Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Laino artean zelatari

Juaristi, FelipeAlberdania, 1993 Poesia

Aurkezpena

Laino artetik begi bakoitz handi bat ageri da.

Ez da Jainkoaren begia, poetarena da.

Begiak, laino artean, ez du gardentasunez ikusten gauzen eitea.

Difuminatu egiten zaizkio Ni1 eta Ni2 banitatearen lanbrotan.

Arbola bat atzeman daiteke, ordea, iruntzitara jarrita ere

harrigarri garbi, mirakuluz zehatz,

metropoliaren zoruan eta amodio modernoen matazan errotua.

Pasartea

Entropia 3

 

 

Garai hartan iparrerantz zihoazen tren guztiak,

Zaldiak lehian zebiltzan haize itsuarekin,

Ibaiek maldan behera zeramatzaten beren urak.

Emakumeek luzea zuten ilea, gari soroak.

Arratsaldero esertzen nintzen leiho ondoan.

Infinitoa zer ote zen jakin nahian.

Metaforak nituen buruan, baina erantzunik ez.

Pentsamendua espazio eta denbora handietan.

Minaren trilogia: hotza, iluna, bakardadea.

Izotzezko, hareazko, hezur-odolezko lurraldea.

Amodioa betiko dela esan nuen uste osoan.

Hori ezean hilko nintzatekeela etsipenez.

Baina betikoa eta infinitoa ez dira berdin.

 

Norbaitek leihoa irekitzen zuen aurrean,

Ozeano beltz asfaltatuaren bestaldean,

Ilargi bat, puntu zuri distiratsua,

Niregana zetorren urretxindor eroaren hegadan.

Deitu gabe sartu eta barnekoaz jabe egin zen,

Zentzumenak, pasioa, oroitzapenak zabalduz

Elkartzen gintuen lerro zuzen ikustezinean,

Egunaren joanean bezala arropa zikin nekatua.

Nik ere, ohizkoa nuenez, bonbila nuen piztu.

 

Argiarena baino arinago begiaren abiadura.

Nirea harenean zegoen, harena nirean,

Bonbilen islak zeru erdian batzen ziren bitartean,

Leiho batetik edo bestetik distantzia berera.

Segundo bat zirauen gertakizun osoak,

Denbora neurrietan, baina eternitatea bihotzekoetan.

Gero, leihoko argia itzali eta erretiratzen nintzen gelara.

Suzko galburu hura ere amatatzen segidan.

Hura ni ote, ni hura ote galdetzen nion neure buruari.

 

Azkenean, ordea, aurkitu nuen bila nenbilena.

Infinitoa ez da bat bi egitea une berean.

Inoiz agortzen ez den begirada baizik.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera