatu zitzaizkion deplauki. Sousak sango-sagarrean labaindu zuen ezker eskua. Neskatxak, begiak itxiaz batera, Sousaren buruan kokatu zituen eskuak. Gorputza atzeraka erortzen utzi bezain laster, «top»ak sabel zuria utzi zuen agerian. Irakaslearen behatz gihartsu eta aritugabeek orkatila ferekatu zuten, ondoren sabela, esku ahurrez baliatuz, eta, bat-batean, «top»aren zirrikituak erakusten zuen bidean gora egin zuten, estalkien kateetatik libre jaio ziren olatu leunen erdira. Musuen bidez hezetu zuen Claudiaren azal sentikorra. Gero, neska erakarrri zuen besoekin eta, bien ezpainak elkartu zirenean, aspaldi galduriko erresuma bat berreskuratzen saiatu zen Sousa dohakabea. Modu honetan harrapatu zituen unibertsitateko dekanoak. Hilabete beranduago, penal arloko bostgarren aretoan emandako epaiak kartzelara bidean jarri zuen gure irakaslea. Bi urte igaro zituen han eta beste bi sikiatriko batean.

        Estorileko kasinoaren aurrean aparkatu nuen autoa. Hiru kilometroko bidea zegoen agureen egoitzaraino. Kostaldea zeharkatuz burutu nuen txangoa, arroken aurka lehertzen ziren olatu matxinoei so. Bostehun metroko malda baten amaieran aurkitzen zen eraikuntzako ataria, hesi beltz eta garai batek babesten zuen. Minutu luze batzuren tartean jardun nintzen atzeko lorategiari begira, eukaliptoen usainaz gozatu bitartean. Gero, idazkaritzara heltzeko granitozko bideskan barrena ausartu eta atzean laga nuen atariko lore eta zuhaitz bilduma.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera