Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Lur bat haratago

Irigoien, Joan MariElkarlanean, 2000 Nobela

Aurkezpena

        Marka guztiak haustera dator Joan Mari Irigoien nobela berri honekin: «Lur bat haratago» euskaraz inoiz idatzi den eleberri mardulena da, eta askoz gauza gehiago ere bai. Historia handi, eder, mamitsu, liluragarri bat kontatzen digu beste hamaika istorio txiki, bitxi, jakingarriren bitartez, irakurlea bere giroan blaituz eta bere sarean harrapatuz, denbora luzerako. Izan ere, XVII. mendeko Nafarroara garamatza egileak: familia handikia dira Etxegoiendarrak, urte luzez erbestean egonak Gaztelako inbasioari aurre egiteagatik baina agintari berriekin ostera adiskidetuak, eta etxeko seme bigarrena dugu Joanes, eleberriko protagonista eta kontalaria. Bi munduren artean sentitzen da etengabe Joanes Etxegoien: arbasoen heroitasuna eta gurasoen pragmatismoa, zientziaren argia eta erlijioaren abaroa, tradizioaren babesa eta modernitatearen deia, lurra eta itsasoa, Europa eta Amerika, katolikoak eta luthertarrak... Halakoxea baitzen sasoi hura ere, kontraesanez eta zalantzaz betea.

        Garaiko pentsaeran eta bizimoduan erabat murgildu da Irigoien, girotze lan bikain bat eginez, baina, horren gainetik, sentimenduz taupaka eta indarrez gainezka dagoen kontakizun biribila eskaintzen digu, eleberri historikoaren jantzipean egungo irakurleentzat gaurkotasunez beteriko gaiak eta gogoetak proposatzen dituena: boterearen dogmatismoa, etsaiaren satanizazioa, libertatearen aldeko kantua... Horri guztiari, bestalde, hizkuntzaren ederra erantsi behar zaio, barrokoaren kutsua eta zaporea duen euskara erabili baitu —Axularren omenaldi modura— baina aldi berean ulertzeko erraza eta irakurlea gozo bilduko duena bere doinu eta erritmo berezian.

        Nobela eder ugari eskaini dizkigu Joan Man Irigoienek orain arte (gogoan izango ditu irakurleak hainbat titulu), baina esan liteke gutxitan jotzen den bezalako gailurra iritsi duela oraingoan, abentura eta hausnarketa, emozioa eta jakintza inoiz ez bezala elkartzen dituena. Gonbidapen bat da hau, «Lur bat haratago»-ren mundura sartzeko: urratsa eginez gero, literaturaren sorgintzeak luzaro iraunen du.

 

Pasartea

        Burua irakiten nuen, Salamancatik etxerako bidean nentorrela. Izan ere, amak skribatu zidan hondar gutunaren arabera, banekien ezen, amaren eta osaba Joanikoten arteko auziaz denaz bezainbatean, gauzak guztiz ari zirela gaizten eta gaixtotzen. Eta ni zatiturik nengoen. Izan ere, zure kontseiluek, jaun André, osaba Joanikoten alderat ninderamaten, eta halatan nuen neure nahirik nahitsuena eta gutiziarik gutiziatsuena haren oinetarat makurtzea eta han barkamenduaren galdez joaitea Urbiainerat itzuli bezain sarri, neure traizioneagatik eta haren kontrako bidegabekeriagatik. Baina, bertzetik, maite nuen artean ama, eta, maite nuelako, apez izaiteko asmo harekin segitzen nuen... Eta ezin ahantzi nuen, bertzalde, zure iritzia, jaun André, noiz eta erran baitzenidan ezen apez izaitea munduko gauzarik ederrena izan zitekeela, baina maitasuna eta eskuzabaltasuna ardatz harturik... Eta, hargatik, ez nuen aita Bartolome bezalako apeza izan nahi, hori ere ezin garbiago nuen, baina apez berezi bat. Zeren eta, arestian erran bezala, Tomas Mororen Utopia irakurri ondoren eta Miguel de Sandovalen komentarioak entzun ondoren, amesten bainuen ezen, jauregiaren itzalaz baliaturik, justizian eta karitatean zimendatu lurralde zerutiar bat eraiki ahal izanen genuela noizbait Urbiainen, non guztiok anai-arrebak eta Jainkoaren seme-alabak senti baikintezkeen, Plautoren edo Hobbesen Homo homini lupus-etik urrun. Haatik, asmo haren bulkatzeko eta aitzina egiteko, ama eneganat erakartzea nuen conditio sine qua non-a... baina nola erakarriko nuen ama eneganat, baldin aita Bartolomeren ideien eraginpean bizi bazen?

        Berehala ohartu ahal izan nintzen, ordea, ezen ene ideiak eta ene asmoak gauza bat zirela, eta bertze bat begien aitzinean nuena, eta nekez inkarna zitezkeela ene ideia haiek Urbiaingo orduko bizimoldean eta jende haien baitan...

        Zeren, hasteko, Urbiaingo lurretan sartzear ginela, bele eta sai haiek ikusi ahal izan baikenituen zalgurdia zeraman gurdizainak eta biok, arkume baten bazkan ari zirela han bide ertzean. Haiek ikusi bezain fite, nola baitzen superstizios samarra, hiru aldiz zeinatu zen gurdizaina, erreus eta urduri. Handik gutirat, berriz, bertze ardi bat ikusi genuen. Eta gurdizainak, bertze hiru aitaren eginik, erran zidan:

        —Kezkaturik nago, jauna, hauek guztiak ikusirik... —eta, airearen usnatzeko-edo sudurrez hiru hatsaldi luze egiten zituela, erran zuen—: Sepulturetako kiratsa aditzen dut bazter guztietan.

        Eta, Urbiaingo herriaren atarian geundela, bertze ardi bat ikusi eta zaldiak geldiarazi zituen. Eta, iduriturik ezen hirugarren hura fin gaitz egiteko seinale gertua zela, erran zidan:

        —Heriotzarekin hiru aldiz egin dugu inkontru, eta ez nuke aitzina egin nahi... Eta hortxe duzu Urbiain...

        Baina, Salamancako egonaldiaren ondoren, nehoiz baino konbentzituago nengoen ezen sineskeriaren eta superstizionearen aurka borrokatu behar nuela eta, hala, erran nion:

        —Gaizki ari zara, jaun gurdizaina. Izan ere, Heriotzarekin bizitzan behin bakarrik egiten dugu inkontru, eta orduan berdin da aitzina edo gibela... Baina zu ene aitona izan zintezkeen eta jakin beharko zenuke hori...

        Ene hitzek ezustean harrapatu zuten agurea, zeinak, amore emanik, erran baitzuen:

        —Ongi da.

        Eta, Urbiainerat ninderamala, amaganat joan aitzin, manatu nion ezen osabaren dorretxearen parean gera zedila.

        Atean jo nuen, jalgi zen morroi bat, erran nion osaba ikusi nahi nuela, itzuli zen morroia handik gutirat, eta erran zidan:

        —Aitzina, jauna! —eta haren gibeletik sartu nintzen dorretxerat.

        Bere langelan ediren nuen osaba Joanikot, txakurra aldamenean etzanik, luma eskuan.

        —Barkatu, osaba —erran nion, ikusi orduko belaunikatzen nintzaiola.

        Osaba aulkitik altxatu, eta txakurra, mastin zuri handi bat bihurturik orduko, marmarka hasi zitzaidan. Eta osabak, txakurrari beha, erran zuen:

        —Hago isilik, Luthero!

        Eta, eneganat zetorrela, erantsi zuen:

        —Altxa hortik, Joanes —eta, zutitu nintzelarik, besarkatu egin ninduen.

        Behatu nionean, malko bat ikusi nion osaba Joanikoti, masailetan behera linburi.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera