Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Kearen truke

Gorrotxategi, AritzAlberdania, 2005 Nobela

Aurkezpena

  Noraino iristeko gai da maitale bat maite duen horren peskizan? Are, maite den hor pertsona bat ez baina gauza bat denean. Liburu zahar bat esaterako, inork inoiz ikus ez duen liburu bat. Arraza aparteko bat osatzen dute liburu zaharren maitaleek. Inor gutxi arduratuko litzateke hirian agure baten heriotzagatik, bestela. Inor gutxi, agure horrek sekretu ilun bat gordeko ez balu.

  Sekretu hori argitzen saiatzen da Samuel Elizalde ikertzaile ohia. Elizalde tipo garratza da, ezkorra. Duela gutxi utzi dio erretzeari eta nostalgia izpirik gabe begiratzen dio inguruari. Inguruak ere sarritan itzultzen dio begirada hotz hori. Ustelkeriaz zipriztindutako hiri honetan, besteak zauritzeko gaitasunak mugiarazten du jendea. Ke artean aienatu edota itzal bihurtzeraino.

Pasartea

1

 

  Egongela hankaz gora zegoen. Alfombraren erdian aurkitu zuten agurearen gorpua. Begiak irekiak zituen. Ahoa ezker alborantz okertua, sufrikarioa erakusten zuen keinu batean bildua. Artilezko txalekotik irteten zitzaizkion beso bietatik, bata gorputzari itsatsia, bestea, aldiz, bereiz. Ustel usaina zerion gelari, izpiliku ukitu batekin. Hormak krema kolore higatukoak ziren. Ispilu zahar bat zegoen gela erdian, afixez eta argazkiz josia.

  Ezustean harrapatu zuen Mendez nagusiaren deiak. Beso bat bainugelako paretan, eta bestea komuneko tapan zuela.

  Bezperako bihotzerrea sumatzen zuen oraindik hestegorrian gora egiten. Urdaila zulatzen. Gonbitoaren atarian. Ur txorrota hotz baten premia zeukan. Goi alboetako hortz-oiak miazkatu zituen. Ardo merkearekin nahasian afaldutako urdaiazpiko minduaren zaporea itsatsi zitzaion mingainean. Zerbait aldatu beharra zuela oldoztu zuen: sabela edo dieta.

  Hegazkin itxurako fakturak jaso zituen lurretik. Ez zebilen boladarik onenean.

  Kanpoan euria ari zuen donarioz. Errezel mehe batek estaltzen zituen hiriko etxebizitzak. Urrutian zubia eta garabiak ageri ziren leihotik. Beheraxeago, espaloi zartatuko hoditeria enegarrenez konpontzen ari ziren langileak. Lohihartzeko estuetan galkatuak denak ere. Bera goiz petral hartan galkatua sentitzen zen bezala. Ezertarako gogorik gabe eta arratoi-pozoi hatsarekin.

  Ekialdeko auzo zahar batean zegoen etxebizitza. Eraikuntzaren atzealdeko patio erdi hustuan utzi zuen autoa. Patiotik zetorren erretako tipula usainak inguratzen zituen eskailera buruak. Zakurren zaunkak entzuten ziren etengabe. Ateak, ireki-itxi zoro batean. Bizilagunen marmarra antzeman zezakeen hormigoizko horma arrailduen artetik. Argiztapena hain zen makala, ezen trapuzko baloi batekin jolasean ari zen haur batekin estropezu egin baitzuen. Zurubietan behera pirritan joan zen baloia. Atzetik haurra, eta haren begirakune zorrotza.

  Agurearen etxe atarian galtzen zen tipula arrastoa. Morrosko bat zegoen zaindari lanetan atalasean, tenk, markoaren kontra bermaturik. Hagin belztuak agerian. Patrikan zeraman plaka erakutsi bezain laster, libro utzi zion bidea. Hatsa bota izan balio ere, berdin-berdin utziko zion.

  Fosas komisarioa hurreratu zitzaion. Ohiko larruzko jaka beltz marguldua zeraman soinean. Ilea atzeraka orraztua, gogortzaile tanta batzuekin.

  —Ez nuen uste hain azkar birgaituko zintuztenik.

  —Instantzia bat aurkeztu dut Disneylandian zurekin batera lan egiteko. Komisario izendatu zaituztenetik baduzu halako ukitu erotiko bat.

  —Ez zara aldatu.

  —Ezta zu ere. Besteen ipurdiak miazkatzen jarraitzen duzu.

  —Tentuz ibili, Elizalde. Ez ahaztu hari-harian zaudela. Nigatik isunak pilatzen jarraituko zenuke. Mendezen agindua da.

  Sitsak jandako mahai txiki batera zuzendu zuen komisarioak begirada. Tabako-litsez zikindurik zegoen. Portzelanazko kikara bat zegoen gainean. Barrukoa usaintzeko makurtu zen. «Kafea dirudi. Nahi al duzu pixka bat?», galdetu zion Elizalderi latexeko eskularruak egokituz. «Emazteak utzi zaituela entzun dut. Ondo izorratua zaude, Elizalde», erantsi zuen jarraian. Samuelek mahai azpian zegoen paper bat seinalatu zion, esandakoari jaramon egin gabe.

  Liburu batetik brast kendutako orrialdea zirudien. Ozenki irakurri zituen Fosasek lerroak: «Ene jaun Bertrand de Echaus, Tursko Arzipizpiku, Frantziako lehenbiziko erremusinari: Ordenako aitonen seme, eta erregeren Konseillari famatuari».

  —Kito, hemen amaitzen da testua. Agidanez, kontaktu onak zeuzkan agureak —esan zuen Fosasek.

  —«Zenbat kalte egiten duen luzamendutan ibiltzeak, egitekoen geroko uzteak» —errezitatu zuen Elizaldek aspaldiko lezio bat gogoratuz. Harrigarria iruditu zitzaion esaldia hain garbi gogoratu izana. Duela hogei urte hil zen esaldi hura irakatsi zion pertsona-. «Gero», Axular.. . Liburu bat, orri pila bat azal batez josia, ulertzen?

  —Elizalde, Elizalde... Ahaztua nuen idazle zapuztua zinela.

  Lerma azpi-laguntzaileak eten zuen bien solasa. Zigarroa ezpain puntetan esekita zuela sartu zen egongelara, betiko begitarte gatzgabearekin. Paper mordoa zekarren esku artean. Kriminaleko ikerlari ohia agurtu zuen.

  —Hauek guztiak topatu ditut agurearen logelan. Bixente geratu da bertan, falta diren gainerakoak biltzen. Tiraderak irekiak zeuden. Paperez lepo eginda dago dena. Batzuk lurrean sakabanatuak geratu dira. Apalak beste hainbeste. Liburuz josiak. Batzuei orrialdeak kendu dizkietela dirudi —argitu zuen Lermak—. Lapurreta arraroa, inondik ere. Etxean zeuden diru eta pitxi urriak bertan utzita alde egin dute. Begien bistan egonda...

  Komisarioak agurearen gorpua seinalatu zion.

  —Bihotzekoak jota hil dela esango nuke —argitu zuen Lermak—. Ez dago bortxakeria arrastorik.

  Portzelanazko kikara zegoen aldera ukurtu zen Ellzalde.

  —Etxean hartu duen gonbidatuagatik kezkatuko nintzateke —eten zien jarduna besteei kikara erakutsiz. Zentimetro batzuk haratago, ia nabarmentzen ez zen hutsune zirkular bat zegoen, mahaian pilatutako hauts kaparen arrastorik ez zuena. Norbaitek zonalde hura garbitu zuen seinale. Makurtu beharra zegoen ikusteko. Hurbil-hurbiletik baino ez zitekeen hauteman xehetasuna—. Iruditzen zait gonbidatuak kariñoa hartu diola etxeko zerbaiti. Ezinbestekoa da jakitea nor zen eta zein ordutan egon zen hemen. Baliteke pertsona bera izatea gonbidatua eta lapurra.

  —Ezagunak izan ala ez, zerbaiten bila etorri da —azaldu zuen Fosasek—. Eta ez dut uste zerbait hori mahai gainean zegoenik.

  Lermaren paperak begiztatzeari ekin mon Elizaldek. Horiztatuak zeudenak artxibategi ezberdinetatik erdietsitako jatorrizkoak ziruditen. Zigilu bereziak zeuzkaten, eta ertzak janak. Nolanahi ere, gehienak gaur egungo liburu edota artikuluen fotokopiak ziren.

  Gelan zehar paseatzen hasi zen hurrena. Beste behin, hildakoaren aurpegian finkatu zuen begirada. Zurbildurik zegoen. Argizarizko nano bat zirudien, maiztutako alfonbra puska hartan erabat uzkurturik. Etxe osoan ez zegoen gorpu arrastaka ekarri baten lorratzik. Bertan hilko zela barrundatu zuen Elizaldek. Zein unetan baina, eta nola? Ustezko lapurra ikusi aurretik ala ondoren? Bestalde, puzzleko zein hutsunetan egokitzen zen gonbidatua? Etxebe beteranoak argitu beharko zituen nabardura guztiak.

  Ispiluko afixetako bat eskuratu zuen. Alexandre Dumasen Hiru mosketariak obraren litografia bat zen. Ez zuen oharrik atzealdean.

  —Agureak Fermin Rostegi zuen izena —esan zien sartu berria zen Bixentek, saileko bigarrenak, koaderno batean idatzitako oharra irakurriz—. Jubilatua. Irakasle modura jardun zuen hainbat unibertsitatetan: Salamancan, Baionan eta, azkenik, Donostian. XVII. mendeko literaturan aditua. Axular delako bati buruzko tesia idatzi zuen. Lantzean behin, artikuluak argitaratzen zituen aldizkariren batean, denak ere matraka berdinaren inguruan.

  —Ondo moldatuko zinatekeen berarekin, Elizalde —trufatu zen komisarioa—. Beste idazle zapuztu bat. Kluba eratu dezakezue.

  Ikerlari ohiari gogaikarria egiten zitzaion Fosas. Gorroto zuen, dena eginda ematen dioten norbait gorrotatu daitekeen moduan. Amorrurik gabe, baina etenik gabe. Aspalditik ezagutzen zuten elkar, ikertzaileen atalean batera sartu zirenetik. Ordutik hona, ibilbide ezberdinak jarraitu zituzten. Askoz lehenago, Latorrizko tranbia ardandegian biltzen zen inozokeria bertsuak konpartitzen zituen ikaskide talde batekin. Haiek akuilatuta idatzi zuen argitaletxe guztietan baztertu zuten poema-bilduma bat: «Matias, izorratu gaituk berriz». Dagoeneko, pista galdua zien denei. Sasoi hura, gaurko errealitatearen antipodetan zegoela pentsatu zuen Samuelek nostalgia zipitzik gabe. Aldizkari batean irakurri zion norbaiti erraz onartzen zirela gaztetasunaren ilusioak; nekez, ordea, zahartzaroaren desenkantuak. Zoritxarrez, urrun zituen biak, gaztaroa bezainbat zahartzaroa. Hurbil-hurbilekoa, berriz, tripako mina.

  —Bakarrik bizi zen —jarraitu zuen Bixentek—. Alboko bizi-lagunak ez omen zuen ezer entzun. Hildakoaren etxeko giltzen kopia bat dauka. Egun, ez da oso ohikoa konfiantza maila hori bizilagunen artean. Berak ireki zien atea patruilakoei. Adierazi didanez, tarteka iloba bat etortzen zitzaion agureari bisitan. Duela bi egun egon zen hemen. Haserrealdi bortitza izan omen zuten. Oihuak entzun zituen bizilagunak. Hala ere, ez naiz askorik fidatzen berarekin. Bere lekukotza irratian pasatuko ote duten galdetu dit, baita zein ordutan emango duten ere. Eskerrak ez ditugun aitortzak kameraz grabatzen.

  Fosasek zigarro bat piztu zuen. Bixentek bostekoa eman zion ikerlari ohiari: «Ongi etorri betiko ipurtzulora, Samuel».

  —Duela sei urte liburu zaharrekin erlazionatutako kasu bat izan zenuen, Elizalde —hasi zen komisarioa zigarroari kealdiak kenduz—. Gainera, hemengo denok dakigu literatur kontuetan urrutiko aditua zarela. Zer iradokitzen du gure poetak?

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera