Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Kalamidadeen liburua

Irigoien, Joan MariElkar, 1996 Nobela

Aurkezpena

        Molde guztiak hautsi ditu Joan Mari Irigoienek eleberri honetan, irakurlea batzuetan irriz, besteetan barrez jartzeko asmoz. Pertsonaia xelebre eta karikaturazko batzuen bitartez, komedia gisako istorio txoro bezain airosoa kontatzen digu «Kalamidadeen liburu» honetan, eta aldi berean gizartearen gaineko fartsa sano, lotsagabe eta kritikoa egiten. Zeregin horretan guztiz lagungarriak dira Antton Olariagaren rnarrazki umoretsu eta zirikatzaileak. Idazlearen irudia, familia barruko harremanak, sexua, ekonomia, matxismoa, erlijio eta politika modu batzuk... dena jartzen du hankaz gora Irigoienek, baita literatura egiteko legeak ere. Baina ez ikaratu, irakurle: tarteka adarra jotzen ari zaizkizula iruditzen bazaizu ere, dibertimendu segurua duzu liburuak eskaintzen dizuna; azken finean, osasungarria baita geure buruari barre pixka bat egitea, eta Joan Marik horretarako aukera oparoa ematen digu hemen.

Pasartea

XIX,

non Poeta Bizien Klubaren inguruko zenbait pasadizo kontatzen den, instituzioei eskatutako subentzioarena tartean, baita nola Poeta Bizien Klub hura azkenean desegin zen, Poesiaren Egunean hain zuzen ere

 

 

        Poeta Bizien Klubeko poeta zuhur sudurluzea halaxe mintzatu zen egun batean:

        —Sentitzen diat, baina lokala saldu beharra diat, eta...

        —Sentitzen diat? Eta zergatik ez duk esaten «sentitzen diat/dinat», ni ere aurrean banaukak? —bere arantzak erakutsi zizkion Rosak.

        —Ongi da, ongi da...

        Aztoratuta zegoen poeta klasiko txit klasikoa: Poeta Bizien Kluba saldu?! Birao izugarria da hori, poeta baten ezpainetan...!

        —Birao hori azkar konpon zitekek, Kluba hire etxera eramanda... —osteratu zion poeta zuhurrak, ziur baino ziurrago.

        —Gure etxean bil gaitezke —esan zuen Ladisek, Eskolastiko hitzik gabe geratu zela ohartu zenean—, soluzio hobea bilatzen dugun bitartean.

        Baina nola zegoen Ladisen etxea Enriketak bertatik alde egin zuenetik? Huts egiteko beldur handirik gabe espero zitekeen bezala, desastre bat egina! Hautsa hemen, hautsa han; armiarmak nonahi, beren trapezioetan zabuka... eta giroan zegoen keru gaizto hura, etxeko leiho guztiek Frantziara joko balute bezala: Roquefortera edo Camembertera... Baita Frantzia hartako erregea zirudien sagu hura ere, armairu baten azpitik irten eta Rosa garrasi batean jarri zuena.

        —Lasai, Rosa, esango zionagu Hamelini bihar hemendik pasatzeko —esan zion Gorkik.

        —Bihar arte egongo naiz ni hemen Hamelinen zain... Katu bat behar duzue etxe honetan! —eta zegoen besaulkitik zutitu eta aterako bidea hartu zuen.

        —Partituriunt montes, nascetur ridiculis mus —esan zuen klasikoak bazter ezin utzi zituen poeta txit akademikoak, erdi barrez.

        —Baina ez al haiz hi, Rosa, Landare eta Animalien Babeserako Elkarteko kidea? Eta zer arrazoi daukan katuen alde eta saguen aurka horrela ateratzeko? Feminista haizen neurrian, ahularen alde egon behar baihuke: saguaren alde! —esan zuen Gorkik.

        Nahi zuena esango zuen Gorkik, baina Rosaren atzetik gainerako guztiak zutitu ziren.

        —Ez al dakizue etxe bakoitzak bere mantenimendua behar duela, eta dirua horretan inbertitzea aurrezteko modu bat besterik ez dela azkenean? —agiraka egin zien poeta zuhur sudurluzeak Ladisi eta Gorkiri, pixka bat zorabiatuta, hori bai, biriketaratutako aire ustela sudur mizpiren neurrikoa.

        —Inbertsioak baino dibertsioak nahiago nik...! —ihardetsi zion Gorkik.

        Eta Axut kafetegira joan ziren azkenean.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera