Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Labartzari agur

Alvarez Enparanza, Jose LuisElkarlanean, 2005 Nobela

Aurkezpena

  Antton Ihartzegarai, 17 urtez espetxean egon ondoren, irten da azkenik Valcorneja de Cepedillako presondegitik eta sorterrira dator, Labartzara, bere arreba Ixaskunekin batean. Ez du lehenari loturik egon nahi, baina ez du aurrera begirako asmo berezirik ere. «Bidaia kontra-kronologiko» baterako plana egin zuen barruan: aurretik ezagututako leku, jende eta esperientziak berriz bizitzea, tokiak bisitatuz, uneak oroituz.

  Maitasun-istorioak, borroka-ekintzak, haur garaiko bihurrikeriak eta era guztietako pasadizoak kontatuko dizkigu protagonistak, gaur egungo bere zalantza existentzial, gertakari lazgarri eta eztabaida politikoekin tartekaturik.

  Eleberri bizi eta ausart bat egin du, beste behin, Txillardegik, estilo arin eta azkarrez idatzia eta, aldi berean, zer pentsatua ematen duena, bere nobelagintzako alderdi hausnartzailea eta abenturazalea bat eginik.

 

Pasartea

  —Antonio Días... digo, Antonio Dihaser... Diasergay. .. Dihasegaray Ayica —entzun nuen.

  «Kostata bota duk, motel; eta, beti bezala, txarto», pentsatu nuen.

  Ez baitzen lehenengo aldiz saiatzen, ez horixe, nire izena ahoskatzen. Baina, ezin.

  —Sí —nik.

  —Cóhe loh bartulo, y sha puede marsharte.

  Enrique gartzelazain sudurgorri krudelaren ahots lakarra zen.

  —O sea —nik bat-batean zozoturik antza— ¿que dice que me puedo marchar?

  —Sí. Eso eh —bere nazka-muzina nekez disimulaturik—. Fuera te ehtá ehperando tu hermana Izahcun. -Ya.

  Berantetsia nengoen. Etsipenean etsia, barne oinazean gogortua, sortua.

  Eta 446 egun hartan itxarondako agindu pozgarriak (446 baitziren, bai, neuure kalkuluen arabera; eta ez 445 edo 447) ez zuen nigan espero zitekeen asaldua piztu.

  «Sha puedeh marsharte» marrantaz eta nazkaz ahoskatuak.

  Murrutzar zurien gainetik, libro, jostari, ilunabar gardenetan nitaz trufatu nahi bide zuten mentzigu eta hartxori arinak, aldra zalapartaritan agertzen eta desagertzen ziren eta egurats barea gurutzatzen.

  Oraingoan, ordea, lehenengo aldiz, kide sentitu nituen.

  —Esta bien, sí. ¿Como no? Ahora mismo me preparo.

  Ezer gutxi neukan nik, egia esan, «prestatzeko» modukorik.

  Hamazazpi urte luzez ilunabar bikainak esperantzarik gabe ikusi ondoren, azkeneko hamabost hilabetean argi izpiak batez ere zapuzturik jasan ondoren (hauek bai gogorrak!), etxera bidaliak nituen neure apurrak oro, koittadu honek. Aurrerantzean beharko ez nituelakoan...

  Joxe Auxtin Arrietaren Labur aroz liburua irakurtzen hasia nintzen egun haietan, hain zuzen (Ixaskunek kostata sartua). Hura neukan neurekin.

  Baita ingelesezko Collins gorri-beltza ere, eta Thomson-Martineten gramatika. Gehi arropa zarpail batzuk, garbigailu pertsonalak... Hutsa.

  Besteren batek irten behar zuela zirudien.

  Baina pixkanaka neure egoera berriaz jabetuz joan nintzen.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera