Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Koadro isila

Etxaniz Rojo, XabierErein, 2003 Nobela

Pasartea

Institutuan

 

        Hamabiak eta hogei minutu dira autoa futbol-zelaiaren ondoko aparkalekuan utzi duzunean. Telefonoa eskegi ondorengo unean burura etorri zitzaizun irudiaren aurrean zaude.

        Zure institutuaren aurrean.

 

      Eskailerak igotzen hasi zara, eta oroimenak hutsik egin ez bazizun ere, izan bada aldaketarik. Gimnasioaren aurrean zegoen izenik gabeko zuhaitza desagertu egin da. Andua besterik ez da geratzen. Beiratea garbi-garbia dago, ez dago kartel bat bera ere. Eserleku berri bat dago. Eta kortxozko taula erraldoi bat. Garbi-garbia hau ere, izkina batean egindako graffiti antzeko marrazki txatxu batengatik ez balitz.

      Ederki. España va bien.

      Bitxia iruditu zaizu egungo ikasleek txartelik jarri nahi ez izatea.

      Kristalezko atea zeharkatu eta bedelaren txokoa izan da ikusi duzun lehenengoa. Ondoan idazkaritza. Eskuinaldera begiratu, eta hantxe daude irakasle gela eta hitzaldi aretoa. Bata zein bestea itxita. Jarraian ezkerraldera zuzendu duzu begirada. Ate bakarra ikus dezakezu zauden tokitik, marrazki gelarena hain zuzen. Honen ondoan euskara mintegia beharko luke. Aldaketarik ezean, behintzat.

      Eta idazkaritzan sartu baino lehen, ezker-eskuin egin duzu berriro. Azkar. Unetxo batez. Eta zera bururatu zaizu, goiko ikasgeletan baino gehiago beheko solairuko lau gela haietan eman zenituela institutuan igarotako sei urteak.

      Idazkaritzan sartu eta idazkari beltzaran batek hartu zaitu. Ez da zuk gogoan duzun idazkaria. Honako hau berria da. Zuk gogoan duzuna ilehoria zen eta Bo Dereken antz ikaragarria zuen. Zuk gogoan duzun idazkariak —nola ahantzi— sekulako titi eder handiak zeuzkan.

      —Josian hemen al da? —galdetu diozu.

      Ezetz esan dizu, orain ez dagoela bere bulegoan. Eserlekutik altxatu, eta ondoko horman itsatsita dagoen ordutegi taulan begiratzen hasi da. Zuk idazkariaren soinari erreparatu diozu. Ez, honek ez du Bo Dereken antzik, inondik inora ere, eta unetxo batez pena sentitu duzu. Lehenengo BUPen, gelako mutil guztien lehenengo maitasun kolektiboa izan zen. Ez zenekiten ezertxo ere orriak irribarre eder batez ematen zizkizuen emakume haren inguruan. Ez zenekiten, ez nor zen, ezta nongoa zen ere. Ezer ez. Izena baino ez. Eta orain oroimenak titi

ederrak gorde bai baina izena lapurtu egin dio Bo Dereken antza zuen idazkari hari. Alferrik saiatuko zara.

      Gainera, ez da hori orain jakin nahiko zenukeena.

      Zenbat urte zituen ilehori hark zu orriak edota fotokopiak eskatzera joaten zintzaizkion garai hartan? Zenbat urte izango ditu gaur egun? Garai hartan zu eta ikaskideak gaztetxoak zineten. Idazkaria, ordea, heldua. Garai hartan mailak adierazten zuen adina. Lehenengo BUPekoek hamalau-hamabost urte zituzten. Bigarren BUPekoek hamabost-hamasei. Hirugarren BUPekoek hamasei-hamazazpi. COUn egotea jauzi kualitatiboa zen, nahiz eta artean ez jakin, ez zer esan nahi zuten hitzok, ezta norako jauzia zen ere.

      Hortik aurrera, ezin jakin helduen adina. Aiton-amonena izan ezik. Aiton-amonak zaharrak baitziren.

      Zuk hogeita hamar urte dituzu ekainaz geroztik.

 

      Idazkari beltzaranak Josian eskola ematen ari dela jakinarazi dizu. Hamar minutu barru amaituko duela. ltxoiteko. Korridorera atera zara eta zigarro bat piztu duzu, zerbait egitearren. Korridorean ere kortxozko taulak daude. Baina kanpokoa ez bezala, taula hauek orriz beterik daude. Eskola arteko poesia lehiaketa bateko oinarriak. Rafting, trekking eta «ing» bukaera duten kirolak antolatzen dituen elkarte bateko propaganda. «Los lectores no nacen, se hacen» dioen eta —ziur asko— inork irakurri ez duen panfleto bat.

      Taula horren ondoan, beste bat. Honek kristalezko bi atetxo ditu eta giltzaturik dago. Azterketa batzuen emaitzak dira. Zutabe batean izen-abizenak eta ondoan emaitzak. Izenei erreparatu diezu izenkideren baten bila. Gorka, Iñigo, Larraitz, Jennifer, Olatz, Kevin, Alba. Hiru zerrendatan begiratu duzu baina ez, ez dago Santi izeneko gazterik. Bi Jose Antonio daude. Jose Luis bakarra. Juan Luis izenekorik ez. Badira, ordea, bi Jonathan. Jonathan!! Ba al dago hori baino izen itsusiagorik! Nork jar diezaioke semeari horrelako izenik? Erantzuna lagun oiartzuar baten amaren irudiarekin batera iritsi zaizu: kastellanoak, hark esaten duen bezala. Haurra B ereduan matrikulatu eta Jonathan izena jarri, hori kastellanoek besterik ez dute egiten. Eskola ordua amaitutzat ematen duen txirrina entzun duzu.

      Izenak aldatu dira bai, baina txirrina ez. Era irribarre bat marraztu duzu ezpainetan.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera