Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Malen laberinto madarikatuan

Garzia, JoxerraSM, 1986 Haur eta gazte literatura

Aurkezpena

        Donostian, Igeldo solastegian, laberinto berezi bat dago: laberinto madarikatu bat. Hainbat eta hainbat pertsona desagertu dira bertan, eta agintariek ez dakite zer egin. Gauzak horrela, laberintoan sartzea erabaki du Malenek, eta baita sartu ere. Han barruan, pentsa litezkeen pertsonaiarik bitxienak aurkituko ditu, eta azkenerako komeriak izango ditu laberintotik ateratzeko.

 

Pasartea

        Inolako eragozpenik gabe korritu zuen Malenek tunel berria. Tunelaren bestaldean aurkituko zuena zen bere kezka bakarra. Gauzarik aldrebes eta izugarrienak otu zitzaizkion tunelaren ilupean aurrera zihoala. Tximu astronautaren batekin egingo ote zuen topo? Ala —okerrago zena— munstroren batekin? Aurkituko zuen munstroa nolakoa izan zitekeen pentsatzen ari zela, iritsi zen hurrengo ikusgunera. Oraingoa laranja kolore zen dena. Antzoki txiki bat zen, eta agertokiaren erdian, mikrofono baten aurrean, gizon zahar bat zegoen.

        Horrelakorik ez zuen Malenek espero, eta lehen mementuan zur eta lur geratu bazen ere poztu egin zen munstro ikaragarriaren ordez gizon arrunt bat aurkitu zuelako.

        —Kaixo! —agurtu zuen orduan sinpatia handiz agertokian zegoenak—. Laberinto honetako histori kontatzailea naizen Lukas honek, bihotz-bihotzeko ongietorririk samurrena egiten dizut!

        —Eta zer historia kontatzen dituzu? —galdegin zion Malenek benetako jakinminez.

        —Ah, gaztea! Jakin behar duzu, historia bakarra dagoela. Ondorioz, nik kontatzen dudan historia ere halakoxea duzu ezinbestean: historia bakarra da nik kontatzen dudana.

        —Nola? —segitu zuen Malenek, laberintoan ezer normalik aurkitzeko itxaropena galtzen hasita—. Beti historia bera kontatzen duzula esan nahi al duzu? Eta ez al zara aspertzen?

        Oraingo txandan ez zion histori kontatzaileak ezertxo ere erantzun, egindako galderak isiltasuna besterik merezi izan ez balu bezala.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera