Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Maiderren taupada bilduma

Gonzalez Esnal, MaiteAlberdania, 2002 Ipuina

Aurkezpena

        Maiderrek bere kideko gainerako neskek egiten dituzten gauzak egiten ditu: eskolara joan, adiskideak egin, adiskideak galdu eta baita etorkizuna amestu ere. Baina ustekabean jaioa da, etxetik urruti eta maleta baten barruan. Guraso bidaia zaleen altzoan mundua korritzen eman zituen bizitzaren aurreneko urteak, beti ere haien bihotz-taupaden, haien arnasaldien ondo-ondoan. Markatu duen esperientzia izan da. Neska berezia atera da.

        Ipui honetan, ahots hurbileko batek kontatzen digu nola lortu duen gizakien eta animalien taupada bilduma zabala osatzea: Anderren taupada geldoak, amaren sabelean dagoen anaia Mikelenak, osabaren kontsultatik pasatzen direnen taupada eriak, untxi baten taupada bizkorrak edo zerri batenak, gantz artean galduak denek dute beren lekua Maiderren taupada bilduman taupada bakoitzaren atzean, bizikizun bat.

Pasartea

Maleta baten barruan jaio nintzelako

 

 

        Hemen oso gauza garrantzitsu bat deskubritu dut: alegia, izan naitekeela beste Maider bat, inork ez dakielako nola jaio nintzen. Maddik bere amaren kutxako arropak janzteari «beste norbait izatera» jolastea deitzen zion. Bada ni, sekretu hori gordez, beste norbait izan naiteke. Ez naiz gehiago «maleta-baten-barruan-jaio-zen-Maider» izango. Bukatu da Maider berexia naizela entzun beharra, hemen inork ez baitaki maletarena; eta galdetzen didatenean nongoa naizen, Bilbo-Islandia arteko itsasoan jaio nintzela erantzuten diet. Ontzi batean. Eta hamalau urteak bete nituen arte, hona etorri arte, alegia, itsasoan bizi izan naizela kapitainez eta marinelez inguratuta. Baina kontuz ibili beharra daukat, zeren, aurrekoan, ia-ia gezurretan harrapatu baininduten:

        —Orduan ez zara inoiz eskolara joan —esan zidan, zeharo txundituta, Fabrizeren lagun batek.

        —Bistan da, zure frantses mordoiloa Islandian ikasi zenuela! —bota zidan bere izenaz gogoratzen ez naizen beste batek.

        Maletarena inork jakingo ez duen arren, gertatu, egiaz gertatu zen, amaren aquariumetik azkarregi atera nintzelako.

        Gurasoak antigoalekoak erostera joan zirenean gertatu zen, ni ordurako borondate handiko haurra banintz bezala. Bidaia zapuztu egin nien eta, tarrapataka, euren jantziak gordetzen zituzten maletan atondu behar izan zidaten sehaska. Bai, bai, ondo irakurri duzu, mailatuz betea eta elefante baten larrua bezain zimurtua zegoen larruzko maleta batean.

        Nire gurasoak, nire gurasoak izan aurretik, zozoak habiaren kontu egiten daudenean bezala bizi ziren: bat etxeratu eta bestea lanera abiatu ibiltzen ziren. Ama erizaina zenez, gauez egiten zuen lan, su-hiltzaileek bezala. Aita kimikaria zen, beraz irakasle, dendari, postari eta horrelako jendearen ordutegi bera zuen. Haserretzen zirenean, «Zozoak bezala bizi nahi al duzu?», oihukatzen zioten elkarri.

        Gauza da, ni igel baten tamainakoa izango nintzenerako, elkarrekin lan egitea erabaki zutela. Plana zera zen: Bilbon soto bat alokatuko zuten antigoalekoak saltzeko, eta han salduko zituzten gauza zaharrak: berdin eskusoinuak eta turutak, nola kirtenik gabeko katiluak, plater kraskatuak, ispilu pitzatuak eta ordulari nekatuak.

        Badirudi traste zaharrekiko zaletasuna familia kontua dela, zeren, hemen, Kortsarioen moilako etxeko altzariak zuloz josita daude, eta pipiaren hautsa Marcelek, Fabrizek eta hirurok garbitu behar izaten dugu larunbatero, marinelei txertoa jartzen amaordeak lan asko duelako. Etorri berritan pipien kontzertuak esnatu eta guzti egiten ninduen gauean; orain ohitu naiz, izan ere, kilker ñañarroak besterik ez baitira.

        Amaren aquairumetik goizegi atera nintzen, eta nire sehaska izan zen maleta hura bazter frankotatik pasatua zen. Aitaren ideia izan zen ni han sartzea. Eta bururatu zitzaion irtenbide dibertigarriaz harro dagoelako, sarri kontatzen dit pasadizoa:

        —Entzun, laztana. Ustekabean jaio zinen arren, ez zitzaizun ezer falta izan —esaten dit, norbait hegazkinen edo trenen batean jaio dela entzuten dugunean.

        —Ez ezazu pentsa desatsegina izan zenik, opari bat izan zinen politt hori! —gogorarazten dit, muturtuta ikusten banau.

        —Munduan beste askok legez izan zenuen txupetea eztitan bustita, eta estalki bero bat, eta nire laztan gozoak, noski.

        Nire munduratze berezi horren ondoren, aita, ama eta hirurok, tiobibozale moduan bizi izan ginen: fardel bat bezala eramaten ninduten herriz herri antigoalekoak erostera. Akaso, horrek utziko zidan taupadak entzuteko zaletasuna, euren magaletik zuzen-zuzenean ohitu nintzelako bihotzak punpaka entzuten. Akaso, horregatik egina dut taupaden bilduma.

        Nik gurasoei bidaia zapuztu nien bezala, uholdeek zapuztu zieten antigoalekoak saltzeko plana: Bilboko sotoa urak irentsi zien. Ezbeharra ahazteko itsasotik urruti, Urkinan, jarri ginen bizitzen, amonaren etxe zaharrean.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera