Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Martutene

Saizarbitoria, RamonErein, 2011 Nobela

Aurkezpena

Martutene. Dadoa zenbait aldiz jaurti ondoren, bosta atera da: Julia. Martin. Pilar eta Abaitua dira lau kantoietako puntuak: erdikoa, Lynn. Julia itzultzailea da. Martin, idazlea: Pilar eta Abaitua medikuak. Berriro osatzeko (edo desegiteko) prozesuan dauden bi bikote. Horretan, neska amerikar bat agertzen da haien bizitzan: soziologoa da, Max Frischen eleberri bateko protagonistaren izena du. Lynnek ez du nahi, baina aspalditik lokartuak zeuden harreman haien zimenduak astinduko dituzten erreakzioak abiaraziko ditu haiengan: alaitasuna, desira eta bizi berri bati ekiteko poza eta ilusioa.

Lynnen presentziak ematen dio Juliari falta zitzaion ausardia: idazleari, azken maite-jelasekin amets egiteko aukera, Abaituari kulpa astun batetik askatzeko modua, eta askapen zoriontsu horri esker zentzu duinagoa eta beteagoa emango dio bizitzari. Pilarri, bere aurkariari, bere zoria erabakitzeko eginkizuna utziko dio.

Lynnen «Fly away? (zoaz hegan) melodiko eta askatzaileak, beste hainbat doinu gozo, zakar, triste edota mingarrirekin batera (abertzaleen istorioak, gerrakoak, indarkeria eta heriotza-kontuak) eleberri guztia igarotzen du, hasieratik «coda»raino. Amaieraren aurretik, ordea, geralditxo bat egiten da, azkeneko aldiz, guduaren osteko paisaia aztertzeko. Protagonista batzuk hegan abiatuko dira, beste batzuk lurrean geratuko dira, erremediorik gabe. Lynn, noizbait aingeru askatzaile, gaur heroi lurreratu, oroimenaren aingeruaren besoetan datza orain, eleberri bikain, zuhur eta zirraragarri honetako protagonista (eta irakurle) ororen gainean hegaldatuz.

Ramon Saizarbitoriak bere eleberri onena idatzi du (intimoena?), eta ez da kasualitatea izan, erreferentzia gisa, Frischen eleberri bat hartu izana, izenburuan leku-izen bat daramana hura ere, Montauk, non, asteburu bat eta azken maitasun-istorio bat kontatzeko aitzakiarekin, bere bizitzaren errepasoa egiten baitu egileak. Saizarbitoriak ere atzera begiratzen du, bere paisaiak dakartza gogora, dagoeneko existitzen ez den Donostia, aro baten amaiera, zorionekoa, indarkeriaren azkenarekin batera etorri delako, baina gauza gehiegi utzi dituena atzean...

 

Pasartea

      Zigor etzan egin da ostera baina begi zabalik dirau, distiran dakuski iluntasunean. Juliak ez daki aitaren ausarkeriaren ekintza hipotetikoaz duen teoria konpartitu ala ez. Esaten zuena gertatu izan zitekeela uste du. Egia dela Urroz koronel hark galdera egin ziola noizbait, eta aitak Agirre lehendakaria gordetzen ahaleginduko zela erantzun ziola ziur zegoelako hori nahi zuela entzun. Bazekien nonbait, Urroz jauntxo nafar parrandazale eta bihotz onekoari beregandik atsegin zitzaiona zela herriko gizon noble eta tolesgabearen ereduari erantzuten ziola, eta hark espero zezakeena esateko arriskua hartu zuen. Adierazgarria da, aitak kontatzen zuenaren arabera, leialtasun adierazpen ausart hori behin baino gehiagotan errepikatu zela. Ziur da horretaz eta, horregatik, imajinatzen du bazkalondoetan koronelak beste armakideak gonbidatzen zituenean koñaka frango edan ondoren aita ekartzeko agintzen zuela bere erakustaldia egin zezan ijitoen ahuntzak bezala, eta gainerakoek ikus zezaten zenbateraino ziren xaloak, leialak eta gizagaixoak Euskal Herriko baserritarrak egiten zion ditxosozko galdera. Teoria hori konpartitzeko eskubiderik ba ote duen galdetzen dio bere buruari. Ez dago ziur eta, gainera, ama itzarri egin da eta errieta egin dio alboko gelatik. Utz iezaion lo egiten, bihar goiz jaiki behar din eta. Hortzik gabeko ahotsa, zetatan frakasatu egiten duena. Atea zirrituta egiten du lo beti. Eta oheratu hadi hi ere. Gutxitan ikusi du hortzik gabe. 

 

      Liburutegi-altzari bat haritz kontraxaflatutakoa, zeinetatik mahai tolesgarria ateratzen den, ez oso egonkorra, eusten duten tiranteen torlojuak loka daudelako. Lotzen saiatu da baina ezin du. Konglomeratua da nasaitasuna daukana. Poltsatik Lynnek oparitu dion Montauk-en bertsio frantsesa eta estreinatu gabeko koaderno urdina atera eta mahai aurrean jesarri da. Nekatua sentitzen da.

 

      Traduit de l?allemand par Michèle et Jean Tailleur. Montaigneren aipua frantses zaharrean dago idatzia. C?EST ICY UN LIVRE DE BONNE FOY, LECTEUR. Testua arin irakurtzen da, ezerk pentsarazi gabe frantsesa ez den beste hizkuntza batean idatzia dagoela. MONTAUK. 11.5.1974. L?écrivain redoute les sentiments qui ne se prêtent pas à la publication. Zatika irakurri du han-hemen, ezagutzen dituen pasarteak frantsesez nola entzuten diren jakiteko eta, noski, Martinek aipaturikoa, identifikatua sentituko zela esan zionean. 87. orrialdearen ia hasieran dio:  JE N?AI PAS VÉCU AVEC TOI POUR TE SERVIR DE MATÉRIAU LITTÉRAIRE. JE T?INTERDIS D?ÉCRIRE SUR MOI.

 

      Bera ez da horrelakorik esaten ausartu hanpuruskeria deritzolako eta, tamalez, nahi duenaz baliatzeko eskubidea duela deritzolako. Ez dio «zure kaka-literatura» ere esan, Flora Ugaldek bezala.

 

      Bat laurogeita hamarreko ohe histuegia. Normalean uzkurtuta lo egitekoa bada ere, gogoko du, ezin hartu duenean, buelta eman ahal izatea, luzatu, eta izararen freskotasuna sentitzea. Ohe zabalagoa nahi luke. Justu, baina sartuko litzateke ohe doblea mahaitxoetako bat kenduta adibidez. Ez zaio ordea jartzea burutik pasatu. Ama ez gozakaiztearren pentsatzen du. Alferrikako gastua iritziko lioke, arinkeria, emakume zintzo bati ez legokiokeena. Eta, hala ere, probokatzaileago janztea nahi luke —eskote handiagoarekin, motzago gonak—, pintatzea. Bere emakume armak erabiltzea. Emakumearen armak erabiltzea ez baita putei dagokiena, ez haiei bakarrik behintzat. Hain zuzen ere amak aurpegiratzen diona, nahiz agerian ez egin, puta izanik bere senari etekinik ez ateratzea da. Bokaziozko puta izatea, nolabait ere. Biziotsua.

 

      Martinek esan ziona: «txikitandik beraz».

 

      Inori kontatu gabea zen eta kontatu egin zion. Zergatik? Haren aitorpenari erantzuteko, begien bistan denez. Behartua ikusi zuen bere burua hark egin zionaren neurrian legokeen konfidentzia bati bihotza irekitzen. Liburutegiko eszena kontatzeak, mutikotan liburu lizunekin masturbatzen zela aitortze hutsak esfortzu handia eskatu behar izan zion, gauza horietarako hain lotsorra denez, eta horregatik, berak ere, trukean, zerbait intimoa eta gordea kontatzeko eskatu zionean, ariketa osasungarria izango zela beren harremanerako pentsatu zuen, gauza onak eta txarrak eta miseriak ere konpartitzea, eta esango luke poztu egin zela hark fidatutakoaren mailan zegoen abusu sexual istorio bat izatea kontatzeko. 

 

      Lehen aldia zen «sexu abusu» bezala izendatzen zuela bere bizitzako gertakizun hura, zeinari, sekretua izan arren, ez zizkion buelta gehiegi eman. Aspaldi gertatutako esperientzia zen, atsegina izatetik urrun zegoena, baina ez zuena sobera kaltetu ere, ustez. Martini kontatu ondoren hasi zen pentsatzen ordura arte isilean gorde izana ez ote zen esperientzia horretatik pasatako umeek errudun sentitzeko joera dutelako. Ez daki. Egia esan ez du sekula gaiaz irakurtzeko interesik izan eta orain iruditzen zaio, hain justu ere, gaia saihesteko ahalegina izan litekeela ardura falta hori, eta gertakizunak berak onartu nahi baino traumatikoagoak izan zirelako seinale.         

 

      Ez du ongi gogoan nola gertatu zen baina xehetasun batzuk bai. Badaki gizona zaharra iruditu zitzaiola, ziur asko hala ez zen arren, aitaren laguna zelako, garaian berrogeiak egiteko kalkulatzen du. Baita itsusia zela ere. Ez du ikusten baina badaki gizena zela eta akatsen bat zuela begirasunean, begi bat nagia esango luke, edo ezin zuena guztiz zabaldu. Ezpainetan, lizunak, lodiak biak baina behekoa gehiago, muturra alegia, zerbait zeukan, koskor beltz bat, angioma txiki bat ziur asko. Ez daki zergatik dakien, ikusten ez duenez, beraz, neurri batean kontatu izan baliote bezala da eta litekeena den arren ondorengo lanketa bat egotea hain fisiko nazkagarriarekin irudikatzean, ziur dago argazkian ikusiko balu hutsik egin gabe ezagutuko lukeela. Bere aldetik berriz ez daki zenbat urte izan zitzakeen, gutxi jota hamar bai, kalean bakarrik ibiltzea uzten baitzioten urtebete nagusiagoa zen auzotar batekin, zeinari lagunarazi egiten zion Diputazioko jauregira, pentsatzen duenez, bertako funtzionarioa izan behar zuen gizona ikustera. Arratsaldeetan joan ohi ziren jauregia, ordurako hutsik zegoenean. Ez daki nola iristen ziren harengana baina esango luke zurezko mahai handi baten atzean jesarria egoten zela, gelaurre edo korridore batean, eta traje ilunez jantzia egoten zela alkandora zuri eta gorbata beltzez, eta horregatik, mahukaburuetan urre koloreko galoirik ote zeraman ez badaki ere, atezaina zela ondorioztatzen du. 

 

      Gizonak kuleroak jaitsi eta bulba ukitzen zien biei, baina berari gehiago. Berez, gizonari ez zitzaion gustatzen lagunarekin joan zedin, ukitzen zuenean barrez hasten zelako eta higitzen; berak berriz guztiz serio irauten zuen geldirik gizonak lehenbailehen amai zezan, oparitzen zizkien arkatzak hartu eta korrika alde egin ahal izateko. Arkatz onak ziren. Zehaztasun hau, ordainsariarena, isilean gorde zezakeen, baina kostatu egiten zitzaion gezurra esatea, orduan orain baino are gehiago, eta pentsatzen du zintzoa izan nahi zuela inauguratzen ari ziren elkarrenganako konfiantza aro berrian. Kontatu zion bada, beste neska konbentzitu beharra izaten zuela lagun ziezaion ez zuelako nahi bakarrik joan, baina agidanez, ez zion arkatzak lortzeari ere uko egin nahi. Litekeena da egiatia izatea erabaki harekin sobera nabarmentzea arkatzekiko interesaren alderdi hori, bidenabar, lagunarekin alderatuz bere buruaren irudi oker bat emanez. Egia da hark baino interes biziagoa zuela arkatzekiko, ikasle saiatua izanik oso koaderno ederrak egiten zituelako, eta lagunari berriz ez zitzaizkion axola. Mutilez hitz egitea interesatzen zitzaion gehiago. Nahiz urtebete nagusiagoa izan eta izaten jarraitzen duen, bizi baita oraindik, askoz argiagoa zen gauza batzuetarako eta zalantzarik gabe kontzientzia handiagoa zuen gizon harekin gertatzen ari zenaz. Bera inozoagoa zen eta horregatik sentitzen zen loriaturik tititxoak ukitzen zizkionean, nazkagarri hark lagunarenak baino handiagoak egingo zitzaizkiola bereak esaten zuelako. Uste du horrela dela, neurri batean harrotu egiten zela, eta horrela kontatu zion Martini.

 

Fereka haiek lagunak bere gurasoei gertatzen ari zena kontatu zienean amaitu zen. Jakina, gurasoek gurasoei esan zieten, eta egia al zen galdetu zioten berari. Ez daki nola joan zen hori ere. Esango luke amorrazioa sentitu zuela lagunak traizionatu zuelako, eta baita frustrazioren bat ere beharbada, arkatzak lortzeko modua bukatu zitzaiolako. Ez du uste gurasoek gertakizunen berri jasotzeak ondorio larririk izan zuenik, eta argi dauka ez ziotela haserrerik egin. Ez zioten deus aurpegiratu, ezta isilean mantendu izana ere. Beti galdetu izan dio bere buruari zergatik erantzun ote zioten modu desberdinean abusuari lagunak eta berak. Ez luke esango inolaz ere bera maltzurrago zela izan zitekeenik arrazoia, ez baitzen, aitzitik, ziur asko tolesgabeagoa zen bera, eta baita leialagoa ere: gizonari zin egin zioten ez zutela salatuko, eta hitza mantendu zuen. Pentsatzen du funtsezko arrazoia gizona bere gurasoen ezaguna izatea dela eta, bestalde, oso klaru uzten zuen harremana berarekin nahi zuela, ez zitzaiola gustatzen beste neskatoarekin joan zedin, eta laguna jabe zen bere konpartsa paperaz. Horregatik zitzaion hari errazagoa, gertatzen ari zena kontatzea. Horregatik zitzaion hari errazagoa, gertatzen ari zena kontatzea. (Bestalde haren ama ez zen berea bezain erlijiosoa, eta bai irekiagoa eta modernoagoa. Aurpegia pintatzen zuen adibidez. Erdalduna zen, nobela guztiak entzuten zituen irratian, eta beroriei ere, alabari eta Juliari, utzi egiten zien, ez amak bezala, eta horrek ere erraz zezakeen konfidentzietarako bidea). Uste du lagunak salaketa egiteko asmoaz ohartarazi ez izanak min eman ziola Julia neskatoari. Traizionatua sentituko zela pentsatzen du, baina ez zaio iruditzen arkatzak lortzeko modua moztu izana inporta izan zitzaionik, eta bai lasaitu egin zuela gizon nazkagarri hura ikusten ez jarraitzeak. Irudipena du garai hartan bertan jadanik, lagunak, berak ez bezala, gurasoei gertatzen ari zenaren berri emanak pentsarazten ziola ez ote zuen esan nahi haien harremana bereena baino konfiantzakoagoa zela, eta tristea iruditzen zitzaion hori. Gurasoek ere, derrigorrez, nahiz halako adierazpenik ez zioten inoiz egin ?»zergatik ez diguzu kontatu» bakar bat ez— gauza bera ondorioztatu behar zuten. Min eman zion posibilitate horrek, aitarengatik bereziki. Esango luke min ematen diola oraindik ere. Egun abusu sexual izena izango lukeen istorio hark utzi zion ondoriorik larriena, aitari pena eman izanaren damua da.

 

      Lagunarekin harremana izaten jarraitu zuen nerabezaroa arte, gero ez zuten maiz elkar ikusi. Lotsagabe samarra bihurtu zen hura eta fabriketan lana egiten zuten neska handiagoekin hasi zen ateratzen, eta berak, berriz, kolegioko lagunak mantendu zituen. Behin kalean egin zuten topo eta hark zirriak egiten zizkien agureaz gogoratzen al zen galdetu zionean ez zuen hitz egin nahi izan. Etxean ere ez zen gaia sekula berriz atera eta gizonari dagokionez, jakina, ez zuen atzera ikusi. Beti pentsatu izan du aitak jakin zuenean izugarrizko astindua emango ziola nazkagarri hari. Desio izan du. Behin edo behin tentatuta egon da amari galdetzeko ea zer gertatu zen, zer egin zuten berria jaso zutenean, baina ez da ausartu, berarengatik eta baita amarengatik ere, badakielako gaiaz hitz egitea gogorra gertatu behar zaiola. 

 

      Istorioak ez zuen Martin dezepzionatu. Ziurrenik ez zuen era hartako konturik espero eta hunkituta azaldu zen. Besarkatu egin zuen kontatu zionean eta, hori bai, oso ongi du gogoan, ferekatu egiten zuen eta «gaixoa» esaten zion oraindik ere nazkagarri zikin hark abusatzen zuen umea bailitzan, eta bihotza altxatu zion.

 

      Halaz guztiz ere ez zen denbora asko pasatuko ahuldade momentu batean aitortu ziona erabiltzerako. Behin bromatxo bat egiteko eskubidea hartu zuen lolita bat izan zela esateko; beste batean ironiatsu izan nahian, agure abusatzailea ez zela fin ibili bularrek hartuko zuten neurria iragartzerakoan bota zuen, eta azkenik «Gero eta okerrago» titulatu zuen atalean Flora Ugalderen koadro psikologikoa osatzeko «haurtzaroko sexu abusu esperientzia zoritxarreko» baten aipamena egin zuen, zeinaren ondorioz «bere bulbatxoarekin trafikatu izanaren kontzientzia txarrarekin bizi izan den beti, agure lizun bati ukitzen utzita lortzen zituen arkatzez interesatutako neskatoa bere baitan bizirik ote zirauen beldur». 

 

      Armairuko tiraderan marka handietako zapiak, erabiltzen ez dituenak, guztiak Martinek, bere amak edo arrebek oparituak. Kolonia eta perfume flasko ireki gabeak, opariak orobat, eguberrietakoak edo urtebetetzekoak. Baita jantzi intimo bitxia ere, bereziki garestia eta eragaitza, bereziki polita, gutxitan erabilia, Martinentzat beti, gustatzeko desioa erakustearen lotsa menderatzea erabaki zuenetakoren batean. «Gustatu nahi zaitut» adierazteko ausardia edo apaltasuna eduki duen aldietan. Ordea, gazte harekin izan zituen ezkutuko enkontruetarako betiko kuleroak erabili zituen, hain erosoak, gerrirainokoak, eta dirudienez gizonak uxatu egiten dituen haragi kolorekoak. 

 

      (Ez dela nabari inolako sedukzio estrategiarik zaio Montauk-en atsegin; erraza dirudiela denak. Maxek bere pipa erre dezakeela Lynnen kitchenettean bere etxeko sukaldean bailegoen, neskak bere eguneroko erlaxazio ariketak egiten dituen bitartean. Lynnek arazorik ez izatea gau batean «We can?t make love, not tonight». Elkarrekin oheratzera doazen batean edozein egunetan bera bakarrik lotara balihoa bezala zabaltzea izarak. Horrela gertatzen zen gizon gaztearekin ere).     

 

      Zergatik du susmoa amak tiraderak ikusmiratzen dizkiola berak Martinen ordenagailua kontrolatzen duen antzera? Pentsatzen du zerbaiten bila ibili ohi dela, Martinekiko harremana nola doan adieraziko diona, eta bere ondorioak ateratzen dituela enkajezko kulerorik ez duela erabiltzen ikusita.

 

      Koaderno gorria  ireki gabe zegoen Ainhoan irakurri zuenetik. Orain arestian Montauk-en irakurri duen esaldiak eraginda ireki du: ez naiz zurekin bizi izan zure material literarioa izateko, debekatu egiten dizut nitaz idaztea.  No he vivido contigo para servirte de material literario; te prohíbo que escribas una sola línea sobre mí. Je n?ai pas vécu avec toi pour te servir de matériau littéraire. Je t?interdis d?écrire sur moi. I have not been living with you to provide you literary material. I forbid you to write about me. Iraindu egiten zuela iruditu zitzaion eta eskatu zion, erregutu, ez zezala idatzitakoa erabili. Oso duin jarri zen, aspaldi ez zuen horrela hartan ikusi. Ostera ere bere buruaz ziur sentitzen zen gizona zirudien, dominatzailea. «Ez nuen erabiltzeko asmorik» esan zuen, «zuretzat idatzi dut». Eta berak ohe gainera bota zuen koadernoa Ainhoako Argi Ederren. Baina biharamunean, alde egiterakoan, poltsan gorde zuen, eta tiradera horretan gero. 

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera