Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Mari-Marietta

Gonzalez Esnal, MaiteAlberdania, 1996 Ipuina

Pasartea

        Aita ni ikustera etorria zen. Larunbata askotan etortzen zen, ama ez zegoenean. Ni ikustera zetorren. Zinemara joatea proposatu zidan, baina nik nahiago nuen marinelengan pentsatu. Egia ote zen inori adiorik esan gabe bizi zirela?

        Aitak kafetegi batera gonbidatu ninduen; nik, berriz, ez egarririk ez goserik nuen. Orduan berak aldizkari bat hartu eta besaulkian gelditu zen pentsakor, muturtuta.

        Telebista piztu zuen baina irudirik ez. Askotan kolpe bat emanez konpontzen zen eta horixe egin zuen: zaplasteko bat ezkerraldean, beste bat eskuinaldean eta irudi koloretsu batzuk azaldu ziren ñirñirka. Baina segituan belztu zen. Aita, orduan, lehen baino muturtuago besaulkira itzuli eta egunkari atzeratu baten irakurketan murgildu zen.

        Bitartean era askotako pentsamenduak bururatu zitzaizkidan, denak arrapaladan; apur bat tristetu ere egin nintzen. Zergatik nire aita ez zen beltzez janzten? Beti alkandora marraduna zeraman. Zergatik gelditzen zitzaion horren ile gutxi? Ia burusoil zegoen, ezkerretik eskuinera orrazten zituen gelditzen zitzaizkion bakan haiek. Oinetakoei begiratu eta marroiak ziren, lokarririk gabeak. Hori ez zitzaidan inporta.

        —Non egon zara? —galdetu zidan aitak.

        —Goian —erantzun nion lehor. Berak ere ez zidan gauza asko kontatzen eta.

        Ezin nion kontatu. Ez aitari, ez inori. Nork sinistuko zidan egun batean galtzerdi erori bat bere jabeari itzultzera joan eta, espero gabe, erresuma miresgarrian, asko dakien gizon batekin topo egin nuela, eta pasa pasa barrura... esan zidala: Amandreak opila bidaltzen dizu?... agur, agur... etorri nahi duzunean...

        Bainugelan sartu nintzen, giltzapean, iturria irekita, aitak nire negar-zotinak ez entzuteko. Egon nintzen pixka batean horrela, bibolin-jolearen antzeko aita bat nahi nuela pentsatzen. Gero, ur hotzez freskatu nituen begiak, negarrez aritu nintzela disimulatzeko.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera