Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Leturiaren egunkari ezkutua

Alvarez Enparanza, Jose LuisEuskal idaz-lanak, 1957 Nobela

Aurkezpena

        «Leturiaren egunkari ezkutua» pertsona bakarti eta gogoetatsu baten egunkari ezkutu, gorde, intimo bat da.

        Bertan bere gertakizunak baino gehiago, giza izateari buruzko bere gogoeta filosofikoak aurkezten dizkigu.

        Testoa gertakizunek baino gehiago, Leturiak bere bizitzaz dituen gogoetak osatzen dute. Gaia egiztagarria da, gogoeta existentzial horiek edozeinek egin ditzake eta gehiago edo gutxiago denok egiten ditugu geure bizitzan zehar. Gaia egilearen garaikoa da.

        Nobela honetan agertzen den gizarte moeta erabat hiritarra da. Dantzalekuek, zineek, motorren zaratek hori agertzen dute. Bestalde gizarte horren kritika edo aurkezpen handirik ez du egiten. Leturia betibakarrik eta bere buruaz hizketan agertzen bait zaigu ia beti.

Hitzaurrea

Sarrera hitz batzu

 

L. Mitxelena

Euskaltzaindi-koa.

1957

 

        Ez dut gaurdaino hitzaurrerik egin, eta ez nuen uste gogoz egiten ari naizen egiteko hori gogoz egin zitekeenik.

 

        —Jose Luis Alvarez Enparantza, euskal letretan «Txillardegi», ezagutzen dut aspalditxoan. Hona nola ezagutu nuen. Sari-banaketa batetan zen, eta saritutako lan batek ez zuen oso ongi hartzen norbaiten filosofia: Kant-ena ala existentzialistena zen, ez naiz oroitzen. Dena dela, han altxa zitzaigun Txillardegi. Laburki eta funtsez adierazi zigun ez zuela ontzat hartzen sarituaren iritzia, baita zergatik ez zuen hartzen ere.

        Biziro poztu nintzen. Neroni, egia esan, bat nentorren Txillardegi-rekin, baina hori ez zen gutxiena. Hutsa al da, bada, gure artean, inor mamia aintzakotzat hartzen ikustea? Ez dut uste geroztik han-hemengo aldizkarietan argitara eman dituen artikulu banakak irakurri gabe utzi ditudanik. Hitzaldi trebe bat ere entzun diot, Unamuno-z, behar baino gutxiagok entzuna. Eta beti, gero eta gehiago, haseran ezagutu nuen Txillardegi hura berbera aurkitu dut.

        Noizpait, joan den udaberrian edo, bere asmoaren jakile egin ninduen: eleberri bat egitekotan omen zebilen, eta nolapait esateko existentzialista horietakoa. Lehen baino lehen has zedila eskatu nion, eta ahalik lasterren buka zezala. Ez dut horrekin esan nahi liburu honen sorreran zer ikusirik izan dudanik. Eman nizkion hitzak merkeak dira eta ez nuen uste, ezta alderatzeko ere, gogoan zeukan liburu hura eskuetan daukazun liburu hau izan zitekeenik. Saiatzeak ez dio inori kalterik egiten, eta euskal idazle berri bati inori baino gutxiago. Txillardegi-rena izanik, gainera, banekien zorrotz eta zehatz esanik irakurriko genuela gutxienez. Izen-ondokoak ematen zidan, ordea, gogoanbeharra. Beldur nintzen, alegia, idazlan hori ez ote zen, beste asko bezala, modaren losentxak eragina izango, barrengo eskeak sorrerazia izan beharrean.

        Horrela den ala ez zerorrek ikusiko duzu, irakurle. Neronek argi eta garbi ikusia dut. Esan beharrean aurkitzen naiz luzatu gabe, horrexegatik beragatik, hitz eskas hauek baino hobeak merezi zituela liburu honek sarrerako atean: dena delako lehenik, eta mugarri baten antzera lur berriaren seinalea eta ezaugarria dugulako gero.

 

* * *

 

        Nobela honen gaia hitz gutxitan konta daiteke. Ez bedi inor asalda: nik konta ditzakedan gertaerak ez dira gaingaineko axala baizik, muin gordea estali ez-baina ukierazten digun itxura sotila.

        Udaldean, liburuko «Udalehenean», Leturia-k ez du zereginik, inguruko bakez asetzea baizik. Ezta kezkarik ere, gaztetasunaren ezinegon larriatsegina izan ezik.

        Bat-batean, bakeak, soseguak aldegin du, eta nolako aldaketa Leturia-ren gogoan eta inguruko zeru-lurretan, maitasuna dela bide! Askok eta askotara azaldu izan dute miragarrizko antzaldatze hori. Esaterako, Poe-ren hitzez azal dezakegu:

        «Gauza guztiak itxuraldatu ziren. Ohi ez bezalako lore distiratsu izar-antzekoak ernatu ziren lorerik ezagutzen ez zuten arboletan.

        Belarraren berdea berdeagotu zen, eta txiribita zuriak banan-banan galdu ala, hamar halako rubi-kolorezko unanu-lore jaiotzen ziren... Urre-zilarrezko arrainez josi zen ibaia, eta honen sabeletik jaiki zen, gero eta ozenago, marmar bat, edozer baino gozoagoa, Eleanora-ren mintzoa izan ezik. Eta aspaldian iguzkiaren etzinaldera geldirik genekusan sugarrezko hodei lodi bat gure gainean tinkatu zen astiro, gero eta beherago, mendi-tontorrak ukitu arte, eta betiko balitz bezala sorginkeriazko kerizpe argitsu betean izkutatu gintuen».

 

* * *

 

        Egileak berak esan dit zati hau «inoxo xamarra» dela. Bai ote? Maitasunak —irritsaren azken txingarra aseak hoztu eta betetasunak itzali arte— dakartzan neke eta atseginak, amets eta etsipenak, maiz agertu izan dira irakurgaietan, gizona holakorik egiten hasi zenez gero. Eta hitzez, lehen eta gero, zenbat bider? Halaz guztiz, oraindik inor aspertu ez denez gero, esango genuke ez dela gaia agortu, ezta agortuko ere noski gizona gizon deno. Gezurrik gabe esan da gertaera hori, gizonari gerta dakizkiokeen beste zenbait gertaera nagusiren gisa, beti berria dela, lehengoak bezalakoa izan arren ez duela sekula lehengoen antzik. Nahikoa da esatea Leturia-k sentitu zuenaren berriaren berriak ez duela berritasunik ez jatortasunik galdu Txillardegi-ren luman.

        Hori aski ez dela, inor okiturik baldin badauka inongo herritan giza-maitasuna maizegi ahotan erabiliak, ez dakioke horrelakorik gerta euskaldun irakurleari. Zenbait euskal autorek azaldu dute maitasuna, egia, eta ez guztiek orobat. Ezagunenak besterik ez aipatzeko, hor ditu Detxepare eta Oihenart aseak neska-mutil gaztetxoei irakurtzea komeni ez zaizkien hamaika gauza esan zituztenak, eta gugandik hurbilago Bilintx gosea, bizi zeno ondorerik gabeko amets txuri-gorriak iruten jardun zuena. Hegoaldeko maite-haizetxo bat ere etorri zitzaigun behin Provenza-tik. Baina euskal prosak uzkur egin dio gehienetan gai horri. Baldinba jasoagorik ukitu du; ez, ordea, behar bada gizonarentzat —baita euskaldunarentzat ere —nagusiagorik, ez bizi-oinarriei atxikiagorik.

        Axular batek bazekien hori, eta ez zen gelditu iragaitzez bederen adierazi gabe.

        Leturia-ren txoraldi hau pintatzean berean ere aberastu gaituela deritzat, beraz, Txillardegi-k. Baina ez zuen horretan gelditzeko asmorik. Haseran gaude oraindik; ez dakigu ezeren berri, Leturia-ren itsumena gurea baldin bada. Neke eta ardaila, erdietsi du gogo zuena.

        «Uda» dator orain, uda isila, zorionari edo zorionitxurari dagokionez, eta laburra gainera. «Udazkenera» heldu gara. Berandu ohartu da Leturia, ez zitekeen lehenago ohar, sasi-beharra zela, sasi-premia aldez aurretik guztizkotzat zeukan premia hura, ez zela dena gorputzik gabeko ametsa eta irudipen hutsa baizik; besterik nahi zuela, uste ez bazuen ere, bere bihotzak.

        Etsibehar gogorra gainean duelarik, ezin etsi. Ez du ohiturak menderatuko, ezta «egunorokotasunean» murgilduko. Ez dio maitasunak ernatu zion zorion-nahiari ukorik egingo. Kontuak zeharo garbitu behar ditu bere buruarekin, horretarako etxetik ihes egin behar badu ere. Eta bere buruarekin bakarrik hasiko du «Neguko» hizketaldi larria, hil ala bizi, bide bila nahigabez inguraturik eta ilunbetan aztamuka. Bidea topatu du azkenean: beranduegi? Ez du lehendik ezagutzen genuen bidea aurkitu besterik egin, esango du agian norbaitek. Ez, ez da lehengo bidea, ohitura hila ez baita sinesmen bizia, ezta belarrik belar dabilen artaldearen bidea aukeramenaren jabe den gizonarena.

        Arrazoi pixka bat bazuen egileak lehen zatiaren moxokeriaz ari zenean. Haurtzaroko ametsetan —txoxatan bezala— bildua zebilen Leturia, ez zekien bere buruaren berri. Ez dut esango «Egunkari» honen azken zatia baino ederragorik ez dela ondu euskaraz —«belles-lettres» direlakoetatik agitz urruti gabiltza hemen—, ezta ere gai garaigorik ez dela ukitu. Baina, baldin neure iritzia estalkirik gabe agertu behar badut, ez dut uste inoiz gure hizkuntzan entzun denik horrelako hitz larririk, horren zinezko aitorrik, horrenbesteko karraxi sarkorrik. Ez dugu sekula egin, hitz batean esateko, Leturia-rena bezalako ibilaidirik gogobideetan barrena.

        Liburu honen iturburuen bila hasiz gero aurkituko genuke noski nor aipa. Euskaldun baten izena behinik-behin, Unamuno-rena, aise etorriko litzaiguke gogora. Oker handia egingo genieke, ordea, bai Leturia-ri bai egilean, bide horretatik abiatuko bagina. Jakina, egileak ez du deus sortu ezerezetik, sortzailea bailitzateke orduan, Jainkoaren antzera, ez egilea. Leturia-ren nahigabea ere ez da beste inork sumatu ez duenetakoa, non eta noiznahiko gizonarena —eta batez ere gaurkoarena— baizik. Ez uste izan, ordea, horrenbestez bere kezkak ez direla besterenen ispilu eta errainu besterik. Bihotz bihotzean daramatza iltzaturik: nork ukatuko dio, bada, jabetasuna? Ba ote da oinazea baino gauza gureagorik?

 

* * *

 

«Leturia-ren Egunkariak» lau aldi ditu, lau «tempo», sinfonia batek bezala. Liardi-ren «Urte-giroak» bezala, gainera, urte-sasoien izenak daramatzate haseran. Berez bezala dator horrexegatik, ezer behartu eta bihurritu gabe, «Urtegiro» haiek eta «Egunkari» hau elkarrekin berdintzea nahiz forman nahiz mamiari dagokionez, elkarrengandik hain guztiz beste direlarik ere.

        Duela hogeitabost urteko gizaki guztiak ez ziren Lizardi, baina gizarteko gailur garai hura bere aldiko semea zen, edozeinen antzera. Gaurko nornahi ere ez da Txillardegi, baina Txillardegi gaur-gaurkoa dugu, inor bada. Bestalde, eta hori duzue okerrena berdinketan hasteko, Leturia ez da Txillardegi, Txillardegi-ren umea baizik, gehienez ere.

        Ez naiz hemen hasiko egilea eta egilearen seme-alaben arteko har-emanen korapilo luze-bihurria askatzen. Goethe-k, nonbait Ortega-k dionez, aurkitu omen zuen, maiteminak leher-zorioan zeukanean, ordezkoa bere buruari eman behar zion tiroa hartzeko: Werther gizarajoa. Txillardegi-k Leturia-ren bizkarrean ezarri du bere eta bere kideen nahigabe-zama astuna. Ez hori bakarrik. Hobeto mintzatzeko, kimikak —eta Literaturak orobat— ohi duen eran, hain larri-min hutsezkoa egin du, non ezinak berak ez baitu atzeraziko. Guri, ohitura lagun, egunoroko huskeriatan murgiltze nagiak, alabeharrari amor egiteak ematen digun eraman-indarraz zeharo erantzi du. Leturia ez da, beraz, bere aita, baina badu aitaren eitea, nolanahi ere.

        Lizardi-k, ez dugu ahaztu behar, neguan hasi zuen udazkenean burutuko zuen ibilaldia: ez negu gorrian gainera, udaberriaren zantzu garbiak nabarmen zirenean baizik. Bukaera ere udazkenaren gainbehena hasterakoan ipini zuen, gau beltzaren hurbilak eguna inoiz baino desiragarriago bihurtzen duenean. Txillardegi, berriz, udaberririk argienean abiatu da, negu-buruan gelditzeko.

        Ez da zalantzarik Lizardi-gan. Pozik dago biziak eskaintzen dionaz eta fedeak agintzen dionaz. Alferrik bilatuko duzue beragan Europa eta mundu guztia dardaratzen hasia zen lur-ikararen berri. Dardarek ez gintuen artean ukitu edo, ukitu bagintuen ere, begi-belarri erneak eta arima urduria behanrziren zirrara sumatzeko. Bizileku sendoan bizi zen. Zimenduetan ez-ezik, ez zen paretetan artesiturik ageri. Axalean zertxobait aldaturik ere, bizimodua, uste, iritzi eta sinesteak ohiturazkoan ziren, gurasoengandik zetozenak, eta gizaldi berriek aztertu gabe bereganatzen zituzten, beste edozein ondasun bezala. Inguruan, Euskal Herria zeukan, euskal lurraldea zuhaitz ugariz jantzia. Ez zuen inongo amets-herritara ihes egin beharrik. Aski zuen aurrean zeukana kantatzearekin.

        Engainatua zebilen. Gaur badakigu astindu gaituzten lur-ikarak sortuak zinela ordurako, eta ez direla berehalakoan baketuko. Zorioneko gorreria ordukoa, alde batetik, hari zor baitiogu ihartuko ez den Lizardiren poesia, gure eta ondorengoen atseden-toki baketsu izateko sortua. Baina ez Leturia-k ez Txillardegi-k ez gaurko nornahik ez dezake entzungor egin. Bizibeharra eta ezinbizia aurrean ditugu, ezin ditzakegu besterik gabe guregana usteak, sinesteak, bizibideak, ohiturazkoak direlako bakarrik, zehatz eta astiro etsaminatu gabe.

        Trankilago bizi gaitezke uholdeek eta haize-erauntsiek ere inarrosten ez duten etxean, oinarriak berak koloka dauzkatenean baino. Egia. Atseginagoa zen Lizardi-ren mundu geldia gaurko gozogabe hau baino. Egia hori ere. Ez du ordea inork bere mundua, giroa eta sorteguna aukeratzen. Nor geure aldian eta tokian gertatzen gara, nola ez dakigula. Eta gurekin jaiotzen da, geure aldiko seme jatorrak bagara, harako antzinakoen «amor fati» hura, gure denbora —gure sorterria bezalaxe— beste edozein baino maiteago bihurtzen diguna. Gurea delako nonbait, guretarrekin itsatsirik gaudelako.

 

* * *

 

        Nik ez dut Txillardegi bakarrik ikusten. Txillardegi eta «Leturiaren egunkari ezkutua» gizaldi berri baten eta gizaldi horren obren aintzindari gisa agertzen zaizkit. Ez dut uste oker nagoenik eta ez nuke inolaz ere oker egon nahi. Ate-joka dagoneko deus gutxi ezagutzen ditugun ondorengoak.

        Gizaldien arteko borroka etengabea behin eta berriro kontatua izan da. Ez dute inoiz zaharragoek oso begi onez ikusten gazteagoen etorrera. Gezurra nioke, neronek, baldin banio ez dudala halako erresumin isil baino bizi bat sumatzen. Begiak zabal-zabalik izaten dituzte gazteek zaharragoen alde txarrak —hutsak, txorakeriak, itxurakeria batez ere— ikusteko. Badakite gainera bere dutela gazteek, zuzen ala oker, azken hitza.

        Gure artean, ordea, gaur eta hemen, argi eta garbi ageri da jende berriaren premia. Ez dut deus esango neure kideko eta zaharragoen kontra, nire buruaren kontra mintzatzea bailitzateke. Aldi txarrean jaio gara geure neurriaren betea agertzeko: mendera ezin genitzakeen gertariek erabili gaituzte maiz aski orbela bezala nora ez genekiela. Nolanahi ere, eta aspaldidanik naiz iritzi horretakoa, Paradisu galduaren mina daukagu hezur-muinetarino sartua, eta beldur naiz ez ote garen beti ibiliko gaur-biharretako munduan «tanquan aduenae et peregrini», herriminak uzkurturik dauzkan arrotz eta kanpotarren gisan.

        Gizaldi berria —Txillardegi eta bere seme Leturia hartzen ditut egia horren lekuko— gurea baino hobea, jatorragoa, iruditzen zait zenbait aldetatik. Itxurak eta izen ederrek gu baino gutxiago lotsatzen dituzte: izanari lotuagoak ageri dira izenari baino. Badute egiari —iguzki-argia baino liluragarriagoa den egiari— aurrez-aurre begiratzeko ausardia. Nahimen-kemena ez dute ahitua; badakite erabaki gogorrak hartzeko jaioak direla, baina ez dituzte nolanahi, ero-eroan, hartuko, ez baitituzte gero erdizka eta gogo gaiztoz bete nahi. Gure artean dabiltzan ideiak eta balioak erroetaraino ikusmiratu nahi dituzte. Kritika eta eraberritzea geure kaltean izango badira ere, horietxen beharrean gaude.

        Ez da leku txarra «Egunkari» honen hizkeraz mintzatzeko. Hizkeran nabaritu baita, bestetan baino lehenago, gazteen etorrera, axal-axalean ageri delako edo. Hizkuntzagaietan eskarmenturik duenak aurki igerriko dio liburu honen egileak ez duela gutxi entzun eta irakurri. Zaharrak eta berriak —liburuetan ikusiak, ez hiztegietan— hitz arrotz eta jatorrak, jakintza-hizkuntza eta herri-esaerak nahastean irauli dizkigu. Ez dut esango, ez bailitzateke egia nire ustez, Txillardegi-k bere mintzaera zeharo eskuratu duenik liburu honetan: halako gordin-antxa aurkitzen zaio, osoro heldu ez den fruituarena. Ezin zitekeen bestela izan:

ez ditu hitzak menderatu, hitzekin bornrka bizian ari da. Ez baititu hitz pollitak apainkiro elkartu nahi belarrien gozorako, hitz horien bidez adierazi baino animaren zoko ilunetan izkutatzen diren joera eta burutapen iheskorrak. Ez baita, batez ere, inoren oihartzun, ez baita besteren ahoz ari, bere baitaren baitatik baizik.

        Baliteke hizkera oso garbia ez izatea. Bizia eta adierazkorra baldin bada, zertarako behar du garbia izan? Euskararekiko kontuak ere garbiro egin beharrean aurkitzen gara. Zertarako nahi eta behar dugu euskara? Gure mundukoa ez den oroigarri xahar kuttun bat iduki genezakeen moduan idukitzeko? Zikintzeko beldurrez inor ukitzera ausartzen ez den zenbait liburutegitako azal ederreko liburuak bezala gordetzeko?

        Maiz entzuten dira gure artean hileta-hotsak; badirudi udazkeneko hotzikara sentitzen dugula gorputzean. Eta halere ez dakit. Askotan egiten dut neurekiko ez ote gauden aitzitik udaberri-aurrean. Zaharrak omen gara, beste edozein herri baino zaharragoak. Egia dirudi, baina herri baten adina, gizon batena baino areago, urtez bakarrik neur ote daiteke? Ez ote gara euskaldunok —ez naiz holako edo halako euskaldunez ari— urtea joan urtea etorri, betiko haurtzaroan bizi? Gaur azkenik munduari zor diogun hitza esateko zorian gaudela deritzat, eta uste hori «Egunkari» hau irakurtzeak biziro sendotu dit. Ez daukagu beste biderik. Haurretango oharkabetasun atsegina utzi beharko, biziko baldin bagara, arrazoi-adineko egiteko latz eta nekagarriei ekiteko.

 

* * * *

 

        Eskerrak eman nahi nizkioke, azkenik, Txillandegi-ri eleberri hau euskaraz eman digulako. Ez ote du bada behar zuena, euskaldun bati dagokiona, bakarrik egin. Bai, horrelakoxe da noski. Baina ez da alferrik esana izango, gure arteko gor asko kontura daitezen, eginbeharra ez dela sarritan nolanahi betetzen, heroismu hutsa eskatzen digula. Zerbait esateko duena euskaraz mintzatzea, mintzabeharra jatorra badu, ez da erraz eta alaikiro hartu eta burutuko den erabakia. Ez dago hemen egiari uko egitenik.

        Pozik gaude, berriro ere esango dut, Txillardegi euskal soro meharrean ari zaigulako. Eta orain, inor ez banaiz ere, ongi-etorria egin nahi nioke buru-langile edo direlakoen sail nardatu honetara, nahiz ongi etorria baino gaizki-etorria zuzenago esana legokeen. Mintzatu berriak dira Donostia-ko egunerokoetan horrelakoek gure artean maiz jasotzen dituzten zehar-begiratu eta susmo txarrez. Baina, nahi ez baditugu ere, behar ditugu eta gaur, gainerantzekoei ezer kendu gabe, inoiz baino gehiago. Ur lasterraren erdian goaz, ez gaude ia ertzetik begira. Menditontorretara igotzearekin ere, Domingo Agirre-k nahi zuenez, ez dugu deus askorik aurreratuko. Gauza asko eta asko ikasi, onartu eta gureganatu beharrean gara. Damurik, ez da dena irabazi hutsa izango: kendu beharko da, soildu, idoki, ebaki, ezin-bestean baita maiteen duguna ere. Zuzen ikusteko eta zuzen erabakitzeko, burua bezain bihotz garbiko jendea behar, nahi-eta-ez. Egiak, aspaldi irakatsi ziguten, latza eta garratza izanagatik, osasunbidean jan gaitzake.

 

        1957ko Apirilaren 14-an, Erramu-igandea.

 

Pasartea

        Oraintxe ikusi dut ispiluan neure burua, eta hotzikara batek inarrosi nau: eroen begiak ditut!!! Ez begiak bakarrik, neure itxura osoa baizik. Betazpi ikaragarriak ditut, eta bi txinpart ematen dute nire begininiek. Leher egina nago.

        Zirrara eman diot nik neure buruari: hau marka! Une batez, beste bat nintzela otu zait, zatitu egin da nire nortasuna, eta dardaratu egin naiz beldurrez. Bidezkoak al dira asmazio hauek?

        Ez zait hau, gainerantzean, lehenengo aldiz gertatu. Beste batzutan ere, edozeinekin hizketan ari naizela, horrelako ikara nabaitzen dut besteak aztertuta nagoela ohartzean. Eta amets beltz izugarri batetik aterako bainintzen bihurtzen naiz neure baitara urduri, artega, kezkaz beterik. Eta behin baino gehiagotan egondu naiz Urliari edo Berendiari galdetzeko zorian: «Zer begiratzen didazu horrela? Zer dut nik? Zer ikusten duzu nigan? Ero baten antza ote dut agian?» Beldurra senditzen dut, ero bihurtzeko beldur ikaragarria.

        Lehen, gogorragoa izan da, benetan larritzeko gauza, alegia. Ispiluan begiratu, eta beste bat banintz bezala ikusi dut neure burua. Sendagilearengana joan beharko al dut ahaleginetan? Ez dakit. Dena dela, beldur naukate gertaera ikaragarri hauek.

        Alboetara begiratu, eta trankilago geratu naiz inork ikusi ez nauelako segurantzian.

        Egia esan, ez da hau harritzekoa: Bart ere beste askotan bezala, betiko istilua izan genuen Miren'ek eta biok. Ezin dut nik neure nazka gainditu; eta egun biz behin, zaputz eta hotz nagoela entzun behar.

        Bizpahiru esakuntz erdiragarri esan ondoren, isildu egin zen Miren, eta ez zuen txintik berriz atera. Geroenean, ordea, nik loak hartuta nengoelakoan, nigar isila hasi zuen, eta tankera horretan, denbora luzea egon zen malko-jario, oso-oso isilik.

        Hunkitu egin ninduen sakon bere nigarrak, eta egia osoa esateko zalantzan ibili nintzen. Zer esan behar nion, ordea? Maite ez dudala? Ez al zen hau izango nire isila baino ere gogorragoa?

        Ez nuen nik uste. Halako batez neure loaizuna etetzeko zorian nengoenean, gauza bat bururatu zitzaidan: zer egingo nuen aurrerakoan? hartuemanak ontzeko eta xamurtzeko ez bazen, zertarako esan behan nion nik ezer? Une hartan, bai: bihotzak eraginda, edozein neurri agintzeko prest nengoen ni, bainan ondotxo ezagutzen ditut nik bihotzaren atzipeak: unearen zauskada igaro, eta egina berriz damutu biharamonean. Ez, ez: orduan «esnatzen» banintzen, ez nintzateke gero gauza izango hasitako xamurtasun bideari jarraitzeko. Oker jokatzekotan (eta bihotzari entzutea zen oker jokatzea) damuak eta errukiak etorriko lirateke gero; eta hura ez zen bidezkoa. Ito egin behar nuen neure beraxtasunak, bigunkeria igarokorra baino ez zelako.

        Eta gogor egin nion neure buruari, eta bihozkada azpiratu.

        Gogaikarria ez al da egoera hau? Baita gehiago ere: ezin eramana da. Honela ezin daiteke bizi.

        Horretaz gainera goganbeharrez beterik dago Miren. Beste emakume bat dagoela uste du, noski. Herenegun, ez-ohiko ordu batez etxera nintzen, eta neure mahaian harrapatu nuen Miren, kajoiak idei nahian nonbait. Ez nion ezer esan. «Zerbait» idazten dudala nabaitu bide-du, eta bere etsaia balitz bezala bilatzen ari da. Ez du ezer aurkituko. Bai zera! Egunkaria irakur badeza, egin duke nereak.

        Eta, guztira, bizitza al da hau? Miren zalantzan, nitaz fiatzen ez dela, beti urduri; ni, berriz, gogait, erotzear, neure buruarekin borrokan.

        Ozta-ozta hitz egiten dugu elkarrekin. Nork esan zezakeen hau gure eztaialdi irribera hartan? Hoztasun izugarriak bete du gure arteko guztia. Bikote kupidagarri gaude, zinez.

        Ezin, hau ezin daiteke segi.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera