Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Karrera eguna

Lazkano, InaxiElkar, 1987 Haur eta gazte literatura

Pasartea

        Ekipoko zuzendaria «Txoko»ko terrazan lehenen iritsitako txirrindulariekin hizketan ari da. Oraindik ez dira denak iritsi, kiosko ondoko iturrian bizpahiru txirrindulari gazte, gorputz mehe eta trinkoak, ahoa eta aurpegia freskatzen. Sasoiko gizonak egunkariarekin eta aitona gazteak talde txikietan ikusmiran, berriketan.

        Bi neskatila elkarri besotik helduta kioskora hurbiltzean batek ukondoko txiki bat eman dio besteari saihetsean eta biak txirrindularien izter beltzaran eta gihardunetan erreparatu dira disimulo gutxiz. Txirrindulari bat erreparatu delarik, botilinetik ura edaten hasi da.

        —Ura, zumoa edo infusioa, bakoitzak nahi duena eska ezazue. Hobe duzue te bero bana limoiarekin —esan du zuzendariak eta tabernariari zuzenduz:

        —Zu, gizon, guzti hau nik ordainduko dut, nire kontura doa.

        Gero txirrindulariei esaten die:       

        —Orain lasai, urduri jartzeak ez ziguk lagunduko. Denok argi, atzo esanda bezala. Adi, egiten dizkizuedan keinu eta seinaleekin. Bakoitzak zer egin behar duen badakizue. Hori duk garrantzitsua orain. Lasai eta burua argi.

        —Bai, bai, saiatuko gara. Ahaleginak egingo ditugu edo ikusiko dugu zer nola moldatzen garen —esan diozue.

        —Adizu, gizon, niri kamamila bat mesedez. Komuna non dago? A bai, eskerrikasko!

        «Oraintxe nator» esanez, komunera hoa.

        Enparantzako usoak tarteka aztoraturik hegaka airera altxatzen dira txirrindulariak hurbiltzean. Ekipo desberdin askoren izenak ageri dira txirrindularien maillot eta galtza beltz motzetan idatzirik: Orbea, Cafeteras Onex, Bic, Super Ser, Fagor, Kas e.a.

 

Atzera