Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Pasartea

  Azken bolada honetan gertatu zaidan gauzarik garrantzitsuena Marina ezagutzea izan da.

  «Umezain bat kontratatu dugu haurrak arratsaldean zain ditzan», esan zion amak lagun bati telefonoz. Horrela jakin nuen norbait etorriko zela Migeltxo nire neba txikia zaintzera eta asko haserretu nintzen. Asko haserretu nintzen neska horri esan ziotelako arratsaldeetan nire bila joan behar zuela eskolara, eta ni neska handia naiz, ez dut horren beharrik; gainera gauza horiek lehenago kontsultatu behar dira haurrekin, gurasoek nahi dutena egiten dute askotan, beti gure iritzia galdetu gabe. Nik nahiago nuen arratsaldeetan etxean telebista ikusten gelditu, baina amak erantzun zidan «ezta pentsatu ere, etxean bakarrik gaur egun entzuten diren gauzekin...».

  Bueno, honekin esan nahi dut hasieran mutur luzea jarri niola neska etorriberriari, eta amarekin eta aitarekin hitzik egin gabe egon nintzela egun pare batez edo.

  Gero, haserrealdia pasatu zitzaidan, Marinak oso ondo jokatu baitzuen nirekin, Migeltxo ume bat zela, baina nik bere laguntzailea izateko adina nuela esan zidalako. Eta gainera, ile-apaintzailea izan nahi zuen eta ea utziko nion nire ilearekin trebatzen, «praktikak egiten», esan zuen berak, oso ile polita nuelako eta txirikordak eta orrazkera polit-politak egingo zizkidala. Eta bueno, hori tentagarria iruditu zitzaidan, gainera, oso guapa iruditu zitzaidan, ilea luzea eta gorria, kizkur-kizkurra, elastiko motz-motzak, zilborra bistan uzten duten horietakoak, eta uztai pila bat belarrietan, uztai txikiak eta handiak, zilarrezkoak. Nik ez neukala zaindu beharrik, eta egunero elkartzen diren lagunak izango ginela esan zidan.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera