Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Kandido

Haranburu Altuna, LuisHiria, 2002 Nobela

Aurkezpena

  Hau da Euskadi askatuaren ukronia; Kandido euskaldun jator eta abertzale zintzoaren parabola. Bertan irakur daitezke zeintzuk diren askatasunaren kalteak eta menpekotasunaren nekeak.

  Taldearen diktadurak eta pertsonaren libertadeak ardazten dute nobelaren dialektika. Maitasunaren utopia izanen da arazoaren irteera. Erabateko irteera.

  Zertarako taldearen salbamena, gizon bakanaren lepotik lortua bada? Zertarako Euskadiren askatasuna, euskaldunak lotuaz ukan behar bada? Kandido eta Letiziak elkarrekin aurkituko dute arazoaren konponbidea.

Pasartea

Non eta nola jaio zen Kandido

 

  Hura zen eguraldia, hura.

  Irailaren azkeneko igandearen egunsentian, Dolox Go±i Baleztenak, Mirakontxako bere etxetik Igeldorantz begiak jaso zituenean, apenas ikus zezakeen mendi puntako dorrea. Penosoa benetan. Pronostiko guztien kontra, euria zerion zeruari eta Donostiako badia gris eta malenkoniatsu ageri zen. Etxe aurreko tamaritzetan itsatsirik ageri zen behelainoa. Ze karajo, pentsatu zuen bere baitan Doloxek, ohera sartuko naun eta kito, eroa behar din izan Gasteizko bidea hartzeko.

  Doloxi ez zitzaizkion nahi orduko iragan gaueko ordu luzeak. Bezperan afaldutako hegaluzearen mendreska behin eta berriro etorri zitzaion eztarrian gora. Bikarbonato hartu zuen goizaldeko ordu txikietan eta nekez hartu zuen gero lo arin eta urduriak. Gorputz baldarraren ajeak. Sikiera zigarro batzuk erretzeko aukera izango balu...  Baina bere egoeran ez zezakeen halakorik.

  —Dolox —entzun zuen komunetik bere senarraren ahotsa— Zer eguraldi dago?

  —Oso txarra, Edorta. Euria ari du.

  —No jodas! Euria?

  —Beno, sirimiria.

  Eta Edorta salako balkoira hurbildu zen bere emaztearen gerrian besoa jarriaz.

  —Jasoko du. Seguru, Gasteizen eguzkia dagoela. ETBk esan zuen gainera eguraldi ona egingo zuela.

  —Bai, ETBk... noski zer esango zuen bada, eguraldi txarra iragarri balu ez zen inor Gasteizera agertuko. Hoiek kapazak dira gezurra ere esateko. Seguru Salburuko zelaiak lokaztuta daudela.

  —Dolox, ez zaitez ezkorra izan. Xirimiria itsasoko gauza da, seguru Araban beste eguraldi bat dagoela.

  Doloxek jiratu zituen begiak itsasotik eta Edortarengan pausatu zuen bere soa, eskuekin bere sabel puztua ferekatuaz.

  —Edorta... eta ohera sartuko bagina, ostera. Nik oso gau txarra pasa dut eta ez dut gogo handirik autobus horretan sartu eta Arzalluzen betiko diskurtsoa entzutera joateko. Seguru mareatuko naizela autobusean.

  —Dolox, —eta Edortak ere bere emaztearen sabelean pausatu zituen bere eskuak— animatu zaitea; ikusiko duzu nola eguraldiak jasoko duen eta badakizu gainera oso garrantzitsua dela, niretzat, Salburuan agertzea.

  —Zu eta zure karrera. Eta besteok zer? Bart gaueko afaria oraindik kolkoan daukat eta beste honek ostikoka dihardu jo ta ke. Zazpi hilabete besterik ez du eta dagoneko ematen dit nahiko komeria. Zergatik ez zara joaten bakarrik?

  —Badakizu zu han ikustea ere komenigarria zaidala.

  —Baina, Edorta, batzokikoek badakite haurdun nagoela.

  —Zuk ikusi, baina badakizu Sailburua ere han izango dela eta azken batean bere esku dago nire aszensoa. Ez balitz inportantea izango ez nizuke latarik emango.

  —Bale, Gudari, nahi duzun bezala ad maiorem Euskadi gloriam, bedi.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera