Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Katuak bakar-bakarrik sentitzen direnean

Landa, MariasunAnaya, 1997 Haur eta gazte literatura

Aurkezpena

        Maiderren bizimodua goitik behera aldatu da amak antzerkian berriz lan egingo duela erabaki eta aita etxetik joan denean. Gauzak horrela direla, Ofelia, katua, izango da Maiderren sentimentuen irtenbidea; jakina denez, «katuak hain bakarrik sentitzen dira... » Baina, halako batean, Ofeliak ihes egiten du zaintzen duten baserriko etxetik eta Maider bere katutxoaren bila doa, arriskuak aintzat hartu gabe.

 

Pasartea

1

 

        Ilunabarretan katuak bakar-bakarrik sentitzen dira.

        Badakit hori Ofelia askotan jangelako mahaira igota eta leihorantz begira aurkitzen nuelako, geldi-geldirik, begirada galduaz kortinak zulatuz, malenkoniatsuki, polit egiteko mahai gainean jarri duten portzelanazko irudi baten gisa.

        Halakoetan, Ofelia besoetan hartu eta tristura arintzeko betondoa laztantzen nion harik eta bera, amets gaizto batetik esnatuko balitz bezala, nirekin jolastera prestatzen zen arte, berarekin nengoelako pozik eta guztiz indarberriturik.

        Neu ere, azken bolada honetan, triste eta arraroa sentitu naiz maiz, gehienbat ilunabarretan, eskolatik irten, etxeratu, eta merienda hozka txikiz jatera Ofelia egon ohi zen lekura joaten nintzenean.

        —Zer ari haiz hor?

        Amonaren errieta. Handik kentzeko eta eskolako lanak egiteko edo pulamentuzko zerbaitetan aritzeko esaten zidan, ni betilun eta bakarti aurkitzeak izugarri ernegatzen zuelako. Baina niri ez zitzaidan axola amonak esaten zidana, gauza askotaz pentsatzeko beharra neukalako: etxeko egoera berrira moldatu eta Ofeliaren hutsunea onartu.

        —Beti hausnartzen ari da neska hau!

        Amonaren kexa. Hausnartu hitza asko erabiltzen zuen nirekin, buelta asko ematen nizkiola buruari, behiak belarra mastekatzen duten bezala aritzen nintzela ni ere neure pentsamenduekin eta errosario hark gogait eragiten zidan. Bai, ez nuen uste arrazoirik falta zitzaidanik: etxean gertatzen ari zena nahikoa grabea zen, ama eta aitaren arteko haserrea, Ofelia etxetik bidaltzea eta azken egunetako aldaketak poliki-poliki irentsi beharrekoak zirela iruditzen zitzaidan.

        Holakoetan, pakean uzteko esaten nion amonari eta ziprino gorriaren arrainontzira jotzen nuen, eskua uretan sartu, isatsetik oratu, eta aidean segundo batzuetan mantentzen nuen, larri-larri ahoa behin eta berriro zabaltzen zuen arte. Gero, bota egiten nuen uretara, ez bainuen animalia hura maite, dena dakienaren itxura zeukalako, harro eta mutu, etxean katurik gabe lasai eta zoriontsu bizi zen bakarra zela pentsatzen nuelako. Ofelia eraman zutenean ekarri zidaten eta lehen mementutik mania hartu nion.

        Oraindik gogoan dut, hiru egun ziren Ofelia Mikelantxonen utzi genuela, amonak bere ihesaren berri eman zidanean:

        —Katu deabru horrek orain ere ederra egin din!

        —Zer?... Zer gertatu da?

        Sustoaren sustoz, bihotza jauzika hasi zitzaidan kanguru baten modura...

        —Alde egin din Mikelantxonetik!

        Ofeliak ospa egin zuela utzi genuen baserritik? Noiz? Noiztik? Eta non zegoen orain? Alferreko galderak, amonak ez baitzekien ezer. Goiz hartan, Kontxita Mikelantxoneko andreak deitu ziola katua bezperatik falta zela esanez, besterik ez. Bere bila ari zirela, eta lasai egoteko.

        Lasai?

        Arnasarik gabe gelditu nintzen, benetan, arrainontzitik atera eta airean kulunkatzen nuenean ziprino gorria sentitzen zen bezala sentitu nintzen neu ere: begiak irten-irtenak, aho zabalka, itolarrian. Ofelia ezagutzen nuen eta banekien ihes egite hark zer esan nahi zuen, gure etxerako bidea hartu zuela, faltan ninduela, gosez akabatzen egongo zela auskalo zein bidetan.

        Eta horregatik egin nuen egin nuena. Eta horregatik gertatu zen gertatu zena.

Eta horregatik etxekoak eta sendagileak ibili dira nire inguruan dantzan, arrain gorriari bezala niri ere arnasa falta zitzaidalako, eta horrelakoetan oso mugimendu traketsak eta desesperatuak egiten direlako.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera