Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Manex Erdozaintzi-Etxart, herriaren poeta

Ortiz, AgurtzaneElkar, 2010 Saiakera

Aurkezpena

        Mende laurdena igaro da Manex Erdozaintzi-Etxart idazle baxenabartarra hil zela. Askorentzat ezezaguna, eta beste askorentzat, berriz, gogoratua eta maitatua izan da, bizitza osoan zehar egindako lanagatik, bai fraide eta elizgizon gisa, bai kultur gizon izan zen aldetik (literaturan, euskararen sustapenean, gizarte alorrean...)

        Agurtzane Ortizek urte luzeak eman ditu Erdozaintziren biografia eta lana ikertzen, eta ikerketa horren emaitza da liburu hau. Lan honek Manexen dimentsio ezberdinetara hurbiltzen gaitu, Manez bat baino gehiago baitago. Kultur gizona dago batetik, bere ekintza gizartera bideratzen zuena; fraidea eta apaiza ere bazen, irakaslea, psikologo eta pedagogoa ere bai. Eta, aldi berean, Manex idazlea, poeta, dago, bizitza osoa idazten eta literaturaz gogoetatzen jardun zuena hil arte.

        Manexen idatziek eta dokumentuek bidaia luze batean eramaten gaituzte. Autorearen barne bidaia batean ez ezik, bere garaiko girora eta gertakarietara ere bai. Tradiziotik modernitaterako bidaia egiten dugu Manexekin: molde zaharretatik molde berrietara, nekazarien gizartetik, lurra, natura eta laboraria zituena protagonista, hiri-gizartera, hiria, kaleak eta fabrikak literatura bihurtu zituena.

        Gure kulturaren eta literaturaren ispilu eta erreferente bat izan da askorentzat. Bere apaltasunean, zerbait jaso, zerbait eman eta zerbait utzi digu Manex Erdozaintzik.

Hitzaurrea

HITZAURREA

Joxe Azurmendi

 

        Manex Erdozaintzi-Etxart frantziskotar poeta euskaldunaren egintza enblematikoena, seguru asko, bere «erretiratzea» izan da Donapaleuko komentutik, berak eta beste bi lagun frantziskotarrek Arraforttonea etxean sortu zuten Anaidira, Zuberoako Domintxinen. Anaidi txikiari Anaitasuna izena ipini zioten: Manex, Mattin Bellemur eta Santos Beloki hiru fraideen anaitasuna; fraideen eta herritarren anaitasuna, batez ere fraideen eta langile laborarien anaitasuna; eta Iparralde eta Hegoaldearen anaitasuna. Enblematikoena diot, egintza horretan bere ideal erlijiosoak, sozial eta politikoak, bere atxikimendua euskararen herriari eta sentsibilitate poetikoa, nolabait bere humanitatea, nortasun osoa, biltzen delako. Bestalde, Manexen alderdi horiek denak bere poesian manifestatzen dira, orriotantxe Agurtzane Ortizek esku fin-finez ikusarazten digun moduan.

        Erretiratu kakotx artean idatzi dut hor goian, kasuak anbiguitate bitxi bat duelako, Manexen espiritualitatea ezagutu ez duenarentzat. Manex frantziskotarra zen. San Frantziskok ez zuen nahi bere jarraitzaileek komentuak edukitzea, jabeak izatea alegia, ezerrenak, eta etxearenak gutxiena, etxejabea etxeari estekatua gelditzen baita, bere jabetasunaren esklabo. Fraideek txoriak bezala libre izan behar zuten. Historiak eta Erromako Elizaren diziplinak jakina da beren legeak inposatzen dituztela, eta mendeen poderioan San Frantziskoren fraideak (fraireak, okzitanoz esanda; anaiak, euskaraz) txorien askatasuna galdu eta komentuetan jarri ziren bizitzen. Handik hara, herri xume pobrearen emariz baino gehiago benefaktore aberats batzuen dohaintzaz, komentu geroz eta monumentalago asko eraiki da (ikus Erriberri/Olite, Zarautz), zitadela antzera, fraideak egiaz herriaren erdian herriarengandik apartatu egiten duena. Manexek, bada, kalerriko komentutik, Donapaleun, handik sei kilometrora zegoen baserriko etxera «erretiratuz» anaidiarekin, herriaren erdian nahi zuen sartu, ez aldendu, eta frantziskanismoaren iturrietako jatortasunera itzuli nahi zuen une berean, edo berdin dena, hastapenetako kristautasunera. Helburuak: frantziskanismo autentikoa bizi, lanetik eta anaidiaren ondasunen komunismotik bizi, herri langilearekin berdindurik eta loturik bizi; hots, Elizan, baina libre, eta Euskal Herriaren askapen sozial eta nazionalaren alde borrokatzen ari zirenekin ere bat eginik bizi.

        Adierazgarria da Domintxineko Anaidia sortzeko parada bera nola agitu zen; Kristiane Etxaluzek gogoratu du pasadizoa. Frantziako Gobernuak Hegoaldeko errefuxiatu politikoak Iparraldetik kanporatu zituela-eta, 1972 urtea zen, Baionako katedralean eta Mauleko elizan gose grebak antolatu ziren haien itzulera eskatuz. Maulen zegoen Kristiane Etxaluz bera, eta hara non lotu zaion gose grebari fraide bat ere, Mattin Bellemur. «Arratsak luzeak ziren, eta elgarren berri jakiteko denbora bagenuen. Hor zaukun erran zer xede zuten: hiruzpalau fraile frantxiskanoen artean anaidi baten sortzea komentutik kanpo, eta hortarako etxe bat xerkatzen zutela Donapaleuko inguruetan, alokairu merke baten truk. Lan eginez bizi gogo zuten. Denbora hartan apezen alderat mihi gaixtoa izanagatik, asmo horrek lilluratu ninduen, eta nere buruari erran ere bai: komunitate bat, anaidi bat: 68ko maiatz hortako usain ona zekarren..., apez langileak: horrek, berriz, inarrosten ahal zuen xuri-gorrien berexkerietan zagon gure laborantzako gizarte hertsia, eta berehala eskaini nion Arraforttonea bere asmoaren betetzeko».

        Berehalaxe Domintxineko anaidi txikia erreferentzia zentrala bilakatu da Iparraldeko bizitza erlijiosoan nahiz kulturalean, eta gizarte mugimenduetan, gazteriarenetan bereziki. Arazo sozial edo familiarrengatik izan, drogarengatik, politikagatik, ateak beti zabalik zeuden anaidira etorri gura zuen ororentzat. Inori ez zitzaion galdetzen nondik edo zergatik zetorren. Han egon zen egunetan, isil askoa, Zizurkilgo mutila, Joxe Arregi, etxeko lanetan laguntzen eta anaiekin bizitzen. Iluntze batean despeditu eta joan egin zen, eta anaiek haren berri jakin zuten hurrengoa, torturapean hila zela izan zen.

        Baina ez gara Manex frantziskanoan luzatuko. Goazen idazle eta poetarengana.

        50eko urteetan egon den produkzio literario apurra, autoreei gagozkien bezainbatean, gerra aurreko mugimenduaren hondarra kontsidera genezake gehienbat: Orixe, etab., pentsaera eta literatura tradizionalen biziraupena. Autore berrien kasuetan, aldiz, Errepublika espainoleko gerra zibila eta Bigarren Mundu Gerra ostekoetan, eten bat nabaritzen baita, beti interesgarria hasieretako baldintzen eta kontzientziaren azterketa da. Europa zaharra (nahiz bonben pean lurjoa!) berria da, eta pentsamenduan eta literaturan ere hasiera berri bat dago, modu diferenteetan izan arren Iparraldean (Frantzia berritunahi argitsuaren pean: marxismoa, existentzialismoa, etab.) eta Hegoaldean (Espainia hits frankistaren pean). Txillardegiri bere lehen saio eta nobeletan nabaritzen zaion gisan, «hastapen» berriaren kontzientzia du Manexek ere. Euskal kultura berri baten beharra mundu berrirako (hau dena hemen baino hobeki nabarmendua Agurtzane Ortizen tesi doktoralean bertan egiazta daiteke): zilborrari begirako euskaltzaletasun folklorikoa gainditu beharra, munduari begiratu eta munduko arazoen araberako euskaltzaletasuna garatu beharra; ez jauntxoen, baina laborarien eta langileen Euskal Herri bat eraiki beharra. Manexena poesia soziala izango da. Eta soziala izango da lurraren eta naturaren poesia intimoa denean ere.

        Agurtzanek tesi doktoralean erakutsi zuen, nola Manex euskal kontzientziara giro intelektual ezkertiar batean heldua den (Mounier-en pertsonalismoa, mugimendu antikolonialak). Horrek denak, bere bihotz handian, San Frantziskoren pobreen aldeko hautuarekin bat egiten zuen. Euskaldun (bereziki Iparraldeko laborari, baina baita udatiarren zerbitzari) kolonizatuaren erruki eta higuin zen: euskaldun jende horren «morroi arima»z, mentalitate itxiaz. Eta, bihotza zeriola, ez Mirandek bezalakoa, baina Mirandek bezalaxe, hori askatu nahi zuen. Askatzeko, bere-bere kultura bat sortzera jaikiarazi, hau da, bere-bere kontzientzia batera. «Eskual kultura baten behar-ordu gorrian» kausitzen gara (1956). Zibilizazio berriari «nahi balin badugu eskualdunki ihardoki, nahi balin badugu eskual-gizona salbatu, Eskual Herrian behar dugu kultura azkar bat aphailatu zoinek beharko beitu eskualduna moldatu, jitez dakharzkan dohain aberatsenak ezagutarazi, nasaiarazi, zohiarazi».

        Egia da eta franko ezaguna, lehenago ere Euskal Herriaren egoera eroriaz makina bat negar egon dela, XIX. mendeaz gero, euskal literaturan eta politikan. Baina ia beti kanpoko erasoak abarrakitu gaituela, deitoratzen zen. Manexek, alderantziz, garbi dauka: modernitatean sartu gabeko herri bat gara, marjinazioan geratua, buruzagitza propio gabekoa (eliteak!)... Herri oinarriak berak dauzkagu kordokatuak. Kanpoko etsaia hor dago eta hor egongo da, hori ez da aldatuko. Barruko etsaia da (geu) aldaraz dezakeguna eta aldatu behar duguna, kanpoko etsaiari aurre egiteko ere.

        Manexen poesia irakurtzerakoan lau osagairi erreparatu behar zaio forma poetikoa baino barnago, forma hori ere zertuz:

        Haren izaera pertsonala, aiurri gozoa, sentsibilitatea: naturala, batetik, baina baita landu-landua ere, hizkera eta espresioa ere gero halakoxea duela.

        Espiritu frantziskotarra: pobre eta txikerren, eta Naturaren aldekoa.

        Pentsamendu ezkertiar erradikala, sozialki iraultza espero duena, baina jende xumearena, ez instituzioena.

        Ezkerreko pentsaera horren egokitzapen pedagogikoa Iparraldeko laborarien psikologia eta kulturari.

        Edo agian hobeto, irakurleak Manexen poesian elementu horiek berez deskubrituko dituela, esan beharko nuke, Agurtzane Ortizek tituluarekin berarekin nabarmendu nahi izan duen legez. Herriaren poeta da. Beraz, Mao, Marx baino gehiago. Borroka horretan dauka lekua poesiak. Bordeleko «Frères du Monde» anaien gisara, berak iraultza (espero baino gehiago) eragin egin nahi zuen. Jendea bortxatu gabe. Poliki-poliki, egunez egun. «Egunean eguneko borrokak gizonago bilakarazten gaituelakotz».

 

 

 

BI HITZ, SARRERA GISA

Agurtzane Ortiz Lopetegi

 

        Manex Erdozaintzi-Etxarti buruzko ikerketa egiten hasi nintzenean, haren heriotzaren hamargarren urteurrena betetzen zen. Artean ezezaguna zitzaidan Manex; ezezaguna gizona, eta ezezaguna poeta eta haren obra. Lehen oihartzunak heldu zitzaizkidalarik, berehala ohartu nintzen Manexek arrasto sakona utzi zuela ezagutu zutenen artean, Iparraldeko kultur giroan bereziki; sarritan aipatzen zen haren izena han eta hemen, gogoratua zen eta maitatua ere bai. Bazegoen haren inguruan halako unibertso bat, mundutxo bat, Manexen obra errebindikatu eta itzaletik ateratzea aldarrikatzen zuena.

        Aldi berean, unibertso horretan bazegoen sentipen gazi-gozo nahasi bat Manexen inguruan; harekiko miresmena zegoen batetik; esker ona erakusteko beharra bestetik, eta horrekin batera zor bat zebilen guztion gogoan Manexek egindako lan eskergarengatik, bai fraide eta elizgizon gisa, bai kultur gizon izan zen aldetik (literaturan, euskararen sustapenean, gizarte alorrean... ).

        Giro horretaz kutsaturik, abiatu nintzen, bada, Manex Erdozaintzi-Etxarti buruz ikerketa egitera. Manexekiko zor hura kitatzeko nire aletxoa jar nezakeela otu zitzaidan, eta lehen pausoetan pizgarria egin zitzaidan ideia hori.

        Lehenik eta behin, Nafarroa Behereko fraide eta idazleari buruzko informazioaren bila hasi nintzen, haren izatea, pentsamendua eta obra denboran eta espazioan kokatu nahian. Lehenengo arazoa: Manex eta haren lana Iparraldean zen ezaguna, baina ez zen hain erraza Manex Erdozaintziri buruzko informazioa topatzea; euskal idazleei buruzko liburuek eta antologiek ez zuten beti Manexen izena aipatzen, eta egiten zutenean informazio orokorra ematen zuten, orokorregia eta laburregia, nire asmoetarako bederen. Aldizkariak informazio-iturri hobexeagoak suertatu ziren, Iparraldekoak nahiz Hegoaldekoak, Manexek kazetetan idatzi zituen artikuluei eta olerkiei esker baitzen ezaguna garaiko euskaltzaleen artean.

        Bila dabilenak beti topatzen omen du zerbait, eta niri ere halaxe gertatu zitzaidan, pixkana-pixkana dokumentazioa pilatuz joan bainintzen: Erdozaintziren egunkari edo egunerokoak, agendak, eskutitzak, gisa guztietako idatziak, eskuizkribuak, txostenak eta dokumentuak, idazlanen zirriborroak eta aldakiak... Ikertzaile aldi hartan, Manex gero eta gehiago ezagutuz joan nintzen, bere dimentsio osoan, edo hobeto esanda, bere dimentsio guztietan.

        Manex gizona ezagutu nuen hala, bere kezka eta arrangurekin, eta gauza batek ematen zidan atentzioa behin eta berriz, Manexek zalantza egiten zuela, hausnarketa etengabean zebilela, egiten zuen guztia pentsatuz eta birpentsatuz: «zer egin dut gaizki, zer egin dut ongi». Asko gustatu zitzaidan bere alderdi hori, beharbada neu ere halatsu nenbilelako, eta zalantzek eta jakin-minak bultzatu ohi dutelako ikasteko eta aurrera egiteko. Manex Erdozaintzirekin identifikatzen hasi nintzen. «Nire Manex» deitzen hasi nintzaion ia konturatu gabe.

Manexek alderdi asko zituen, ordea; kultur gizona zen batetik, bere ekintza gizartera bideratzen zuena; fraidea eta apaiza ere bazen, irakaslea, psikologo eta pedagogoa ere bai. Baina batez ere Herriko gizona zen: apala, langilea, metodikoa, erraztasun handia zeukana giza harremanetarako, dohain berezia baitzuen horretarako. Eta, aldi berean, Manex idazlea, poeta, ezagutu nuen. Badakigu, orain, argitaratua izan zena baino askoz gehiago idatzi zuela. Bizitza osoa idazten pasa zuen, gazte-gaztetatik, hil arte; idazten eta irakurtzen, literaturaz gogoetatzen eta hitz egiten.. . Idatzi eta zirriborro horietako asko bere horretan geratu ziren, argia ikusi gabe. Gazte hil zen Erdozaintzi, gogoa proiektu eta egitasmo ederrez betea zeukalarik.

        Manexen idatziak eta dokumentuak haren ahotsa ekartzen digute, zuzenean, bitartekorik gabe. Eta haren ahotsarekin, haren lumatik sortutako hitzekin, bidaia luze batean eraman gaitu. Bere barne bidaia batean ez ezik, bere garaiko girora eta gertakarietara ere bai. Hala, ikertzen ari nintzen bitartean, bidaia bat egiten ari nintzela konturatu nintzen, Manexen eskutik.

        «Nire Manex»ek bere sorterrira eraman ninduen lehenik, eta han ezagutu nituen haren gurasoak, anaiak, sortetxea eta Ibarla herrian igarotako haurtzaroa, naturari eta laborantzari lotutako giro euskaldunean. Manexen ahotsetik, hurbilekoa sentitzen dugu laborarien giro hura, xehetasunez eta sinbologiaz betea.

        Ikasketa eta heziketa-garaia dator jarraian, urtez urte eta ikastetxez ikastetxe, fraide eta apaiz egiteko bide luzea. Manex gaztearen ahotik heltzen zaizkigu garai hartan, 60-70eko hamarkadetan, mundua astindu zuten gertakarien oihartzunak:Aljeriako gerra,Viet-Nam, Txile, Nikaragua, Pariseko 68ko maiatza, frankismoa Espainian... aldi hartako Euskal Herria. Garai hartan jaio nintzen ni. Baina gertaera horien oihartzunak urte askoan luzatu ziren. Eta ondorioak ere bai. Iparraldeko egoera ekonomiko eta kultural larria, euskalgintzaren eta kulturgintzaren eraberritzea eta suspertzea, liburugintzaren indartzea, Ikastolen mugimendua, euskalduntze eta alfabetatze taldeen sorrera, euskal Eliza berri baten aldeko mugimenduak eta taldeak...

        Manexen konpromiso soziala agertzen da orduan, haren euskaltzaletasuna, abertzaletasuna, pentsamendu antikoloniala eta antikapitalista, eta hori guztia pentsamendu erlijiosoarekin bat eginik, harmonía oso-osoan.

        Baina Manexen ahotsa ez da berea bakarrik. Baztertuen, zapalduen, desterratuen eta indarkeriaren biktimen ahotsak ekarri ohi dizkigu, bai nazio urrunetakoak, baita Euskal Herrikoak ere: euskal gatazkaren ondorioak pairatzen dituztenena, Frantziaren izenean bi Mundu Gerretan parte hartu behar izan dutenena, laborariena, langileena, esplotazioa, lantegien itxierak eta langabezia jasan dituztenena... Erdozaintzi ez zaigu bere sentimendu indibidualez mintzatzen, giza talde baten ahotsa izan nahi du. Horiek liburu honen izenburua, «Manex Erdozaintzi-Etxart, herriaren poeta».

        Manexekin egindako bidaian, azkenik, poetaren ibilbide literarioan barrena murgildu nintzen. Poeta gaztearen lehen idatzietatik abiatu nintzen, lehen zirriborroetatik, literatur grinak bultzatuta idatzi zituen haietatik; eta hor bere zalantzak agertzen dira, bere zailtasunak. Hor aurkitu nituen, Manexengan, euskal autore zaharren oihartzunak: Axular, Etxepare medikua, Txomin Agirre, Lizardi, Otaño... Haiengandik zetozen molde tradizionalak nagusi dira lehen idatzi haietan, bai formetan eta bai gaietan. Horiek ziren gure poetaren iturri eta abiapuntu. Eta horien arrastoari jarraiki, erabateko hausturarik gabe, urtez urte eta olerkiz olerki, ezagutuz joan nintzen eredutzat edo gidaritzat hartu zituen idazleak; zuzenean edo zeharka, hurbiletik edo urrunagotik, eraginik izan zutenak Manexengan: Aresti, Mirande, Gandiaga, Salbatore Mitxelena, Joxe Azurmendi, Txillardegi, Daniel Landart... Belaunaldi bat, Erdozaintzirena, kezka, zalantza eta jarrera paretsuak zituzten autoreak bildu zituena, desberdintasunak desberdintasun. Baina Manexen ibilbidea ez da horretan bukatzen, eta haren eskua eta itzala nabarmenak dira ondoren etorri ziren idazle gazteengan, abangoardia euskaldun eta inkorformistaren bideak urratuko zituzten idazleengan, Itxaro Borda eta Maiatz aldizkariaren inguruan bildutako gazteengan.

        Horien guztien ahotsak entzuten ditugu Erdozaintziren artikulu eta olerki bakoitzean. Guztiek utzi dute zerbait haren idatzietan. Horrela, tradiziotik modernitaterako bidaia egin dugu Manexekin: molde zaharretatik molde berrietara, nekazarien gizartetik, lurra, natura eta laboraria zituena protagonista, hiri-gizartera, hiria, kaleak eta fabrikak literatura bihurtu zituena.

        Manexen ibilbideari begiratzen diodanean, esker oneko sentimendua etortzen zait. Zordun sentitzen naiz berarekin. Zordun, gure kulturaren eta literaturaren ispilu eta erreferente bat izan delako niretzat. Bere apaltasunean, zerbait jaso, zerbait eman eta zerbait utzi zigun Manex Erdozaintzik. «Gure Manexek».

        Hori besterik ez daukat eskaintzeko liburu honetan, eta hori guztia.

 

 

Pasartea

EUSKAL HERRIAREN EGOERAZ

ZENBAIT OHAR ETA PROIEKTU BERRI

 

        Euskal Herriaren egoera kezkaz bizi zuen Manexek, eta bereziki arduratzen zuen euskal gizarteak bizi zuen egoera ekonomikoak. Izan ere, argi zeukan etorkizunean ez zirela laborantza eta artzaintza izango ekonomiaren zutabeak. Geroa prestatu beharra zegoen eta, horretarako, industria indartu eta berritu beharra ikusten zuen, Gipuzkoan eta Bizkaian aspalditik egina zuten bezala. Hala, gazte euskaldunek beren eskualdean bertan aurkitu ahal izango zuten bizimodua, Ameriketara edo Frantziako hiri nagusietara jo beharrik gabe. Ildo horretan, 1970. urtean, itxaropentsu agertu zen hainbat herritan lantegi berriak sortzeko izan ziren iniziatibekin. Une hartan, halako berrindartze edo kontzientzia-hartzea sumatzen hasi ten Iparraldeko gazteen artean. Kontuan hartu behar da Ipar Euskal Herria, Hegoaldea ez bezala, industria tradiziorik gabeko herrialdea zela.1960-70eko hamarkadako datuei begiratzen badiegu, enpresa jabeen artean gutxi batzuk baino ez tiren euskaldunak. Ekonomia industria frantsesaren esku egoteak iniziatiba falta handia eragin zuen gazteengan, eta horrek, langabezia-maila altuarekin batera, gazteak emigratzera eramaten zituen.

        Egoera oso desberdina zen kostaldeko eskualdeetan eta barnealdekoetan. Itsasertzean hirugarren sektorea zen nagusi. Zerbitzu publikoek eta pribatuek, turismoak eta etxegintzak mugimendu ekonomiko handia sortzen zuten, eta horrek biztanleriaren handitzea ekarri zuen. Ipar Euskal Herrian, jendeak kostaldera jo ohi zuen lan bila. Barnealdean, berriz, populazioa urrituz zihoan. Eskualde guztietan ez zen berdin, hala ere: Kanbo-Hazparne aldean, kostatik gertu izanik, egoera ekonomikoa ona zen, eta ez zen biztanle galerarik izan. Aitzitik, Baigorri-Garazi, Bardoze-Bidaxune eta Zuberoan, krisialdian zeuden bete-batean; populazioa murriztuz zihoan, eta industria jarduerak gero eta gehiago urrituz. Bestelakoa zen egoera Donapaleuko eskualdean. Erdozaintzik aipatzen zigun bezala, garai hartan ekonomiaren sustatzea eragin zuten ekimenak sortu ziren, eta horretan funtsezkoa izan zen Lur Berri kooperatibak egindako lana. 1936. urtean sorturiko kooperatiba horrek bultzada handia eman zien nekazaritzari eta abeltzaintzari Ipar Euskal Herriaren ekialdeko eskualdeetan, modernizatu egin baitzituen bi jarduera horrek. Hala, Donapaleu bihurtu zen Iparraldeko laborantzaren gune nagusi.

        Artean, Hego Euskal Herriko egoera politikoak une latzak bizi zituen. Euskal gizarteak frankismoaren krudelkeria jasaten zuen, eta haren aurkako ekintzak gero eta gehiago ziren: Guardia Zibilak Xabier Etxebarrieta hil zuen 1968an; handik gutxira ETAk Meliton Manzanas hil zuen; gobernuak salbuespen-egoera ezarri zuen Gipuzkoan eta Bizkaian; atxiloketak izan ziren, torturak, erbesteratzeak... 1968-69 bitartean hamasei pertsona atxilotu zituzten, eta, gerra-kontseilu batean (Burgoseko auzi ospetsuan), kartzela-zigor gogorrak eta heriotza-zigorrak ezarri zizkieten euskal borrokalari antifrankistei... Auzi hark haserrea eta protesta gogorrak eragin zituen bazter guztietan: Euskal Herrian, Espainian eta mundu zabalean ere bai. Mugimendu antifrankista hark, Francoren erregimenaren bortizkeria erakusteaz gain, agerian utzi zuen mundu osoan euskal nazionalismoaren auzia. Lehen aldiz, agerian jarri zen euskaldunen arazoa, eta Euskal Herria bere burujabetasuna aldarrikatzen zuen herri bezala agertu zen nazioartean (J. P Sartre 1986: 237-255).

        Francoren erregimenaren pean atxiloketak ugarituz zihoazen gero eta gehiago, eta gazte askok Iparraldera ihes egiten zuten. Egoera gero eta gogorragoa zen Hegoaldean. Iparraldean, berriz, frantses gobernuak errefuxiatuak Euskal Herritik urrutiratzeko eta kanporatzeko neurriak hartu zituen. Horiek salatzeko, hainbat gose greba eta manifestazio antolatu ziren 70eko hamarkadan, eta euskal apaiz eta erlijioso ugarik parte hartu zuten protesta baietan.Testuinguru horretan, 1969an, Donibane Lohizunen Anai Artea izeneko erakundea eratu zen euskal errefuxiatu politikoei laguntza eskaintzeko. Hasiera batean, Hego Euskal Herritik ihes egiten zuten errefuxiatuak hartzen zituen Anai Artea erakundeak; gero, garrantzia hartuz joan zen neurrian, iheslariei lana topatzen ere laguntzen zuen. Erdozaintzik kezka handiz jarraitzen zuen Hegoaldeko euskaldunen egoera. Erregimen frankistaren zapalkuntza eta iheslarien egoera gogorki salatzen zituen, eta uste osoa zuen horren aurka erreakzionatu eta denen elkartasuna agertu beharra zegoela.

        Euskal Elizaren jarrera eta bilakaera ere bereziki kezkagarria zen Espainiako erregimenarentzat. Euskal apaizen artean asko ziren abertzaleak, eta apaiz haiek euskal gizartearen eta euskararen aurkako politika frankista zapaltailea salatu ohi zuten. Euskal Eliza erregimenaren oposizio gogor bilakatu zen. Horri erantzunez, hainbat apaizek apezpikutegia okupatu zuten, eta haietako askok isunak, atxiloketak eta ihesaldiak pairatu zituzten. Hala, 1968an, frankismoak erlijiosoentzako presondegi berezia eratu zuen Zamoran. Hurrengo urteetan, hainbat apaiz eraman zituzten presondegi hartara. 1973an, Zamoran ziren sei apaizek gose grebari ekin zioten. Erdozaintziren 1973ko egunkaria auzi horren lekuko dugu. Urte hartako azaroan Fededunak taldekoek bilkura bat egin zuten, Zamoran gose greban ziren apaizen arazoaren aurrean zer egin zezaketen eztabaidatzeko. Hala, agiri bat idatzi zuten egunkarietan argitaratzeko, egoera hura azalduz, salatuz eta apaiz presoekin bat zirela agertuz, eta abenduaren 9an Baionako katedralean meza berezia eman zuten.

        Erdozaintzik eskura zituen baliabide guztiak erabiltzen zituen salaketa eta aldarrikapen haiek zabaltzeko: bilkurak, artikuluak (zabalkunde handikoak nahiz kongregaziokoak eta anaiarteetakoak), literatura, baita elizkizunetan emandako predikuak ere. Euskal Herrian eta Euskal Herriaren alde egin beharra sentitzen zuen Manexek, euskaldun eta abertzale gisa ez ezik, fraide eta frantziskotar zen aldetik ere bai. Gazte-gaztetatik argi ikusten zuen lan horren beharra, baina esan liteke 1969 aldera hasi zela garatzen euskal frantziskotarrek Euskal Herriari atxikirik eta loturik lan egiteko plan bat, mugaz bi aldeetako fedetzaileek eta euskaldunek elkarrekin indar egiten lagunduko zuten proiektu bat. «Pentsatu dugu beharba ekipa bat molda ditakeela Baionan.Anartean, izan gaiten Bilbaon ala Baionan, Tolosan ala Donapaleun, gu bezala pentsatzen eta jokatzen dutenekin gutarteko lokarriak behar ditugu emendatu, tinkatu eta barnatu joera berean lan egiteko, eta gure indarren debaldetan ez enpleatzeko».

        Eta hala egin zuten. Hiru urteren buruan, Santos Belokik, Martin Bellemurrek, Jean Baptiste Urrutiaguer anaiek eta Manex Erdozaintzik anaiarte bat sortu zuten, Ipar nahiz Hegoaldeko fraide gazteak bildu zituena, Euskal Herri batuaren alde lan egiteko. Erdozaintziren idatziak irakurriz ohartzen gara bera zela egitasmo horren sustatzailea eta pentsalaria, argi eta garbi zeukala zein zen egin beharreko lana eta zer egin zitekeen lana eragingarri eta baliagarri izan zedin. Argi zuen herri bati laguntzeko herria bera eta beraren arazoak ezagutzetik eta aztertzetik hasi beharra zegoela; ikasi egin behar zuen, ikertu, «soilik pertsona argituek lor baitzezaketen besteen kontzientziak piztea eta argitzea». Arazo bat zegoen, ordea, Tolosan ari baitzen lanean; eta, beraz, Euskal Herrira itzultzea lortu behar zuen, edo hemengo lan bati lotu bederen, euskal gizartearen alde lan egin nahi bazuen. Bestalde, anaiarte horren egoera ekonomikoa ziurtatzea ere bazuen gogoan; izan ere, garbi baitzeukan askatasunez mintzatzeko, lan egiteko eta erabakiak hartzeko autonomia ekonomikoa ere lortu beharra zutela.

        Hiru urteren buruan, 1972an, gauzatu zen Donapaleuko fraideek amesturiko proiektua: Anaitasuna.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera