Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Metak eta kometak

Irigoien, Joan MariElkar, 1994 Haur eta gazte literatura

Aurkezpena

  Irudimenetik arimarako zubian; udazkeneko hosto hegalari bati begira zegoela, belar-meta horiak ikusi zituen poetak, eta geroxeago, ortzadarraren pusketak: kometak. Etxera joan zenean, hartu zuen luma eta... hiru liburuxka idatzi zituen: bata jolasteko, bestea pentsatzeko eta bestea gozatzeko. Hementxe dituzu, irakurle, hirurak batean bildurik. Banan-banan, errima eta neurri, ilusio handiz egindako literatur piezatxoak dira, kolore, gai eta molde desberdinetakoak. Are erakargarriagoak bilakatzen dira poematxo hauek Jon Zabaletaren pintzel trebearekin, gauak ilargiarekin bezala, topo egiteko aukera izan dutelako. Irudimenez eta arimaz Altzako artisauak egindako obra hau jar ezazu zeure etxeko liburutegian eta izan dadila heldu, gazte eta haurrentzat irakurgai.

Pasartea

ANTZINAKO ZUHAITZA

 

Norbaitek noizbait zuen

zuhaitz bat landatu;

geroztik gauzak ondo

zaizkigu aldatu.

 

Gogoratzen naiz nola

ginenean haurrak,

txalupa bihurtzen ziren

bertako intxaurrak.

 

Inorena ez zelako

zen gu guztiona;

bera gure geriza,

bera berri ona.

 

Herriko armarrian

zuhaitza zen ikur;

baina atzo zutik zena

aurki burumakur:

 

izan ere dirua

dugu jainko bakar

eta zernahi egiten

dugu haren bizkar;

 

dirua, bai, jainkoa,

dirua neurria;

edertasuna ez da

diru-iturria:

 

horregatik udalak

gaur du erabaki,

zuhaitza bota eta

etxe bat eraiki.

 

Esku bat da zuhaitza,

goiari dei-ta-dei;

eskuz agurtu ditu

txori eta hodei.

 

Motozerraren hotsak

biharko berri txar;

batek baino gehiagok

egingo du negar.

 

Gure oroimenean,

ene zenbat kalte!

Haurtzaroko txalupek

hondoa jo dute.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera