Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Kandinskyren tradizioa

Saizarbitoria, RamonErein, 2003 Haur eta gazte literatura

Aurkezpena

        «Behin batean, amak Iiburutegitik jaso ohi zituen liburuen artean, Kandinsky eta ni izenburukoa atzeman nuen, pintorearen alargunak idatziriko memoria liburu bat, zeinean oso anekdota bitxia ageri den. Dirudienez, antzinako ohitura bati jarraiki, tsarren Errusian, Urtezahar eta Urteberri arteko gauean, neska gazteak kalera ateratzen ziren aurkitzen zuten lehendabiziko gizonari izena galdetzeko, ustea baitzen hura bezala deitzen zen batekin ezkonduko zirela. [...]

        Anekdota irakurri nuenean abenduaren lehendabiziko egunetan geunden eta, auskalo zergatik, horrelako eroaldiak izaten baititugu, zera sartu zitzaidan buruan, Errusian balekoa zenak balio behar zuela hemen, eta erabaki nuen neuk ere, Kandinskyren emazteak bezala, saioa egin behar nuela».

 

        Hauxe da liburuaren hasiera distirantea. Aitor eta Manu: bi izen, bi izakera, bi sentipen, Mirenen bizitzan. Aitor ala Manu izan, egiazkoa ala fantasiazkoa izan, maitasuna bera da maite duguna.

Pasartea

        Biharamunean ez zidan deitu; ezta hurrengo egunean ere eta asteburuan ere ez. Denboraldi luzea iraun zuen seinalerik eman gabe; zehatz esateko, hogeita hamahiru egun igaro ziren berriro ere, deus gertatu izan ez balitz bezala, deitu zidan arte, eta zin dagit nire bizitzako sasoirik txarrena izan zela hura. Hasieran, hor nonbait, deituko zidan esperantza bainuen —lehendabiziko bi egunetan ziurtasuna ere bai, esango nuke— baina halako batean, bi astebururen ondoren edo, erdialdera beraz, hitzik gabe abandonatua izanaren kontzientzia hartu nuen eta ez dago horren pareko sentimendu tristerik. Norbaitek tratu txarra ematen badizu, neurriren batean aintzakotzat hartzen zaituela pentsa dezakezu; ez luke horrela izan behar, baina horrela da, eta hitzik esan gabe abandonatzen bazaituzte berriz, bestearentzat deus baino gutxiago zarela iruditzen zaizu.

        Kontua da egun haiek sufrimendu handikoak gertatu zitzaizkidala eta ez nuela nire penak nori kontatu ere. Rosa nuen, noski, baina lehendabizi, Aitorrez hitz egiten hasi baino lehen, beste arazoa zegoen, Manurena azaldu beharra, alegia, esandako ameskeria guztiak aitortzea, edo hautsi egin genuela esateko erabakia hartzea behintzat; ezin nuena, inondik ere, lagunek birekin batera ibilia nintzela uste izatea baitzen.

        Orduak ematen nituen gelako bakardadean elkarrekin pasatako momentuez oroituz eta negarra ateratzen zitzaidan, antza denez halakoetan gauza onak baino ez baitituzu ekartzen gogora. Baina, erabat errukigarria sentitzen nintzelarik ere, aldi berean, oso sentsazio gozoa nuen, betetasun bat. Gizon batengatik negar egiten nuen lehen aldia zen eta gertakizun hori ezinbesteko pausoa iruditzen zitzaidan, antza, emakume bezala osatzeko bidean. Nik uste, heziketaren ondorioz eta nire inguruan ikusten nuenaren arabera, amaren eraginez batez ere, zera pentsatzen nuela, maitasunak, benetakoa denean, derrigorrez, oinazea eta sufritzea dakarrela —beraz, askotan esaten zidan amak ez nekiela aitak zenbat sufriarazi izan zion— eta, momentu hartan sufritzen ari nintzenez, gertatzen zitzaidanak maitasunarekin zerikusia behar zuen izan; are gehiago, sufrimendua zen maiteminduta nengoelako froga —«sufritzen dut, beraz, maitemindurik nago; maiteko ez banu, ez litzaidake axolako», iruditzen zait pentsatzen nuela— eta maitemindurik nengoela jakitea, penak pena, pozgarria egiten zitzaidan.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera