Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Lagun eta bi lagun

Mujika, XabierElkar, 1987 Haur eta gazte literatura

Pasartea

IBILALDI EGUN BAT

 

        Udaberriko goiz eder batean Urki enparantzan haur multzo bat dabil jolasean. Mutilak frontoian dabiltza. Ohi bezala, kirol gehienetan trebeenetakoa baita, Iker ari da irabazten. Fueraketara ari dira eta dagoeneko bost tanto ditu. Gelako beste mutilak ere han ari dira ahaleginetan.

        Alboan neska taldetxo bat saltoka ari da, sokari eraginez etengabeko saltotan.

        Ez dira guztiak plazan, ordea. Taldetxo bat, —gelako jakintsuenak ote?— herriko eliza zaharra ikusten ari da, irakasleak esan dienez hamabostgarren gizaldikoa den eliza.

        Enparantzatik elizara doazen eskaileretan ez jolastera ez eliza ikustera ausartu den mutiko bat dago eserita. Geroxeago bere historia azalduko digun Olasoroko Xabier dugu.

        Bere gelako neska-mutilez inguraturik ere, bakardadeak dakarkion giro tristean, ukalondoak belaunen gainean, begirada galdua, ezertan pentsatzeko gogorik gabe dagoelarik, bat-batean, ezpainetan irribarrea, bihotzaren taupaden eraginez zutitu egin da; hantxe baitator zaunkaka, herrenka-herrenka Lagun bere zakurra...

       

        Etxeondoko lurretan aurkitzen den Olasoroko Xabier nauzue. Hamaika urte ditut eta, zer esango dizuet?, ez oso txiki ez oso handi nauzue; nire amatxok esaten didanez, gutxiegi jaten dudalako argal samarra omen nago, nahiz eta niri ez zaidan horrela iruditzen. lle beltza dut eta aurpegian orein batzuk ere baditut. Baina ez natorkizue nire soinaren berri ematera, ikastolan pasa ditudanak esatera baizik.

        Zortzi urte nituen ikastolara hasi nintzenean. Gure baserria herritik oso urruti dago, eta errepiderik ez zegoenez, asto gainean ibiltzeko gauza ez nintzen bitartean ez ninduen amatxok ikastolara bidali.

        Ez pentsa zortzi urte bitartean ezer ikasi ez nuenik. Amatxo soro lanetan aritzen zen bitartean aitonak gauza asko irakatsi zidan; batez ere, Olasoroko gure arbasoek egindako gauza miresgarriak kontatzen zizkidan. Haren aita eta amak eraiki omen zuten, beste inoren laguntzarik gabe, Olasoro baserria. Urte luzetan, hil baino aste pare bat lehenago arte, gure aitonaren ama herrira joaten omen zen erosketak egitera. Etxeko asto zaharra lagun zuela ordubeteko bidea egiten omen zuen astean bi aldiz. Eguzki galdatan, elurte ikaragarrienetan, trumoi eta tximisten artean, urte osoz astean bitan, ordubete joan ordubete etorri, herrirako bidea egiten omen zuen.

        Badakizue behin zer gertatu zitzaion? Aldi bakoitzean, herritik baserrira malda gora zihoala, astoari azukre puska bat ematen omen zion bideko leku berean. Behin dendan azukrea eskatzea ahaztu omen zitzaion. Leku jakinera iritsi eta astoa gelditu egin omen zen. Aitonaren amak eginahalak egin arren astoa ez omen zen mugitzen. Erreguak, laztanak, makilkadak, denak alferrik izan omen ziren. Aitonaren amak herrira itzuli eta dendan azukrea erosi beharra izan omen zuen eta hogei minutu luzez pausorik eman ez zuen astoari ahoratu, honek aurrera egingo bazuen.

        —Bai, Xabier —esan zidan aitonak—, abereak, hitz egiten ez badute ere, kristauak bezain azkarrak dira gauza askotan.

        Horrelako gauza asko kontatzen zidan aitonak, eta ikastolara hasi nintzenean asko nekiela uste nuen.

        —Orain irakurketa saioa egingo dugu —esan zuen irakasleak—. Aurten ikasle berri bat etorri zaigu, Olasoroko Xabier, eta bera hasiko da irakurtzen.

        Isilik gelditu nintzen, burumakur mahai gainean nuen liburuari begira.

        —Ea, Xabier!

        Beldurrez irakasleari begiratu eta «Ez dakit irakurtzen», esan nion.

        —Ja! Ja! Zortzi urte eta irakurtzen ez daki! —oihu egin zuen atzekaldean zegoen mutil batek.

        —Ixo! —esan zuen irakasleak—. Ea, Maider, zuk irakur ezazu.

        Jolastera atera ginen handik pixka batera. Mutil taldetxo bat inguratu zitzaidan Iker buru zuelarik.

        —Hirea al duk asto hori?

        —Bai.

        —A, e, i, o, u! El burro sabe más que tú! —esan zuen algaraz.

        —Hi! Ba al dakik zer esan dugun?

        Begira gelditu nintzaien.

        —Astoak hik baino gehiago dakiela!

        Niri aitonaren amaren astoa gogoratu zitzaidan.

        Hori da nire lehenengo ikastola egunaz gogoan dudana. Ordudanik dator lkerrek eta biok dugun elkar ezin ikusia. Borroka egin genuen eguna geroxeagokoa da.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera