Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Krokodiloa ohe azpian

Landa, MariasunAlberdania, 2002 Haur eta gazte literatura

Aurkezpena

        Tipo arrunta da ipuin honetako protagonista. Arrunta du etxea, arrunta lanbidea, arrunta izena bera ere: J.J. Ohitura arruntak ditu egunero berritzen dituenak beti berdin beti berdin edo antzera. Baina halako batean, gaur, ohetik jaiki, eta batere arrunta ez den zerbait gertatu zaio: krokodilo bat ikusi du bere ohe arruntaren azpian. Egoera surrealista horretatik abiatuta, eta umore ukitu finez, gertaera korapilatuz doa autorea, amaiera biribil batera iristen den arte

        Gaur egungo gizakiaren bakardadearen alegia mamitsua egin digu oraingoan Mariasun Landak.

Pasartea

        Txirrina jo zuten. Zefe agertu zen atalasean, jakin-min aurpegiz. Garaia eta indartsua zen. Teniseko bi erraketa bezalakoak zituen eskuak, aldaketan jarrita, eta gotor eta sendo itxura ematen zion horrek...

        —Juanjo, jakin-minez naukak, koño! —eta ukabilkada maitekor bat eman zion, eta J.J.-k bizkarra hormaren kontra bermatu behar izan zuen.

        —Hator nirekin! —esan zion, agur hartatik bere onera etorriz—. Krokodilo bat zeukaat ohepean...

        —Zer daukaala?

        —Aditzen duana. Hemen, ohe azpian, krokodilo bat dagoela eta ez dakidala zer egin berarekin. Begira ezak heuk...

        Eta Zefe belaunikatu, lau hankan jarri, eta ohe azpian begiratu zuen. J.J.-k zigarro bat pizteko aprobetxatu zuen. Hasia zen lasaitzen. Gauza handia zen adiskidetasuna! Zure larridurak inorekin partekatzea, laguntza sentitzea...

        —Deabru demonioa, odolkia halakoa! Zer txantxa klase da hau?

        J.J.-k, ezustearen ezustez, ia irentsi zuen zigarroa...

        —Baina ez al duk ikusten, Zefe?

        —Ikusi zer, artaburu? Zer krokodilo eta krokodilondo! Hemen ez zegok ezer!

        J.J. lurrean etzan zen, une hartan bonbardaketa bat hasi balitz bezala. Ohepean begiratu eta... ikusi egin zuen! Bai, ikusi egin zuen! Geldi, izugarri, hilda bezala. Sabelalde ezkatatsuaren mugimenduak bakarrik adierazten zuen ofidioa bizirik zegoela...

        —Atun puska, hi ez hago burutik sano! Hemen ez zegok hautsa besterik! Noiztik hasi haiz ameskeriak ikusten?

        —Zefe, benetan esaten diat, benetan ari nauk!

        J.J. bere bakardade izugarriari neurria bartzen ari zen une hartan. Ulertu zuen alferrik zela hartan setatzea. Baita arriskutsua ere. Ohartu zen gorabehera hura aurrez pentsaru ez bezalako itxura ari zela hartzen, modu labur batez esanda honelatsu adieraz zitekeena:

        1.— Ohepean krokodilo bat zuen.

        2.— Krokodilo hark zapatak jaten zituen.

        3.— Ez zen inongo zoologikotik ihes egina.

        4.— Krokodilo hura ikusezina zen besteentzat.

        J.J.-k, senez, pentsatu zuen oraingoz hobe zela disimulatzea...

        —Bene-benetan ari nauk, Zefe...

        —Juanjo, Juanjotxo, lan gehiegi egiten duk hik! Eta gainera ez zegok beti bakarrik bizi izaterik, arraioa! Hik dibertsio pixka bat behar duk! Eta neskaren bat aurkitu, oso-oso politak bazeudek-eta, bixigu! Tira, pasa hadi gero harategitik, eta pare bat txuleta emango diat, goseak akabatzen hago eta! Oparia noski.

        Eta hura esatean zaplaztekoa eman zion ezkerreko masailean, eta ia-ia bota zuen hankaz gora...

        Bakarrik geratu zenean, atzera bere gelara itzuli zen. Lurrean etzan zen luze, eta krokodiloari begira geratu zen. Bere krokodiloari. Jadanik ez zuen beldurrik, itolarri modukoa besterik ez, izenik ematerik ez zeukana. Eta izerdi hotza. Eta eskuak dardaraz. Aurrerakoan ez zekien zer gerta zitekeen. Hasteko, bulegora joan beharra zeukan. Krokodiloarena bere sekretu handia izango zen, eta hartan pentsatutakoan konturatu zen hartaz inorekin hitz egin ezina beldurra bera baino gogorragoa izango zela.

        Joan aurretik, zapatila bat bota zuen ohepera.

        Oraingoz, hobe krokodiloak goserik ez sentitzea.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera