Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Lingua navarrorum

Alvarez Enparanza, Jose LuisEgin, 1996 Saiakera

Pasartea

EUSKARA DESBERDINA, ZERTAN?

Fonologia apur bat erantzuna emateko.

   

    «Desberdina da euskara» entzuten da bazterretan aspaldidanik.

    Are erdaltzaleek berek ere, itsasertzeko edo mendialdeko herriskaren batean hiztun multzo bat euskaraz ari aditzen dutelarik, ezertxo ere ulertzen ez dutela erreparatuta, amor eman behar izaten dute: «no hay quien entienda ese chapurriau». Ulertu-ezin hori dagoena, beraz, ezin uka. Baina zertan datza desberdintasuna?

    Eta hemen, azalpenak ematerakoan, zailtasunak agertu ohi dira. Normalean azalpen horiek eman ditzakeen jendeak, euskaraz dakien jendeak, zertsu erantzun dezakeen ez baitu jakiten.

    Orain dela urte mordo bat (1995eko udan, gaizki ez banago) Parisko Trocadéro Plaza famatuan nengoelarik, aldameneko Palais de Chaillot delakoa bisitatzera joan nintzen, neure bizieran lehenengo aldiz. Eta «Musée de l?Homme»an sartzean, eta sarrera nagusiko hormetan, munduko hizkuntzen sailkapena topatu nuen. Zuhaitz genealogiko erraldoi hartan (hura zauskada nirea!) at, bakar-bakarrik, ezerekiko loturarik gabe utzirik, hitz hau: «Basque».

    Ez nekien nik gure hizkuntza nondik ote zetorren. Baina, Chaillot-en ere ageri zenez, sailkapena finkatu zuten hizkuntzalariek ere ez!.

    Nire hutsunea, hitz batez, ez zen izan, nik uste bezain lotsagarria. Inork ere ez zekien.

    Jakintzaren ilunpe hark harrotu egin ninduen, batetik. Baina baita zirikatu eta bultzatu ere. Famili bidez jasoa ez nuen hizkuntza hori, orduantsu ari bainintzen, berreskuratu nahiz, gogor saiatzen.

    Euskararen kokatu-ezin hori dela bide, euskaldun askok senditu izan dugu noiz-edo-noiz, nik uste, harrokeri punttu hori geure bizieretan barrena. Alfonso Martinez Lizarduiko adiskide eta lankideak, adibidez, orain dela aste gutxi (1996/VII/21, Egin) «Euskara y proceso humanizador» prentsa-artikulu mamitsuan aitortu duenez.

    Hizkuntza bitxia gurea. Bego.

    Baina «bitxia», zertan, edo zergatik?.

    Jende arruntak, normala denez, hiztegiaren mailan aurkitu nahi izaten du gakoa. Euskaldunok «etxe» esaten duguna, gonbarazio batera, espainiarrek «casa» esaten dute; eta frantsesek «maison». Ez baitira gure esamoldearen oso antzekoak!.

    Guk «izar» esaten duguna, bide beretik, gure lehen auzoek «estrella» eta «étoile» diote. Guk «zaldi» deitzen duguna, beraiek «caballo» eta «cheval». Eta abar, eta abar. Euskara desberdina dela nabarmen agertzen bide da.

    Eta horrela da. Alderaketa xinple horietan beretan ere, «Basque is different» ondorioztatzen da.

    Baina Hizkuntzalaritzak irakatsi duenez, hiztegia da hizkuntzen atalik aldakorrena, hain zuzen; maileguak direla-ta, «kutsagarriena» edo erdalgarriena.

    Euskararen orijinaltasuna, beraz, askoz ere misteriotsuago eta sakonago agertzen da beste alorretan, hitz lerrokada hirukoitz horien alderaketaz soma daitekeena baino.

    Egituratuta dauden alorrak («estrukturalak» direnak, preseskiago) askoz ere iraunkorrago agertzen dira, egituratan koka ezin daitezkeenak baino.

    Egituratan, multzo mugatutan, sailkaturik ez dauden elementuak, «estruktura» hertsitako atalak ez direlako, eta ez «atomo» soil lokabeak, ez dira aisa eta banaka aldatzen ahal. Aldaketarik gertatzekotan, multzo osoek behar dute beren barne-oreka galdu.

    Eta, ondorioz, gertakizun dagoen lurrikara linguistikoa, horrek freinatzen du. Egiturak eutsi egiten dio, bere horretan, jatorrizko barne-orekari. Jatorrizkoa izan, edo lehenagokoa bederen.

    Eman dezagun adibide bat.

    Hizkuntz gizatalde batek, halako batez, aurrerapenaren ondorioz, tresna berri bat asmatzen edo bertaratzen duenean, lanabes hori izendatzeko hitz berri bat behar du. Baina hitz tekniko berri horrek ez du hiztegia bere osoan daldaratzen.

    «Konputagailu» hitzak, esate baterako, ez du ezertan inarrosten landareen izendapenen multzoa. Guztiz beste alor batekoa den «haritza» hitza, berdin geratzen da; eta zegokion balio semantikoa ere, ordura arteko bere hartan.

    Eta gauza bera gertatzen zaio, «konputagailu» hitza hiztegi orokorrari erantsirik ere, arrantzale mundukoari: «legatza» hitza zertan aldatu edo egokitu beharrik ez dago, eta bere balio semantiko zaharrean egongo da.

    Alor berezi batzutakoa ez izatekotan (koloreen multzoa, adibidez; edo-ta ahaidetasun mailetakoa), ez dago «egituratuta». Hiztegiko elementuok, nolazpait esateko, normalean elkarrekiko loturagabeak izaten dira; eta zerrenda mugagabeak osatzen dituzte.

    Horretxegatik, hiztegia ez da oso iraunkorra izaten. Gizartejoerek eta modek oso eragin zuzena izaten dute hiztegian. Eta ez teknikei lotuta dauden alorretan bakarrik.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera